Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Virginia Martínez
Zuzendaria
Molina de Seguran jaio zen eta piano- eta harmonia-arloko formakuntza jaso zuen Murtziako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan. Séneca Fundazioaren beka bat jaso zuen Viena Hiriko Kontserbatorioan Orkestra Zuzendaritza ikasteko eta han Reinhard Schwarz eta Georg Mark izan zituen irakasle. Ikasketa horiek 2003ko ekainean amaitu zituen, Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren Zuzendaritzarekin, eta Ohorezko Matrikula kalifikazioa lortu zuen, aipamen berezia jasorik.
Harrezkero, arrakasta handiz zuzendu ditu hainbat orkestra, hala nola Calgaryko (Kanada) Orkestra Filarmonikoa, Vienako Irratiko Orkestra (RSO-Wien), Wiener Kammerorchester, Mexikoko Orkestra Nazionala, Singaporeko Jaialdiko Orkestra Nazionala, Brasilgo Orkestra Nazionala, Montpellierreko Orkestra Nazionala, Santo Domingoko Orkestra Nazionala (azken horretan Philippe Entremontekin aritu zen lankidetzan), Arthur Rubinstein Orkestra Filarmonikoa (Polonia), Vienako Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoa, Bielgo Orkestra Sinfonikoa (Suitza), Espainiako Orkestra Nazionala, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa eta Kataluniako Orkestra Nazionala, Oviedo Filarmonia, Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoa, Malagako Orkestra Filarmonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Udal Banda Sinfonikoa, Bilboko Udal Banda Sinfonikoa, Gasteizko Udal Banda Sinfonikoa, Valentziako Udal Banda Sinfonikoa, Sant Cugateko Orkestra Sinfonikoa, Valleseko Orkestra Sinfonikoa, Menorcako Orkestra, Extremadurako Orkestra, Kordobako Orkestra, Granada Hiriko Orkestra, Nafarroako Orkestra eta Valentziako Orkestra.
2004an Bertrand de Billyren laguntzaile izendatu zuten Bartzelonako Gran Teatre del Liceun. 2005/6 denboraldian Bartzelonako Orkestra Sinfonikoaren eta Kataluniako Orkestra Nazionalaren zuzendari laguntzailea izan zen, eta 2006/7 denboraldian Valentziako Orkestraren laguntzailea. 2009ko abenduan bira bat egin zuen AEBn, eta bertan Chicagoko McCormick Placeko eta New Yorkeko Lincoln Centerreko kontzertuak dira azpimarratzeko modukoak. 2010eko apirilean Vienako Kontserbatorioko Orkestra zuzendu zuen Austriako hiriburuko Proms ospetsuetan. Virginia Martínezek José Carlos Plaza, Emilio Sagi, Paco Azorín, Bárbara Lluch eta Juan Echanove artisten eszena-zuzendaritzapean lan egin du, eta orobat hainbat bakarlarirekin; bakarlari horien artean, besteak beste, hauek aipa daitezke: Javier Perianes, Boris Belkin, Joaquín Achúcarro, Judith Jáuregi, Fazil Say, María Espada, Jose Antonio López, Cristina Faus, María Bayo, Pablo Ferr, Gabriela Montero, Joaquín Riqueme eta Clara Andrada. 2016an, Molina de Segura hiriak Virginia Martínez Fernández Auditorioa inauguratu zuen, haren omenez. 2019ko urtarrilean, Mujer Hoy aldizkari nazionalak (Vocento taldekoa) ematen dituen sarien IX. edizioan, Urteko Emakume izendatu zuten, beste emakume batzuekin batera, eta, urte bereko martxoaren 8an, 2018ko Murtziako Emakume saria jaso zuen, Murtziako Autonomia Erkidegoak emana, “nazioarteko eszenako orkestra-zuzendari garrantzitsuenetako bat izateagatik eta pertsona eta irakasle moduan duen kalitate bikainagatik, musika klasikoa gazteenei hurbiltzeko egindako lan bikainaren ondorioz”.
Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoaren (MEOS) eta Murtziako Eskualdeko Gazteen Orkestraren zuzendari artistikoa eta titularra izan da 11 eta 18 denboralditan, hurrenez hurren. Gaur egun, MEOSeko ohorezko zuzendaria, Kantabriako Orkestra Sinfoniko Gaztearen zuzendari titularra, MEOSeko hezkuntza saileko zuzendari artistikoa eta Murtziako Goi-mailako Musika Kontserbatorioko orquestra zuzendaritzako katedraduna da.