Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Carlos Garcés Fuentelsaz
Zuzendaria
The Chinnart Awards Committee-ren 2011ko orkestra-zuzendari onenaren saria jaso zuen Palentziako Orkestrarekin Txinan egindako birarengatik, bai eta Palau de les Arts-en 2017ko Orkestra Lehiaketako zuzendari onenaren saria ere. Carlos Garcések hauek zuzendu ditu, besteak beste: RTVEko Orkestra, Valentziako Orkestra, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Asturiasko Printzerriko Orkestra (OSPA), Oviedo Filarmonia, Nafarroako Orkestra, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoa, Madrilgo Erkidegoko Orkestra (Teatro de la Zarzuelaren produkzio batean), Kordobako Orkestra, Orquestra Simfònica del Vallès, Barbieri Symphony Orchestra, Boston Philarmonic Youth Orchestra, Rouengo Opera Orkestra (Frantzia), ARTAVE Orkestra (Portugal), Aulos Sinfonisches Blasorchester (Suitza); eta Pamplona/Iruña, Palma de Mallorca, Castelló/Castellón, A Coruña, Santiago de Compostela, Huelva eta Albaceteko udal musika-bandak, eta Gran Canaria Wind Orchestra.
Sorian jaio zen, eta Valladolideko Unibertsitatean irakasle-ikasketen diploma jaso ondoren, orkestra-zuzendaritza ikastea erabaki zuen Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Musikene), non Enrique García Asensio eta Manel Valdivieso tutoreekin ikasi zuen, eta kalifikazio gorenekin lizentziatu zen. Irakasle hauen eskolak ere jaso ditu: Odón Alonso, Bernard Haitink, Benjamin Zander, Andrés Orozco-Estrada, Jose Manuel Aceña, Pascual Balaguer, J. Vicent Egea, etab.. Boloniako (Italia) G. B. Martini Goi Mailako Kontserbatorioan Luciano Acocella-rekin ikasteko beka jaso zuen. Ondoren, Herbehereetara joan zen, eta Rotterdameko Codarts Kontserbatorio ospetsuan Orkestra Zuzendaritzako masterra egin zuen.
Cullerako (Valentzia) Sociedad Musical Instructiva Santa Ceciliako zuzendari titular eta artistikoa izan zen 2014tik 2024ra, eta aurkeztutako 6 lehen sari eta ohorezko aipamen irabazi zituen. Musika elkarte historiko horretako zuzendaririk sarituena bihurtu zen: Valentziako Banden Nazioarteko Lehiaketaren Ohorezko Sailean 2015ean eta 2018an; CaixaBank Orkestra Lehiaketan Palau de les Artsen 2017an eta 2022an; Valentziako Diputazioaren Lehiaketaren Ohorezko Sailean eta Alteako Banden Nazioarteko Lehiaketan 2023an.
Hainbat disko grabatu ditu, besteak beste: J. Vicent Egearen Numancia 1. sinfonia, Soriako Lira Numantina Orkestrarekin batera, Melómano aldizkariaren Urrezko Diskoa jaso duena; Bajo la piel de Lobo filmaren jatorrizko soinu-banda, Asturiasko Printzerriko Orkestrarekin (OSPA); Symphonic Christalis, Oviedo Filarmonia Orkestrarekin; Monográfico de Rafael Talens, Cullerako Santa Cecilia Banda Sinfonikoarekin; eta 2024an bere azken diskoa aurkeztu zuen Aulos Sinfonisches Blasorchester (Suitza) orkestrarekin.
2024ko azaroan, Hiriko Zilarrezko Armarria jaso zuen Cullerako Udalaren eskutik, herriko Sociedad Musical Instructiva Santa Cecilia elkarteko buru gisa egindako lanagatik. Elkarte horrek Urrezko Armarria eman zion, Erakundearen sari nagusia, bai eta Ohorezko Zuzendariaren titulua ere.