Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Gora Musika!
Eneko izena nuen “Ene Kantak” proiektu Edereta arrakastatsuan. Beste kide batekin batera, orain 14 urte sortu nuen euskara bultzatzeko ideia zoragarri hura. Irakasleak gara, eta euskaldunak. Horiek dira gure sustraiak, gure arima; gure pasioa. Euskara kale eta txoko guztietan zabaldu, hizkuntza eskoletatik atera, eta alaitasuna eta bizipoza hedatzea izanda beti gure helburu bakarra. Emanaldi asko egin izan ditugu urte hauetan guztietan, irria eta dantza Euskal Herriko txokoetan banatuz. Navarra Arena, BEC, Anoeta, Campos Elíseos, Victoria Eugenia, Faltzes, Mendizorrotza, Arriaga, Euskalduna, Principal... Milaka ikusle eta milioika irribarre dastatu ditugu abestien artean familiekin batera. EITBn ere urteak eman genituen eguneroko programa batean maitasuna eta bizipoza zabaltzen. Abesti ederrak egin izan ditugu: “Polonesa”, “Ausartak”, “Alemana”, “Txanogorritxo” edo “Hiru txerrikumeak”, besteak beste. Nork ez ditu ezagutzen? Orain, hemendik aurrera, bide ezberdinak jorratuko ditugu, eta lehen “Eneko” eta “Nerea” ginenak, Ene Kantak albo batera utzita, aventura berri batean murgildu gara, ”Gora musika” proiektuan. Txiki guztiek ezagutzen dituzten gure betiko abestiak abesti berriekin batera abestu eta dantzatuko ditugu hemendik aurrera.
HELBURUA
Bilboko eta inguruetako familiei musika eta euskara hurbildu nahi dizkiegu, Bilboko Udal Bandaren eta Ene Kantak taldeko kide ohien eskutik, orain Gora musika taldeko Urko eta Oiane direnak. Gainera, antzezten den ipuin musikatua balioz beteta dago, bilatzen den helburua honakoa izanik: bakoitzak bere gorputza maitatzea eta besteak errespetatzea.
SINOPSIA
Sorgin bat, Tartalo eta Basajaun geratuak dira Mariren urtebetetze festara joateko. Bidean, haien gorputz eta itxurarekin barre egiten duten hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte eta, ondorioz, beren gorputzak zalantzan jartzen dituzte. Hortaz, kritikak jasotzen dituzten heinean, sorginaren magiaren bitartez beren itxura aldatzen dute, gaur egungo kanonetan oinarrituz. Ostean, guztiz aldatuta iristen dira Marirengana. Berak ez ditu ezagutzen, haserretu egiten da, eta haiekin dantzatu nahi ez. Berraztertzen dute egoera eta, magiaren bidez, lehen zeuden modura itzultzen dira. Orain, Mari pozik dago bere lagunak ezagutzen dituelako eta elkarrekin dantzatzen dute.