Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Txaber Fernández Martín
Zuzendaria
(Bilbo, 1986)
Biolina ikasi zuen bere jaioterriko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan. 2012an, Enrique García Asensio eta Manel Valdiviesorekin Orkestra-Zuzendaritza ikasi ondoren, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian - Musikenen bukatu zuen goi mailako prestakuntza.
Zuzendari gisa egindako ibilbidean, Musikeneko Orkestra Sinfonikoa, Ciklus Ensemblea, SMASH Ensemblea, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, BIOS Orkestra, Silboberri Ensemblea, Et Incarnatus Orkestra, Bilboko Txistularien Alardea, edota hainbat abesbatzarekin egin du lan. Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestra (2009-12) eta EIO Gazte Orkestraren (2016-19) zuzendari izan da, baita Xare Laborategiaren zuzendari artistiko eta kide sortzailea ere (2010-2020).
Hainbat musikagileren lanen erabateko estreinaldiak eta estreinaldi nazionalak burutu ditu; besteak beste, Jagoba Astiazaran, Rubén Cid, Ignacio Ferrando, Iñigo Giner, Félix Ibarrondo, Xabier Mariño, Miguel Matamoro, Josep Mira, Raül Montalvà, Xabier Otaolea, Joan Riera, Alba S. Torremocha, Joserra Senperena edota Carlos Trujillo. Horrez gain, ikus-entzunezko hainbat proiektutan hartu du parte, hala nola Donostiako Zinemaldian estreinatutako "Prohibido recordar" (Larreategi/Martinez, 2010) dokumentalerako musikaren idazte, zuzentze eta grabaketan, Jagoba Astiazaranen "Kataiak" performancearen estreianldian Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan (2014), edota baita Félix Ibarrondoren "Barne hegoak" (Orpheus, 2018) diska monografikoaren grabaketan ere.