Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Ligia Amadio
Zuzendaria
Gaur egungo zuzendari hegoamerikar nabarmenetako bat da Ligia Amadio. Nazioartean ezaguna egin da bere exijentzia artistikoagatik, karismagatik eta performance sutsuengatik. São Paulon jaioa (Brasil), Tokioko Nazioarteko Txapelketaren 30 edizioetan, saritutako lehen emakumea izan zen, 1997an. Hurrengo urtean, 1998an, 1. saria lortu zuen Santiago de Chileko Nazioarteko Txapelketan. 2001ean, São Pauloko Arte Kritikarien Elkarteak emandako zuzendari onenaren saria jaso zuen, Brasilen. 2003an, ONUNCUYO zuzentzen zuela, Bikaintasunaren Lyra saria eta Raíces saria jaso zituen. 2012an, orkestra-zuzendari onenaren sari bat jaso zuen Brasilen, berriro ere: Carlos Gomes saria. 2019an, Orden de Rio Branco brasildar diplomaziaren aintzatespen gorena jaso zuen: ofizial izendatu zuten, herriari emandako zerbitzuengatik eta 2022an Alumni USP saria eman diote “Kontribuzioak Artean eta Kulturan” kategorian.
1996az geroztik, zuzendari titular eta artistikoa izan da —musikariek hautatuta, beti— zenbait orkestra ospetsutan: Orkestra Sinfoniko Nazionala (Rio de Janeiro, Brasil, 1996-2008); Cuyoko Unibertsitate Nazionaleko Orkestra Sinfonikoa (Mendoza, Argentina, 2000-2003); Campinaseko Udal Orkestra Sinfonikoa (Brasil, 2009); São Pauloko Unibertsitateko Orkestra Sinfonikoa (Brasil, 2009-2012); Mendozako Orkestra Filarmonikoa (Argentina, 2010-2014); Bogotako Orkestra Filarmonikoa (Kolonbia, 2014), eta Montevideoko Orkestra Filarmonikoa (Uruguai, 2017-2021). 2016an, Santa Feko (Argentina) Orkestra Sinfonikoko eta Montevideoko (Uruguai) Orkestra Filarmonikoko zuzendari artistiko izendatu zuten. Gonbidatu gisa zuzendu dituen orkestren artean, berriz, honako hauek nabarmentzen dira: Ensemble Contrechamps; Arpeggione Städtisches Kammerorchester; Baden-Badener Philharmonie; Filharmonia Czestochowa; Israel Chamber Orchestra; La Plata Argentinako Antzokiko Orkestra; Colón Antzokiko Orkestra Egonkorra; Buenos Aireseko eta Tailandiako orkestra filarmonikoak; Moldaviako, Tokioko, Libanoko eta Queretaro Estatuko orkestra nazionalak; Mexico Estatuko, Jerusalemgo, Islandiako eta Herbeheretako orkestra sinfonikoak; Boliviako eta Txileko orkestra nazionalak; Peruko eta Hungariako orkestra nazionalak; Esloveniako Irrati eta Telebistako Orkestra, eta Brasil eta Argentinako orkestra garrantzitsuenak. Beren zuzendaritzapean, 11 CD eta 5 DVD grabatu dira, zeinen artean nabarmentzen baita “Música Brasileira no Tempo” bilduma, musika brasildarraren historiari buruzkoa eta Brasilgo Hezkuntza Ministerioaren laguntzarekin grabatua.
Era berean, Ligia Amadio Emakume Zuzendarien Mugimenduaren sortzaile eta bultzatzailea da, eta Mulheres Regentes/Mujeres Directoras/Women Conductors (Emakume zuzendariak) nazioarteko sinposioaren hiru edizio arrakastatsu antolatu ditu: lehenengoa, São Paulon (Brasil), 2016an; bigarrena, Montevideon (Uruguay), 2018, eta, azkena, online, 2020an. Proiektu horren sortzaile eta egile gisa, 2019 Classical: NEXT Innovation Awarden finalistetako bat izan zen, Rotterdamen. Ligia Amadio Orkesta Zuzendaritzan garduduna da (São Pauloko Unibertsitatean Ingenieritzakoa lortu ostean). Horrez gain, Arteen Graduondokoa egin zuen Campinaseko Estatuko Unibertsitatean, eta Musika Doktoretza São Pauloko Estatuko Unibertsitatean. Brasilen bere aholkulari nagusiak Henrique Gregori eta Eleazar de Carvalho izan ziren. Bere herrialdetik kanpo, orkestra-zuzendaritzako hobekuntza-ikastaro garrantzitsuenak egin ditu Austrian, Holandan, Hungarian, Italian, Txekiar Errepublikan, Errusian eta Venezuelan, Ferdinand Leitner, Julius Kalmar, George Tintner, Alexander Politshuk, Guillermo Scarabino, Kurt Masur eta Sir Edward Downes maisuekin, besteak beste.