Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Mikel N'Dong
Pianoa
Sestaon (Bizkaia) jaio zen. Oso umetan erakutsi zuen musikarako zaletasuna. Bilboko “Juan Crisóstomo Arriaga Musikako Goi-mailako Kontserbatorioan”, Agustín Vergara irakaslearen tutoretzapean, pianoko goi-mailako ikasketak amaitu zituen, oso kalifikazio onekin. 1998an, ohorezko aipamena lortu zuen bi pianoko modalitatean, “Donostia hiria” pianoko V. lehiaketan.
Bakarlari moduan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, Leioako Unibertsitatean eta Gernikako Kultur Etxean ekin zion bere ibilbideari. 2005ean, Tchaikovskyren pianorako eta orkestrarako 1. kontzertua estreinatu zuen, “orkestra elektronikoak” lagunduta, Sestaoko “Musika Ostegunak” zikloaren barruan.
Laguntzaile moduan, arrakasta bildu izan du Espainia osoan, konpainia liriko bateko kide izanik, 1999tik hasita. Hainbat abesbatzatan parte hartu izan du, hala nola Bilboko Koral Elkartean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Abesbatzan (harekin estreinatu zuen "African Sanctus", David Fanshawe-ren lana), eta Iralabarriko San Antonio Abesbatzan, zeinarekin, Estatuan eta nazioartean kontzertuak emateaz gainera, abesbatzarako eta musika-tresnetarako moldaketak egin izan baititu.
2006an, “Lurbira Opera” sortu zuen, umeendako opera-ikuskizunak ematen dituen taldea. 2007an, “Euskal Kantu Liriko Berriak” proiektuan ibili zen elkarlanean, zeinaren xedea baitzen ahotserako zegoen euskal kantutegiaren balioa agertzea, eta egungo konpositoreen lan berrien sormena eta zabalkundea sustatzea.
2008an, “Bilbao Live Elektro Orkestra” sortu zuen Flora Gómez piano-jotzailearekin batera; formazio horretan jardun ziren bi artistak, teklatu elektronikoekin orkestra sinfoniko oso bat sortuz.
2015ean, “Virtual Symphony Orchestra” sortu zuen, orkestra sinfoniko birtual bat, eta harekin jardun zen Edinburgoko “Fringe” jaialdian, pianoa joz Memories of Scotland piano eta orkestra sinfonikorako pieza bat -besteak beste-, jaialdirako propio sortua.
2021ean, “Aurrera Fest” jaialdiaren barruan, Un paseo por el Lago Encantado obra jo zuen Bilboko Euskalduna Jauregian, aldi hartarako beren-beregi ondutako lana, Beethoven-en eta Debussyren obra batzuk, orkestrarako berriro egokituak, zuzenean eta musika-tresna elektronikoekin jotzeko.
2007tik, maisu laguntzaile izan zen ABAOn (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea), eta orkestra-zuzendari nazioartean ospetsuekin jardun zen, eta aldi berean, moldaketak egiten zituen eta kontzertuak ematen hainbat proiektutan, eta bai ere musika klasikoko eta elektronikoko bere konposizioak eskaini.