Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Francisco José Yáñez Garrido
TUBA
SOL GILTZAN Maiatza 2009
Benejúzar, Alacant, 1978
Bilboko Udal Bandan dauden lau tuba-jotzaileetako bat da, eta Espainiatik irten behar izan zuen irakasle egokia aurkitzeko. Irakasle horri esker ikasi zuen, aurreko hamar urteez geroztik jotzen zuen instrumentu horrek aukera handiak eta anitzak zituela. “Instrumentista bakoitzak lan egiteko era berezi bat dauka, eta ezinbestekoa da jotzen irakasten dizunak ere lan egiteko era horrekin bat egitea”, azaldu du Yáñez-ek, David Zambon-en Perpignan-eko eskolaraino eraman zuen bilaketa luzea justifikatzeko asmoz. “Frantziara joan nintzen bere bila, baina Japonian egon izan balitz, Japoniaraino edo beste edozein lekutaraino joango nintzen”, azpimarratu du ziurtasun osoz.
Ez du arrazoirik falta, alajaina. Zambon-ek ezin argiroago erakutsi zion tubak askoz ere aukera gehiago eskaintzen duela akonpainamendu hutsa egitea baino. “Teknikoki akats asko zuzentzen lagundu zidan, baina garrantzitsuena da, musikaren ikuspegitik, aukeraeskaintza ezinago zabala ireki zidala; tuba batez Bachen sonatak, biolin edo txirularako sonatak eta Mozarten fagoterako kontzertuak ere jo daitezkeela”, gogoratu du.
Baina Yañez-en ibilbidea Frantziako abentura baino askoz ere lehenago hasi zen; zazpi urte zituela alegia, orduantxe inskribatu zuten bere gurasoek Benejúzar sorterriko musika-elkarteak ematen zituen eskoletan. Hamaika urte bete hurran, batek batek esanda jakin zuen Bandan tuba-jotzaileak behar zirela. “Bereahalaxe animatu nintzen. Oso instrumentu erakargarria zen niretzat tamainagatik”, gogoratu du. Murtziako Kontserbatorioan ikasten zuen bitartean, Perpignan-era eramango zuen bilaketan murgildu zen buru-belarri. Frantziara noizen behin egindako osteratxoak behin-betiko bidaia bihurtu ziren 21 urte zituela. Orduan, prestakuntza Frantzia aldean osatzea erabaki zuen, lehenengo Perpignan-en eta gero Montpellier-en. “Musika ikastea, eta bereziki kanpoan ikastea, oso gauza garestia da. Zorionez, nik Valentziako Generalitat-en eta Frantziako Kultura Ministerioaren laguntzak izan ditut horretarako, eta batez ere gurasoen sostengua izan dut une oro. Gurasoak ez dira musikazaleak, baina hala ere, beti fidatu dira nitaz eta musikari bezala bizimodua ateratzeko nuen aukeraz”, aitortu du harrotasunez.
Frantzian egindako lau urteko egonaldi hartan, Frantziako Gazte Orkestra Nazionaleko kidea izan zen, eta Bordele, Montpellier eta beste hiri batzuetako orkestra profesionaletan lan egin eta ‘Tuba-jotzaile bertutetsuak’ izeneko ikuskizun batean ere parte hartu zuen Frantziako gazteria musikalekin batera.
2004an, Bilboko Udal Bandak kontratatu zuen. Hauxe da lanean jardun duen lehen talde profesionala, eta bertan “pozez gainezka” omen dabil. “Programa berritzaileak lantzen ditu, eta gonbidatutako zuzendariek tubarako korapilatsu samarrak diren doinuak proposatu ohi dituzte, James Barnes-en Hirugarren Sinfonia kasu. Gainera, pertsonen arteko tratua ezin hobea da, eta publikoak ez digu behin ere huts egin. Aurten, Euskaldunako aforoa bete dugu ia egunero, eta horrek esan nahi du Bandak itzal luzea duela”, azaldu du.