Kolaborazioak

Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak

Andoni Mujika Zubiaurre

TRONPA

Andoni Mujika Zubiaurre SOL GILTZAN   Urtarrila 2016
Txikitatik, melodiaren magian murgiltzera eraman duen giroa bizi izan du bere Elgoibarko etxean, aitaren, “beti ere lagundu eta animatu nauen” musika zale sutsuaren laguntzarekin, azpimarratu du Andoni Mujikak. Solfeo ikasten hasi zen, eta musika-tresna bat aukeratzeko unea heldu zenean, tronpa hautatu zuen. “Asko atsegin nuen zelan entzuten zen, eta gaur egun Sevillako Sinfonikako tronpa jolea den nire herriko Gustavo Barrenetxearekin hasi nintzen ikasten, eta ondoren Rodolfo Epelderekin, ONE-ko tronpa bakarlariarekin”, esan digu. Lehenengo kontzertua Donostiako Orkestra Sinfonikoarekin eman zuen 10 urte zituela, eta 12 urterekin Elgoibarko Musika Bandan sartu zen. 15 urte zituela Euskadiko Orkestra Gaztean hasi zen jotzen; oso une garrantzitsua izan zen, orkestrako lanak oso irakasle onekin lantzeak, bere bizitza eta lanbidea musikara bideratzera eraman baitzuen. Musika Goi Zikloa ikasi zuen Vitoria-Gasteizen, eta Espainiako Orkestra Nazionalean sartu zen. Hori “beste bultzada bat” izan zen bere karreran. Espezializatzeko gogoak Chicagora eta Florentziara eraman zuen, ikastera eta zenbait urte hiri horietan bizitzera, interprete gisa bizitzea lortu zuen arte. 2010etik Bilboko Udal Musika Bandako kide da.
Bere lanbidetik gehien atsegin duenari buruz galdetzen zaionean, “hitz egiten baino seguruagoa sentitzen dela jotzen”, erantzuten du. Eta hau gehitzen du: “txikitatik asko atsegin dut musika; liluratu nauen magia mota da. Musika-tresna bat jotzen eta kontzertuak ematen hasten zarenean, magia horren intentsitateak gora egiten du. Gehien atsegin dudana zuzenean eta, batez ere, jende gehiagorekin jotzea da. Zuzenean beste musikari batzuekin elkarrekintzan aritzeak, engantxatzen duten une paregabeak sortzen ditu”. Tronpaz gain, asko atsegin du gitarra eta baxu elektrikoa jotzea, eta horrek eguneroko lanetik deskonektatzen eta Bandara gogo handiagoz itzultzen laguntzen dio. “Beste musika-tresna batzuk eta beste estilo batzuk jotzeak aberastu egiten nau. Nire lana errutina ez bilakatzeko modua da”.
Esaten duenez oso gustura dago Bandan, eta uste du zuzendari titular berria heltzearen eta Pascual Vilaplanak diseinatu duen denboraldiko programazio berriaren ondorioz Bandak “oso bide ona daramala. Oso une interesgarria ari gara bizitzen”, azpimarratu du. “Giza kalitate bikaineko zuzendaria da, eta asko daki, zuzendari eta konposatzaile asko ezagutzen ditu, eta Bandarako maila handiko obra bereziz osatutako programek, soilik zartzuelekin eta pasodobleekin lotzen gaituen irudi horretatik urrunduko gaituen ikuspegi berria ekarriko dute”, gehitu du. Musika maila altuaren adibide gisa, otsailaren 7ko kontzertua azpimarratzen du. “Banden munduan Franco Cesarini mundu mailako topa da, eta bere lehenengo sinfonia gurekin estreinatuko du Euskalduna Jauregian. Hori bikaina izango da Bandarentzat eta Bilborentzat”