Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Iñaki Busto Vicente
TRONPA
SOL GILTZAN Otsaila 2015
Iñaki Busto ez da musikari profesionalen familiakoa, baina musika erabakigarria izan da bere bizitzako alderdi askotan: tronpa-jotzailea da Bilboko Udal Bandan; bere anaia David talde bereko klarinete-jotzailea da, eta ikasle zebilela emaztea ezagutu zuen, Aintzane, Bilboko Kontserbatorioko oboe irakaslea. Zazpi urte zituela solfeoa ikasten hasi zen Sestaoko Kontserbatorioan, “Amak arreba nagusia, anaia bikia eta hirurok eraman gintuen, kantatzea gustuko genuelako. Hasieran, nola edo hala disfrutatzen genuen, solfeoaren teoria ulertzea ez baita samurra zazpi urteko ume batentzat, baina apurka-apurka, sakonduz joaten zara, solfeoan ikasten ari zarenak zerbaiterako balio duela konturatzen zara, eta zentzua ikusi ahala aurrera egiten duzu”.
Instrumentu batekiko lehenengo topaketa Sestaoko Udal Bandan gertatu zen saxofoia ikasten ari zen bitartean, 12 urte zituela. Geroxeago, Portugaleteko Bandara joan zen. Garai hartan, musika bandek instrumentuak jotzen irakatsi ohi zuten. “Nik neuk saxofoia jo nahi nuen, baina Jose Luisek, behin-betiko zorretan izango nauen bandako bonbardino-jotzaileak, zera izan zidan: `Zuk tronpa jo behar duzu´, eta halaxe gertatu zen”. Instrumentua ezagutzen ez bazuen ere, laster gustua hartu eta horren gainean ikasten hasi zen Getxoko Kontserbatorioan. Tronpa ikasketen goi maila Bilboko Kontserbatorioan egin zuen.
2001ean, Bandako oposizioetara aurkeztu eta plaza lortu zuen. “Bandak interpretatzaile gisa hazi eta errepertorioa zabaltzeko aukera ematen dit, ikasketa pertsonalaz gain. Banda ez dago estilo bakar bati lotuta, ezta hurrik ere. Kontzertu bakoitzean, estilo desberdinetako obrak jotzen ditugu. Azken kontzertuetan, Puccini eta Hego Amerikako musika jo ditugu, eta orain, Nino Bravoren musika arina entsegatzen ari gara. Goitik behera aldatzen da aste batetik bestera, eta horren haritik, arras gozagarriak dira bandak eskaintzen dizkizun aukerak”, nabarmendu du.
Taldean jotzeaz gain, Bilboko Musika Eskolako Banda Gaztea zuzentzen du, arras gustura zuzendu ere, eta Bilbo Brass metal taldeko kidea da. Etorkizunera begira, ez dauka banda uzteko asmorik; aitzitik, izugarri gustatuko litzaioke talde honetan erretiroa hartzea, baina epe ertainera begira, beste talde mota batzuetan jo nahi luke. “Garrantzi handikoa da musikaria ohiko jardunera ez mugatzea; talde desberdinetan jotzea oso esperientzia aberasgarria da “.