Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Idoia Uzkiaga Gil
KLARINETEA
SOL GILTZAN Maiatza 2008
Hauxe duzue oraingo protagonista: Idoia Uzquiaga klarinete-jotzaile eta Bandako kidea 1987 urteaz geroztik. Idoia dugu, gainera, taldeko emakumerik beteranoena.
Galdakoztarra jatorriz, Idoia Uzkiaga Gilek (Bilbo, 1973) Máximo Moreno Musika Eskolan (Galdakao) ekin zion musika ikasteari, harik eta J. C. de Arriaga kontserbatorioan klarinetearen goi titulazioa lortu zuen arte. Idoiak irakasle izan ditu, besteak beste, Jesús María Bilbao Estefanía, Florián Popa, Walter Boykens edota Henry Bok, eta zenbait kontserbatorio eta musika eskoletan lan egin du. Klarinete-jotzaile bizkaitarra 13 urte zituela sartu zen Bandan, “baina orduan errekintoa jotzen nuen, hatzamarrak txikiegiak nituelako klarinetea jotzeko. Aitak zerikusi handia izan zuen instrumentuaren hautaketarekin, bera ere klarinete irakaslea eta Erandioko Musika Bandako kidea baitzen”. Idoiak musika mota guztiak ditu atsegin, salbuespen gutxi batzuk gora-behera: “bakailao musika gorroto dut”.
Bandaren egungo eginkizunari dagokionez, Idoiak uste du “Arriaga bezalako lekuetan jotzeak aldaketa ekarri digula guztioi, baina aldi berean, Bandako musikariok motibatuago sentitzea eta eszenatokian den-dena ematea suposatu du.”
Baikortasunez ikusten du klarinete-jotzaileen oraina eta geroa Euskadin. Hala ere, zera azaldu du kexuka: “LOGSEren bitartez, ikasleak orkestretara orientatzen dituzte irtenbide profesional bila, bakarlariak izan daitezen zehazkiago esanda. Ondorioz, karrera amaitu eta oposaketetara aurkezten direnean, bi aukera besterik ez dituzte ikusten: irakaskuntza eta orkestrak, eta badirudi ez dituela batere motibatzen bestelako elkarte profesionaletako kide izateak.”
Bandak zuzendari batzuk izan ditu Idoia taldeko kide bihurtu zenetik. Idoiak hitz gozoak erabiltzen ditu bakoitzari buruz mintzo denean: “Bandan sartu nintzenean, jende askok ez zuen begi onez ikusten nik “boloak” egiterik (ganbera musika, marchin’ band, txarangak, etab.), Urbanok esaterako. Baina behin batean, Aste Nagusian, Goienkalean jotzen ari ginela, hara non, bertara azaldu eta tronpeta jotzeari ekin zion. Sekulako ilusioa egin zidan. Jerryrengandik, tradizio batzuk zaintzeko zeukan interesa, eta nola ez, bere umore ona azpimarratuko nituzke. Eta Rafa Sanz-ek Bandako kideen autoestimua jasotzea lortu du, eta horren emaitza kontzertu guztietan dago ikusgai, edo entzungai hobeto esanda.”
Idoiak aitortu duenez, lehen saxofoi altua jotzea zen bere zaletasunik gogokoena, baina orain “Erandioko Bandarekin jotzen ibiltzea” da gehien gustatzen zaiona. “Bertan hasi nintzen, eta atsegina izaten da atrileko lehen lankideekin batzartzea”, esan du. Euskal klarinetejotzaileak teknika lantzen jarraitzen du RTVEko orkestra sinfonikoan diharduenMiguel Espejo Plá bakarlariarekin, ikastaroetara joaten segitzen du eta –hau bai gogoko duena– ganbera-kontzertuetan ere parte hartu ohi du horretarako aukera duen bakoitzean. Desio bat ere azaldu du, eta ziur gaude luze gabe bete ahal izango duela: “bakarlagi gisa jo nahi nuke inoiz kontzerturen batean”.