Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Lander Ruiz Vivanco
KLARINETE BAXUA
SOL GILTZAN Urtarrila 2014
Nork esango zion Lander Ruiz Vivancori (Bilbo, 1976), gaur egun Bilboko Udal Musika Bandako klarinete baxua denari, 5 urte zituela amamak gitarra espainiar bat oparitu zionean, bere etorkizun profesionala musikan aurkituko zuela. “Ni soinua ateratzen ahalegintzen nintzen eta, dirudienez, belarri ona nuen. Hori dela eta, eskola orduetatik kanpoko gitarra klaseetara joaten hasi nintzen ikastetxean”. Esaten duenez, ez zen izan berak hartutako erabakia. “Nire gurasoak izan ziren, aukera ona iruditu zitzaien, baina nik gurago nuen futbola, ume guztiek bezala. Esan nien ez nuela musika ikasteko denborarik, eta eurak, orduan, trebezia handiz, orduan futbolean aritzeko denborarik ere ez nuela izango esan zidaten. Hurrengo egunean, gauez burkoarekin hitz egin ondoren, badirudi gauza biak egiteko denbora aurkitu nuela”. Ondoren solfeoa, kontserbatorioa… etorri ziren, eta horrela hasi zen musikaren munduan egiten ari den abentura, jada 30 urte bete dituen abentura.
Gitarrak liluratu zuen denbora batez, baina bere begirada, lehengusuak jotzen zuen saxofoira zuzendu zen. Berak ere soinu distiratsua zuen musika tresna hura ikasi nahi zuen. Eta horrela, bere mentore izango zen Florián Poparen klasera heldu zen. Irakasleak berehala kendu zion ideia hori burutik. “Saxofoia ahazteko esan zidan, askoz hobea zela klarinetea ikastea. Beraz, berari zor diot nire karreraren parte handia”. Landerrek oso ondo gogoratzen du bere lehenengo klarinete klasea “aluzinatu egin nuen, mundu berri osoa zabaldu zitzaidan aurrean, eta gaur egun ere ikasten jarraitzen dut”.
Musikarenganako grina gero eta handiagoa zen, eta hasiera batean zaletasun zenak, denbora igaro ahala bere arreta guztia jaso zuen. Bere lehenengo entzunaldien eszenatokia Musika Kontserbatorioa izan zen, kamera talde txikiekin, baina bere lehenengo kontzertua “Kontserbatorioko Bandarekin izan zen, oso ondo gogoratzen dut. Johan de Meijen “Eraztunen Jauna” jo genuen. Sinestezina egin zitzaidan nola jotzen genuen entzutea”.
Urte batzuk geroago, bere gaitasunak Parisera bidaiatzeko aukera eskaini zion, maisu handienetako baten ondoan ikastera, Guy Deplus. “Irakasle bat baino gehiagorekin egindako ikasketak osatu behar dira, bakoitzetik hoberena ateratzeko. Inork ez du erabateko jakituria, baina denek dute jakituria horren parte bat”. Landerrek ahalegina egin zuen, guztietatik hoberena jasotzeko.
Jasotako jakituria guztiarekin eta jotzeko gogo handiarekin, 1996ko abuztuan, 20 urte baino ez zituela, Bilboko Udal Musika Bandara heldu zen. Harrera ahaztezina izan zen, “bi astetan 8 kontzertu prestatu behar genituen, Aste Nagusirako. Aluzinatu egin nuen”.
Gaur egun Landerrek udal bandari eskaintzen dio bere jarduera profesional guzti-guztia, ez baitu bere bizitza musikarik gabe ulertzen. “30 urte daramatzat musikari lotuta, eta horrela jarraitzeko asmoa dut, beste horrenbeste, gutxienez”.