Kolaborazioak

Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak

Nerea Uzquiaga Gallego

SAXO ALTUA

Nerea Uzquiaga Gallego SOL GILTZAN   Urria 2014
Musikazaletasuna familiatik datorkio Nerea Uzkiagari. Aitak tronpeta jotzen zuen, eta txikitan solfeoa ikastera bidali zuen alabatxoa. Nereak gauza bera egin zuen seme nagusiarekin eta antzera jokatu behar du alaba txikiarekin 5 urte betetzen dituenean. Nerea Bilbon jaio zen 1974an, eta 13 urte zituela, Udal Musika Bandan jotzeari ekin zion. “Bandaren prestakuntza-beka batera aurkeztu eta eman egin zidaten. Funtsean, Bandako edozein funtzionarik egiten zuen lan berbera egin behar nuen, egun osoan eskolak ematen ari bagina bezala. Zorte ona izan nuen”, azaldu du, Bandan hasi zenean zuzendaria Urbano Ruiz Laorden zela gogora ekarriz.
1997an, musikari-plaza irabazi zuen, eta harez geroztik, taldeko 5 saxo-jotzaileetako bat da. Nereak “zorte ona” aipatu duen arren, argi dago zoria eta fortuna baino zerbait gehiago izan duela hain gazterik Bandan errotu ahal izateko. Zorte onaren atzean, urte askotako ikasketak eta ahaleginak daude. Orain Bandako kide duen Jose Vicente Ripoll musikaria, irakasle izan zuen Bilboko Kontserbatorioan, saxofoiaren gradu ertaina egin zuen garaian. “Bandako jarduna eta gradu ertaina bateratzeko, gauez joaten nintzen institutura”. Madrilen ikasi zuen goi gradurako ahalegin handiagoa egin behar izan zuen. “Bekaduna nintzen orduan, eta astelehenetan Bandan atseden hartzen genuenez, goizeko 5etan autobusa hartu eta egun osoa egiten nuen Madrilen eskolak hartzen, hurrengo eguneko goizaldeko 2etan itzultzeko. Ahalegin eta lan handiko urteak izan ziren”, gogoratu du.
Bandan saxofoi altua eta sopranoa jotzen ditu. Musika-tresna hau ausaz aukeratu omen zuen, baina orain “munduko instrumenturik onena da”, bere esanetan. 18 urte zituela, irakasle lanetan hasi zen musika-eskoletan eta kontserbatorioetan, baina orain, seme-alaben hazieran ez ezik, Bandako jardunean dihardu “%100”.
Noizean behin, saxofoiari eragiten dio Bilbo Sax Cuarteto de Saxos eta Ensemble taldeekin. Bandan eginak dituen 27 urteei begiratu azkarra eginez gero, kuttuntasun handiz gogoratzen du Bandak eszenatoki-kopurua areagotu eta leku itxietan jotzeko hartu zuen erabakia. “Errepertorioa zabaltzeko lan handia egin behar izna dugu, baina emaitzak bikainak dira. Bilboko publikoa jakintsua da, aditua, eta jotzen duzunean, publikoaren erantzuna nabaritzen duzu”.
Etorkizunera begira, ez du bere burua ikusten Bandatik kanpo. “Jendea animatu nahi dut, Euskalduna Jauregiko kontzertuetara etor dadin. Bertaratzen direnak poz-pozik ateratzen dira, kontzertu horiek ez baitute zerikusirik pasodobleekin edo zarzuelarekin, jendeak Bandari buruz pentsatzen duen bezalaxe “