Kolaborazioak

Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak

Juan Manuel Beguiristain Salegui

KLARINETEA

Juan Manuel Beguiristain Salegui SOL GILTZAN   Urria 2020
Txikia nintzela, gurasoekin joaten nintzen hilean behin Zumarragako banda ikustera, zeinetan nire osabak eta amaren osabak klarinetea jotzen zuten. Niri entzutea gustatzen zitzaidan, musika ikasi nahi nuen, eta aurrerago klarinetea, talde hartan jo nahi nuelako.
7 urte nituenean musika ikasi nahi nuen, baina 8 izan arte ezin zenez Musika eskolan hasi, nire amaren osabarekin hasi nintzen ikasten. Urtebete geroago, Zumarragako "Secundino Esnaola" eskolan hasi nintzen, eta 9 urterekin klarinetea hautatu nuen Juan Navarro irakaslearekin (Euskadiko Orkestrako bakarlaria). 11 urterekin sartu nintzen Zumarragako bandan. Garai hartan, taldea lokal txiki batean egiten zituen entseguak, ia ez ginen musikari guztiak sartzen eta entseguetan erre zitekeen. Lehenengo jardunean ezin izan nituen noten erdia ere jo; urduritasun eta partiturak jotzen ziren abiadura zela eta galduta ibili nintzen entsegu guztian zehar. Gogoratzen naiz nire osaba, nire ondoan zegoela, non geunden adierazten zidala.
Denbora eta ikasketei esker, gero eta erosoago nengoen, eta poliki- poliki, klarinetea 3tik klarinetea 2ra, klarinetea 1era egiten nuen aurrera; bakarlari gisa ere jardun nuen. 12 urte egon nintzen taldean eta gero "La Pamplonesa”n sartzea lortu nuen, klarinete errekinto gisa. Oso aldaketa nabarmena izan zen talde profesional batera pasatzea; interpretatzen ziren lanak zailagoak ziren eta prestatzeko denbora askoz eskasagoa. Gainera, erantzukizun handia nuen, errekintoa banakako instrumentua baita eta ia beti izaten nuen esku-hartze konplikaturen bat.
Taldean 2 urte bakarrik egon nintzen arren, maitasun handiz gogoratzen dut. Asko ikasi nuen eta lagun handiak egin nituen, gaur egun oraindik ere kontserbatzen ditudanak. Ia 20 urte igaro diren arren, gogoan ditut oraindik San Ferminak, jendez betetako dianak, kalejirak makuluekin eta zezen-plazako jai-giroa, baina, batez ere, gogoan dut jendeak bere taldeari erakusten zion maitasuna eta errespetua.
2001. urtean klarinete plaza lortu nuen Bilboko udal Bandan oposizio bidez. Garai hartan Jerry (Jesús María Estefanía Bilbao) zen bandaren zuzendaria. Uztailaren 31n hasi nintzen (San Ignazio) Begoñan kontzertu bat jotzen, aurretik entseatu gabe. Garai hartan, neguan ere igandero jotzen genuen Areatzako kioskoan, eta lehenengo urtean kontzertuen erdia baino gehiago bertan behera geratu ziren eguraldia zela eta. Rafael Sanz Espert zuzendaria iritsi zenean, Bandak hainbat aldaketa izan zituen, eta kalitatearen alde egin zuen kantitatearen alde baino. Arriaga Antzokia, Campos Eliseoz Antzokia eta Euskalduna Jauregia bezalako auditorioetan jotzen hasi ginen. Halaber, bandarako behar ziren hainbat plaza ere bete ziren. Errepertorioa handitzen eta berritzen joan zen, gero eta obra konplexuagoak interpretatuz. Lan horietako batzuk gogoan ditut oraindik ere, bai euren konplexutasunagatik, baita jotzerako orduan disfrutatzen nuenagatik ere: Sorollari omenaldia, Erromako Pinuak, Erromako jaiak, Chamber Symphony, Gregory Fritzen aldaera sinfonikoak...
Bakarlariekin kontzertuak egiten hasi ziren, bandakoak zein nazioarteko bakarlari ospetsuenekin. Taldea ere mugitzen eta lekualdatzen hasi zen, bere hiria ezagutzera emanez, Valentzia, Tenerife, Madril... Estatuko eta atzerriko talde profesionaletako zuzendari gonbidatuak etortzen hasi ziren. Izen handiko zuzendari horien musika-ezagutzak eta lan egiteko erak, zalantzarik gabe, gure taldearen garapen artistikoan lagundu dute, eta malgutasun handia eman diote.
Gaur egun, gure taldearen buru dugu José Rafael Pascual-Vilaplana maisua. Zuzendariak norabide berean jarraitu du baina bere estiloarekin. Banda XXI. mendean murgildu du, batere erraza ez den eta, batzuetan, orain arte eskaini duguna baino askoz desberdinagoa den errepertorio berrizalea landuz. Taldeak irteerak egiten jarraitu du, hiriko enbaxadore gisa, garrantzitsuena, agian, Utrech-ena, zeinetan gure kalitate handia erakutsi genuen mundu mailan. Eta solista eta zuzendari gonbidatu ospetsuekin kontzertuak eskaintzen ere jarraitzen dugu.
Denontzat zaila den garai honetan, gure lana jendeari eskaintzen jarraitzeko ahal dugun guztia egiten ari gara. Ilusioz entseatzen jarraitzen dugu, distantziak mantenduz, horrek dakarren zailtasun gehigarriarekin. Amesgaizto hau ahalik eta azkarren bukatzea besterik ez dut nahi, eta antzokiak eta Areatzako inguruak txaloka ari diren ikus-entzuleez beterik ikustea, bere bandaz gozatzen ari diren seinale.