Kolaborazioak
Udal Bandaren Irakasleak
Zuzendariak, Bakarlariak eta Taldeak
Susana Torre Sainz
FLAUTA
SOL GILTZAN Urria 2011
Susana Torresen etxean ez dago interpretaziorako tradiziorik ez eta musikarenganako maitasun berezirik ere, baina bere amari eskolaz kanpoko jarduera bezala ikastaro batzuetan izena ematea otu zitzaion. Eta egia esateko, erabakia zuzena izan zen; ez bakarrik gaur egun flautina bere ogibidea delako (eta oso gustukoa duena behin eta berriz esaten duenez), ume alaia izatea lortu zuelako ere. 1974an jaioa, galdakaotar honek oraindik orain maitasunez ditu gogoan berarentzat "txango txikiak" ziren azterketa egunak, zazpi urterekin irakasleak Bilbora eramaten zituzteneko egunak eta batzuetan opariren bat ere ematen zieten azterketa egun haiek. Musika tresna batean espezializatzeko unea iritsi zitzaionean, ez zuen gehiegi pentsatu eta azkenean "nire lagunik hoberenak nahi izan zuena aukeratu nuen, elkarrekin ikasten jarraitzeko gogoari men eginez. Eta azkenean, berak utzi eta orain hemen naukazue nire flautarekin" diosku barrez.
Ia modu berean, kasualitatez, erabaki zuen profesioz musikan jardutea. "Kimika nahi nuen ikasi eta oporrak aprobetxatzen nituen klase bereziak emateko. Klase hauekin eta orkestraren batean eta bestean egiten nituen kolaborazioekin lortzen nuen dirua, udako ikastaroetan izena emateko gordetzen nuen eta karrera hasi aurreko oporretan nengoela, lan gehiago eskaini zidaten. Unibertsitatekoa geroago egitea pentsatu nuen baina lan betek bestea ekarri zuen eta azkenean, gustukoa nuena egitea erabaki nuen: musika jotzea eta irakastea" gogora ekartzen du Susanak. Etxean musika ikasketak bokazioa izateaz gain, unibertsitateko karrera ere ba zela ohartu zirenean, ("jende askok oraindik ez dakiena" penatzen da Susana), asko animatu zuten eta "gaur egun oso harro daude" azaltzen du.
Hamalau urte daramatza jadanik Bilboko Udal Musika Bandako kide izaten, baina aurretik izan du eskarmentua bere herriko zenbait taldeetan (partiturak irakurtzen ikasi zuen) eta Durangoko zenbait taldeetan ere. Ikasle orkestran ere parte hartu zuen. "Oso ondo pasatzen genuen eta guztiok jotzen genuen bakarlari moduan" dio. Baina egun batean bilbotar taldetik deitu zioten, lan poltsan izena emana baitzuen. "Guauuuuuuuuuu, Bilboko Banda! Amets bat zen... gainera, nire irakaslea izan zenaren ondoan lan egingo nuen, Fernando Larrinaga. Lankideak izango ginen, ardura handia zen hura!" azaltzen du gogo biziz.
Susanari, Bandan egoteak suposatzen dion lan handia, ordainsari txikiz bueltatzen zaio. "Ikasi dudanean jardun naiz eta oso gustuko dut!. Emozioz bizi dut eszenatoki batera igotzen naizen une bakoitza nire lana jendeari irakastera. Ileak tente-tente jarri zaizkit hainbestetan eta begiak sarritan busti zaizkit, gure musika publikora ailegatzen dela ikustean. Jendeak Banda gustuko duela eta gure kontzertuekin gozatu egiten duela uste dut, eta guk gustukoa dugu, jendeak musika onarekin gozatzea, euren arazoak alde batean utzita. Gainera edonon jo izanda ere, Bilboko Banda gara, bilbotarren Banda eta hori jakinda, asko estimatzen dute" azpimarratzen du.
Bere lana beti izanda ere gustukoa, Euskalduna Jauregian jotzen hasi direnetik, Banda hobetu egin dela aitortzen du. "Beste musika estilo batzuk eskaintzeko aukera ematen du auditorio honek -azaltzen du-, eta hori guretzat motibazio handia da". Lanean jarraitzeko aitzakia ederra ez ezik, ikasten jarraitzeko eta egunez egun hobetzen joateko motibazioa da.