Egitaraua
- 2025/12/20
- EUSKALDUNA JAUREGIA AUDITORIOA
- 19:00
Bilboko Udal Musika Bandaren Kontzertua. Gabonetako esentziak
Zuzendaritza: José Rafael Pascual VilaplanaLankidetza: Gurutze Beitia, aktorea
1go Zatia
EL CASCANUECES op.71 (Suite del Ballet, 1892) - Piotr I. TCHAIKOVSKY (1840-1893) / Mold.: M. Jorge
- Obertura miniatura
- Eszena: Gabonetako Zuhaitza
- Martxa
- Haurren Galop eta Gurasoen Dantza
- Azukre Maitagarriaren Dantza
- Trepak. Dantza errusiarra
- Dantza arabiarra
- Txinatar dantza
- Mirlitoien dantza
- Loreen Balsa
A CHRISTMAS OVERTURE (2010) - Nigel HESS (1953)
O MAGNUM MYSTERIUM (1994-2003) - Morten LAURIDSEN (1943) / Mold.: R. Reynolds
DREAM IN THE SILENT NIGHT (1990) - Toshio MASHIMA (1949-2016)
THE NIGHT BEFORE CHRISTMAS (2007) - Randol ALAN BASS (1953)
PROGRAMARI BURUZKO OHARRAK
Gabonetako jaietan milaka urteko tradizio ugari biltzen dira, neguko solstizioaren ondorengo argi berria ospatzetik argi hori bera garai berrietarako gida modura erabiltzera. Arlo paganotik edo erlijiotik abiatuta, aldi hori funtsezko sinbolo bihurtzen da egutegian. Bilboko Udal Bandak San Tomas azoka berezia eskainiko du kontzertu honetan, bere musika-uztako produktuekin, edukiz aberatsa eta askotarikoa den uzta. Ildo nagusia Gabonen muina izango da, tradiziotik eta magiatik edaten duena. Horretarako, gaur, gurekin dugu Gurutze Beitia aktore bilbotar maitatua eta miretsia, aurten "Bilboko ospetsua", eta pentagrama bakoitzaren esanahian murgilduko gara harekin.
1892an, Piotr I. Txaikovskiren ballet enblematikoenetako bat estreinatu zen: Intxaur-hauskailua. Ivan Vsevolozhskik eta Marius Petipak idatzitako libretoaren oinarria da Alexandre Dumasek 1844an Ernst T.A. Hoffmann idazle eta karikaturista alemaniarrak 1816an idatzitako "Intxaur-hausgailua eta saguen erregea" ipuinaren umeentzako egokitzapena. Istorioak Gabon gauean bizia hartzen duen intxaur-hausgailu panpina batez hitz egiten digu, eta Txaikovskiren musikak, soinuzko mito bihurtu denak, lagun egiten dio sinbolismoz eta gizarte-kritikaz betetako abenturetan.
Nigel Hess konpositore eta zuzendari polifazetiko ingelesa da, zinerako eta telebistarako musikaren arloan oso ezaguna dena. Haren lan batzuk orkestra eta bakarlari ospetsuek interpretatu dituzte, esaterako Joshua Bell biolinistak edo Lang Lang pianistak. Hessek Gabonetako gaiei buruzko obertura bat idatzi zuen 2007an, John Rutter maisu ospetsu ingelesaren enkarguz. Horrela sortu zen A Christmas Overture, pentagrama koloretsu eta bizikor batzuk. Londresko Royal Philarmonic Orchestrak lan hori estreinatu zuenetik munduko entzunareto askoko Gabonetako musika-giroaren parte bihurtu da. Bandarako bertsioa, konpositore berak egina, Birminghamen estreinatu zen 2013an Keith Allen zuzendari ospetsu ingelesak zuzenduta.
Gabonetako liturgiaren testu adierazgarrienetako bat O magnum mysterium da, Jesusen jaiotzako gorespen-kantua. Konpositore askok, historian zehar, abesbatzetarako zenbait lanetan erabili izan dute, adibidez Tomás Luis de Vitoriak, Cristóbal de Moralesek edo William Byrd-ek. Morten Lauridsenek 1994an egindako koru-bertsioa laster bihurtu zen nazioarteko abesbatzen mundurako erreferentzia. Musikak modu organikoan islatzen du Jesusen jaiotzaren aurreko barne-emozioa. Gaur, H. Robert Reynolds (1934) zuzendari estatubatuar handiak bandarako egindako instrumentazioa entzungo dugu. Jatorrizko bertsioa bezala, Gabonetan bandek gehien interpretatzen duten musika-ondarearen zati da.
Eta kultura guztietan zabaldu den Gabonetako doinua, zalantzarik gabe, Haurtxo maite da. Alemaniako gabon-kanta honen izena Stille Nacht, heilige Nacht zen jatorriz, eta Joseph Mohr apaiz austriarrak idatzi zuen 1816an eta Franz Xaver Gruber (1787-1863) organo-joleak konposatu zuen musika. 1818an Oberndorf-en (Austria) estreinatu ondoren, konposizio hori Gabonetako soinu-paisaiaren parte da mundu osoan, UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatzeraino 2011n. Gaur, gai horren inguruko aldaketa ederrak entzungo ditugu, Dream in the silent night izenburupean.Bere konpositorea, Toshio Mashima maisu japoniarra, XX. mendearen bigarren erdiko bandarako konposizioaren erreferente handia da.
1823an, Account of a Visit from St. Nicholas izeneko poema anonimoa argitaratu zen New Yorken; gero, The Night before Christmas izenarekin egin zen ezagun.1837an, Clement Clarke Moore (1779-1863) poeta egilea zela aitortu zuten, baina batzuek Henry Livingston Jr. (1748-1828) idazleari egozten diote. Poema honetako bertsoek San Nikolasek (Santa Claus) Gabon gauean bisita egiten duela kontatzen dute, tximinia batetik zintzilikatzen diren galtzerdien barruan jostailuak eta gozokiak sartzeko. Poema horretatik ateratzen dira Gabonetako estandarraren sinbologia asko; izan ere, Aita Noelen irudia, janzkera, elur-oreinek tiratutako lera eta abar deskribatzen dira. Poemak deskribatutako magia Randol Alan Bass-en partitura bandistikoan islatzen da. Gaur interpretatuko dugu partitura hori, Gurutze Beitia Bilboko aktorearen narrazioarekin batera. Poesia eta musika Gabonetako giroko sinbiosi ezin hobean elkartzen dira, irudimena eta samurtasuna azaleratuz.
Gabonetako ardatza beti izango da kultura desberdinak dituzten pertsonak biltzeko ahalmena, desio onak partekatzeko asmoz. Zorionak.
José R. Pascual-Vilaplana