Egitaraua
- 2021/9/24
- AZKUNA ZENTROA
- 19:00
Bilboko Udal Musika Bandaren Kontzertua. "Gertuko Musika"
Zuzendaritza: Francisco A. Soler Compañ, ORKESTRAKO ZUZENDARITZARI BURUZKO V. TOPAKETEN irabazleaEGITARAUA
CURTAIN UP! A Theater Overture for winds (1991) - Alfred REED (1921-2005)
WER IST ELISE? (2019) - Johannes STERT (1963)
BARN DANCE AND COWBOY HYMN (1985) - Philip SPARKE (1951)
TAIWANESE POSY (2007) - Yasuhide ITO (1960)
MOLLY ON THE SHORE (1907-1920) - Percy A. GRAINGER (1882-1961)
RITMO JONDO (1952-1967) - Carlos SURIÑACH (1915-1997)
- Bulerías
- Saeta
- Garrotín
PROGRAMAREN GAINEKO OHARRAK
Distantziak eta mugak deuseztatzen dituen elementurik badago, hori musika da, zalantzarik gabe. Bakoitzari ematen digun oroipen-askatasunak, hasiera batean urrun dirudienera hurbiltzeko bide eraginkor bihurtzen du. Bilboko Udal Bandak antolatzen dituen Orkestra Zuzendaritzaren V. Topaketen Zuzendaritza Lehiaketaren irabazleak, Francisco Antonio Soler Compañ (Villena, 1979), bandarako idatzitako hainbat partituraz osatutako programa bat proposatzen digu gaur, denboran edo estiloan urruneko musika-elementuetan oinarritutakoa, baina musikagileen sormenezko artisautzari esker gertu-gertuko agertzen direnak.
Alfred Reed (1921-2005) newyorktar maisuaren I. mendeurrena ospatzen dugun urtean, XX. mendeko banda-errepertorioa ulertzeko funtsezko irudietako bat izan zena, bere Curtain Up! (1991, Arriba oihala) antzerki-obertura berreskuratu dugu, XX. mendeko berezko musika-estilo bati egindako soinu-alegoria. Horren sei sekzioek partitura fresko eta dibertigarri bat aurkezten digute, fanfarrea, balleta edo balada, bai eta musika latino eta jazz/rock zati bat ere. Obra Illinoiseko Wheaton Municipal Band 60. urteurrena ospatzeko idatzi zen.
Beethovenen Für Elise ospetsuaren oihartzunak inspirazio iturri dira Wer ist Elise? (2019, Nor da Elisa?) fantasiarako, Johannes Stert (Freiburg, 1963) orkestra zuzendari eta konpositore alemaniar ospetsuak konposatua. Partiturak, lau eszenatan gogorarazten du Beethovenen pianorako lan ospetsua, hizkuntza original eta eklektiko baten bidez. Partitura Deutschen Musikratesek enkargatu zuen Beethoven Urtea 2020an antolatutuako Deutschen Orchesterwettbewerbs lehiaketa zela eta. 2019an estreinatu zuen Ulmeko Bläserphilarmonie-k Josef Christ alemaniar maisuaren zuzendaritzapean.
Ipar Amerikako folklorea, bere dantzak eta cowboyen kantuak Philip Sparke (Londres, 1951) konpositore ingelesak idatzitako Barn Dance and Cowboy Hymn (1985) lanaren oinarri sortzailea dira. Dantza, erritmo eta doinu amerikarrak Charles Ivesen eragin estilistikoarekin tratatuak agertzen dira, erabilitako materialak modu distiratsu eta eraginkorrean gainjarriz.
Yasuhide Ito (Hamamatsu, Japonia 1960) japoniar musikagile internazionalenetako bat da, eta konposizio katalogo oso zabal eta askotarikoa duena. Taiwanese Posy (2007) Hsin Chu Symphonic Band taldearen enkargua izan zen. Lanak, Taiwango aborigenen hainbat musika erabiltzen ditu gai sortzaile bezala. Hamabi dira Ito maisuak aukeratutako gaiak, partitura Percy Graingerren Lincolnshire Posy (1937) mitikoaren modu berean garatzen duena. Garrantzitsuena ez da bakarrik doinuak kontatzea, baizik eta doinuak egiten dituztenen berezitasuna gogoraraztea.
Percy A. Graingerren (Melbourne, 1882 - New York, 1961) lan berezi bat entzungo dugu: Karleigh McLeod amari eskainitako partitura. Molly on the shore (1907) lanak kontraste handiko bi abesti irlandar ditu, Temple Hill eta Molly on the shore, Graingerren hizkuntza idiomatiko musikalean elkarrekin bizi direnak, musika tradizionalaren giroa eta interpreteen izaera azpimarratzeaz zuen arduraren erakusgarri. Konpositoreak berak, Frederick Fennell zuzendari ospetsuari zuzendutako gutun batean, honako hau idatzi zuen lan honi buruz: "Nire musikan menderatze erritmiko erregularra saihesten saiatu naiz, betiere erritmo irregularrak izan ezik, kantu gregorianoaren erritmoak kasu, askatasuna ematen didatelakoan. Harmonia diskordantea baloratzen dut, eragiten duen nagusitasun emozional eta errukiorragatik ". Estiloari eta konpromisoari buruzko adierazpen osoa.
Eta ondare-erritmoak berreskuratzeko konpromiso artistikoaz asko zekien Estatu Batuetan bizi zen Carlos Suriñach konpositore katalanak (Bartzelona, 1915 - New Haven, 1997). Flamenkoari buruzko ikasketak bere partitura gehienetan islatu ziren Ritmo Jondo (1952) lanak erakusten duen bezala. Obra talde instrumentalerako sortu zen (klarinetea, tronpeta, xilofonoa, danborra, tinbalak eta hiru txalo-jotzaile) eta New Yorkeko MoMAn estreinatu zen. Beranduago, orain ganbera orkestrarako instrumentatua dagoen obraren bertsio zabalago bat sortu zuen, Rothschild Foundationen enkarguz Doris Humphreyk koreografiatua izateko. Ballet hori New Yorkeko Alvin Theatren estreinatu zen 1953ko apirilaren 15ean José Limón Dance Companyrekin. Suite formako banda bertsioa konpositoreak berak sortu zuen 1967an eta hiru mugimenduk osatzen dute: Bulerías, Saeta eta Garrotín. Doinuak iturri ijitoetatik datoz, eta beren jatorria arropa berriekin biltzen duen hizkuntza intimista eta oroitarazlearekin garatzen dira.
Mendeurren batekin hasi gara, eta programa beste batekin amaituko da, Malcolm Arnold (Northampton, 1921- Norwich, 2006) konpositore ingelesarenarekin, haren estiloa gogora ekartzen duen eta Martin Ellerbyk (Nottinghamshire, 1957) maisu ingelesak sortu duen musika interpretatuz. Malcom Arnold Variations (2008) 2008ko maiatzean Cornen (Cambridge) ospatutako XX International Championships All England Masters txapelketarako Philip Biggs eta Richard Frankling zuzendarien enkargutik jaio zen. Lana Anthony Dayri eskainia da, Arnold maisua hil zen arte zaindu zuena. Musikak konpositore ingeles mitikoaren erretratua izan nahi du eta Ellerbyrekin elkartu zuen adiskidetasunaren eragina du. Lanaren birtuosismoa hiru protagonisten oroitzapena da: Arnold, Day eta Ellerby, Arnolden eragin estilistikoen pean, parodia gisa. Partituraren egiturak sarrera bat, hogei bariazio eta amaiera bat aurkezten dizkigu, eta miniaturazko ballet edo soinu-banda kondentsatu gisa defini daiteke.
José R. Pascual-Vilaplana