Zenbakia 12. 2010 Urtarrila

»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
NAROA INTXAUSTI
Sopranoa. Txistularien Bandako gonbidatu berezia martxoan Euskalduna Jauregian
"Etxeko ikuslea izaten da gehien estimatzen zaituena, baina kritikoagoa izaten da"
 

»   01 GAIA

^ Formazioaren garrantzia

Urte berriarekin batera Eskolak bere ikasleentzako, formazio erronka berriak eskaintzeko gogoz jarraitzen du eta era honetan bere programan, proposamen interesgarriei aukerak zabaldu nahi dizkio geroz eta gai gehiago eskaintzeko asmoz.
Lehenik eta behin azpimarratu nahi genuke, interesaturik dauden guztiei zabalik izango den produkzio musikaleko ikastaroan parte hartzeko aukera eskaintzen dugula, Gonzalo Lasherasen eskutik, soinuaren grabazio eta postprodukzioan gehien erabiltzen den programa informatikoa, Digidesign Protools 101 Ziurtagiri Ofiziala eskuratu ahal izango delarik. Lasherasek, besteak beste, Luis Eduardo Aute, Luz Casal, Iván Ferreiro (Los Piratas), Jorge Drexler edo Los Violadores del Versoko artista hain ezberdinekin lan egin du musika produkzioan, baita Rolling Stones taldeko grabazio ingeniariarekin, Barry Sagerekin ere.
Ikastaroak bost saio izango ditu eta urtarrilaren 18tik 22ra, 9:00etatik 14:00etara emango da. Azken egunean azterketa 'on-line' egingo da. Matrikularen prezioa 550 eurotakoa da. Matrikularen ordainketarekin, Digidesign eskuliburu ofiziala eta ariketak egiteko Cd bat emango da. Ziurtagiria eskuratzen dutenek, Protools LE edozein produktu erosterakoan %40ko deskontua izango dute eta plug-in bat lortuko dute opari.
Ikastaroaren erreserba 918 581 378 eta 630 769 483 telefono zenbakietan edo info@proaudiotec.com. posta elektroniko bidez egin ahal da. Mugatua da ikastaroa (zortzi eta hamabi kide artekoa) eta eskaera gehiago izan ezkero, arratsaldeko ordutegian beste talde bat sortuko da.
Beste alde batetik, formazio tailerren edizio berria ere martxan jarriko dugu. Aurten, musika zuzendaritzarako ikastaroa, lutheria, klarinete ikastaroa eta Alexander Teknikari buruzkoa eskainiko ditugu. Lehena, musika talde edo abesbatzen irakasle ardura dutenei zuzenduta dago. Ekimen honen bidez Eskolak, analisi musikaleko eta gorputz adierazpenerako oinarrizko jarrerak garatzeko laguntza eman nahi die taldeen zuzendaritza lanetan dihardutenei. Hasierako saioetan teoria ariketa praktikoekin batera garatuko da eta azken bi saioetan, musika talde bat zuzendu beharko dute ikasleek. Eta Lutheria tailerrari dagokionez, iaz emandako ikastaroaren jarraipena izango da. Aurten ere irakasle lanetan Roberto Jardón Rico arituko da eta okasio honetan igurzten diren musika tresnetan oinarrituko da. Bestalde, klarineteko master - class ikastaroa zuzenduko duena Miguel Espejo izango da, RTVEko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria bera. Ikastaroa burutzen ari diren ikasleez gain, ikastaro honetan, entzuleek ere parte har lezakete. Eta azkenik, Alexander Teknika ikastaroa, Luis Fernández biolontxelo irakasleak emango duena, musikariei euren musika tresnen aurrean modu erlaxatu batean jartzeko eta jarrera desegokiak zuzentzeko `gorputz heziketa´ metodo bat.
 

»   02 ELKARRIZKETA

^
NAROA INTXAUSTI
Sopranoa. Txistularien Bandako gonbidatu berezia martxoan Euskalduna Jauregian
"Etxeko ikuslea izaten da gehien estimatzen zaituena, baina kritikoagoa izaten da"

Naroa Intxausti (Bilbo, 1981), Berlinen ari da bere formazioa amaitzen datorren urteari begira egingo dituen lanak prestatzeko. Aurreko urteetan Bilboko Kontserbatorioan "solfeoan, armonian, pianoan eta gainontzekoetan" egindako lan neketsuaren ondoren, ordainsariz aurkezten zaio datorren urte hau. Oso gaztetan, 16 urterekin hasi zen kantuan eta afizioa baino zerbait gehiago izan litekeela konturatu zen, lanbidea izan zitekeen. Egun, 28 urterekin, Teresa Berganza bezalako mitoen ikastaroak jaso ditu, nazioarteko ekoizpenetan parte hartu izan du, literalki esateko beraz, ez da gelditzen. Brahms-en bi errezitaldi eta bi opera ari da prestatzen: Mozart-en 'La jardinera fingida' Sandrina interpretatzen, lorezain xume bat bezala mozorroturik bizi den markesaren papera eta 'Las bodas de Figaro', Susanna bihurturik, protagonistaren ezkongaia, OLBE-ABAO-rekin estreinatuko delarik. Eta beste proiektu batzuen artean, BOS-ekin grabatuko duen diskoa nabarmentzen da, euskal emakume konposatzaileei eskainitakoa. Gainera, Mariano Santamaría mexikar pinojolearekin batera, Bilboko Udal Txistularien Bandak 2009 2010 kontzertu denboraldia itxiko duen kontzertuko gonbidatu berezia izango da Euskalduna Jauregian datorren martxoaren 31an.

Zein unetan hartu zenuen profesionalki kantura zuzentzeko erabakia?
Ez naiz momentu zehatzarekin gogoratzen. Apurka-apurka gauzak bide onetik zihoazela ikusiz joan nintzen, asko ikasten ari nintzela, gustukoa nuela eta ikasten ordu asko sartu behar baziren ere, ez zitzaidan sakrifizio handia zenik iruditzen, eszenatokian oso ondo pasatzen nuen... Guztiaren eragina izan zen hausnarketara eraman eta kantua nere lanbide bihurtzeko erabakia hartzera bultzatu ninduena. Etxean gainera, ikusten zuten. Sei urterekin hasi nintzen musika ikasketak egiten eta gure etxean musika oso garrantzitsua izan denez (bere gurasoak Basauriko Abesbatzan urte askotan aritu ziren), serio hartu nuela ikusi zutenean arazorik gabe onartu zuten nere erabakia, nahiz eta hortik bizimodua ateratzeko gai izango nintzenaren beldurra izan.

Zer diotsue lagunek? Ez da ohikoa izaten operako abeslari bat izatea lagun taldean eta artisten bizimodua ere askotan ulergaitza izaten da.
Gehienak ez dira musikariak eta egiten ditudan gauza asko ez dituzte ulertzen, baina noizean behin etortzen dira ni ikustera eta gainera bat operan zaletu da ni entzutera etortzeagatik.

Zein da interpretatzea gustatuko litzaizukeen papera? Operako zein beste pertsona ospetsurekin batera?
Interpretatu nahi nituzkeen paperak ugariak dira baina egia esateko, ez naiz ni kantatzen dudana aukeratzen duena, nere ahotsa baizik. Bera da ondo datorkion kantua zein den eta zein ez den dakiena eta horretara mugatzea oso garrantzitsua da. Eta ospetsuren batekin abestearen kontuari dagokionez, zaila egiten zait bat aukeratzea zeren asko dira gustuko artistak. Esan dezakedana zera da: karrera luzea izatea eta miresten ditudan abeslari askorekin kantatzeko aukera izatea espero dudala, eta nola ez, guztiengandik ahal dudan gehien ikastea.

Zein aholku emango zenieke kantua ikasten hasi diren neska-mutilei?
Lan asko egiteko; besterik gabe ondo abestearekin ez konformatzeko eta perfekzioa bilatzeko, hizkuntzak ikasteko (ingelesa, italiarra, alemana, frantsesa eta euskara ikasi ditu berak), antzerkilaritzako formazioa ere egiteko... Esperantzarik ez galtzeko eta gauzak espero bezala ez doazenean, denbora hori ikasten emateko.

BilbaoMusikarekin kolaboratu duzu Musika Bandarekin zenbait emankizun eskainiaz eta Eskolako talentu gazteen gala emankizunetan ere. Zer azpimarratuko zenuke artista gazteei operaz gain publiko orokorrago baten aurrean jartzeko ematen diren aukera hauen inguruan?
Artista bezala hazteko beharrezkoak direla uste dut. Estudiokoekin alderatuz, eszenatokian zirrara ezberdinak sortzen dira eta aztertu eta zuzendu behar diren akatsak ere egiten dira. Gainera, entzutera datorren ikuslegoarentzako errepertorio egokia aukeratzen ikasten da. Bere garaian Bandak zartzuelako errepertorio bat lantzea eskaini zidan Rafael Sanz-Espert maisuarekin batera, asko ikasi nuen, zuzendari handia baita. Iaz izan zen BilbaoMusikarekin lan egin nuen bigarren aldia eta hemen errepertorioa nere gustura aukeratu eta publiko zabalarentzat Gabonetako Kontzertua landu nuen.

Ekoizpenetan parte hartu ondoren etxeko publikoaren aurrean kantatzeak zer sentiarazten du?
Etxean kantatzeak gustu handia ematen du eta era berean errespontsabilitate handia da. Etxeko ikuslegoa da gehien estimatzen zaituena baina era beran kritikoagoa da sarriagotan entzun eta ezagutzen zaituztelako.

Txistularien Bandarekin emango duzuen kontzertuan zer aurkituko dute ikusleek?
Euskal konposatzaileen obrak interpretatuko ditugu, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez hainbeste. Kontzertu honetako berezitasuna parte hartuko duten musikariak izango dira: gitarra-jole bat, piano-jole bat eta Txistularien Banda. Betiko abestiak musika tresna ezberdinekin.

Naroa Intxausti Bolunburu 1981ean Bilbon jaioa

Sei urterekin hasi zituen musika ikasketak. Piano eta Kantu karrerak ikasi zituen Inmaculada Martinezekin Bilboko Kontserbatorioan.

2003an estreinatzen da `Bastian y Bastiana´operarekin Bastiana interpretatzen. Ordutik, 'Fidelio', 'Norma', 'Suor Angelica', 'La Cenicienta', 'La tabernera del puerto' edo 'El retablo de maese Pedro' obrak interpretatu ditu eta Edmon Colomer, Adrian Leaper, Michael Guettler, Antoni Ros Marbà, Pedro Halffter, Günter Neuhold, Giancarlo del Monaco, Peter Mussbach eta Lluis Pasqual maisu handiekin lan egin du.

Bere azken proiektuen artean Mozart-en 'Las bodas de Fígaro' interpretatu du Bartzelonako Gran Teatro del Liceu-n, Rameau-ren "Dardanus" obra Cretan (Grezia); Schreker-en 'Der ferne klang' Teatro de la Maestranzan eta Donozetti-ren 'El elixir de amor' Berlinen.

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ 2010-2011 ikasturteko matrikulak
Oraindik ikasturte honen azken txanpari aurre egin behar diogu eta datorrenari begira gaude jadanik. Ez dugu atsedenik hartzen. Datorren ikasturteko matrikulak prestatzen ari da Musika Eskola, beraz, formazioa hobetzeko interesa duzuenok edo gure familiarekin bat egin nahi duzuenok, adi egon.Eskaera orria Eskolan bertan jaso daiteke edo www.bilbaomusika.net webgunetik jaitsi dezakezue.
Eskolan ikasketaren bat burutzen ari direnek, martxoaren 8tik 18ra goizeko 9:00etatik 15:00etara eta 15etik 18ra arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara egin dezakete matrikula. Ikasle berriei dagokionez, martxoaren 1etik apirilaren 23ra BilbaoMusikako Eraikinean (La Galeran) egin dezakete eskaera. Onartutakoen zerrenda, zozketa egin ondoren, maiatzaren 6an Eskolako iragarki taulan eta web orrian jarriko da jendaurrean eta matrikula maiatzaren 14 arte egin ahal izango da.

Horretarako, zentroko idazkaritzan, eskaera orriarekin batera, Bilboko errolda agiria eraman beharko dute interesatuek. Bizkaiko hiriburutik kanpo bizi direnentzako, matrikula, %50 garestiagoa izango da. Eta prezioaren murrizketa eskatzen dutenek (familia ugaria, langabezia,...), dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Irakasleen eta zentroaren izendapenak bi ataletan egiten dira: lehengo atalean, zentroko ikasleak direnentzako eta bigarrenean, eskatzaile berrientzako. Epez kanpo egiten diren eskaera berriak, bigarren atalean aztertuko dira eta ezin izango zaie eskatutako espezialitatean lekurik dagoen ziurtatu. Ekainaren 10etik aurrera eskatu ahal izango du ikasle bakoitzak ordutegi indibidualizatua zentroko idazkaritzan.

Espezialitatez aldatu nahi dutenek, matrikula orriarekin batera, ekainaren 10etik 18ra bitartean Eskolako idazkaritzan idatziz eskatu beharko dute. Xehetasun bat: komenigarria da inprimakian ikasten ari den espezialitatea zehaztea, eskatutako espezialitate berrian lekurik izan ezean, duen lekua gordetzeko.

Iaz bezala, ikastaroen tasei dagokionez, urtekoa 190,50 euro da bakarkakoentzat, taldekako ikastaroentzako 57,60koa eta abesbatzena 28,80 eurotakoa.

 
^ Formazio tailerrak
Iazko ikasturtean Lutheriaren oinarrizko ikastaroak izandako arrakasta ikusi ondoren, Roberto Jardón artisaua gurekin izango dugu berriro Eskolan hari flotaziozko musika tresnen eraikuntza eta mantenuaren irakaskuntzan sakontzen aritzeko.

Artisau bezala eta artisau maisu bezala ospe handia duen luthier ezaguna dugu Jardón - Asturiasko Aviles herrian tailer propioa duena eta modu tradizionalean bere ofizioa mantentzen duena. "Oinarrizko Harizko Lutheriako" irakaslea izan da Oviedoko Eduardo Martínez Torner Goi Kontserbatorioan 2001 urtetik (ikasgaia sortu zen urtetik) 2008ra, Espainiako hainbat kontserbatorioetako ikastaroetan kolaboratzaile bezala aritzearekin batera.

Ikastaroaren iraupena 21 ordutakoa izango da, larunbatetan emango da, apirilaren 24an eta 8an eta maiatzaren 15ean, goizeko ordutegian, 10:00etatik 13:30etara eta arratsaldeko ordutegian, 16:30etatik 20:00etara. Matrikularen salneurria 75 eurotakoa izango da.

Bestalde, bertoko abesbatza taldeen irakasleentzako, Zuzendaritza Tailerra eskainiko du Eskolak Alain Sanchoren eskutik. Ikastaroa, martxoaren 1etik 24ra eta 20 ordutakoa izango da. Bi ordu eta erdiko zortzi klase izango dira, goizeko ordutegian, 9:00etatik 11:45etara.

Saio hauekin batera, ikasleek, azterketa musikalaren eta gorputz adierazpenaren oinarrizko jarrerak garatzeko aukera izango dute. Teknika ezberdinen bidez, konpas motak, denbora aldaketak, orkestraren kokalekua zein zuzendariaren mugimenduak irakatsiko dira ariketa praktikoekin laguntzaz. Azken bi egunetan, Mozarten 'Pequeña serenata nocturna' interpretatuko duen musika banda bat zuzentzearekin emango zaio amaiera ikastaro honi.

Alain Sancho Bilboko Kamarako Musika Elkarteko Zuzendari artistikoa izan da, hainbat kontzertu eman dituelarik talde honekin. Orkestragile, moldatzaile eta zuzendari bezala ere aritu izan da.

Beste alde batetik, Miguel Espejok, Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoan bakarlaria, klarinetearen master-class ikastaro batzuk emango ditu martxoaren 23 eta 26ra interesaturik daudenentzat. 60 eta 30 minutuko klaseak izango dira Espejorenak eta ikastaroak egiten ari direnentzat zein entzuleentzat ere zabalik egongo dira. Ordu bat irauten duten ikastaroen matrikulak 75 euro izango dira eta ordu erdikoenak, 40 euro eta entzule bezala joan nahi duenak. soilik 20 euro ordaindu beharko ditu.

Formazio tailerren egitaraua Alexander Teknikarenak itxiko du, mendearen hasieran Frederik Matthias Alexander antzezleak sortua egunerokotasunean hartzen ditugun gorputz jarrera desegokiak ezagutu eta osasungarriak diren beste batzuengatik ordezkatzeko metodo natural bat. Musikarien artean hau sarritan ematen den kontua izanda, musika tresnak erabiltzeko lagungarria izaten da. Teknika honen onurak erakusteaz arduratuko dena Luis Fernández biolontxelo irakaslea da. Londreseko Constructive Teaching Centren ikasketak burututa, Musikenen bezala, hainbat musikaren heziketako zentroetan ematen ditu teknika honen ezagupenak. Matrikularen salneurria 70 eurotakoa da.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Ikus-entzuleek hain espero zuten Gabonetako Kontzertuko arrakastaren ondoren, Txistularien Bandak ez du bere maila jaisten denboraldiari amaiera emateko eskainiko dituzten sei emankizunek erakusten duten moduan. Hasteko, Euskaldunara hurbiltzen direnek euskal musika tradizionalarekin gozatzeko aukera izango dute, gure txistularien zein beste lurraldeetatik etorritako taldeen eskutik, edo eta genero honi bultzada emateko gonbidatuko diren talentu gazteek interpretaturik. Baina Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen Bandaren kontzertuetan ohikoa den bezala, lirika mundua gertu-gertutik ezagutzeko aukera ere izango dugu eta txistua, silbotea edo atabala, euskal musikaren herrikoiaren irudia diren musika tresnak, musika klasikoarekin lotzen diren pianoarekin edo biolontxeloarekin batera jotzeko gai direla ikus dezakegu.
 
^ KEtan, musika tradizionalarentzat haize freskoa
Urtea, Leire Telletxea (Bera, 1986) eta Jagoba Astiazaran (Zestoa, 1986) bikoteak osatzen duen KE taldearen emankizunarekin hasiko dugu (urtarrilaren 13an). Bikote honek 'Izanaz garena' proiektua sortu du, musika tradizionala suspertzea helburu dutelarik txistu eta eskusoinuaren bi bertutetsu hauek.
Interprete hauek Gabriel Erkoreka, Martín Zalba eta Eduardo Gorosarri bezalako konposatzaileen sormen-lan berriak guztiok ezagutzen ditugun euskal errepertorio tradizionalarekin uztartuko dituzte Euskaldunako ikuslegoaren gozamenerako. Azpimarratu gainera, Astiazaran, zenbait doinuen egilea eta Donostiako Udal Txistularien Bandako kidea dela, aurtengo denboraldian egondako talde gonbidatuen arteko bat.
 
^ Donostiako Udal Txistularien Banda
Euskal folklorea zabaltzearen alde gure Bandak egiten duen lanaren antzera, duela urte askotatik ari da lanean baita ere Donostiako Udal Txistularien Banda. José Ignazio Ansorena, Aitor Arozena, Jagoba Astiazaran, Juan Vega, Ion Irazoki, Jokin Kanpion, Agustín Laskurain, Francisco Lera, Julio García eta Aitor Gastón zortzikoteak osatzen duen taldeak, XIX.mendeaz geroztik datozen ohiturak jasotzen dituzte. Izan ere, 1824 urteko data duten Donostiako dokumentuetan jadanik jasota dago auzoetako jaietan txistularien parte hartzea. Taldetik pasatu diren musikarien (eta egileen) artean, Eusebio Basurko, Javier Hernández Arsuaga eta Isidro Ansorena aipatu ahal dira eta gaur egun taldearen zuzendaritzan dagoena, Jose Ignazio, azken honen biloba da, genero honen hedatze lanetan konposatzailerik errekonozituena.
Musikari hauen artean, sei, txistulariak edo danbolinteroak dira, hau da, euskal txistuaren eta danbolinaren familiako musikariak (txirula edo txilibitua, txistua eta silbotea, euren danbolinarekin batera) eta beste biak perkusio-joleak dira. Guztiek gainera beste musika tresna batzuk ere jotzen dituzte (falgot tronpeta edo biolina kasu), kontzertu batzuetan gehitzen dituzten musika tresnak. Otsailaren 10ean izango dute bilbotarrek, talde honen musika eta interpretazioarekin gozatzeko aukera.
 
^ Opera, gertutik
Naroa Intxausti sopranoa eta Mariano Santamaría mexikar piano-jolea izango dira Txistulari Bandaren denboraldiko azken kontzertuko parte hartzaileak martxoaren 31an eskainiko duten errezitaldi lirikoan. Eurekin, opera generoan murgiltzeko aukera izango da. 2000. urtean estreinatu zen Intxausti 19 urterekin eta geroztik, nazioarteko hainbat ekoizpenetan parte hartu du, Donizetti-ren 'El elixir de amor' edo Mozart-en 'Las bodas de Fígaro' adibidez. Eta Santamaría bestetik, Frantzia eta Italiako zenbait jaialdietan saritua izan da.
 
^ Banda tradizionala
Kolaborazio hauez gain, Bandak beste hiru emankizun eskainiko dizkie bere ikus-entzuleei. Hauetariko bitan, urtarrilaren 27koa eta otsailaren 24an, Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Asier García taldekideek "formatu tradizonala" aukeratu dute, hau da, XVIII. mendean sortutako estiloa, txistulari bandara silbotea gehitu zenekoa. Bi emankizunetan Jesús Guridi, Pablo Sorozabal, José María González Bastida edo Tomás Garbizu musikari handiek konposatutako eta euskal musikaren tradizioan klasikoak diren piezak interpretatuko dituzte, banda tradizionalentzako konposatutakoak.
 
^ Bestelako musika tresnak
Beste alde batetik, martxoaren 17an, piano, biolontxelo eta klarinetearekin lagundutako kontzertua interpretatuko du Bandak. Saio honekin gure musikariek, estilo eta genero berrietara euskal musika tradizionala zabaldu eta gerturatzeko lanean jarraitzen dute. Eszenatokian protagonista izan arren, beste musika tresnen laguntasuna ahalbidetzen dute gure lau musikariek. Uztarketa bitxi honekin giro berezia sortuko da gure doinu tradizionalak musika klasikoarekin eta jazzaren eraginarekin tindatuz.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^ 2009-2010 Udazken-Neguko Kontzertu Denboraldia.
Euskalduna Jauregiko kontzertu denboraldi ederrari amaiera emateko gogoz dator Udal Musika Banda, kontzertuen azken txanpa honi ukitu berezia emanez. Sole Gimenezek eskainitako kontzertuan izandako arrakasta ikusita, bilbotar taldeak hilabete honetan beste lau artista gonbidatuei egingo dio leku, munduko konposizio lehiaketa ospetsuenean saritua izan den pieza baten estreinaldiarekin batera.
Hasteko, urtarrilaren 17an H. Robert Reynolds iparramerikar maisuaren agindupean jarriko da Banda. Hego Californiako Unibertsitatean Bandako Zuzendari Titularra den maisu hau, 26 urtez Michigango Unibertsitateko Banden Saileko arduraduna izan zen, 2001ean ardura utzi zuelarik. Bere karrerako ibilbidean zehar, hainbat grabaketa egin ditu izen handiko zenbait diskoetxerekin, Deutsche Grammophon adibidez. Carnegie Hall, Lincoln Center edo La Scala-ko eszenatokietan egin ditu agerraldiak eta gainera, Bandentzako konposatzaile eta moldatzaile bezala zuzendari ezaguna da.
Hurrengo kontzertua, urtarrilaren 24an izango da eta gure taldea, Rafael Sanz-Espert bere Zuzendari Titularraren agindupean arituko da. Honetan, lehen bakarlari gonbidatuaren kolaborazioa izango du, Luis González tronpeta-jolea alegia. 2004. urtetik, González, Donostiako Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakaslea eta Bartzelonako Liceu Goi Musika Kontserbatorioan tronpeta irakaslea da eta bi jarduera hauekin batera, kontzertugile bezala ere interpretazioan aritzen da. Juan José Colomeren 'Viñetas Sinfónicas' obra estreinatu berri du Madrilgo Auditorio Nazionalean, tronpeta eta orkestra bakarlarientzako obra. Gainera, orkestra garrantzitsuekin batera jotzeko gonbidatua izan da, eta konposatzaile handiak interpretatu ditu, hala nola, Enrique Muñoz, Juan José Poveda, Gustavo Díaz, Josep Prohens Juliá, Antonio Sánchez Pedro edo Francisco Zacarés. Izan ere, kontzertu honetan Udal Musika Bandak, Zacarés konposatzailearen "De causis (The order of caos)" obra estreinatuko du, Tokyo Kosei Wind Orchestra Japoniako Lehiaketaren bigarren edizioko sari bat irabazi duena.
Julen Ramos piano-jolearen txanda izango da ondoren eta otsailaren 14ko kontzertuan, Gershwin-en 'Rhapsody in Blue' interpretatuko du. Medrilen eta Groningen (Holanda) burutu du bere formazioa Ramosek, eta 2007an, Sienan (Italia), Joaquín Achúcarro maisuarekin Chigiana Akademian bere hobekuntza ikastaroak egin ditu. Ohiko kolaboratzailea da Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta kamarako hainbat kontzertutan protagonista nagusia izan da, bai Espainian baita Holandan ere.
Denboraldi honetako azken gonbidatua, Darío Sotelo brasildar maisua izango da, aire eta banda orkestren zuzendaritzan berezitua. Honek, egin dituen Master eta parte hartu duen nazioarteko zenbait lehiaketak direla medio, egungo Brasileko musika garaikideko obrak zabaldu ditu han-hemen bere ibilbide profesional gehientsuan zehar. Ekimen honetan, Sinfónica Paulista eta Sopros (Sao Paulokoak biak) orkestran egin duen lana nabarmentzen da, zortzi disko grabatuak dituenak. Ikusentzulegoaren gozamenerako kontzertu hau, otsailaren 28an izango da.
Eta denboraldiaren amaierarako, gure Zuzendari Titularra Rafael Sanz-Espert maisua arituko da Bandaren zuzendaritzan. Kontzertu hau, Club Cocheitoren ehun urteurrenaren omenez izango da. Zezenketa munduan zaharrena den elkarte honek, aurten ehun urte beteko ditu, azken mendean zehar Bilboko gizartean egin duen lana omendu nahi duelarik era honetara Bandak, zezenketaren kultura hedatzeko ekimenean, zein ongizate proiektuetan parte hartu eta egin duen lanagatik bere errekonozimendua emanez.
 
^ SOL KLABEAN. Gaur gurekin...
Beatriz Ortiz Nuínekin, Bilboko Udal Musika Bandako klarinetea

"Honra merece quien a los suyos se parece" dio erdal esaera zahar batek. Eta Beatriz Ortizi, ( Basauri, 1972), ezin hobeto datorkio. Izan ere Bilboko Udal Musika Bandan dauden hamaika klarinete-joleen artean dago eta tradizio handiko familia baten oinordekoa da. Urteetako ikasketen sakrifizioak eman dio Bandako partaidea izatearen ordainsaria -16 urte zituenetik aritzen baita bertan- eta sentitzen duen harrotasuna handia da. Baina harrotasun hau ez da soilik Banda-kidea izateagatik, bere aitaren eta osabekin musikaren debozioa banatzeagatik ere: bandako lankide izateagatik eta lanera elkarrekin joateagatik alegia. Izan ere bere aita, Carmelo Ortiz Sansegundo eta Ángel (zuzendariorde ohia), Alberto eta José osabak ere Bandako partaide izan baitziren.
Etxean musikarekiko zaletasuna arnastu izan arren, bokazioa etxetik kanpo sortu zitzaion. "Nere lagun bat ikastaro bat egiten hasi zen irakasle batekin eta niri ere gustatuko litzaidakeela esan nien bederatzi urte nituenean gurasoei" gogoratzen du. Espero zen bezala, ideia, ilusio handiz onartu zuten gurasoek, baina hasierako nahi hura, (pianoa ikastearena), Beatrizen esanetan, "irteera profesional gehiago izan zezakeen bandako musika tresna batera bideratu zidaten".
Hamar urte zituenetik eta klarineteko seigarren mailara iritsi arte, bere osabekin ikasi zuen, José-rekin lehenik. Nahiz eta oraindik musika ikasketetan interes gehiegirik jartzen ez zuen ume harekin karrera handiegirik egiterik ez izan, honek, ez zuen inoiz alde batera utzi lan hori. "Hatzak ez zitzaidanez ailegatzen, klarinetearen ordez requinto bat eduki nuen eta musika tresna hura ez zitzaidan gustatzen, aspertu egiten ninduen. Beraz gogo handirik gabe hartzen nuen eta nere osabak, pertsona ona izatez, ez ninduen behartzen" oroitzen du. Geroago, hamalau urterekin, Albertoren txanda izan zen, Galdakaoko Kontserbatorioko irakaslea berau. Jadanik ideiak argiago zituen ikasleari, diziplina ezartzea lortu zion. "Gehiago erakartzen ninduen nere aita -orduan Erandioko Bandako zuzendaria zena- eta nere osabak, Basauriko festetara jotzera etortzen zirenean ikusteak. Oso arro sentitzen nintzen beraietaz" azpimarratzen du.
16 urterekin bilbotar Bandan sarrera eman zion beka lortu zuen, musika tresnako hirugarren maila egin zuenetik bandako kidea izan nahi zuela "oso argi" zuelarik: "argi eta garbi nuen bizitzan zer egin nahi nuen eta zertara nahi nuen nere bizitza bideratu". Heldutasuna eman zion erabakia izan zen hau. "Batzuetan gauza guztietara ezin heldu izanaren sentsazioa nuen; Bandan lan egin eta entseatu behar nuen, Batxilergoa eta ondoren COU bukatu, eta gainera Kontserbatorioa" , azaltzen du egun mugitu haiek gogora ekarriz. Bilboko Kontserbatorioan Jesús Serrano irakaslearekin ikasi zuen, gero, Gasteizko Musika Eskolan oposaketak egin zituen, non, hiriburu honetako Bandan bi urtez aritu izan zen. Guzti hau, Durango, Bilbo eta Mungiako Eskoletan klaseak ematen zituen bitartean. Klarinetea ez ezik, pianoa eta kontrapuntua ikasten jarraitzen zuen gogo biziz. Bordelera abiatu zen gero, Yves Didier eta Richard Rimbert-ekin bere ikasketak hobetzera eta zenbait ikastaro ere egin zituen, José Luis Estellés-ekin besteak beste.
Gora-behera guzti hauen ondoren, ideia argi batekin itzuli zen: " BilbaoMusikan eta Bilboko Udal Musika Bandan lan egin ahal izateagatik pertsona zoriontsua sentitzen naiz. Txikitatik izan dudan ametsa, gaur egun egia bihurtu da". Gainera, "garai bat igaro dugu; orain ez da Areatzan hotzarekin jotzen zuen Banda hura. Euskaldunak kalitatezko kontzertuak eskaintzea ahalbidetzen digu. Laneko giroa ona da eta ikus-entzuleen erantzuna, hainbeste lan eta esfortzuren ordainsaria da. Gustura noa lanera. Izugarria da, karrera bat egin eta horretan jardun ahal zarela erakustea" -azpimarratzen du-.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Jam Session Otsailak 11. Osteguna. Hika Ateneoan. 19:30etan

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Martxoak 17. Asteazkena. La Galera. 19:30etan

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. (Helduak). Martxoak 18. Osteguna. Félix Serrano Ikastetxea. 19:30etan

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Martxoak 22. Astelehena. La Galera. 19:30etan.

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Martxoak 23. Asteartea. Deustuko Ikastetxe Publikoa. 19:30etan.

Dantzaldia. Musika eta dantza tradizional saila Martxoak 23. Asteartea. Bilborock. 19:00etan.

Kantu Saileko Kontzertu/Audizioa. Martxoak 24. Asteazkena. La Galera. 19:30etan.

Sai modernoen kontzertu/audizioa Martxoak 24. Asteazkena. Bilborock. 19:00etan

Jam Session. Martxoak 25. Osteguna. Hika Ateneoan. 19:30etan.

Jam Session. Apirilak 29. Osteguna. Hika Ateneoan. 19:30etan.

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Maiatzak 12. Asteazkena. La Galera. 19:30etan.

Dantzaldia. Musika eta dantza tradizional saila Maiatzak 20. Osteguna. Bilborock. 19:00 etan

Sai modernoen kontzertu/audizioa Maiatzak 21. Ostirala. Bilborock. 19:00 etan

Jam Session. Maiatzak 27. Osteguna. Hika Ateneoan. 19:30etan.

Eskusoinuen Kontzertu/Audizioa. Maiatzak 28. Ostirala. . La Galera. 19:30etan.

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Ekainak 10. Osteguna. Félix Serrano Ikastetxea. 19:30etan.

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. (Helduak). Ekainak 15. Asteartea. La Galera. 19:30etan.

Sail Sinfonikoen Kontzertu/Audizioa. Ekainak 16. Asteazkena. La Galera. 19:30etan.

Jam Session. Ekainak 17. Osteguna. Hika Ateneoan. 19:30etan.

UDAL MUSIKA BANDA

2009-2010 Udazken-Neguko Kontzertu Denboraldia. Euskalduna Jauregia. Auditorioa. Igandea, 12:00etan.

Urtarrilak 17. Bandaren kontzertua. Zuzendari gonbidatua: H. Robert Reynolds

Urtarrilak 24. Bandaren kontzertua. Artista gonbidatua: Luis González (tronpeta jolea). Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert. Francisco Zacarés Fort konposatzailearen 'De Causis (The Order of the Chaos)' obraren estreinaldia.

Otsailak 14. Bandaren kontzertua. Artista gonbidatua: Julen Ramos (piano jolea). Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.

Otsailak 28. Bandaren kontzertua. Zuzendari gonbidatua: : Darío Sotelo.

Martxoak 28. Bandaren kontzertua. Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert. Club Cocheritoren omenaldia.

UDAL TXISTULARIEN BANDA

2009-2010 Udazken-Neguko Kontzertu Denboraldia. Euskalduna Jauregia.. Asteazkena, 20:00etan. Doako sarrera. Edukiera mugatua.

Urtarrilak 27. Banda tradizionala.

Otsailak 10. Donostiako Udal Txistularien Banda.

Otsailak 24. Banda tradizionala.

Martxoak 17. Banda pianoz, biolontxeloz eta klarinetez lagunduta.

Martxoak 31. Naroa Intxausti (sopranoa) eta Mariano Santamaría (pianoa)

Informazio gehiago: www.bilbaomusika.net