Zenbakia 11. Maiatza 2009
»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
IÑIGO ESKUBI
Gitarra irakaslea eta udal musika eskolako musika modernoa saileko burua
"Oraingo neska-mutilek guk jotzen genuen baino hobeto jotzen dute"
 

»   01 GAIA

^ MUSIKAZ ALDERIK ALDE

Azkenean. Irrikitan geunden ikasturtea amaitu eta oporrak hasteko. Ondorioz, hauxe duzue gure aldizkariaren azken alea udako atsedenaldian murgildu baino lehen. Aukera honetaz baliatuta, ondo merezitako oporraldiaz gozatu eta datorren ikasturtean gogo onez itzul zaitezen eskatu behar dizuegu. Guk, uda izanda ere, ez dugu Eskolako atea itxi behar; ikasgelak besterik ez, eta musikaz alderik alde ibili behar dugu datozen asteotan. BilbaoMusikan ekitaldiz betetako agenda osatu dugu hilabete hauetarako, eta atsegin handia izango litzateke guretzat zuek ere ekitaldi horiekin bat egitea. Baina has gaitezen hasieratik. Ikasturte akademikoa ekainaren 22an amaituko da, eta horren aurretik, hainbat ekitaldi daukagu programatuta —beti bezala, horietara etortzeko gonbidatuta zaudete—. Lehenik eta behin, maiatzaren 20an, ‘egun handia’ ospatuko dugu Euskalduna Jauregian: Ikasturte Amaierako Kontzertua. Festa-jantzirik dotoreenak jantzita, gure neska-mutilen talentuaren erakustaldi hunkigarri honetaz gotzatzeko prestatuko gara. Sarrera doakoa da, baina derrigorrezkoa izango da gonbidapena jasotzea. Erne ibili, beraz.
Galera eraikinean dugun auditorioan, bestalde, Eskolako sail desberdinen entzunaldi-kontzertuak egingo dira, baita Interprete Gazteen zikloko saio bat ere. Azken honetan —maiatzaren 14an, ostegunez, etorkizunean pianoa, biolina eta txeloaren alorreko izarrak izango diren Iñigo, Olatz eta Unai Ruiz de Gordejuela neba-arreben birtuosismoaz gozatzeko aukera izango dugu. Gainera, hilabete hauetan, gure ikasleek inprobisazioaren freskotasuna erakutsiko dute Hika Ateneoan, maiatzaren 22rako eta ekainaren 11rako antolatuta dauden bi ‘jam session’-etan.
Horrez gain, urtero bezalaxe, gure ikastegiko sail desberdinetako taldeek (konboak, abesbatzak, Orkestra, Banda,...) Musikaldiaren edizio berri batean parte hartuko dutela Mungian maiatzaren 16an, larunbatez, Euskal Herriko Musika Eskolen jaiegun honetara hurreratuko diren gainerako taldeekin batera.
Era berean, Musikaren Europar Eguneko ospakizunekin bat eginik, ekitaldi desberdinetan parte hartuko dugu hiri osoan zehar, bilbotarrek efemeride harmoniatsu horretaz gozatzeko aukera izan dezaten asteburu osoan (ekainaren 19an hasi, ostirala delarik, eta hilaren 21era arte). Eskolatik kanpo, maiatzean eta ekainean, Udal Bandak aurrera jarraituko du udaberriko kontzertudenboraldiaz Areatzako kioskoan. Hitzordua ostiraletan izango da, maiatzaren 8, 22 eta 29an eta ekainaren 5, 12 eta 19an, 19:30etatik aurrera.
Txistulari Bandari dagokionez, gogoan izan, larunbatero aurkitu ahal izango duzuela Zazpi Kaleetan zehar kalejiran. Beraz, goiza paseoan, erosten edo pintxoetan goxo-goxo eman nahi baduzue, euskal giro peto-petoan, Zazpi Kaleetara hurreratu edozein larunbatetan (jaiegunetan eta uztaileko eta abuztuko larunbatetan izan ezik), 10:00etatik 11:00etara bitartean. Hortxe topatuko dituzue, zintzo-zintzo.
Udan sartuta, uztailean, lau eta hamabi urte tarteko neska-mutilei zuzendutako musika-udalekuak antolatuko ditugu berriro ere. Horietan parte hartzen dutenek jolasez, pintura, dantza edo mimo-tailerrez eta bestelako jarduerez gozatzeko aukera izango dute, betiere musika-irakaskuntza ardatz nagusitzat hartuta. Amaitzeko, abuztuan, Aste Nagusiko ospakizunekin bat egingo dugu. Udal Bandak zintzo-zintzo beteko ditu zezen-plazan eta Areatzako kioskoan hartuta dauzkan ohiko hitzorduak. Egunero, eguerdiko 12:00etan, kontzertua eskainiko du Areatzan, eta urtero bezalaxe, Plaza Barrian antolatuko den Txistulari Agerraldiaz itxiko dugu Aste Nagusirako ekarpena. Zer prestatu ote digu aurtengo ediziorako Udal Txistulari Bandak?
Besterik gabe, eskerrak eman behar dizkizuegu BilbaoMusikak errealitatea izaten jarrai dezan laguntzen duzuen guztioi. Uda zoriontsua izan, eta ondo pasa!
 

»   02 ELKARRIZKETA

^
02 ELKARRIZKETA
IÑIGO ESKUBI
Gitarra irakaslea eta udal musika eskolako musika modernoa saileko burua
"Oraingo neska-mutilek guk jotzen genuen baino hobeto jotzen dute"

Irakasle batek (irakasle on batek) ez ditu soilik irakasten bere ikasgaiari dagozkion alderdi teknikoak. Horrekin batera, liburuan zehaztutakoaren gainetik, ibilbide profesionalean sor dakizkiekeen gorabeherei aurre egiten ere irakasten die irakasleei. Horrela, esperientzia gradutzat jotzen duen pentsamoldea ikasgeletan gauzatuta ageri da, eta horixe da Iñigo Eskubiren eskolei halakoxe balio erantsia ematen diena. Eskubi laurogeiaren hamarkadako euskal rock erradikala zeritzonaren eragile ezagunenetakoa izan zen. ‘Platero y tú’ eta ‘Yo soy Julio César’ taldeetako kidea izan zen, eta bigarrenarekin batera, Bilboko Uria sariaren lehen edizioan nagusitu zen. Gaur egun, kontserbatoriora joatea erabaki zuen “kaleko musikari” hark ikasletzat jotzen du oraindiik bere burua (flamenko eta jazz irakasletzat, alegia), eta musika jotzeko grinari aurre egiteko, noizean behin, boloak eskaintzen ditu, “lasai eta patxadaz”, jatetxeren batean, saxo-jotzaile baten akonpainamenduaz. Bere ikasleei antzeko zeozer egitera animatzen ditu, ikastera alegia, baina ez soilik musika.

Zein unetan erabaki zenuen zure karrera profesionala irakaskuntzara bideratzea?
Niretzat, musika munduan egin ditzakezun lan desberdinetako bat da. Nire ustez, musikari gehienok irakaskuntzan jardun ohi dugu une batean ala bestean. Gogoan izan behar dugu musika mundua oso ezegonkorra dela lanaren ikuspegitik. Han-hemenka ibili beharra duzu, zizka-mizka: emanaldiak egin, eskolak eman akademia pribaturen batean… Beraz, duela sei urte, lan finko honetan jarduteko aukera sortu zitzaidanean, bertan geratzea erabaki nuen.

Nolako desberdintasunak daude zure gazte denborako musika ikasteko modua eta gaur egun Eskolan ikasten duten neska-mutilen prestakuntzaren artean?
Prestakuntza teknikoari dagokionez, aldea sekulakoa da. Gure garaian, sormena handiagoa izan zitekeen, baina bitartekoak askoz eskasagoak ziren. Orain, badirudi, musika munduan ideia gutxiago sortzen direla euskal rock erradikalaren garaian baino. Gaur ez dago orduan musikaren inguruan zegoen pil-pileko giro haren antzekorik, baina argi dago egungo neska-mutilek guk jotzen genuen baino askoz hobeto jotzen dutela.

Musika Eskolako neska-mutilekin egiten duzun lan horretan, zein da zuretzat alderdirik pozgarriena?
Ikasleei azaltzen diezunean nola lortu beren talde gustukoenei entzundako soinuak (horixe baita nagusiki Eskolara ekartzen dituena), magia irakastea bezalakoxea da. Egia esanda, izugarren pozgarria egiten zait ikustea zein ilusio handiz ikasten duten, guri, haien adinean horrenbeste kostatzen zitzaigun hori. Hamasei urte nituela, hemen ez zegoen gitarra elektrikoa jotzen irakatsiko zizun irakaslerik. Kontzertuetara joan ondoren, zuk zeuk ikasi behar zenuen, etxean eta zeure kasa, nola atera soinu horiek. Behin eta berriz jotzen zenituen asmatu arte.

Nola definituko zenuke gazteen interesa musikari dagokionez?
Gazteen artean, interes handia dago musikari dagokionez. Gure sailean izugarrizko itxaron-zerrenda luzea daukagu. Egia esanda, gitarra elektrikoa oso instrumentu erakargarria da gazteentzat, eta seguru aski, eskari hori are nabarmenagoa da musika modernoan beste estilo batzuetan baino. Alabaina, interesa handia da instrumentu guztietan. Musika Eskolan erantzun ezinik gabiltza, eta oraingo edukiera bikoiztu beharko genuke Bilboko auzokideen premiei erantzun ahal izateko.

Zure ustez, irakaskuntza orokorrak kasu egiten al dio musikarekiko interes horri?
Musika-heziketa murritzegia da eskola eta institutuetan. Herrialde nordikoetan, gazteek biolina, pianoa edo beste instrumenturen bat jotzen jakin ohi dute eskola-garaia amaitutakoan; gure eskoletan, aldiz, txirula apur bat jotzen besterik ez dizute irakasten orokorrean. Nolanahi ere, ondo gogoan izan behar da, Finlandia edo Suedia bezalako herrialdeetan duten maila lortzeko, ezinbestekoa dela bitarteko egokiak izatea eta kultura alorreko hezkuntzaren alde apustu argia egitea. Gaur, badirudi, hezkuntzaren helburua produktibitateari eta enpresari erantzutea dela, eta gainera, LOGSEren aldaketaz geroztik, zailagoa suertatzen da unibertsitate alorreko ikasketak eta kontserbatoriokoak uztartzea.

Lehen aipatu duzun musikarien ezegontasun profesionalaren haritik, zer gomendio eman ohi diezu ikasleei etorkizun profesionalari begira?
Musika ikasten duzunean, ospea eta fama lortu nahi duzu, noski. Oholtza gainean egon eta jendearen txaloak jaso nahi dituzu, baina horra iristeko ibilbide profesionala oso-oso latza da. Nik ematen diedan gomendioa da bizkarra ondo babestuta ibiltzea; musika ikas dezatela, eta horretan jarduteko ahalegin guztiak egin ditzatela, baina aldi berean beste ikasketa batzuk ere egin ditzatela, horretarako aukera baldin badute. Gustuko duten karreraren bat egin dezatela unibertsitatean, musikarako denbora emango diena, alegia. Triste samarra da musikan profesionalki diharduen pertsonak batek honelakorik esatea, baina oso ona zarela sinetsi eta osperako prestatu arren, ondo gogoan izan behar da beti porrot egiteko aukera; eta hori gertatzen bada, oso lagungarria izan ohi da beste bide batzuk zabalduko dizkizun tituluren bat izatea…

IÑIGO ESKUBI ADUNA (BARAKALDO, 1963)

Gitarra klasikoko tituluduna da, eta gitarra- eskolak hartu ditu Gabriel Rosales, Stanley Jordan eta Toquinho bezalako artistekin batera.

Zenbait rock taldetako kide izan da, ‘Platero y tú’ edo ‘Yo soy Julio César’ tarteko direla, eta azken honekin, lehen Bilboko Uria saria irabazi zuen. Horrez gain, beste talde batzuen grabazioetan –Hilargiren ‘Lo estamos pensando’ kasu (Discos Suicidas etxeak kaleratutakoa)– eta ‘Megasonikoak’ animaziozko filmaren moduko soinu-bandetan parte hartu izan du.

Gaur egun, iraskasle lana eta flamenko eta jazz alorreko gitarra-ikasketak uztartzen ditu, eta emanaldiak ere eskaini ohi ditu saxofoi-jotzaile baten akonpainamenduaz.

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Ikasturte Amaierako Kontzertua
Ikasteko garaia amaituz doa, eta garrantzi handiko unea iritsiko da luze gabe gure neska-mutilentzat: Ikasturte Amaierako Kontzertua. Ziur gaude bertan talentuaren eta etengabeko jardunaren emaitzak erakusteko aukera izango dutela (irakasleen lasaitasunerako), eta ondorioz, urduritasunaz kontuz ibiltzea komeni da, ezustekorik eragin ez dezan. Maiatzaren 20a izango da egun handia, eta eszenatokia ere, profesional handi-handien kategoriakoa: Euskalduna Jauregiko A-1 Aretoa. Sarrera doakoa izango da, baina bertaratu nahi dutenek ezinbestekoa dute gonbidapenak jasotzea –bi txartel pertsona bakoitzeko–, kontzertuaren egunean, 17:00etatik aurrera, Jauregiko txarteldegian. Parte hartuko duten ikasleen gonbidapenak 10:30 baino lehen jaso behar dira. Une horretatik aurrera, interesatuta dagoen jendearen artean banatzeko moduan jarriko dira.
Ikasle eta irakasleen artean, 250 lagun baino gehiagok parte hartuko dute ikuskizun zirraragarri honetan, txiki eta gazteen bandak, txistulariak, soinujoleak, hari-orkestrak, heldu eta haurren koruak eta Eskolako gainontzeko sail guztiak tarteko direla. Iaz, Beatles taldeari eskainitako kontzertua eman zuten. Zer prestatu ote digute oraingo honetarako?

 
^ Interprete Gazteen Zikloa
Ikasturtea amaitu aurretik, Eskolak musika klasikoan diharduten hiru musikari gazteren talentuaz gozatzeko aukera eskainiko du kontzertu ezinago ‘familiar’ baten bitartez. BilbaoMusikako Interprete Gazteen zikloak azken txanda egingo du Galerako auditorioan hilaren 14an, osteguna, eta bertan, Iñigo, Olatz eta Unai Ruiz de Gordejuela neba-arrebek osatutako piano, biolin eta txelo hirukotearen kontzertua entzuteko aukera izango da. Gazteek ganbera-kontzertua eskainiko dute Marta Agirre pianojolearen akonpainamenduaz, eta bertan, Pablo Sarasate, Claude Debussy, Wolfgang Amadeus Mozart, Ludwig van Beethoven eta Georg Friedrich Häendel-en lan klasikoak tartekatuko dituzte.

 
^ Musika Eskolekiko hitzordu berria Musikaldian
Ohiturari jarraituz, aurten ere Euskal Herriko Musika Eskolen hitzorduan parte hartuko dugu Mungian, hilaren 16an (larunbata) egitekoa den Musikaldian. Edizio honetan, harro-harro ibiltzeko moduan izango gara hainbat ikasleren talentuaz, Eskolako talde guztiak bertaratuko baitira. Topaketa honek aukera aparta eskaintzen du, Euskal Herriko Musika Eskola gehienetako ikasle eta irakasleekin musikazaletasuna, eta musikan jarduteko gogoa eta atsegina partekatu ahal izateko.

 
^ Entzunaldietarako prest?
Maiatzean eta ekainean, Eskolak sail desberdinetako ikasleen entzunaldiak egingo ditu hogei bat kontzerturen bitartez. Txistu ikasleei egokituko zaie emanaldi-sorta honi hasiera ematea, maiatzaren 5ean eta 6an eta ekainaren 2an, Galerako auditorioan. Ondoren, Koru ikasleek erakutsiko dituzte urtebeteko lan eskergaren emaitzak, hilaren 11n Bilboko Eskolapioen Ikastetxean, eta hilaren 25ean Oiartzunen. Egun berean, maiatzak 25, Santutxuko Luis Briñas Eskolaren 75. urteurreneko ekitaldiekin bat eginez, Musika eta Dantza Tradizionala Saileko ikasleen lehen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da ikastetxean bertan. Bigarren kontzertua, konboei eskainitakoa, hilaren 28an egingo da.

Bestalde, instrumentu sinfonikoen Sailak maiatzaren 18an eskainiko du lehenengo entzunaldia (hilaren 13an egin behar zen, baina aldatu da). Gainontzeko entzunaldiak ekainean egingo ditu; hilaren 3an, 4an (Felix Serrano ikastetxean), 8an, 9an eta 12an. Gitarra eta baxuen txanda hilaren 19an eta 27an izango da, eta eskusoinuena hilaren 29an, maiatzeko programazioari amaiera emanez.

Ekaineko programazioa piano-entzunaldi batez hasiko da hilaren 1ean. Saioak maiatzean hasiko dituzten sailen entzunaldiez gain, kontzertu bana eskainiko dute Musika-Hizkuntzako ikasleek (hilaren 4an), Teklatuetakoek (asteazkenean, hilak 10) eta Trikitixakoek (hilaren 17an).

Horrez, bi ‘jam session’ aurreikusita daude maiatzaren 21erako eta ekainaren 11rako Hika Ateneoan. Zorterik onena opa diegu hemendik guzti-guztioi.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Aste Nagusiko Agerraldia
Urtero bezalaxe, Aste Nagusiko Agerraldia izango da Udal Txistulari Bandak udan izango duen hitzordurik garrantzitsuena. Aurten, berrikuntza bezala, bakarlari gonbidatu bakar bat izan beharrean, Bandak, Euskal Herriko Txistulariak taldea, San Anton Abesbatza –Alfredo Hurtado de Saratxok zuzenduta–, metal-boskote bat –Alberto Urretxoren batutapean– eta dultzaina-talde batekin batera jardungo du.
Horiekin guztiekin batera, Xabier Zabalaren eskusoinua entzuteko aukera ere izango da. Zabala, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-en ‘Maite zaitut’ kantu ezagunaren egilea da, eta oraingo honetan, ‘Euskaldunak gara!’ izenburuko doinua eskainiko du. Kontzertu honetan, ‘Usoa’ ere entzun ahal izango da Sebastian Iradier musikagile arabarraren omenez, honen jaiotzaren bigarren mendeurrena gogoratzeko.
 
^ Kalejira Bilboko Zazpi Kaleetan
Kontzertu denboraldia amaitutakoan, gure txistulariekiko hitzordua dinamikoagoa egingo da Bilboko Zazpi Kaleetan zehar. Larunbatero, goizeko 10:00etatik 11:00etara bitartean (jaiegunetan eta uztaileko eta abuztuko larunbatetan izan ezik), gure Bandak Bilboko Zazpi Kaleak zeharkatuko dituzte alderik alde, pintxoak hartu edo erosketak egiteko gune ezin egokiago horretako giroa alaituko duen kalejira osatzeko asmoz. Larunbat horietarako planik ez baldin baduzu, ez dudarik egin eta zatoz Zazpi Kaleetara etxekoekin batera kalejira atsegin horiez gozatzeko.
Bestalde, Txistulari Bandak, Udalak On Diego Lopez Harokoren omenez antolatzen duen urteroko lore-eskaintzan parte hartuko du Hiriaren sorreraren 709. urteurrenean.
 
^ Emanaldia Granollers-en
Bilboko Udal Txistulari Banda Granollers-era abiatuko da maiatzaren 23an, Bartzelonako herri horretan antolatu ohi den Igokundeko Feria eta Festetako gonbidatu gisa. Gure txistulariak izan dira, azken urteotan festa horien sinbolo eta ekimen esanguratsuena bihurtu den ‘passada’ delako kalejiran parte hartzeko aukeratu dituzten taldeetako bat.
Kalejira, jatorriz, Euskal Herriko jai herrikoi askotan gertatzen den moduan ganadu-feriaren atariko ekitaldia izan ohi zen. Baserritarrek salgai zeuzkaten animaliak erakutsi ohi zituzten kalejira horretan. Urteak joan eta urteak etorri, hitzordua jai-giro handiagoa hartuz joan da itsatsitako elementu folklorikoei esker, eta gaur egun, Espainiako leku guztietatik etorritako musikatalde desberdinen jardunaz gozatzeko aukera da ekitaldi honen alderdirik erakargarrienetakoa.
Aurtengo ‘passada’-n, Txistulari Bandarekin batera, pirineoetako herrialdea den Cerdanyako eskusoinuak, Mallorcako Consell-eko Ministrer-en danbolinak eta txirulak, Tarragonako prozesioetako Aste Santuan Ecce Homo Santuaren andaren ondoan ibili ohi den danbor eta kornamusen banda, Valentziako dultzainak eta Bartzelonako kobla bat entzuteko aukera izango da.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^ Udaberriko Kontzertu Denboraldia
Eguraldi onaren etorreraz eta Euskalduna Jauregian izandako debut arrakastatsuaren ondoren, Udal Musika Banda auditorioko seriotasuna baztertu eta Areatzako kioskora aldatuko da, Hiriaren erdialdeko bariku arratsaldeak jai-giroaz zipriztintzeko asmoz. Udaberriko Denboraldia hilaren 8an hasiko da, 19:30etan, Iñaki Urkizu Zuzendariorde Titularraren eskutik. Kontzertu hauetarako, Bandak gure musikarien jardunaren izaera berritzaileari jarraipena ematen dion errepertorio zabala aukeratu du, hiriko nahas-mahasaren erdian era horretako eszenatoki ireki bati ongien datozkion doinuei uko egin gabe eta betiere ohikoa baino publiko zabalagoa erakartzeko asmoz. Beraz, bandarako konposatutako doinu berriez gain, Hiriko publikoak zartzuelak, pasodobleak, euskal folkloreko doinuak, soinu-bandak eta jazzeko doinuak entzuteko aukera izango du. Denboraldian aurrera egin ahala, ostiraletan — maiatzak 8, 22 eta 29 eta ekainak 5, 12 eta 19—, taldeak Rafael Sanz-Espert Bandako Zuzendari Titularra eta Iñaki Urkizu Zuzendariordearen batutapean jardungo du. Kontzertu honek hasiera emango dio Musikaren Europar Eguna ospatzeko asteburu osoan antolatuko den ekitaldi-sorta zabalari.
Bestalde, Bandak, Bilboko Udalak On Diego Lopez Harokori egiten dion urteroko lore-eskaintzan ere parte hartuko du ekainean, Hiriaren sorreraren 709. urteurrenean.
 
^ Miserikordia, Begoña eta Aste Nagusia, abuztuko hitzorduak
Abuztua oso hilabete berezia izan ohi da Udal Musika Bandarentzat. Sasoi horretan, taldeak Bilborekin eta bertako erakunde bereizgarrienekin dituen loturak erakutsi eta sendotzeko aukera izaten du. Horrela, San Mamesen egunean, abuztuak 7, ostirala, kontzertua eskainiko du Miserikordia Etxean, eta geroxeago, hilaren 15ean, larunbata, Jasokundeko Andre Mariaren egunez, Begoñako Basilikan antolatutako ekitaldietan ere parte hartuko du.
Baina zalantzarik gabe, Aste Nagusia izango da hileko hitzordurik garrantzitsuena. Urtero bezalaxe, gure musikariek, Aste Nagusiko ospakizunekin bat eginez, kontzertua eskainiko dute egunero Areatzako kioskoan, 12:00etatik aurrera, eta zezenketa-egunetan Vista Alegre Zezen Plazan ere izango dira.
 
^ SOL KLABEAN. Gaur gurekin...
Francisco José Yáñez, Bilboko Udal Bandako tuba-jotzailea

Francisco José Yáñez Garrido (Benejúzar, Alacant, 1978), Bilboko Udal Bandan dauden lau tuba-jotzaileetako bat da, eta Espainiatik irten behar izan zuen irakasle egokia aurkitzeko. Irakasle horri esker ikasi zuen, aurreko hamar urteez geroztik jotzen zuen instrumentu horrek aukera handiak eta anitzak zituela. “Instrumentista bakoitzak lan egiteko era berezi bat dauka, eta ezinbestekoa da jotzen irakasten dizunak ere lan egiteko era horrekin bat egitea”, azaldu du Yáñez-ek, David Zambon-en Perpignan-eko eskolaraino eraman zuen bilaketa luzea justifikatzeko asmoz. “Frantziara joan nintzen bere bila, baina Japonian egon izan balitz, Japoniaraino edo beste edozein lekutaraino joango nintzen”, azpimarratu du ziurtasun osoz.
Ez du arrazoirik falta, alajaina. Zambon-ek ezin argiroago erakutsi zion tubak askoz ere aukera gehiago eskaintzen duela akonpainamendu hutsa egitea baino. “Teknikoki akats asko zuzentzen lagundu zidan, baina garrantzitsuena da, musikaren ikuspegitik, aukeraeskaintza ezinago zabala ireki zidala; tuba batez Bachen sonatak, biolin edo txirularako sonatak eta Mozarten fagoterako kontzertuak ere jo daitezkeela”, gogoratu du.
Baina Yañez-en ibilbidea Frantziako abentura baino askoz ere lehenago hasi zen; zazpi urte zituela alegia, orduantxe inskribatu zuten bere gurasoek Benejúzar sorterriko musika-elkarteak ematen zituen eskoletan. Hamaika urte bete hurran, batek batek esanda jakin zuen Bandan tuba-jotzaileak behar zirela. “Bereahalaxe animatu nintzen. Oso instrumentu erakargarria zen niretzat tamainagatik”, gogoratu du. Murtziako Kontserbatorioan ikasten zuen bitartean, Perpignan-era eramango zuen bilaketan murgildu zen buru-belarri. Frantziara noizen behin egindako osteratxoak behin-betiko bidaia bihurtu ziren 21 urte zituela. Orduan, prestakuntza Frantzia aldean osatzea erabaki zuen, lehenengo Perpignan-en eta gero Montpellier-en. “Musika ikastea, eta bereziki kanpoan ikastea, oso gauza garestia da. Zorionez, nik Valentziako Generalitat-en eta Frantziako Kultura Ministerioaren laguntzak izan ditut horretarako, eta batez ere gurasoen sostengua izan dut une oro. Gurasoak ez dira musikazaleak, baina hala ere, beti fidatu dira nitaz eta musikari bezala bizimodua ateratzeko nuen aukeraz”, aitortu du harrotasunez.
Frantzian egindako lau urteko egonaldi hartan, Frantziako Gazte Orkestra Nazionaleko kidea izan zen, eta Bordele, Montpellier eta beste hiri batzuetako orkestra profesionaletan lan egin eta ‘Tuba-jotzaile bertutetsuak’ izeneko ikuskizun batean ere parte hartu zuen Frantziako gazteria musikalekin batera.
2004an, Bilboko Udal Bandak kontratatu zuen. Hauxe da lanean jardun duen lehen talde profesionala, eta bertan “pozez gainezka” omen dabil. “Programa berritzaileak lantzen ditu, eta gonbidatutako zuzendariek tubarako korapilatsu samarrak diren doinuak proposatu ohi dituzte, James Barnes-en Hirugarren Sinfonia kasu. Gainera, pertsonen arteko tratua ezin hobea da, eta publikoak ez digu behin ere huts egin. Aurten, Euskaldunako aforoa bete dugu ia egunero, eta horrek esan nahi du Bandak itzal luzea duela”, azaldu du.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Maiatzak 16 | Larunbata | Mungia Musikaldi 2009.

Maiatzak 19 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) | 19:00etan Gitarra eta baxu Kontzertu / Audizioa.

Maiatzak 20 | Asteazkena | Euskalduna Jauregian (A-1 Aretoa). 19:00etan Ikasturte amaierako Kontzertua. Sarrera gonbidapenarekin.

Maiatzak 21 | Osteguna | Hika Ateneoan | 19:30etan Jam session.

Maiatzak 25. Astelehena. Luis Briñas Ikastetxean. 17:30etan Luis Briñas-Santutxuko Ikastetxearen 75.urteurrena. Musika eta dantza tradizionala.

Maiatzak 25 | Astelehena | Oiartzunen | 19:30etan Eskolako Abesbatza taldearen kontzertua.

Maiatzak 27 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) | 19:00etan Gitarra eta baxu Kontzertu / Audizioa.

Maiatzak 28 | Osteguna | Luis Briñas Ikastetxean | 18:00etan Luis Briñas-Santutxuko Ikastetxearen 75.urteurrena. Konboen Kontzertu/Audizioa.

Maiatzak 29 | Ostirala | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Eskusoinuen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 1 | Astelehena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Pianoaren Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 2 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Txistuaren Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 3 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa (helduak).

Ekainak 4 | Osteguna | Félix Serrano Ikastetxea | 19:00etan Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 4 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera). 19:00etan Hizkuntza Musikaleko ikasle helduen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 8 | Astelehena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 9 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) 19:00etan Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 10 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) | 19:00etan Teklatuen Kontzertu / Audizioa.

Ekainak 11 | Osteguna | Hika Ateneoan | 19:30etan Jam session.

Ekainak 17 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera) | 19:00etan Trikitixaren Kontzertu / Auditorioa.

UDAL MUSIKA BANDA

Maiatzak 16 | Larunbata | Buia Auzoan | 12:00etan

Maiatzak 22 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan

Maiatzak 29 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan

Ekainak 5 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan

Ekainak 6 | Larunbata | Altamira auzoan kontzertua | 12:00

Ekainak 12 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan

Ekainak 14 | Igandea | Plaza Biribila | Hiribilduaren 709. urteurrena

Ekainak 19 | Ostirala | Areatzako kioskoan | 19:30etan Musikaren Europar Eguneko inaugurazio kontzertua. Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert (Zuzendari-Titularra) eta Iñaki Urkizu (Zuzendariordea).

BANDA MUNICIPAL DE TXISTULARIS

Larunbatetan | Alde Zaharretik | 10:00etatik 11:00 etara

Ekainak 14 | Igandea | Plaza Biribila | Hiribilduaren 709. urteurrena

Informazio gehiago : www.bilbaomusika.net