Zenbakia 10. Otsaila 2009
»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
ROBERTO JARDÓN
Luthier Artisaua
"Musika-tresnak pertsonak bezain apartekoak dira: bakoitzak berezko ahotsa eta izaera dauzka"
 

»   01 GAIA

^ MARTXOA ETA APIRILA, MATRIKULA EGITEKO GARAIA

Ohiturari jarraituz, neguko azken egunekin batera, tramiteak eta izapideak egiteko sasoia heldu zaie Bilboko Udal Musika Eskolan ikasten hasi edo jarraitu nahi duten guztiei. Inprimakiak eskatu eta betetzeko garaia da, baina alor honetan ere, BilbaoMusikak teknologia berriak lehenbailehen ezartzearen aldeko apustu sendoa egin du, Internet, posta elektronikoa eta SMS mezuen erabilera sustatzeko asmoz paperaren ordez. Garai berrietara egokitu nahi dugu, Eskolako ikasleei ahalik eta erosotasun handiena eskainiz.
2009-2010 ikasturtean matrikulatu nahian dabiltzanei gogoratu nahi diegu, martxoaren 2tik aurrera, inprimakiak jaso ditzaketela BilbaoMusikaren egoitzan (Sorkunde, 8). Bilbon egoitza duten eskatzaileek familia- unitatearen errolda-agiria erantsi behar diote inprimakiari. BilbaoMusikaren webgunean ere (www.bilbaomusika. net), oinarrizko bi ereduak deskargatzeko aukera izango dute:
- Ikasle berrientzako eskabide-inprimakia: datu pertsonalekin batera, lehentasunaren arabera zehaztu behar dira hiru instrumentu edo tailer, bai eta aukerako ikasgaiak euskaraz zein erdaraz ikasteko hautatu den zentroa ere. Horrekin batera, ikasgai osagarriak eta gustuko talde instrumentala zehaztu behar dira, bai eta aurretiko musika-prestakuntzari buruzko xehetasunak ere, horrelakorik izatekotan. Eskabidea Galera eraikinean aurkeztu behar da martxoaren 2tik apirilaren 24ra bitartean. Onartutakoen zerrenda Eskolako iragarkitaulan eta BilbaoMusikaren webgunean (www.bilbaomusika. net) azalduko da maiatzaren 7an, eta horren ondoren, matrikula hilaren 15a arte formalizatu ahal izango da.
- Matrikula inprimakia: datu pertsonalekin batera, lehentasunak zehaztu behar dira ordutegiei eta ikastaroa egiteko hautatu den zentroaren kokapenari dagokienez. Posta elektronikoko helbide bat eta harremanetarako sakelako telefono-zenbaki bat ere eskatuko dira, BilbaoMusikak aurten e-maila eta SMS mezuen bitartez azken orduko berri eta oharrak bidaltzeko abiarazi nahi duen sistema berriari begira. Matrikula egiteko epea martxoaren 16an hasi eta hilaren 27a arte luzatuko da. Teknologia berriak apurka-paurka sartzeko borondateari jarraituz, matrikula egiteko unean, ohiko datu pertsonalekin batera, zuen posta elektronikoko helbideak eta sakelako telefono-zenbakiak eskatuko dizkizuegu. Bitarteko hauen bidez, berehalako oharrak eta jakinarazpenak igortzeko sistema bat abian jarri dugu 2009- 2010 ikasturtean.
Gogoan hartzeko moduko beste datu bat egun hauetan matrikula egin behar duzuenontzat: urriaren 9 izango dela justifikatu gabeko bajak ezagutarazteko eta deskontuetarako eskubidea (familia ugariak, langabezia egoerak, etab.) egiaztatzen duten agiriak emateko azken eguna. Gogoan izan, data horretatik aurrera, ezinezkoa izango dela deskontuak edo arrazoi horien ondoriozko matrikula-itzulketak lortzea. Ondoko kasu hauetan onartuko dira ordaiketen itzulpenak urriaren 9tik aurrera: gaixotasun larriengatik, istripuak edo ustekabeko edozein kasuetan; etxe, lan edo ikasketa aldaketarengatik. Eskaera orria aurkeztu beharko da kasuan kasuko. Eskolaz kanpoko edozein ihardueren ordutegi bateraezintasuna ez da izango matrikularen itzulpen arrazoia edozein kasutan ere.
Udal Musika Eskolako prestakuntza-eskaintzak 25 musika- tresna barne hartzen baita lau tailer ere. Ikasgai osagarrietan, zazpi aukera desberdin eskaintzen dira: analisia, harmonia eta inprobisazioa, dantza tradizionala, korua, informatika musikala, musika-hizkuntza eta inprobisazio tailerra. Eta zazpi talde instrumental desberdin daude, ikasleen partaidetzarako irekita daudenak: banda, konboa, eskusoinu-taldea, gitarra-taldea, orkestra, pianoa lau eskuz edota txistu-banda.
Gogoan izan, aurreko urteetan bezalaxe, aldez aurreko ezaguerak izan behar dituzuela ondoko ikasgai osagarri hauetan: analisia (musika-hizkuntzako 4 maila), harmonia eta inprobisazioa (musika-hizkuntzako 4 maila), informatika musikala (musika-hizkuntzako bi maila), inprobisazio tailerra eta talde instrumentala (edozein instrumenturen 3. maila eginda). Eta ezin izango direla eskatu aldi berean instrumentua eta tailerra, inprobisazioan izan ezik.
 

»   02 ELKARRIZKETA

^
ROBERTO JARDÓN
Luthier Artisaua
"Musika-tresnak pertsonak bezain apartekoak dira: bakoitzak berezko ahotsa eta izaera dauzka"

Roberto Jardón-ek Hari-Instrumentuen Lutheriaren Oinarriak deritzon ikasgaia ematen die Oviedoko Eduardo Martínez Torner Goi Kontserbatorioko goigraduko lehen ikasturteko ikasleei, eta gai horri buruzko hitzaldi eta ikastaroak eman ditu kontserbatorio eta erakunde desberdinetan. Martxoaren 9tik 13ra bitartean, harizko instrumentu jotzaileei zuzendutako prestakuntza-tailerra egingo du BilbaoMusikan, eta bertan, arku-instrumentuen egitura, taxuketa-prozedura tradizionala, mantenimendua eta egoera fisikoaren azterketa azalduko ditu.

Nola interesatu zinen musika-tresnak egiteko arteaz?
Arku-instrumentuekiko interesa hain aspaldi errotu zen nigan, kosta egiten zaidala jakitea zehazki noiz sortu zen. Oso gazterik, eskolan, Falla, Ravel eta Prokofiev-en binilozko disko haiek entzuten hasi nintzenean, musika klasikoa atentzioa ematen hasi zitzaidan. Intrumentuak gaztaroan interesatzen hasi zitzaizkidan, tramankulu miragarriak iruditzen zitzaizkidalako. Izugarri harritzen ninduen ikusteak horren instrumentu hauskorrak, zurez egindakoak eta kasu askotan aspaldi-aspaldikoak, horren soinu kordokagarria sortarazteko gauza izatea.

Luthierrak musikaria ere izan behar al du?
Musikaria izatea eta luthierra izatea hain dira jarduera korapilatsuak, ezen, oso zaila baita biak uztartzea eta bietan oso-osorik jardutea. Egunak ez dauka horrenbeste ordu. Nolanahi ere, ezinbestekoa iruditzen zait instrumentuak jotzen jakitea, gutxienez apur bat. Horrela ez bada, galdu egiten da musikarien sentsazioei dagokien ikusmoldea, eta ezinezkoa izaten da musikariak ulertu eta haien beharrizanei erantzutea. Musikarien hizkuntza ez ulertzea bezalakoxea izango litzateke.

Bakarrik dira luthierrak harizko instrumentuak egiten dituztenak? Zein da horien bereizgarria orkestrako familia desberdinen artean?
Luthier frantses hitzak laute-egilea esan nahi du jatorriz. Orain esanahi orokorragoa du, edozein musikatresnaren egileari dagokiona. Arku-instrumentuen lutheriaren bereizgarriei dagokienez, nik esango nuke iraganari estu-estu lotuta gaudela. Beharbada tresna mekaniko gutxiago erabiltzen dugu, eta gure erreferentzia ia bakarra Italian XVII. eta XVIII. mendeetan egindako instrumentuak dira. Oso gauza bitxia da hau; egungo margolariak, abangoardistak izan beharrean, soil-soilik Tiziano edo Velazquez kopiatu nahian ibiliko balira bezalakoxea.

Noraino esan daiteke egiten dituzun instrumentu guztiak bakarrak eta apartak direla?
Bakarrak bezain bakanak dira, egia esan. Lehenik eta behin, gogoan izan behar da zura ehun biologiko konplexua eta, ondorioz, errepikaezina dela. Enbor bereko ebakidurak edo ondoz ondoko atalek ere ezaugarri akustiko desberdinak dituzte. Bestalde, artisauen lana, zehaztasun handikoa izanda ere, ez da iristen makinen lanak daukan normalizazio-mailaraino, eta hau arazoa izan beharrean gogoan hartzeko moduko bertutea da. Musika-tresnak pertsonak bezain apartak dira: bakoitzak berezko ahotsa eta izaera ditu.

Instrumentuen konponketa eta eraberritzea dira luthier lanaren beste alderdi garrantzitsu bat.
Beste garai batzuetan ez zuten aintzat hartzen ondare historikoa, baina gaur instrumentuak kontu handiz zaintzen dira, eta kontserbazioari buruzko planteamendu etiko zorrotz-zorrotzen arabera. Helburua, instrumentuak konpontzea da, noski, interpretazioaren eskakizunei kasu eginez, baina haien balio historiko eta artistikoa ukitu gabe.

Zer ematen dio jotzaileari musika-tresna nola egina den jakiteak?
Asko. Lehenik eta behin, instrumentuaren funtzionamenduari buruzko eta soinua sortzeko prozesuari buruzko senezko ikuspegia izatea. Bigarrenez, instrumentua zein egoeratan dagoen eta errendimendua nola hobetu ulertzeko aukera ematen du, baita nola zaindu etengabeko erabileraren ondorioz balioa gal ez dezan. Informazio horrek eragin handia izan dezake jotzerakoan.

ROBERTO JARDÓN RICO (AVILÉS, 1969)

Filosofia ikasi zuen Oviedoko Unibertsitatean, baina gaztetandik bere benetako grina lantzen hasi zen, lutheria.

Lau urtez ikasle ibili zen Pavel Schultz maisua zenak Oviedon zeukan tailerrean, eta bertan ikasi zuen luthier lanbidea, era tradizionalean, mendez mende irakatsi den bezalaxe.

2002an, bere tailerra zabaldu zuen kostaldeko Aviles herrian (Asturias). Han, denetariko lanak burutzen ditu, arku-instrumentuak eginez eta eraberrituz, eta biolinak, biolak eta txeloak diseinatuz prozedura tradizional estu-estuen arabera.

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Goi mailako profesionalek eskeinitako tailerrak
Bilboko Udal Musika Eskolak martxan jarri du Formakuntzarako Tailerren edizio berria, araututako formakuntza musikalaren osagarria eta musika disziplina zabalaren ezagutza eskaintzen duena, eta berezitasun bakoitzerako, goi mailako profesionalen eskutik. Zazpi gai ezberdin jorratuko dira oraingoan, lutheriaren oinarriak edo igurzten diren harizko musika tresnetatik, pianoaren errepertorioa, txirula, herri kantuak, dantza tradizionala eta afrikar perkusioa. Eskaintza zabal honen artean, azpimarragarriena Arreta Ezagatik Sortutako Arazoen hiperaktibitateari buruz, bi psikologok emango duten mintegia da, musika irakasleak gaixotasun hau pairatzen dutenen aurrean nola jokatu eta gela barruan arreta bezerezi hori emateko sentsibilizatzeko balio duena.
Tailerrak musika disziplinako irakaslegoari zein ikaslegoari zuzendurik daude, baita gai hauetan interesaturik dagoen publiko zabalarentzat ere. Ikastaroak, BilbaoMusikako egoitzan egingo dira, Bilboko Sorkunde kaleko 8. zenbakian. Ikastaro bakoitzaren zenbatekoa, ikastaro motaren eta iraupenaren arabera izango da, baina dena den 20 eta 70 euro bitartean izango dira. Tailerrak gaztelaniaz emango dira, herri kantugintzakoa eta txirula izan ezik.
Gogoratzekoa da irakaslegoaren profesionaltasun maila handia, Roberto Jardón Rico lutherlaria, galiziar dantza tradizionaleko irakaslea, gaitaria eta soinujolea den Sergio Cobos; Alfonso Maribona pianojolea, Asier Kerexeta afrikar perkusioan berezitasuna duena, Jean Michel Etxekopar, zuberotar txirula maisua eta Ikertuz taldeko Belén Segovia eta Mónica Taibo psikologa espezializatuak.

 
^ Juventudes Musicales BilbaoMusikako auditorioan
Musikarekiko interesa piztu nahirik sortutako nazioarteko erakundea, Juventudes Musicales, BilbaoMusikako Auditorioan izango da emango dituzten lau kontzertutan: otsailaren 18an, martxoaren 26an, apirilaren 23an eta ekainaren 11an. Guztiak 19:30etan eta doako sarrerarekin.
Egitaraua otsailaren 18an zabalduko da Sandra Ferró soprano eta pianojolearen eskutik (Castellón, 1983). Martxoaren 26an, bibolin eta piano kontzertuarekin jarraituz, Alejandro Bustamantek (Madril, 1986) eta Enrique Bagaríak (Bartzelona, 1978) interpretatuko dutena. Apirilaren 23an “Per Sonare” bikote soinujole eta kitarrajoleen txanda izango da, 2004an sortutakoa, Celia Adrián (Ourense, 1983) soinujolearen eta José Pablo Polo (Madril, 1984) kitarrajolearen eskutik. Zikloa, ekainaren 11an Ensemble batez amaituko da, oraidik zehaztu gabea.

 
^ Estilo guztietako kontzertu didaktikoak
Pop-rock musika, musika tradizioanala eta musika klasikoa ezberdintzen diren estiloetako zenbait kontzertu didaktiko antolatu ditugu martxoan zehar.
- Martxoaren 10ean musika tradizionalaren txanda dugu, Epalza Alarguna kalean txistua, trikitixa, dultzaina-gaita, alboka, panderoa,... protagonista izanik. Era berean sail berberak, Herri Musikaren Txokoa (Juan Mª Beltrán)-rekin batera, martxoaren 5etik 18ra erakusketa bat antolatu du Yohn Jauregian ( La Bolsa). Bertan euskal musika tresna herrikoi eta tradizionalen sailkapen bat ikusteko aukera izango dugu: txistua, dultzaina, txalaparta edo eta atabala, zein ezagunagoak ditugun dunba, paluek edo firingilak bezalako euskal musika tresnak. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 22:00etara. Larunbatetan goizeko 10:00etatik 13:00etata.
- Martxoak 10 eta 24an musika klasikoaren txanda dugu, goizeko 10:30etatik aurrera. Eskolako Musika tresna Sinfonikoen Sailak –bibolina, biola, cello-a, kontrabaxua, flauta, oboea, klarineta, saxofoia, trompeta, tronpa, tuba eta tronboia musika tresnak eskaintzen dituena-, ikastetxe ezberdinetatik zehar joango da, ikastetxeko ikaslegoeran partaidetza ezinbestekoa den Leopold Mozart –en “Sinfonía de los juguetes” eta Ferrer Ferrán-en “La Escala Sido” errepertorioa eskainiz.
- Martxoaren 23 eta 24an Musika Modernoen Sailak “ bere Rock historia” eskainiko digu. Hilaren 23an eta 24an, Bertendona Institutoan eta Bilborock-en 11:00etatik aurrera, zenbait kontzertu izango dira, ordu bete ingurukoak, D.B.H.ko eta batxilergoko lehenego ikasturtekoei zuzendurik lehena, eta D.L.H.koei zuzendurik bigarrena. Kitarra eta baxu elektriko, bateria, tekladuak, eta noski ahotsa izango dira protagonista, rockari buruz ari garenean ezinbestekoak.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Et incarnatus eta Gran Teatre del Liceu-ko dantzariak, txistulari bandaren kontzertu-denboraldiaren amaieran
Bilboko Udal Txistulari Bandak 2008-2009 Denboraldia amaituko du martxoan, eta horretarako, kontzertu-ziklo honetako sei partaideetako azkenak gonbidatu izango dituen emanaldi bi programatu ditu. Urriaz geroko ohiturari jarraituz, kontzertuak (astelehenez egingo dira, hilaren 2an eta 16an) Euskalduna Jauregiko A1 aretoan eskainiko dira, 20:00etatik aurrera, sarrera doakoa delarik.
Hitzordu hauetako lehenengoan, Udal Txistulari Banda Et Incarnatus Orkestrarekin batera taularatuko da. Txistua izango da emanaldi honetako protagonista eta instrumentu bakarlaria, euskal txirulaz oso gutxitan jotzen diren doinuak eskaintzeko asmoz. Lehen txistularia (Garikoitz Mendizabal), bigarren txistularia (Idoia Kareaga) eta silbote-jotzailea (Gorka Zabaleta) musikagile unibertsalen lanak jotzera ausartuko dira, Mozart (Txirula eta Orkestrarako Sol Maiorreko Kontzertua) edo Vivaldi (Do Minorreko Kontzertua, Opus 44) tarteko direla. Zuzendari lanetan, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariorde Iñaki Urkizuk jardungo du gonbidatu gisa.
Et Incarnatus 1996an sortu zen, ganbera-errepertorioa berritu nahian zebiltzan musikari gazte batzuek bultzatuta. Mikel Zeberio izan zen orduko taldeko burua, eta harexek jarraitzen du egun ere zuzendaritza lanetan. Orain arte, hiru disko plazaratu eta Imanol, Benito Lertxundi eta Mikel Erentxunen kategoriako artistekin batera lan egin dute. Horrez gain, Juanma Bajo Ulloaren ‘Frágil’ filmeko eta Manuel Gómez Pereiraren ‘Reinas’ komediako soinu-bandetan parte hartu dute.
Azkenik, Euskalduna Jauregiko kontzertu-denboraldiari amaiera emateko, Txistulari Bandak musika-emanaldia eta Bartzelonako Gran Teatre del Liceu-tik etorritako dantzari batzuen jarduna uztartzen dituen ikuskizun berritzailea eskainiko du. Koreografiaz Josu Mentxaka arduratuko da, euskal dantza tradizionaleko lehiaketa batzuk irabazi eta egun Bartzelonan dantza klasikoa ikasten diharduen dantzari leioztarra. Horrenbestez, Txistulari Bandak amaitutzat joko du goi-mailako programazioa eta jendearen harrera beroa ezaugarri izan dituen hamabi emanaldiz osatutako denboraldi hau.
 
^ Txistuaren aukerak
Udal Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean hasi zuen bere musika-ibilbidea, eta harez geroztik, ahaleginak eta bi egin ditu txistuaren errepertorio tradizionala zaharberritu eta euskal musika tradizionalak partituren eta auditorien zorroztasunetik harantzago eskaintzen dituen era guztietako aukerak sustatzeko asmoz. Talde tradizional bati dagokion estiloa zainduz, Garikoitz Mendizabalek, Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak eta Asier Garcíak inguruetako publiko desberdinei ezagutarazi diete musika estilo hau, eta gauza bera egin nahi dute Euskadi barruko herrietan zehar.
Bandak txistuaz, silboteaz eta atabalaz gozatzeko era berriak bilatu –eta aurkitu– ditu; musika bizitzeko era berriak, alegia, bere kontzertu-zikloetan parte hartzeko gonbidatu dituen bakarlari eta talde desberdinei igorri nahi izan dizkienak. Honela, urte hauetan guztiotan, lankidetza eta grabazio desberdinetatik abiatuta, instrumendu eta doinu tradizionalek edozein estilorekin –jazzetik musika klasikoraino– nahastu eta moldatzeko duten gaitasuna frogatu dute.
Anjel Unzu jazz gitarra-jotzailea eta Aitor Furundarena soinujolea bezalako ospe eta kategoria handiko musikariek beren gain hartu dute Bilboko Udal Txistulari Bandak luzatutako erronka, eta txistuaren malgutasuna eta bestelako instrumentu eta generoekiko kidetasuna nabarmentzen lagundu duten moldaketak landu eta doinu berriak konposatu dituzte.
Euskal musika gaztetzearen aldeko ahalegin horren isla dugu Txistulari Bandak Euskalduna Jauregiko egoitzatik at eskaini duen emanaldi kopuru zabala. Gure txistulariek txistuarekiko grina kutsatu diete Euskadiko herri desberdinetako biztanleei, hanhemen eskainitako kontzertu, ekitaldi ofizial eta kalejiren bidez. Arrigorriagan, Elorrion, Zestoan, Getarian, Donostian, Ean, Gasteizen, Biarritzen eta beste hainbat herritan ederki asko ikasia dute dagoeneko zertan den euskal musika tradizionala. Gero eta gehiago dira gure tradiziorik bereizgarrienenetako bat biziberritzeko esperientzia zirraragarri honetaz gozatu nahian dabiltzanak, eta gure txistulariak ez daude inolaz ere erritmoa galtzeko prest. Etorkizun hurbilera begira gogoan darabiltzaten proiektuetako baten bitartez, txistuaren aukera eta musika-erregistroak ezagutarazi nahi dituzte euskal herrietan barna, formazio tradizionaleko emanaldiak eskainiz eta beste talde batzuekiko lankidetzaz.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^ Hiru kontzertu gehiago Euskalduna Jauregian
Bilboko Udal Musika Bandaren Euskalduna Jauregiko lehenego denboraldia amaitzear dago, hiru kontzertu emanaldi besterik ez baitira gelditzen. Martxoaren 1 igandeko emanaldian, taldeak Fernando Bonete Piqueras Albaceteko Udal Musika Bandako Zuzendari Titularraren agindupean emango du kontzertua; hilaren 29ko bigarren konztertuan, José Vicente Pla, klarinetejolearen kolaborazioarekin eskeiniko du, eta azken kontzertua eta Udazken-Neguko kontzertu zikloari amaiera emango diona, apirilaren 5 igandean izango da.
Datozen gonbidatuen zenbait datu. Fernando Bonete, Albaceteko Musika Bandako Zuzendari Titularrak, Albacete, Balentzia eta Madrilgo Musika Kontserbatorioetan burutu zituen ikasketak, kalifikazio hoberenak eskuratuz. 1989an Kultura Ministeritzak antolatutako Orkestarako Zuzendaritza Ikastaro Nazionalerako aukeratua izan zen, eta ondorengo urteetan zenbait lehiaketa irabazi zituen, hala nola, Orkestra Zuzendaritzan Madrilgo Goi Musika Errege Kontserbatorioak emandakoa eta Nazioarteko ‘Ciudad de Valencia’. Kontzertu honetan Bonete maisuak Rimsky-Korsakov-ren “Capricho Español”, Tchaikovsky-ren “Capricho italiano” eta “Una noche en la ópera” lanez osatutako programa zuzenduko du. “Gran fantasía para banda Sinfónica”, zuzendariak berak konposatutakoa, opera ezagun batzuetako bilduma bat (Tosca, La Traviata, El Barbero de Sevilla, Carmen edo Madame Butterfly).
Bestetik, José Vicente Pla klarinetejolea, martxoko bigarren kontzertuko protagonista, bakarlari bezala arituko da Bandarekin, Sanz Espert maisuaren zuzendaritzapean. Gainera BOS–ekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ere aritu izan da, zeinetan Guggenheim Museoan izandako Mike Oldfield-en ‘Music of the Spheres’ obraren mundu mailako aurkezpenean ere parte hartu zuen. Bere emanaldian klarineterako diren bi kontzertu interpretatuko ditu, Oscar Navarro-rena eta Artie Shaw-rena.
Euskalduna Jaurgiko Bandaren lehen denboraldia, publikoaren aldetik izan duen harrera onagatik azpimarratu behar da, Banda osatzen duten maisuen interpretazio kalitatearen aldetik ezezik, artista gonbidatuz eta estreinaldiz beteriko programa errotuagatik ere gozatu baitu ikuslegoak. Urtarril eta otsaileko hilabeteetan zehar eskainitako kontzertu zerrendari, beste kontzertu batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola Elsa Roch oboeak emandakoa; Juan Vicente Codina tronpetajolearena eta Eugene Migliaro Corporon konposatzaile eta zuzendari prestigiotsuak emandakoa; José Suñer Oriola-ren ‘Chamber Symphony nº1’-ren estreiinaldia; BilbaoMusikaren enkarguz Gregory Fritzek konposatutako ‘Las cuatro estaciones en el País Vasco’ ; eta “A Bilbao”, Bernardo Adam Ferrerok bereziki Udal Bandarentzat konposatutakoa ere.
 

^ SOL KLABEAN. Gaur gurekin…
Elsa Roch, oboe eta korno ingelesaren jotzailea Bilboko Udal Musika Bandan

Lau urte besterik ez zituela, Elsa Roch Catalá-k (Carcaixent, Valentzia, 1979) argi esan zien gurasoei oboea jotzen ikasi nahi zuela. Bere sorterrian musika tradizio luzea dagoen arren, etxekoen artean inork ez zuen partitura bat ere hartu aurretik, eta gurasoek ez zekiten oboea zer zen ere. Egia esanda, Elsak ere ez zuen oso argi ikusten. Bakarrik zekien goiz hartan Kontserbatorioko bi ikaslek era horretako instrumentu bat eraman zutela solfeora neska-mutilek biolina, pianoa edo tronpeta ez den beste instrumenturen bat ezagutu zezaten.
“Haietako bat oboea jotzen hasi zen, baina soinua penagarria zen. Tutua (mihia) ekartzea ahaztu eta lagun batek utzitako beste bat erabili zuen, baina putz eta putz saiatu arren, asmatu ezinik ibili zen”, gogoratu du Elsak, egun Bilboko Bandan dauden bi oboe-jotzaile titularretako batek. Gizon gaixoak etsi egin zuen, eta lankideari ahalegina egin zezan eskatu zion, baina orduan ere huts egin zuen; tutuaren jabea ez zen lagunaren oboea afinatzeko gauza izan. Hasiera hura baldar samarra izan bazen ere, ideia bikaina eman omen zion Elsari. “Orduan pentsatu nuen ondo egon litekeela nirea bakarrik izango zen instrumentu bat izatea, beste inork jo ezin izango zuena, nahiz eta orkatiletaraino iritsi”, esan du irribarrez.
Nolanahi ere, Elsak bai asmatu zuela tutua jartzen eta oboea afinatzen, eta Carcaixent-eko Kontserbatorioan eta Banda Sinfonikoan jardun ondoren, Valentziako Kontserbatoriora jo zuen Pianoa, Harmonia eta Ganbera Musika ikasketak osatzeko asmoz. Generalitat Valentziarreko Jove Orquestrarekin ere ibili zen garai hartan. 2000an Bilboko Bandarekin batera jotzen hasi eta 2003an plazaren jabe bihurtu zen.
Elsa izan da taldeak urtarrilaren 18an eskaini zuen urteko lehen kontzertuko bakarlaria. Emanaldi horretarako, Domenico Cimarosa-ren ‘Oboerako do minorreko kontzertua’ hautatu zuen. “Zorte handia da musikariei era horretako aukerak eskaintzen dizkion Bilboko Bandaren kategoriako talde batean jardutea. Egia esan, oso gustagarria da kontzertista gisa aritzea. Oso gauza deigarria da, txikitatik behin eta berriro ikusi duzuna, eta horretan buru-belarri jardutea eskatzen duena. Inguruan duzuna ahaztu eta zeure baitan murgildu beharra duzu nerbioekin estropuzurik egin ez dezazun”, ohartarazi du.
Musikari gazte honek gogoan darabiltzan etorkizuneko erronkei dagokienez, oporrak aprobetxatu nahi omen ditu kanpora joan eta prestakuntza handitzeko. “Agian Boston, Londres edo New Yorkera joango naiz, izan ere, New Yorkera abiatzeko zorian nengoen hona etortzeko oposaketak gainditu nituenean. Ikasteko asko dugu beti”, azpimarratu du. Horrez gain, jendaurrean berriz ere kontzertista gisa jarduteko asmoa du, baina oraingo honetan, lehengo dudamudak astinduz eta neurri handiagoko obra bati aurre eginez: esaterako, Strauss edo Bach-en kontzerturen baten bandarako transkribapena eginez.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Otsailak 16 | Astelehena | La Galera | 19.00etan Txistuaren kontzertu-audizioa.

Otsailak 18 | Asteazkena | La Galera | 20.00etan Juventudes Musicales. Sandra Ferró (Ahotsa) eta Aida Monasterior (Pianoa).

Otsailak 19 | Osteguna | La Galera | 19.00etan Ihauterietako Kontzertu-audizioa.

Otsailak 19 | Osteguna | Hika Ateneo | 19.30etan Jam Session.

Martxoak 9 | Astelehena | La Galera | 19.00etan Biolontxeloaren arrezitala Belén Fernándezen eskutik. Martxoak 10 | Asteartea | Deustuko Ikastola | 17.00etan Ikasleen Kontzertu-audizioa.

Martxoak 12 | Osteguna | La Galera | 19.00etan Kitarra Kontzertu-audizioa.

Martxoak 23 | Astelehena | Bilborock | 19:00etan Sail Modernoen Kontzertua.

Martxoak 24 | Asteartea | Bilborock | 19.00etan Musika eta Dantza Tradizionaleko Sailaren Kontzertua.

Martxoak 25 | Asteazkena | La Galera | 19.00etan Sinfonikoen Saileko Kontzertua.

Martxoak 26 | Osteguna | La Galera | 19.30etan Juventudes Musicales. Alejandro Bustamante (Bibolina) eta y Enrique Bagaría (Pianoa).

Martxoak 26 | Osteguna | Hika Ateneo | 19.30etan Jam Session.

Martxoak 31 | Asteartea | La Galera | 19.00etan Sinfonikoen Saileko Kontzertua.

Apirilak 2 | Osteguna | Félix Serrano Ikastetxea | 19.00etan Sinfonikoen Saileko Kontzertua (helduak).

Apiriliak 23 | Osteguna | La Galera | 19.30etan Juventudes Musicales. Per Sonare (Eskusoinua eta Kitarra).

Apirilak 30 | Osteguna | Hika Ateneo | 19.30etan Jam Session.

Maiatzak 6 | Asteazkena | La Galera | 19.00etan Piano Kontzertu-audizioa.

Maiatzak 13 | Asteazkena | La Galera | 19.00etan Sinfonikoen Saileko Kontzertu-audizioa.

UDAL MUSIKA BANDA

Otsailak 13 | Ostirala | Santa y Real Casa de La Misericordia 17.30etan Bandaren Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu.

Otsailak 19 | Osteguna | Zabalguneko Merkatua | 19.30etan Ihauterietako Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu. Doako sarrera (Turismo Bulegoan eskuragarri gonbidapenak, edukiera bete arte).

Martxoak 15 | Igandea | San Pedro Plaza (Deusto) | 12.00etan Bandaren Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu. 2008-09 Udazken-Neguko Kontzertu Denboraldia:

Martxoak 1 | Igandea | Euskalduna Jauregia Auditoria | 12.00etan Zuzendari gonbidatua Fernando Bonete (Albacete Udal Banda).

Martxoak 29 | Igandea | Euskalduna Jauregia Auditoria | 12.00etan Bakarlari gonbidatua: José Vicente Pla (Klarinetea). Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.

Apirilak 5 | Igandea | Euskalduna Jauregia Auditoria | 12.00etan Bilboko Udal Musika Bandaren 2008-2009 Denboraldiaren amaira kontzertua.

TXISTULARIEN UDAL BANDA

2008-09 Udazken-Neguko Kontzertu Denboraldia. Euskalduna Jauregia. 20:00etan. Doako sarrera. Edukiera mugatua:

Otsailak 16 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Txistularien Banda, Iñigo Eskubi kitarrajolearekin.

Martxoak 2 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-1 | 20.00etan Et incarnatus-en Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu (Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea).

Martxoak 16 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-1 | 20.00etan Bilboko Udal Txistulari Banda Bartzelonako Teatro Liceo-ko Dantzariekin batera. Josu Mentxakaren koreografia.

Informazio gehiago:: www.bilbaomusika.net