Zenbakia 9. Urria 2008
»  00 SUMARIO
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
MIKEL ARANBURU
Folklorista eta Iruñeko Udal Bandako txistularia
"Bilboko Banda erreferentzia da txistulariontzat"
 

»   01 GAIA

^ IKASTURTE BERRIAN, JARDUERA GEHIAGO ETA HOBEAK

Ondo merezitako udako atsedenaren ostean, ilusio berriekin eta berrikuntza nabarmenekin ekin behar diogu ikasturte hasierari, eta horiexen berri eman behar dizuegu BilbaoMusika Berriak aldizkariaren ale honetan. Lehendabiziko aldiz, 1.500 matrikulazioen muga gainditu dugu, eta hori, albiste pozgarria izateaz gain, Udal Eskola Musikaren kontsolidazioaren isla dela esan dezakegu. Eskola Uriko kultur erreferentzia bilakatu da, eta horren fruituak datozen urteotan ikusiko ditugu bertatik ateratako talentu berrien bitartez.
Musika-prestakuntza teoriko eta praktikoa, era askotako instrumentuen interpretazioa ikastea, genero eta estilo desberdinei arreta egitea, dantza, kantua... denetarik ikus eta ikas daiteke BilbaoMusikan. Eta gogoan izan urtean zehar ikasleek ikasgelan ikasitako guztiaz gozatzeko aukera ederra izango dugula, bai Santa Zeziliaren omenezko ospakizunean, bai Eguberrietako ohiko kontzertuetan, bai eta Eskolako ikasleek taula gainean eta jendaurrean debuta egiteko modua duten data jakin batzuetan ere.
Gure bi banda profesionalei dagokienez, Udal Musika Bandaren kontzertuak Arriaga Antzokitik Euskalduna Jauregira aldatzea izango da ikasturte honetako berrikuntza nagusia. Udal antzokiak baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu kontzertuak interpretatu eta entzuteko, baina aurtengo denboraldian Bandak kontzertuak Euskalduna Jauregian eskaintzea erabaki du. Entzuleei eskaintzen dizkien akustika eta erosotasun baldintza bikainekin batera, Bandari ekipamendu eszenikorik onenaz baliatzeko aukera ematen dio, teknologiarik berrienaz hornitutako instalazio modernoei esker. Euskalduna Jauregiko Auditorio ikusgarriak aforo erabilgarria handitzeko aukera ere emango du, eta ondorioz, Udal Musika Bandaren kontzertuetarako egoitza berria, betiko publikoaren gustukoa izateaz gain, Banda behin ere entzun ez dutenak joatera animatu eta musika talde honen kalitate sinfoniko paregabeaz gozarazteko baliagarria izatea ere espero dugu.
Duela urte batzuk, Udal Txistulari Banda Euskaduna Jauregi honetan bertan hasi zen doako kontzertuak eskaintzen, eta denboraldi berri honetan, eguna aldatuko du, ia entzunaldi guztiak astelehenez egingo baititu. Urritik martxora bitartean, Garikoitz Mendizabalek zuzendutako taldeak —eta kontzertu- ziklo honetan parte hartuko duten talde eta bakarlari gonbidatu guztiek— txistuaren errepertorio tradizionalaz eta gure musika-tresnarik ezagunena era askotako genero, estilo eta musika-taldeekin fusionatzeko ahaleginaren emaitzez gozaraziko gaituzte ostera ere.
 

»   02 ELKARRIZKETA

^
MIKEL ARANBURU
Folklorista eta Iruñeko Udal Bandako txistularia
"Bilboko Banda erreferentzia da txistulariontzat"
Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin batera egindako 30 urtetik gorako ibilbidea eta ikerkuntzan burututako lan mardula dira —berrogeita hamarren bat lan dauzka argitara emanda— berrikitan euskal txirulari buruzko monografia plazaratu duen euskal folkloreko aditu honen bermeak. Urtarrilaren 12an, Iruñeko Txistulari Bandako gainerako kideekin batera, Bilboko Txistulari Bandak Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean antolatzen duen Euskalduna Jauregiko doako kontzertu-zikloan parte hartuko du.

Berrikitan Niebla y cristal izenburuko txistuaren eta txistularien gaineko historia liburua argitaratu duzu. Zergatik izenburu hori?
Lizentzia poetikoa da, ez bainuen nahi doktorego tesi baten antza izan zezan. Baina horraino iristen da alderdi poetikoa. Gainontzekoa zientzia-dibulgazioaren alorrean sailka daiteke nagusiki, eta edukiari dagokionez, dirudiena besterik ez da, gure musikatresna berezi eta bereizgarriari buruzko monografia huts bat, guztiz beharrezkoa nire ustez.

Txistularia Europan zehar eskuin-ezker zabalduta egon zen Erdi Aroko juglarearen ondorengotzat jotzen duzu.
Seguruenik, txirula eta danborra jotzen dituen musikari bakarraren irudia Europan sortu zen Erdi Aroan. Plazan dantza eragiteko zeukan gaitasunagatik, arrakasta eta zabalpen handia lortu zuen berehala. Errenazimentuan, gainbehera bortitza izan zuen, eta han-hemenkako folkloretan finkatuta geratu zen, Ingalaterratik Andaluziaraino; eta eremu horrexetan jarraitu du gaurdaino izaera eta garapen maila desberdinekin. Euskal txistua dugu indartsuenetakoa.

Zure esanetan, instrumentuak Euskal Herrian izan duen instituzionalizazioa funtsezkoa izan da bizirik jarrai dezan.
Danbolin-jolea edo txuntxuneroa ezinbestekoa izan zen herrietako jai eta erromerietan, Udalaren irteeretan, gonbidatuentzako harrera-ekitaldietan, zezenketetan, etab. XVII. mendetik aurrera, Udalek ekitaldika kontratatu beharrean, behin-betiko kontratatu zituzten. Lanaldia osatzeko, beste zeregin batzuk ere enkargatzen zizkieten, pregoilari moduan, sakristau eta kanpai-jotzaile bezala, lurperatzaile gisa… eta borrero bezala ere bai! Eta behin funtzio publikoan sartuz gero, badakizu. Hala ere, beti egon dira danbolin- jole independenteak, musikan buru-belarri jardun dutenak edo beste ogibide batekin batera.

Txalaparta edo trikitixaren antzera, txistuak ere berezko esparrua lor dezake, zure ustez, nazioarteko folkean edo musika berrien alorrean?
Ez dago eragozpen tekniko edo artistikorik, kontrakoa baizik. Egia esan, oso esperientzia interesgarriak egin dira alor honetan, baina beste gauza bat da masa-kulturaren mekanismoek esperientzia horiei erreparatu dieten ala ez, trikitixarekin gertatu den moduan. Nolanahi ere, gogoan izan behar da moda ez dela etorkizuneko garantia.

Ezagutzen al duzu Bilboko Banda txistu tradizionala eta beste musika-genero eta estilo batzuk uztartuz egiten ari den esperientzia?
Hurbiletik jarraitu dut Garikoitz Mendizabalek eta bere kideek txistuaren soinu-esparruak handitzearen alde egin duten apustua, forma klasikoak kontsolidatuz eta estilo eta ehundura berriak esploratuz. Erronka erakargarria da eta emaitzak entzuteko moduak dira dagoeneko. Garikoitz musikari iaioa da eta Jose Ignacio Ansorenaren irakaspenetatik sortutako belaunaldi berrien adierazgarri nabarmena. Gaur egun, Bilboko Banda erreferentzia da bertsolariontzat.

Iruñeko Udal Bandarekin batera halakoxe hitzaldikontzertua eskaini behar duzu Euskalduna Jauregian.
Bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugu, instrumentuaren eta bere historiaren alde ezezagunei buruzko azalpen labur baten ondoren, publikoak arreta handiagoaz aurre egin ohi diola entzunaldiari. Oraingo honetan, antolatzaileek txistuaren historiaz atera dudan liburua eta Bandaren kontzertua uztartu nahi izan dituzte. Aldez aurretik ez dago bien arteko ageriko loturarik, baina ziur nago entzuleek aurkitu egingo dutela.

MIKEL ARANBURU (IRUÑA, 1955)

Txistu ikasketak egin zituen Pablo Sarasate Kontserbatorioan

1975 urteaz geroztik, Iruñeko Udal Txistula Bandako kidea da

Ortzadar taldearen sorreran parte hartu eta elkarte honen Folklore Jardunaldien bultzatzailea izan da; liburuak idatzi eta ikastaro, hitzaldi eta biltzar desberdinetan parte hartu du euskal folklorea ikertu eta ezagutarazteko

Nafarroako Etnografia eta Etnologia Koadernoen zuzendaria izan da, Kulturaren Nafar Kontseiluko bokala, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariordea eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Lehendakaria

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Berrikuntzaz betetako ikasturtea hasi da
Abian da ikasturte berria eta Musika Eskolan pilak ondo kargatuta etorri gara berrikuntzaz betetako ikasturte berri honi ekiteko asmoz. Lehenik eta behin, albiste pozgarria eman behar dizuegu: ikasle kopurua hazi egin da ostera ere. Dagoeneko 1.500 matrikulazio baino gehiago ditugu (aurreko ikasturtean baino ehun bat gehiago). Zalantzarik gabe, antolakuntza mailari dagokionez eta instalazioen edukierari dagokionez benetako erronka ekarriko diguna. Hala ere, plaza batzuk bete gabe daude oraindik ikasgai eta instrumentu batzuetan (eskusoinua, biolontxeloa, fagota, bonbardinoa, tuba, oboea, tronpa, helduen korua, haurren korua, musika-informatika). Honenbestez, gogoan izan, oraindik ez da berandu gurekin bat egiteko. Gainera, aurten, gure jarduera tradizionaletako batzuk indartu ditugu, hala nola, dantza tailerrak (adinekoenak nahiz umeenak) eta adinekoen korua; eta ikasgai osagarria gaineratu diogu programari: ‘Analisia’. Honen bitartez, harmonia, altuera, erritmoa, forma eta gainontzeko osagaiak aztertzea proposatzen dizuegu , musikari buruzko ezagueran sakontzearren.
Aurtengo beste berrikuntza bat urteko tailerrak izango dira, udaberriko tailerrei gaineratuko zaizkienak. Azken hauen aldean (bizpahiru hilabeteko iraupen mugatua dute), urteko tailerrek malgutasun handiagoa eskaintzen diolarik ikaslegoari eskoletara joan eta ikasturtea behar bezala osatu ahal izateko. Bi ikasgai aukeratu ditugu urteko tailerrak inauguratzeko: ‘Inprobisazioa’ eta ‘Panderoa eta Txalaparta’. Bata zein bestea taldeka egingo dira. Inprobisazioko ikasleek, halaber, jada tradizionalak diren ‘jam session’ batean parte hartzeko aukera izango dute hilbeteko ostegun batean Hika Ateneoan. Lehenengoa urriaren 16an egingo da.

 
^ Santa Zeziliako kontzertuak
Tradizioari jarraituz, aurten ere Santa Zeziliaren eguna (azaroak 22) ospatuko dugu Musika Eskolan, santa hori baita musikan dihardugun guztion zaindaria. Aurten, bi kontzertu antolatuko ditugu, bata ikasleen eskutik eta bestea irakasleek eskainitakoa. Emanaldiak asteazkenera eta ostegunera aurreratuko dira, abenduak 19 eta 20, hurrenez hurren. Lehendabizikoan, ikasleek era guztietako erritmoez beteko dute Galera eraineko auditorioa, kantu herrikoiak, Schubert, Vivaldi eta Tchaikovsky bezalako klasikoen doinuak eta rock musikako kantu ezin ezagunagoak tartekatuz musika modernoko konbo ikaslegoaren eskutik. Hurrengo egunean, Eskolako irakasleek ikasleen lekukoa hartu eta Ayala Antzokian erakutsiko dituzte beren abildadeak. Emanaldi batean zein bestean sarrera doakoa izango da, Ayalako kasuan baina gonbidapenak kontzertukop egun berean jaso beharko dira antzokikoi txarteldegian 17.30etatik aurrera. Anima zaitez eta etorri ikuskizun paregabe hauez gozatzera!

 
^ Eguberrietako entzunaldiak
Aurten, Musika Eskolak sail desberdinetako ikasle eta irakasleek antolatutako entzunaldiak eskainiko ditu Eguberriak ospatzeko. Abenduaren 11n zikloko lehen bi saioez gozatzeko aukera izango dugu, Kantua eta Sinfonikoak sailen eskutik. Sinfonikoetakoak bi aldiz taularatuko dira (hilaren 15ean eta 18an). Bosgarren kontzertuak Eskolako eskusoinuak izango ditu protagonista (hilaren 16an). Emanaldi guztiak Galera eraikineko auditorioan egingo dira, salbu eta sinfonikoetakoen lehenengo entzunaldia, Felix Serrano ikastetxean egingo baita.
Bost entzunaldi hauez gain, ikasle eta irakasleek ohiko kalejira egingo dute Bilboko Zazpi Kaleetan barna euskal musikako doinu tradizionalez osatutako errepertorio batez, Eguberrietako bezperak alaitzeko asmoz.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Kontzertu-denboraldi berria abian da Euskalduna Jauregian
Bilboko Udal Txistulari Bandak asterik aste eskaintzen dituen doako kontzertuen denboraldi berri bat abiatu da Euskalduna Jauregian. Programazioaren originaltasunagatik, aniztasunagatik eta kalitateagatik, duela urte batzuk sortutako ekimen hau erabat kontsolidatuta dagoela esan liteke, eta horrexen froga dugu txistulariekiko hitzordu bakoitzean aretoa leporaino betetzen duen jendetza zabala.
Edizio honetan, kontzertu-zikloa urrian hasi eta martxoa arte luzatuko da, eta bere berritasun bat kontzertuak astelehenetan eskeintzera pasatasen direla da, aurreko edizioetan bezala, asteazkenetan eskeini ordez. Usadioari jarraituz eta Eguberrietako kontzertua (non Leioako Coral Katikarekin baterako kontzertu emanaldia kasu), Euskalduna Jauregiko A3 aretoko 270 eserlekuak A1 aretoko 600 aulkiekin batuko ditugu jende-etorrera handia espero delarik. Horrez gain, Udal Txistulari Bandaren eskaintzak azken urteotako arrakasta ekarri dion bideari jarraituko dio, kontzertu tradizionalak eta beste instrumentu, genero eta estiloekiko fusio-saioak tartekatuz. Kontzertu tradizionaletan, Banda Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean entzuteaz gain, Iruñeko Txistularien Udal Bandaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu, zeinetan Kontzertu - Hitzaldi legez aurkeztuko den honetan, Mikel Aramburuk “Niebla y cristal” txistu eta txistulariei buruzko liburua aurkeztuko duen. Programaren alderik esperimentalenean, gure musika-tresnarik tradizionalena ganbera-musika edo tangoak jotzen entzun ahal izango dugu. Gonbidatu bereziak ere izango ditugu, hala nola, Ensemble Diatessaron, musika eta dantza barrokoaz osatutako ikuskizun batez; Gasteizko Udal Folklore Akademia, Pedro Ignacio Elosegiren batutapean; edota dantza eta instrumentu tradizional nahiz elektrikoez egindako musika uztartzen dituen MielOtxin talde nafarra. Eta ez dugu ahaztu behar Eguberrietako kontzertua. Bertan, Leioako Kantika abesbatzak, Basilio Astulezen zuzendaritzapean, gure Bandarekin batera jardungo du Garikoitz Mendizabalek egindako “Bihurrikeritan” bakarkako bere lehen diskoaren aurkezpenean. 2008-2009 denboraldia osatzeko, “Et incarnatus” orkestrarekiko kontzertua ikusteko aukera izango dugu, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariorde Iñaki Urkizuren batutapean, bai eta Bartzelonako Lliceu Antzokiko dantzariez interpretatutako musika eta dantza ikuskizuna ere, berau Josu Mentxakaren koreografia dugularik. Ziur gaude ikusleek zer gozatu ederra aurkitu dutela eskaintza honetan.
Programa ezin erakargarriagoa eta Euskalduna Jauregiko baldintza akustiko eta teknikoen eraginez, litekeena da oraingo honetan ere aulki-patioaren aforoa txikiegi geratzea. Beraz, txistuaren ahalbideez gozatzera etortzeko asmotan zabiltzatenok programazioari adi egon… eta behar baino goizago etorri Bilboko Kongresu eta Musika Jauregira.
 
^ 2008ko Aste Nagusiko Txistulari Kontzertua
Joxean Llorente Etxeberria
“Txistulari” aldizkariko artikuluaren zatia.
Aste Nagusiko txistulari kontzertua Plaza Barrian egin zen abuztuaren 24an, eguerdiko ordu batean. Zuetako askok emanaldiaz gozatzeko aukera izan duzue ETBri esker, lehen katean eman baitzuen diferituan, joan den irailaren 13an. Azken edizioetan, kontzertua antolatzen duen Bilboko Udal Txistulari Bandak kultura eta musika alorretako protagonista ospetsuak gaineratu dizkio erakustaldiari. Aurten, Kepa Junkera izan da gonbidatua.
Berarekin batera, eta eskusoinua zerabilela, bere errepertoriotik ateratako Txistulari, Huriondo eta Gizaburuaga, Muskerraren baltsa eta Bok espok bezalako piezak eskaini genituen. Horietan guztietan, espero zitekeenez, Kepak bere trebetasun guztiak erakutsi zizkigun. Kepak iaiotasun aparta duela frogatzeaz gain, barrua hustu zuen Bilboko publikoaren aurrean. Baina Keparena bezain nabarmena izan zen Garikoitz Mendizabalen lana. Bandako zuzendariak xehatu eta aletu egin zituen Huriondo eta Gizaburuaga obraren notak oro, iaiotasunez eta adierazkortasunez betetako maisutasun bikainaz, eta taldea eta erakustaldia profesionaltasun handiz gidatzen eta gobernatzen dakiela frogatu zuen. Txistulari-n bakarkako lana egin zuten Idoia eta Gorka bandako kideen jarduna, kalitatea eta elkarlana ere azpimarratu behar dira. Banda talde ona da, zalantzarik gabe. Aurreko edizioan bezalaxe, Xabi Zabala, musikagile, moldatzaile, interprete eta txistuaren munduko aditu handiaren laguntza ordainezina izan genuen. Horren emaitza izan zen Txistulari, Baltsen potpourria, Muskerraren baltsa, Bok espok edo Biribilketaren potpourria obren garapena. Bidegabekeria litzateke gainerako interpreteak aipatu gabe uztea: Euskadi Brass metal boskotea, albokaria, perkusio-jotzaileak, baxua, gitarra, San Anton Orfeoia eta gure Aste Nagusiko ospakizun handi hori profesionaltasun handiz alaitzen laguntzeko asmoz hitzorduan parte hartu genuen txistulari guztiok.
Publikoa aipatu nahi dut bereziki. Entseguan bertan, Plaza Barrian jendetza polita zegoen. Turista talde batzuek ere zer gozatua hartu zuten bertan jo genituen doinu batzuk entzutean. Zer esanik ez Kontzertua hasi zenean. Jendeak ederto pasatu zuen lehenengo momentutik, eta Kontzertuaren goranzko erritmoak harrapatu eta harat-honat erabili zuen: programa erakargarria, jai-girokoa, buru-belarri eta profesionaltasunez interpretaturikoa. Kontzertua Badator MariJaia doinu ezagunaz amaitu zen. Azkenik, gogoratu nahi dut interpretearentzat ez dagoela publikoarekiko fusio hori baino pizgarri egokiagorik, alde biak ikuskizun bakar batean elkarturik. Gurekin egon zineten guztioi, esker mila anitz.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^ Udal Bandak Euskalduna Jauregian egingo ditu udazken-neguko denboraldiko kontzertuak
Eguraldi ona joan da eta Udal Bandak ere negurako babesa bilatu du. Asterik aste bilbotarrekiko hitzordurako erabili duen Areatzako kioskoa utzita, domekan, hilak 5, Euskalduna Jauregira aldatuko da. Egoitza berri honek aforo handiagoa eta akustika hobea du orain arte udazken-neguko denboraldiko egoitzatzat erabili duen Arriaga Antzokiak baino. Urteak joan eta urteak etorri, Rafael Sanz-Espertek zuzendutako taldeak Enrique Garcia Asensio, Pablo Sanchez Torrella, Richard Miles edota Dario Soteloren kategoriako zuzendari gonbidatuen batutapean eta Kepa Junkera edo Oskorri bezalako talde ezagunekin lankidetzan jardun du Arriagako eszenatokian.
Etapa berri honek Bilboko antzokian antolatutako aurreko denboraldi guztien distira berbera izan dezan, BilbaoMusikak programazio erakargarria prestatu du datozen hilabeteotarako. BilbaoMusika Zuzendaritza Ikasturtearen bosgarren edizioaren amaiera ekitaldia da programa honen osagairik nabarmenenetakoa, bai eta Jose Suñer Oriola musikagile valentziarrari Tokio Kosei Wind Orchestra-ren I. Konposizio Lehiaketako Lehen ‘Frederick Fennel’ Sari Berezia irabazteko aukera eman zion ‘Chamber Symphony nº1’ (‘1. Ganbera Sinfonia’) obraren estreinaldia; Bandak Eugene Migliaro Corporon zuzendari eta musikagile entzutetsuaren zuzendaritzapean —Ipar Amerikako zuzendaririk prestigiotsuenetakotzat jotzen da— eskainiko duen kontzertua; eta BilbaoMusikaren enkarguz Gregory Fritze musikagile iparramerikarrak (Estatu Batuetako Boston hiriko Berklee College of Music-eko Konposizio Saileko burua) Bilboko Udal Bandarentzat konposatu duen ‘Lau urtaroak Euskal Herrian’ obraren estreinaldia ere, Bandako zuzendari titular Rafael Sanz-Espert maisuaren batutapean. Eta abenduaren 14rako kontzertu oso berzia antolatu du Bandak. Gure ohiko ikuslegoaz gain, umeentzko ere izango den lan bat estreinatuko du. Gunther Schuler “Journey into Jazz deritzan obraz ari gara, Orkestra eta jazz seikotearentzat eginikoa, zein bandarentzako moldaketa edota transkiripzioa Bandako zuzendari titularrak eginikoa baita. Jazz munduko sei interprete esanguratsuek kolaboratzen dute bertan eta honez gain kontalari bat izango da.Tronpeta jotzen Isasi nahi duen ume baten kezkak kontatzen ditu.
Eta azkenik, abenduaren 19an, Santiagoko Katedralean izango du bere emankizuna Bandak, eguberriko kantu kuttunen kontzertua.
 

^ SOL KLABEAN. Gaur gurekin…
Andres Granados, Musika Banda eta Txistulari Bandako errejidorea

Bilboko Banda biek, Udal Musika Bandak eta Txistulari Bandak, errejidore baten laguntza dute ekainaz geroztik. Andres Granados, 50 urteko durangarra eta musika elkarte desberdinetan lau hamarkadako ibilbide luzea egindakoa, kargu sortu berri honetaz jabetu da, banden logistika zaindu, interpreteei jarduteko baldintzarik egokienak segurtatu eta entzuleei musikarien maisutasunaz gozatzea errazteko asmoz.
Andres aski ezaguna da musika munduan, eta ez soilik tuba-jotzen eta Ertzaintzako Musika Bandaren artxiboa eta logistika zuzentzen egin duen 23 urteko lanagatik: “Durangoko Bandan 10 urte nituela sartu eta bertan ikasi nuen solfeoa eta fliskornoa jotzen. Horrez gain, antolaketa lan batzuez arduratzen hasi nintzen: instrumentuak doitzeaz, eserlekuak eta partiturak antolatzeaz…”. Antolaketarako daukan dohain aparta zeharo lagungarria suertatu da duela hamar urte baino gehiagoz geroztik Durangoko musika hamabostaldiak lortu duen arrakastari eusteko.
Bandek kalean egiten dituzten emanaldi ugariei erreparatuta erabaki da errejidore bat izatea: “Kanpoko esparru batean ez dago perfekzioa lortzerik, ezinezkoa delako inguruko zarata isilaraztea, baina baldintza egokiak lor daitezke: leku erabilgarria aztertuz eta musikariei eskaintzen dizkien argitasun-baldintzak gogoan hartuz, soinuak errebotea egin dezakeen hurbileko hormarik ote dagoen ikusiz, megafoniaren eragina murriztuz —batez ere Aste Nagusiko jai-eremuan— edota, oso adibide grafikoa jartzearren, San Nikolaseko erlojuko kanpai-hotsak motelduz Areatzako kioskoan jotzen dugun bitartean”.
Esparru itxiek askoz ere arazo gutxiago ematen dute, baina zernahi gerta ere, Andresek Musika Bandaren denboraldi berriko berrikuntza nagusietako batekin lotutako lehendabiziko erronkari aurre egin beharko dio luze gabe: “Domeketako kontzertuak Arriagatik Euskalduna Jauregiko Auditoriora pasatu dira. Gu oso gustura geunden arren udal antzokian, uste dugu ordea eskenatoki berriak aukera berriak zabaltzen dizkigula. Euskaldunako bitarteko teknikoek errekurtso eta baldintza hobeak ematen dizkigute maila handiagoko obrak eskintzeko eta honela gure Bandaren izaera sinfonikoak behar bezala distira egin dezan.”
Bestalde, errejidore etorri berriak harreman publikoei dagozkien zereginak ere izango ditu bere ardurapean, gure bi udal banden jarduera ahalik eta gehien ezagutarazteko asmoz: “Txistulari Bandak bost kide eta neurri txikiko tresnak dituenez, askoz ere arazo gutxiago emango digu, nahiz eta beren interpretazio-kalitate bikainaren eraginez gonbidapen ugari jasotzen duten bakarka edo prestigiozko bakarlariekin batera jo dezaten”. Arras bestelakoa da 50 musikagilez osatuta dagoen Udal Bandaren tamainako talde bat leku batetik bestera eramatea: “Aisa asko ulertuko denez, bidaiak eta gauza eta pertsonen joan-etorriak arazo logistikoa garrantzitsua izan ohi dira. Ildo honetan, azaroan Santa Cruz Tenerifekoan egingo den Banda Sinfonikoen, Konposatzeileen, Zuzendarien eta Moldatzaileen eta Musikarien IV. Kongresu Iberoamerikarra izango da nire suzko bataioa. Udal Bandak Estatu barruan eta nazioartean lortu duen ospe handiak eraginda gonbidatu gaituzte bertara”.
Andres Granados ilusioz beterik murgildu da etapa profesional berri honetan, nahiz eta aurrerantzean, 40 urtez egin duen interprete-lanaren ordez, administrazio barruko eta antolaketari dagozkion lanak egin beharko dituen. “Hala eta guztiz ere —ohartarazi du—, ez naiz guztiz aldenduko interpretaziorik, musikaren gosea astetzeko tuba jotzen jarraituko dudalako herrian, Durangoko Bandan”.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Urriak 16 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam sessioa.

Azaroak 19 | Eguaztena | La Galera Eraikina | 19.00etan Santa Zezili kontzertua eskolako ikaslegoaren eskutik.

Azaroak 20 | Eguena | Ayala Antzokia | 19.30etan Santa Zeziliko kontzertua, eskolako irakaslegoaren eskutik.

Azaroak 20 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam Sessioa.

Abenduak 11 | Eguena | Felix Serrano Ikastetxea | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Departamenduko entzunaldia.

Abenduak 11 | Eguena | La Galera Eraikina | 19.00etan Kantu entzunaldia.

Abenduak 11 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam Sessioa.

Abenduak 15 | Astelehena | La Galera Eraikina | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Departamenduko entzunaldia.

Abenduak 16 | Asteartea | La Galera Eraikina | 19.00etan Eskusoinu kontzetua.

Abenduak 18 | Eguena | La Galera Eraikina | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Departamenduko entzunaldia.

Urtarrilak 22 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam Sessioa.

Otsailak 19 | Eguena. | La Galera Eraikina | 19.00etan Ikastexeko ikaslegoaren kontzerua. Aratusteak.

UDAL MUSIKA BANDA

Urriak 19 | Domeka | Fleming Doktorea | 12.00etan Bandaren kontzertua.

2008-09ko udazken-neguko kontzertu denboraldia:

Urriak 26 | Domeka | Euskalduna Jauregia Auditorioa | 12.00etan Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert. "Chamber Symphony nº 1” (José Suñer Oriolarena) eta Russell Pecken "The glory and the grandeur” (Banda Sinfoniko eta perkusiorako) estreionaldia.

Azaroak 16 | Domeka | Euskalduna Jauregia Auditorioa | 12.00etan Zuzendari titularra: Eugene Corporon (University of North Texas).

Azaroak 30 | Domeka | Euskalduna Jauregia Auditorioa | 12.00etan Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert. Estreinaldi mundiala: Gregory Fritzeren "Las cuatro estaciones en el País Vasco" (Bandarentzat Suite Sinfonikoa).

Abenduak 14 | Domeka | Euskalduna Jauregia | 12.00etan Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert. Jazz eta Bandako Seikotea.

Abenduak 19 | Barikua | Santiago Katedral | 19.30etan Eguberriko kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu (Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea).

Urtarrilak 18 | Domeka | Euskalduna Jauregia | 12.00etan Bilboko Udal Musika Bandaren Kontzertua.

Otsailak 1 | Domeka | Euskalduna Jauregia | 12.00etan Bilboko Udal Musika Bandaren Kontzertua.

TXISTULARIEN UDAL BANDA

Udazken-neguko kontzertu denboraldia. Euskalduna Jauregia. 20:00 etan. Doako sarrera. Edukiera mugatua:

Urriak 20 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Ensemble Diatessaron, “Le Basque”.

Azaroak 10 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Udal Txistularien Banda. José Mª Glez. Bastida eta Raimundo Sarriegiren lanen kontzertu monografikoa.

Azaroak 17 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-1 | 20.00etan Gasteizko Folkloreko Udal Eskola. Zuzendaria: Pedro Ignacio Elosegi.

Abenduak 1 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan “Bihurrikeritan” diskoaren aurkezpena. Zuzendari/Bakarlaria: Garikoitz Mendizabal.

Abenduak 20 | Zapatua | Euskalduna Jauregia A-1 | 20.00etan Eguberriko kontzertua. Leioako Katika Abesbatza (Zuzendaria: Basilio Astulez) eta Udal Txistularien Banda.

Urtarrilak 12 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Kontzertu-hitzaldia: Mikel Aranburu eta Iruineko Udal Txistulari Bandaren "El sonido de los Txistularis de Pamplona para una historia del txistu".

Urtarrilak 19 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Bilboko Udal Txistulari bandaren kontzerua. Banda Tradizonala.

Otsaika 2 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-1 | 20.00etan Nafarroako MielOtxin Taldearen eskutik Folklore Kontzertua).

Otsailak 16 | Astelehena | Euskalduna Jauregia A-3 | 20.00etan Bilboko Udal Txistularien Bandaren kontzetua. Folklore Musika.

Informazio gehiago: www.bilbaomusika.net