Zenbakia 8. Maiatza 2008
»  00 SUMARIO
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
GAIZKA SALAZAR
Eskolako perkusio irakasle eta Gatibuko bateria-jotzailea
"Diskoek errealitatea apaintzen dute; zuzeneko jarduna da garrantzitsuena"
 

»   01 EL TEMA

^ WEBGUNE BERRIAREN ERRITMOAN

Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, hurbilduz doaz apurka-apurka luzaz itxarondako oporrak. Lan handiko eta gogo biziko urtea izan da, eta zuek, BilbaoMusikako ikasleok, guk bezain ondo pasatu duzuela espero dugu. Gogoratu behar dizuegu BilbaoMusikak ez duela etenik egingo uztailean eta abuztuan, eta sasoi horrexetan izango dutela etxeko txikienek musika-udalekuez gozatzeko aukera. Uda honetarako askoz ere jarduera gehiago aurrikusita dauzkagu, eta horiexen berri emango dizuegu aldian aldian, baina aurrerapen moduan Aste Nagusiko bi une berezi-berezi nabarmendu nahi ditugu: Udal Musika Bandak Oskorri taldearekin eskainiko duen kontzertua eta Plaza Barrian egingo den Txistulari Agerraldia.
Konturatu zaretenez, BilbaoMusikaren webgunea goitik behera eraberritu da, eta ziur gaude aldaketa gustukoa duzuela. Atariari ikusizko itxura gaurkotuagoa eman nahi izan diogu, Bilboren irudiarekin bat egiten duen diseinu berri batez. Kolore eta tipografien erabileraz Udalaren irizpideei atxiki diegu, baina gure nortasuna galdu gabe.
Internet ezinbesteko baliabidea da gaur egun jarduerak –musika, gure kasuan– ezagutarazi, aurkeztu eta hedatzeko. Horregatik, hasierako orrian gure asmoen azalpena egiteaz gain, nor garen, zein den gure historia eta zeintzuk diren gure hurren proiektuak argitu nahi izan dugu. Ezer ez da soberakoa aurkezpen xalo honetan, eta honen bitartez, sarbide zuzena eman nahi dizuegu benetan interesatzen zaizuen informaziora: tailerretako prestakuntza eskaintza, matrikula tasak, kontzertuak, albisteak, etab.
Dakizuenez, BilbaoMusika Musika Bandak, Txistulari Bandak eta Musika Eskolak osatzen dute. Bakoitzak bere esparrua dauka webgune berrian, eta zuen interesekoa izan daitekeen informazio guztia klik bakar baten nekeaz eskuratu ahal izango duzue. Irudi argi eta errazak erabili ditugu, baita edozein pertsonak erabiltzeko moduko nabigazio errazeko egitura ere, dena errazagoa suerta dakizuen.
Informazioa etengabe eguneratzea ezinbesteko betebeharra da edozein webgunerentzat, eta hauxe da, hain zuzen ere, atari berri honek eskaintzen duen abantailarik nabarmenenetakoa. Etengabe eguneratzen dugu igorri beharreko informazio guztia, Eskolari dagokiona zein Musika Banda eta Txistulari Bandari buruzkoa, eta ahalegin berezia egiten dugu gertaera, kontzertu, entzuketa eta bestelako jardueren agenda eguneratuta edukitzeko.
Horrez gain, beste enpresa edo erakundeen antzera, webgunea aberasten ahalegintzen gara etengabe, www.bilbaomusika.net-en erabiltzaileei tramiteak edo informazio eskaerak erraztuko dizkieten zerbitzuak eskainiz. Ildo honetan, aski izango duzue galde-sorta bat betetzea prestakuntza-tailer desberdinetarako inskripzioak edo ikasle berriak Eskolan matrikulatzeko eskaerak e-mailen bidez gauzatu ahal izateko. Bestela esanda: etxetik mugitu gabe ere, izena emateko aukera izango duzu.
Era berean, egiaztatu ahal izan duzuenez, newsletter baten bitartez BilbaoMusika Berriak aldizkariaren ale guztiak eskura daitezke webgune berrian. Harpidetu nahi baldin baduzue, zuen helbide elektronikoa idatzi besterik ez duzue egin behar, eta une horrexetatik aurrera aldizkariaren hurrengo aleak jasoko dituzue. Gainera, blogak eta foroak ere sortu ditugu gurekin parte hartu eta elkar-eragiteko aukera izan dezazuen. Zuen iritziak ezagutu nahi ditugunez gero, zuen galdera eta iradokizun guztiei kasu egiteko prest gauzkazue. Gehiago eska al daiteke? Horixe baietz. Horregatik, aurrera begira ere BilbaoMusikak orain arteko eraberritze bideari jarraituko dio, zerbitzu berriak eskainiz eta edukiak eguneratuz.
Amaitzeko, aukera hau aprobetxatuz, eskerrak eman nahi dizkizuet egunez egun BilbaoMusika egiten laguntzen duzuen guztioi.
 

»   02 ELKARRIZKETA

^
GAIZKA SALAZAR
Eskolako perkusio irakasle eta Gatibuko bateria-jotzailea
"Diskoek errealitatea apaintzen dute; zuzeneko jarduna da garrantzitsuena"
Ziur ezaguna egingo zaizuela Gaizka Salazarren aurpegia. Batzuei BilbaoMusikan ikusteagatik, eta beste batzuei –batez ere rock onaren zaleei- GATIBU taldeko bateria-jotzailea delako. Gatibu euskal rockaren puntako taldeetako bat da, eta kantu guztiak bizkaieraz abesten ditu. Bizkaiko euskararen aldeko ahalegin honen esker onez, erakunde eta kultur elkarte ugariren sari eta goraipamenak lortu ditu. Euskal rock taldeak bi disko plazaratu ditu gaurdaino, eta Gaizkak aitortu duenez, uda honetan hirugarrena grabatzea espero dute. Hauek dira bere proiekturik hurbilenak: jazz-bateriaren goi ikasketak egiten jarraitzea, disko berria prestatzea eta gustuko dituen proiektuetan kolaboratzea; adibidez, BilbaoMusikan eskolak ematen.

Hastapenei buruz hitz egin dezagun. Argi izan zenuen beti musikan jardun nahi zenuela?
Ez da erraza zehaztea nola eta noiz piztu zitzaidan musikarekiko jakinmina, baina aitortu beharra daukat urte bi nituela pixontziari eragiten niola koilararekin jende guztia iratzarriz. Gurasoak ederto konturatu ziren gainera zetorkienaz, eta ikasten hasi nintzen, lehenengo solfeoa eta gero perkusioa. Geroztik beti jakin dut musika izango nuela bizitzaren ardatz. Ez dut uste besterik egiten dakidanik. Musikaren premia daukat!

BilbaoMusikan perkusio afrolatino ikastaroak ematen dituzu. Zer nahiago duzu: irakasle ibiltzea ala taldearekin bira bat egitea?
Irakasle lanetan, balantzea oso baikorra da, baina ez dut uste bizitza osoan irakaskuntzan jardungo dudanik. Musika jo nahiago dut. Izugarri gustatzen zait biran ibiltzea. Nolanahi ere, nire ustez, lauzpabost urtero komenigarria izaten da atsedena hartu eta nork bere burua eraberritzea, gogo eta jakinduria handiagoaz itzultzeko asmoz. Geldirik egotea ez da parte onekoa musikariarentzat.

Nola ikusten duzu musika-prestakuntza Euskadin?
Duela urte batzuk baino askoz ere hobeto. Eskola gehiago daude, informazio eta profesional gehiago eta abar, baina Euskadiko kultura musikala beste herri batzuetakoa baino apalagoa da; zer hobetu handia dugu oraindik.

Gatiburi buruz hitz egin dezagun. Zuen lehen diskoaz (“Zoramena”) 20.000 kopia saldu zenituzten, benetako arrakasta pirateriaren eta interneteko deskargen garai honetan.
Bai, arrakasta izan zen lehenengo diskoarekin horrenbeste saltzea, baina garai hartan pirateria ez zegoen horren hedatuta. Gaur askoz ere zailagoa daukagu. Dirua kontzertuek ematen dute, eta ondorioz, zuzeneko jardun sendoa ez duen banda batek jai dauka. Eszenatokiaren gainean egin behar duzu ahalegina. Disko batean, errealitatea apaindu eta soinuak diren baino distiratsuago atera ditzakezu, baina zuzeneko jarduna da garrantzitsuena, eta zer gozatu handiena ematen duena. Interneti dagokionez, mesedegarria izan daiteke beren buruak ezagutarazi nahi dituzten indar motelagoko taldeentzat.

Batuaz kantatzen duten beste euskal talde batzuen aldean, zuek bizkaieraz abesten duzue. Zergatik?
Beste barik, halaxe berba egiten dutelako Gernikan, Alex, Mikel eta Haimarren herrian; eta gainera, horixe da adierazteko dugun erarik onena. Nire ustez, bizkaierak halakoxe sonoritate berezia du, hitzak ederrago eta adierazkorrago agertzen dituena.

Azkenik, zer musika eramango zenuke uharte desertu batera?
Milioiaren galdera da hori. Aukeratzea zaila da, baina seguraski Led Zeppelin eramango nuke, eta uhartea izanda, Bob Marley ere bai, noski! Musika beltz asko ere bai: funkya, soula, jazza eta, nola ez, Rock & Rolla.

GAIZKA SALAZAR (BILBO, 1977)

Gaizka Salazar Bilbon jaio zen 1977an. Perkusioa ikasi zuen eta handik gutxira bateria jotzen hasi zen

Einbigu, Frik eta The Rabid Harpy taldeetako kidea izan da

2002an Alex Sarduik (ahotsa), Haimar Arejita (gitarra elektrikoa), Mikel Caballerok (baxua) eta Gaizka Salazarrek (bateria) Gatibu taldea osatu zuten

Gatibuk bi disko plazaratu ditu. “Zoramena” izan zen lehenengoa, eta 20.000 kopia saldu zituen. Jarraian “Disko infernu” kaleratu zuen 2005ean, Fito Cabrales (“Fito y los Fitipaldis”ekoa) eta Roberto Iniestaren (“Extremoduro”ko kantaria) lankidetzaz

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Musika-udalekuak: musikaz gozatu uda hasteko
Uda honetan, gazteenek ezinbesteko hitzordua dute BilbaoMusikaren Musika Bai! izeneko musikaudalekuen programa berritzailearekin. Hirugarren urtez, oporren hasieran, 4 eta 12 urte tarteko neska-mutilak musika mundua ezagutu eta beren adineko beste neska-mutil batzuekin harremanetan sartzeko aukera eskainiko dien bi asteko sasoi ludikoaz gozatu ahal izango dira. Aurten ere, ekimenak erabateko arrakasta lortu du, baina hau ez da gauza berria: ikastaroak hasi baino bi hilabete lehenago, “plazarik ez” dioen kartela eseki behar izan dugu.
Musika Bai! uztailean egingo da Bilboko Udal Musika Eskolako instalazioetan (Sorkunde kalea, 8), bi txandatan banatuta. Lehenengo udalekua ekainaren 30etik uztailaren 11ra bitartean egingo da, eta bigarrena, uztailaren 14tik 24ra bitartean. Jarduerak –euskaraz nahiz erdaraz– astelehenetik ostegunera egingo dira, 9:30etatik 13:30etara bitartean. Iaz ezarritako berrikuntzari jarraituz, antzerkia egiteko izena eman dutenak ordubete lehenago sartuko dira, 8:30etan alegia.
Antzerki tailerrez gain, programak era askotako jarduerak eskainiko ditu, kontzertu didaktikoak, adierazpidea, jolasak, gorputz heziketa, dantza, koreografia eta kantua tarteko direla. Errepertorioak era askotako doinu eta musika-estiloak bilduko ditu, Barrokotik hasi eta gaur egungo musikaraino, eta jarduera guztiak Udal Musika Eskolarekin kolaboratzen duten Gorputz Heziketan lizentziatutako profesionalek zuzenduko dituzte.
Udaleku bakoitzaren amaieran, uztailaren 11 eta 24an hurrenez hurren, familia osoarentzako kontzertu bana egingo da Bilborock areotan –‘Musika familian’–, eta bertan, ikasleek eszenatoki gainetik erakutsi ahal izango dute ikasitakoa kontzertu xume eta jostagarri baten bitartez. Horrez gain, diplomak banatuko dira ikastaroan parte hartutako neska-mutilen artean.

 
^ Kontzertuz betetako agenda ikasturtea amaitzeko
Ikasturte amaierari ekiteko, kontzertuz betetako agenda dakarkizuegu. Horrexen berri emango dizuegu agendari eskainitako orrialdean, baina aurrerapen moduan, hitzordurik garrantzitsuenetako batzuk gogoratu nahi dizkizuegu. Maiatzean, esate baterako, Galera eraikinean, José Antonio Domené harpa-jotzailearen talentuaz (Gazteria Musikalak, maiatzak 13) eta Carlos Goikoetxea piano-jotzailearen maisutasunaz (Interprete Gazteen I. Zikloa, maiatzak 16) gozatzeko aukera izango da; inprobisazioa jaun eta jabe izango da jam sessions delakoetan, jazz musikaren zaleentzat prestatutako musika oneko ospakizunaren bitartez (Hika Ateneoa, maiatzak 22 eta ekainak 12); ikasturte amaierako kontzertuan, sorpresaz betetako programa eskainiko da (ekainak 3, Ayala Antzokia); eta amaitzeko, ekainaren 21ean Musikaren Europar Eguneko ospakizunak egingo dira Urian sakabanatutako eszenatoki desberdinetan. BilbaoMusika ondo baino hobeto ordezkatuta egongo da talde desberdinen bitartez (txistulari taldea, eskusoinuak konboak, trikitilariak, etab.) eta Eskolako sailei esker (Musika eta Dantza Tradizionala, Instrumentu polifoniko, sinfoniko eta modernoak). Ez duzue huts egin behar!

 
^ Txistulari gazteak lehian Gipuzkoan
Joan den apirilean, BilbaoMusikako musikari gazteek lehiaketa banatan parte hartu zuten Gipuzkoako Hernani eta Elgoibar herrietan; aukera ezin hobea interprete gazte hauen talentua neurtzeko. Lehendabizi (apirilaren 12an) Hernaniko IV. Txistulari Gazteen Txapelketa egin zen, zazpi talde eta 14 txistulariren partaidetzaz. Bizkaiko ordezkari gisa, bi txistulari gaztek parte hartu zuten bakarkako kategorian. Bata, gure Eskolakoa, eta bestea, J.C. de Arriaga Kontserbatoriokoa. Astebete geroago, Elgoibarko Musika eta Dantza Eskolako Auditorioa VII. “Elgoibarko Herria” Instrumentu Taldeen Lehiaketaren eszenatoki bihurtu zen. Bilbora saririk lortu gabe itzuli ziren arren, gure txistulariek lan ezin hobea egin zuten lehiaketa hauetan.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Kepa Junkera, Aste Nagusiko Txistulari Agerraldian
Bilboko Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 24an, jaietako azken igandeko ohiturari jarraituz, BilbaoMusikak antolatutako Txistulari Agerraldia egingo da Plaza Barrian. Agerraldiak gonbidatu aipagarria izango du aurten, Kepa Junkera, egun berezi horretan Txistulari Bandarekin batera jardungo duena. Igandean, abuztuak 24, 13:30etan hasita, bertaratutakoak euskal musika eta dantzaren onenaz osatutako aukeraketa ederraz gozatu ahal izango dira.
Bilboko Udal Txistulari Bandak zuzenduta eta bere zuzendari Garikoitz Mendizabalen batutapean, jai ekitaldi honetan itzal handiko artista eta taldeek parte hartuko dute, Euskadi Brass Metal Bostkotea, Euskal Herriko Txistulariak eta San Anton Abesbatza tarteko direla. Hauen ondoan, Xabi Zabala moldaketez, teklatuez eta soinuaz arduratuko da, Iñigo Eskubi gitarraz eta Iñaki Telleria eta Asier Gartzia perkusioaz.
Aste Nagusiko ohiko ospakizun honek laurogeita hamar minutu inguruko iraupena izango du, eta Luis Aranbururen “Aintzinako Minuetoa”z abiatuko da, Txomin Agirregomezkortak moldatuta. Ondoren etorriko dira “Araban bagare”, Gontzal Mendibil eta Xeberriren hitzekin, eta Kepa Junkeraren bi doinu, “Txistulari” eta “Uriondo eta Gizaburuaga”. Agerraldiarekin aurrera eginez, “Maitetxu mía” eskainiko da, kantu tradizionalez osatutako “Abestien popurria”, eta “Behin betiko”, Imanol Urbietarena. Azkenik, Kepa Junkeraren beste bi doinu (“Muskerraren baltsa” eta “Bok espok”) entzuteko aukera izango da, baita biribilketa popurri bat ere ospakizuna amaitzeko.
Ikus dezakezuenez, Aste Nagusiaren amaierako ekitaldi honek gure kulturako onenaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du. Gurekin izango diren musikari eta dantzarien kalitatea ikusita, Plaza Barria jendez gainezka egongo da, baina ZU ZEU ere bertan egotea nahi dugu. Zure zain gaude!
 
^ Garikoitz Mendizabalek “Bihurrikeritan” bakarkako lana aurkeztu du
Bilboko Udal Txistulari Bandak euskal musika-tresna bereizgarrienaren interpretazio-aukerak sustatzeko ahalmenari eusten dio. Bandak diskogintzan egin dituen bi murgilketa arrakastatsuen ondoren, (“Harizko txistua” eta “Hala ere”), Garikoitz Mendizabal, Bandako zuzendaria, bakarkako lanean ahaleginduko da. “Bihurrikeritan” da lanaren izenburua, eta diskoa maiatzaren amaierarako egongo da salgai.
“Bihurrikeritan” 15 doinuz osatuta dago, Santos Intxausti (“V. Kontrapasa” eta “IV Kontrapasa”), Eusebio Basurko (“Artzai kantak”) eta Isidro Ansorena (“Jo, mutilak gogoz”) bezalako musikagile klasikoek edota gaur egungoagoak diren Xabi Zabala eta Korto anaien moduko konpositoreek egindako lanak tarteko direla. Diskoa osatuz, herri kantak ere tartekatu dira, hala nola, “Arin, ariña”, “Tocata antigua” delako boleroa eta, berrikuntza bezala, Europa Ekialdeko ohiko dantza bat, “Czardak” (V. Monti), Aitor Furundarena soinujole gonbidatua duena.
 
^ Kalejira Zazpi Kaleetan barna
Erosketak egitea, pintxotan ateratzea eta Bilboko Zazpi Kaleetan zehar ibiltzea are zeregin erakargarriagoak izango dira hemendik aurrera. “Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertuzikloa amaitu bezain laster, Udal Txistulari Banda Euskalduna Jauregia utzi eta Zazpi Kaleetako ohiko kalejiretan murgilduko da. Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatutako lankidetzahitzarmenari esker, Bandak kalejirak egingo ditu auzoan zehar, larunbat-larunbatero, goizeko 11etatik aurrera. Hau jakinda, beste arrazoi bat daukazu Bilboko auzo ezagun hau bisitatzeko.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^ Banda, Areatzako Kioskora
Arriaga Antzokian igandero bakarlari prestigiotsuen eta zuzendari gonbidatuen laguntzaz eskain dituen udazken- neguko kontzertu-denboraldi arrakastatsuaren ondoren, Udal Musika Bandak Areatzako kioskora eramango ditu emanaldiak. Udaberriko eguraldi gozoaz baliatuta, Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu maiatzean eta ekainean eszenatoki honetan. Kontzertuak ostiraletan egingo dira –ekaineko azken emanaldia izan ezik, larunbatean egingo baita, hilak 21, Musikaren Europar Egunarekin bat eginez (12,00etan)– arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera eta Rafael Sanz- Espert zuzendari titularraren batutapean.
Kioskoan eskainiko diren kontzertu hauetako lehena maiatzaren 16an ospatuko da. Bandako zuzendariorde Iñaki Urkizu arduratuko da zuzendaritzaz, eta zuzendari gonbidatua Juan Manuel Gómez de Edeta izango da, Estatuko orkestra eta banda onenetan diharduen tronpa-jotzaile bakarlaria. Gómez de Edeta (Valentzia, 1943) Donostiako Goi Kontserbatorioko katedraduna izan zen, eta Espainian “tronpa alpetarra” sartu izanak eman du ezagutzera. Musikari valentziarrak hainbat sari eskuratu ditu 40 urtetik gorako ibilbidearen esker onez. Maiatzeko eskaintza osatuz, kontzertu bana eskainiko da azken bi ostiraletan, hilak 23 eta 30. Lehenengoan, Natalia Montañés eta José Luis Masó izango dira protagonista zuzendari gonbidatu gisa, eta bigarrenean, Iñaki Urkizuk hartuko du batuta berriro ere.
Ekaina hasteko, hilaren 6an, Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapeko kontzertua egingo da. Ekainaren 13an, Sevillako Musika Bandako zuzendari Francisco Javier Gutiérrez-en txanda izango da, eta hilaren 20an, Sanz-Espert arduratuko da berriro orkestra zuzentzeaz udaberriko denboraldiko azken kontzertuan. Horrez gain, Bandak beste kontzertu batzuk eskainiko ditu maiatzaren 17an Buiako auzoan (Buiabarri Plaza, 12:00etan.), eta ekainaren 7an Eltziegon (Araba), arratsaldeko zortziretan, Eltziegoko Musika Bandaren sorreraren 125. Urteurrena ospatzeko ekitaldi-sortaren barruan.
 

^ Aste Nagusiak Oskorri eta Banda elkartuko ditu berriz ere
Jaien aurreko edizioan, euria dela eta, bertan behera geratu zen Oskorri eta Bilboko Udal Musika Bandak elkarrekin eskaini behar zuten kontzertua. Emanaldiaz gozatu ezinik geratu zirenek bi musikatalde beterano hauek elkarlanean ikusteko beste aukera bat izango dute aurten. Kontzertu berezi honetan, errepasoa egingo zaio Oskorriren 36 urtetik gorako errepertorio historikoari. Programaren barruan, kantu gogoangarriak entzun ahal izango dira, hala nola, “Emazurtz” —Gabriel Arestirekin batera idatzitako kanturik hunkigarrienetakoa—, “Forjarien kanta” —Eibarren greban ibili ziren forjarien kantu zaharra—, “Aita gurea” edota “Arin Bero” eta “Furra furra” klasikoak, besteak beste.
Bestalde, Aste Nagusian, Bandak kontzertua eskainiko du egun-egunero Kioskoan (igandean, abuztuak 12, hasi eta hilaren 24ra bitartean), eguerdiko 12etatik aurrera. Gainera, ohiturari jarraituz, Bandak Aste Nagusian antolatzen diren zezenketa guztiak alaituko ditu Rafael Sanz-Esperten zuzendaritzapean.
 

^ Idoia Uzquiaga klarinete-jotzailea, Bandako emakumerik beteranoena
Aldizkariaren atal berri honen bidez –aurreko alean inauguratu genuen Juanje Silguerorekin–, Udal Banda osatzen duten musikariak ezagutarazi nahi dizkizuegu. Hauxe duzue oraingo protagonista: Idoia Uzquiaga klarinete-jotzaile eta Bandako kidea 1987 urteaz geroztik. Idoia dugu, gainera, taldeko emakumerik beteranoena.
Galdakoztarra jatorriz, Idoia Uzkiaga Gilek (Bilbo, 1973) Máximo Moreno Musika Eskolan (Galdakao) ekin zion musika ikasteari, harik eta J. C. de Arriaga kontserbatorioan klarinetearen goi titulazioa lortu zuen arte. Idoiak irakasle izan ditu, besteak beste, Jesús María Bilbao Estefanía, Florián Popa, Walter Boykens edota Henry Bok, eta zenbait kontserbatorio eta musika eskoletan lan egin du. Klarinete-jotzaile bizkaitarra 13 urte zituela sartu zen Bandan, “baina orduan errekintoa jotzen nuen, hatzamarrak txikiegiak nituelako klarinetea jotzeko. Aitak zerikusi handia izan zuen instrumentuaren hautaketarekin, bera ere klarinete irakaslea eta Erandioko Musika Bandako kidea baitzen”. Idoiak musika mota guztiak ditu atsegin, salbuespen gutxi batzuk gora-behera: “bakailao musika gorroto dut”.
Bandaren egungo eginkizunari dagokionez, Idoiak uste du “Arriaga bezalako lekuetan jotzeak aldaketa ekarri digula guztioi, baina aldi berean, Bandako musikariok motibatuago sentitzea eta eszenatokian den-dena ematea suposatu du.”
Baikortasunez ikusten du klarinete-jotzaileen oraina eta geroa Euskadin. Hala ere, zera azaldu du kexuka: “LOGSEren bitartez, ikasleak orkestretara orientatzen dituzte irtenbide profesional bila, bakarlariak izan daitezen zehazkiago esanda. Ondorioz, karrera amaitu eta oposaketetara aurkezten direnean, bi aukera besterik ez dituzte ikusten: irakaskuntza eta orkestrak, eta badirudi ez dituela batere motibatzen bestelako elkarte profesionaletako kide izateak.”
Bandak zuzendari batzuk izan ditu Idoia taldeko kide bihurtu zenetik. Idoiak hitz gozoak erabiltzen ditu bakoitzari buruz mintzo denean: “Bandan sartu nintzenean, jende askok ez zuen begi onez ikusten nik “boloak” egiterik (ganbera musika, marchin’ band, txarangak, etab.), Urbanok esaterako. Baina behin batean, Aste Nagusian, Goienkalean jotzen ari ginela, hara non, bertara azaldu eta tronpeta jotzeari ekin zion. Sekulako ilusioa egin zidan. Jerryrengandik, tradizio batzuk zaintzeko zeukan interesa, eta nola ez, bere umore ona azpimarratuko nituzke. Eta Rafa Sanz-ek Bandako kideen autoestimua jasotzea lortu du, eta horren emaitza kontzertu guztietan dago ikusgai, edo entzungai hobeto esanda.”
Idoiak aitortu duenez, lehen saxofoi altua jotzea zen bere zaletasunik gogokoena, baina orain “Erandioko Bandarekin jotzen ibiltzea” da gehien gustatzen zaiona. “Bertan hasi nintzen, eta atsegina izaten da atrileko lehen lankideekin batzartzea”, esan du. Euskal klarinetejotzaileak teknika lantzen jarraitzen du RTVEko orkestra sinfonikoan diharduenMiguel Espejo Plá bakarlariarekin, ikastaroetara joaten segitzen du eta –hau bai gogoko duena– ganbera-kontzertuetan ere parte hartu ohi du horretarako aukera duen bakoitzean. Desio bat ere azaldu du, eta ziur gaude luze gabe bete ahal izango duela: “bakarlagi gisa jo nahi nuke inoiz kontzerturen batean”.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Maiatzak 16 | Barikua | La Galera Eraikina | 19.00etan Gazte Musikazaleen I. zikloa Carlos Goikoetxea (pianoa)

Maiatzak 20 eta 21 | Martitzena eta eguastena | La Galera Eraikina | 19.00etan Guitarra saileko ikaslegoaren auzdizioa.

Maiatzak 21 | Eguastena | Bidebarrieta Kulturgunea | 19.30etan Bilbaomusikako Irakaslegoaren I.Kontzertu Zikloa Klarinete bikotea : Sergio Barranco eta Rafael Climent.

Maiatzak 22 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam Session.

Maiatzak 22 | Eguena | La Galera Eraikina | 19.00etan Kontzertu / Kantu audizioa.

Maiatzak 26 | Astelehena | Bilborock Musika Moderno Saileko ikaslegoaren audizioa.

Maiatzak 30 | Barikua | La Galera Eraikina | 19.00etan Soinuaren kontzertu / audizioa.

Ekainak 3 | Martitzena | Ayala Antzokian | 19.30etan Kurtso bukaerako Kontzertua.

Ekainak 4 | Eguastena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan Pianoaren kontzertu / audizioa.

Ekainak 5 | Eguena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan Teklatu Sailaren audizioa.

Ekainak 9 | Astelehena | Bilborock Auditorioan Musika tresna Sinfonikoen audizioa.

Ekainak 11 | Eguastena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoko ikaslego nagusien audizioa.

Ekainak 12 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan Jam Session.

Ekainak 13 | Barikua | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen audizioa.

Ekainak 16 | Astelehena | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen audizioa.

Ekainak 18 | Eguastena | BilbaoMusikako Auditorioa Musika eta Dantza tradizionalaren audizioa.

Ekainak 20 | Barikua | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan Lengoaia Musikaleko ikaslegoaren audizioa.

Ekainak 21 | Zapatua MUSIKAREN EUROPEAR EGUNA.

Ekainak 22 | Domeka | San Pedro plaza | 12:30etatik aurrera Udal Musika Eskolako taldeen kontzertua .

Uztailak 11 eta 24 | Barikua eta osteguna | Bilborock | 18.30etan “Familiartean Musika”, Musika bai! Musika udalekuetako itxiera Kontzertua.

UDAL MUSIKA BANDA

Udaberriko Kontzertuen denboraldia

Maiatzak 16 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendaritza: Juan Manuel Gómez de Edeta (zuzendari gonbidatua) eta Iñaki Urkizu (Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea).

Maiatzak 17 | Zapatua | Buiabarri Plaza | 12.00etan Buia auzoan Kontzertua.

Maiatzak 23 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendari gonbidatuak: Natalia Montañés eta José Luis Masó.

Maiatzak 30 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendaritza: Iñaki Urkizu (Bilboko UdalMusika Bandako zuzendariordea)

Ekainak 6 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert.

Ekainak 7 | Zapatua | Elziego (Araba) | 20.00 h. Udal Musika Bandaren Kontzertua, Elziegoko bandaren 125 Urteurrena dela eta.

Ekainak 13 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendari gonbidatua: Francisco Javier Gutiérrez ( Sevillano Udal Musika bandako zuzendaria).

Ekainak 20 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan Zuzendari titularra: : Rafael Sanz-Espert.

Ekainak 21 | Zapatua | Areatzako Kioskoa | 12.00etan MUSIKAREN EUROPEAR EGUNA REN inaugurazio Kontzertua. Zuzendari titularra: : Rafael Sanz-Espert.

UDAL TXISTULARI BANDA

Zapatuetan | Zazpi Kaleak | 11.00etan Kalejirak.

Abuztuak 24 | Domeka | Plaza Berria | 13.30etan Txistularien Alardea, Udal Txistularien Bandarekin. Kepa Junkerara, Euskadi Brass Metal Bostkotea, Euskal Herriko Txistulariak eta San Antón Abesbatza taldeen partaidetza.

Informazio gehiago: www.bilbaomusika.net