Zenbakia 7. Otsailak 2008
»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
BONIFACIO FERNÁNDEZ "BONI"
Txistuaren kondaira
"Poz handia hartu gehuen kontserbatorioetan txistua onartu zutenean"
 

»   01 GAIA

^ ESKOLAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA: TEKLA UGARI JOTZEKO

Urte berria zoriontzeko berandu samar bada ere, ziur gaude 2008a martxa onean hasia duzuela. BilbaoMusika Berriak-en ikasturteko lehen buletin honetan ohiko atalak aukituko dituzue, eta hauekin batera, Musika Bandak eta Txistulari Bandak eskainiko dituzten kontzertuen datak eta argibideak bildu ditugu, baita elkarrizketa interesgarriak ere, bata Juan Jesus Silguero Bandako flauta-jotzaile bakarlariarekin, eta bestea, txistuaren kondaira bizia den Boni Fernandezekin, instrumentu hau kontserbatorietara eramateko ahaleginean ezinbestekotzat jotzen den pertsonaiarekin. Ez dugu ahaztu, noski, Eskolari buruzko informazioa. Ondorengo lerroak, hain zuzen ere, Eskolako prestakuntza-eskaintza eta aurtengo berrikuntza mamitsuak aztertzeko erabiliko ditugu.
Lehendabizi, berrikuntzak aipatuko ditugu. Aurten, Interprete Gazteen I. Zikloa nabarmendu behar dugu, musikari gazteen “harrobia”ri neurria hartzeko aukera paregabea. Esperientzia handiagokoek ere -irakasleek- emanaldiak eskaintzeko aukera izango dute ohi legez, baina oraingo honetan, beste eszenatoki batean, Bidebarrietako liburutegian. Nolanahi ere, apur batean zain egon beharko dugu oraindik, lehendabiziko kontzertua, gure zuzendari Luis Fernando Barandiaran pianoan eta Sergio Alonso klarinetean bilduko dituena, apirilaren 25ean egingo baita.
BilbaoMusikak aurrera jarraitu behar du ikastetxeetan kontzertu didaktikoak eskaintzeko ekimenarekin. Urteko lehen hilabete hauetan, eskolako sail desberdinen eskutik, musika sinfonikoa, rocka eta dantza tradizionala uztartzen dituen programa eskainiko da. Beethoven eta Mozart bezalako klasiko hilezkorren ondoan, oraintsuagokoak diren Beatles edo The Police bezalako taldeen doinuak entzun ahal izango ditugu, eta honek ikusle gazteen musikarekiko sena pizten lagunduko du. Aurten, gainera, martxoaren hiruko eta lauko kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira: aforo handiagoa duenez, jende gehiago sartu ahal izango dugu, eta horrela, inor ez da geratuko ikuskizunaz gozatzeko aukerarik gabe.
Aurtengo heziketa-eskaintzaren barruan, prestakuntza- tailerrek ere berrikuntza mamitsuak dakartzate. Horrenbeste eskaera jasotzen duten Aretoko Dantza klasikoei, diziplina berriak gaineratu zaizkie, koruzuzendaritzatik hasi eta konposizio eta grabazio arloko aplikazio informatikoetaraino. Ikastaro hauetan, beti bezala, lehen mailako profesionalak izango ditugu irakasle, hala nola, Claude Iruretagoiena (Dantza Tradizionala) edota Jean Michel Bedaxagar (Txirula), Zuberoako kultura eta bertako kantu-tradizio aberatsaren ordezkaria, besteak beste.
Eskolako jardueren osagarri moduan, Gazteria Musikalen kontzertuak eta Jam Session ezin bereziagoak ere antolatuko dira. Lehenengoek Estatu barruko eta kanpoko lehiaketak irabazi dituzten hainbat musikariren partaidetza berezia izango dute, ekimen hau aintzat hartzeko moduko beste arrazoi bat, dudarik gabe. Eta Jam Sessionei buruz ezin dizuegu deus berririk esan. Diziplina honetan trebatuta ez zaudetenoi, beldurrak bazterrean utzi eta inprobisaziozko emanaldi hauetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu berriz ere. Proba egiteko, Hika Ateneoan egiten diren emanaldietara inguratu edo Eskolara etorri ostegunez. Interesatuta dauden guztiek parte hartzeko aukera izango dute.
Besterik gabe, maiatzera arte agurtzen zaituztegu, gida hau erabilgarria suertatuko zaizuelakoan. Eskerrik asko BilbaMusika errealitate egiten laguntzen duzuen guztioi!

 

»   02 ELKARRIZKETA

^ BONIFACIO FERNÁNDEZ "BONI"
Txistuaren kondaira
"Poz handia hartu gehuen kontserbatorioetan txistua onartu zutenean"

Musikaz zeozer ulertzen dutenek badakite Bonifacio Fernandez “Boni” (Bilbo, 1924), benetako autoritatea dela txistuaren munduan. Gogoan izan behar dugu “Boni” Udal Txistu Akademiaren sustatzaile nagusietakoa izan zela eta oso zeregin garrantzitsua izan zuela instrumentu hau musika kontserbatorioetako ikasketa- planetan txertatzeko ahaleginean. Gertutik ezagutzen dutenek bat egiten dute “Boni”ren interpretaziogaitasun eta gizatasun aparta nabarmentzerakoan, eta Bandaren ardatz gisa, kide guztien artean diziplina, harmonia, adiskidantza eta lankidetasunari eusteko izan zuen sen berezi eta berezkoa. Bonifacio Fernandezek 84 urte ditu gaur egun -sasoiko dago oraindik- eta Zazpi Kaleetan bizi da bere iloba Itziarren familiarekin. Biloba bik familiaren tradizioari jarraitu eta txistua jotzen -zer bestela!- ikasten hasiak dira.

Nola sortu zitzaizun musikarekiko zaletasuna?
Aita musikaria nuenez gero, era guztietako instrumentuak jotzen trebatu nintzen, baina ez nuen erabaki txistuaren alde egitea soldaduskara joan nintzen arte. Astialdi handia genuenez, txistua jotzen hasi nintzen bertako kaperau aita Hilario Olazaranen metodoaz baliatuta.

Horrelako “euskal” instrumentu bat jotzeak ez zuen arazorik ematen garai hartan?
Nik gogoratzen dudanez, ez genuen inoiz erozpenik izan. Lagun asko egin genuen soldaduskan -goi kargudunen artean ere bai-, oso begiko ninduten, eta horrek erraztu egin zidan instrumentu hau luzaroago jotzeko aukera.

Non jotzen zenuten?
Soldaduska egin ondoren, etxera itzulitakoan, kalejira bat egiten genuen igandero Bilboko Zazpi Kaleetako kale desberdin batean zehar, eta San Anton elizaraino ere joaten ginen, meza nagusiaren ostean jotzera. Herri eta erromeria askotan ere jo izan dugu.

Gogoratzen duzu txistua kontserbatorioetako instrumentutzat onartu zuten eguna? Zer suposatu zuen zuretzat?
Sekulako ilusioa egin zigun; izugarrizko poza hartu genuen guztiok. Kontserbatorioetako ikasketa-planetan sartzeak musika-tresnaren “biziraupena” segurtatzen du. Lehen, ezinezkoa zen instrumentu hau ikastea eta orain onartuta dago eta merezi duen garrantzia aitortu zaio.

Seguraski, Txistulari Bandaren oraingo lana ezagutzen duzu. Zer deritzozu txistua eta beste instrumentu batzuen arteko fusioari?
Bai, ondo ezagutzen dut haien lana, eta senideek Euskaldunan eskaintzen dituzten kontzertuen jakitun jartzen naute une oro.Txistua eta beste instrumentu batzuen fusioari dagokionez, oso egokia iruditzenzait. Orain dela urte asko, Soinu tanta izeneko talde bat izan genuen, eta bertan beste instrumentu mota batzuk ere tartekatzen genituen, perkusiozkoak, biolontxeloak eta abar. Nik ere bakarka jardun dut hainbat orkestrarekin; beraz, ildo horretan, Bandak guk egindako urratsei jarraitu die.

Martxoaren 5ean, ondo merezitako omenaldia egingo dizuete txistulari beteranoei.
Bai, kontzertua egin behar dute Euskalduna Jauregian. Horrelako ospakizunek oroitzapen asko dakarkidate gogora eta ezin izaten diot emozioari eutsi. Negarrez hasteko zorian egon naiz orain; atera kontuak, beraz, zer izango den omenaldia, hor batuko den jendetza ikusita!

Txistuagaz egin dituzun 60 urteotan ez ziren pasadizoak faltako…
1967an, Estatu Batuetara egin genuen lehenengo biran, Etxe Zurian bertan egon ginen. Lyndon B. Johnson presidentearentzat jo behar genuen, baina azken momentuan esan ziguten atseden hartzera joana zela. Lastima izan zen! Oroitzapen gozoak ditut, halaber, Aste Nagusiko pregoilari izendatu ninduten garai hartaz, nahiz eta txakeak ez ninduen gehiegi konbentzitzen. Egia esanda, etiketako jantziak eta ni ez gara inoiz ondoegi moldatu.

BONIFACIO FERNÁNDEZ “BONI”

Manuel Landaluce, Victoriano Goitia eta Jesus Villar-ekin batera, Udal Txistu, Alboka eta Pandero Akademiaren bultzatzaile eta sortzaile nagusietakoa izan zen (1957)

1967, 1968 eta 1970 urteetan, Kanada eta Estatu Batuetan zehar ibili zen bandarekin. Lehenengo urtean Etxe Zurian jo zuen

1989an, Udal Bandatik erretiratu zen urte berean, Bilbok omenaldi bikoitza egin zion, Aratusteetako Zaranbolas eta Aste Nagusiko Pregoilari izendatu zuelarik

Bi disko argitaratu ditu bakarka eta beste bat Bilboko Txistulari Bandarekin batera

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Areto dantzak, konposizioa eta koru-zuzendaritza Tailerretan
BilbaoMusikak prestakuntza-tailerren edizio berri bat abiarazi du. Ikastaro hauek publiko guztientzat zabalik daude, eta bertan zazpi ikasgai jorratuko dira nagusiki, areto-dantza eta jauzietatik hasi eta koruzuzendaritza, haize-instrumentuen konponketa eta mantenimendua edota informatikak konposizio eta grabazio arloan dituen aplikazioetaraino.
Horietan guztietan, goi mailako profesionalak izango ditugu irakasle, hala nola, Ines Uriarte areto-dantzetan, Claude Iruretagoiena danta tradizionalean eta Jean Michel Bedaxagar, Zuberoako kultura eta kantutradizio aberatsaren ordezkaria, txirulan. Ikastaro hauen osagarri gisa, Miguel Blancok erritmo eta haize sailetarako eta berrarmonizaziorako moldaketen sorrerari buruzko ikastaroa emango du; Alipio Guinaldok haize-zurezko instrumentuak prestatu eta mantentzeko ikastaroa eskainiko du; Basilio Astulez Koru-Zuzendaritza eta Pedagogia ikastaroaz arduratuko da apirilaren 7az geroztik; eta Pantaleon Taberok Informatika eta Grabazioa ikastaroa burutuko du, musika konposatu eta grabatzeko programa informatiko desberdinak aztertzeko asmoz (apirilak 9).
Eskolak 2005ean ekin zion Prestakuntza-Tailerrak antolatzeari, eta berealdiko arrakasta lortu du urtez urte. Ildo honetan, aipatzeko modukoa da ikasleen parte-hartzea, tailer bakoitzean (sei-zortzi egiten dira urtero) 100 ikaslek parte hartzen baitute batez beste.

 
^ Interprete Gazteen Zikloa eta irakasleen Bidebarrietako kontzertua, aurtengo berrikuntzak
Aurreko ikasturteetan bezalaxe, Eskolako irakasleek kontzertuak eskainiko dituzte. Hori ez da gauza berria, baina bai eszenatokia. Aurten, lehendabiziko aldiz, Bidebarrietako Liburutegian egingo dira, eta emanaldi hauetako lehenak Luis Fernando Barandiaran pianojole eta Eskolako zuzendaria eta Sergio Alonso klarinete-jotzailea izango ditu protagonista. Hitzordua, apirilaren 25ean, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera. Gainerako kontzertuei buruzko informazioa hurrengo buletinetan aurkituko duzue.
Interprete Gazteen I. Zikloa (Eskolako Auditorioan) izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Carlos Goikoetxea pianojolea izango da (data zehatza www.bilbaomusika.net webgunean lor dezakezue) talentu gazteei beren baitako onena erakustea errazten dien ziklo hau abian jartzen duen hurrengo protagonista. Ez huts egin, zerrenda pasatuko dugu eta!
 
^ Bilborocken ere kontzertu didaktikoak
Bilboko BO1 eta BO2 Berritzeguneen lankidetzari esker, BiIbaoMusika Eskolak aurrera jarraituko du aurten ere ikastetxeetan -haur, lehen nahiz bigarren hezkuntzakoetan- kontzertu didaktikoak eskaintzeko ekimenarekin, musika gazteneei helarazteko asmoz. Programa honen barruan, Eskolako musika-sail desberdinek musika sinfonikoa, rocka eta dantza tradizionala eskainiko dute, otsailean, martxoan eta apirilean antolatuko diren emanaldien bitartez. Karmengo Ikastola eta Iparragirre Eskolaurre ikastetxeetako ikasleek (otsailak 19), Karmengo Andra Marikoek (martxoak 4), Zorrotzako Frai Joanekoek (martxoak 5) eta Bihotz Sakratukoek (apirilak 8) kontzertu hauetaz gozatu eta ikasteko aukera izango dute.
Martxoaren 3ko eta 4ko kontzertu didaktikoak Bilborock Aretoan egitea izango da aurtengo berrikuntzetako bat, bertako aforoak ikasle gehiago ekartzea ahalbidetuko baitu. Bestalde, Felix Serrano, Deustu, Epaltzaren Alarguna eta Pio Baroja ikastetxeek gure Eskola Musikari eskaini dizkioten zerbitzu eta erraztasun guztien eskerronez, zentro hauetan kontzertu didaktiko bana programatu da.

 
^ Gazteria musikalak & Jam Sessions
Ohi denez, Bilboko Gazteria Musikalen Elkarteak ikasturte honetarako antolatu dituen kontzertuek Estatu barruko eta kanpoko lehiaketetan irabazle suertatu diren hainbat musikariren partaidetza berezia izango dute. Kontzertuak otsailaren 19an hasiko dira, Quixote laukotearen emanaldiaz, eta honen ondoren, martxoaren 11n, Gemma Corrales flauta-jotzailea eta Stefano Spanopulus pianojolea taularatuko dira. Apirilaren 15ean, Artemis Trioren txanda izango da, eta kontzertu ziklo honi amaiera emanez, maiatzaren 13an, Gazteria Musikalen Lehiaketa Iraunkorraren irabazle Jose Antonio Domenek harpa kontzertua eskainiko du. Emanaldi guztiak BilbaoMusikako Auditorioan egingo dira (Galerako eraikina), 19:30etan, sarrera doakoa delarik.
Bestalde, aurrera jarraituko dute instrumentu mota guztiak tartekatzen dituzten Jam Sessions izeneko musika-emanaldiek. Orain arte, inprobisazioa jaun eta jabe duten ekitaldi hauetara etortzerik izan ez baduzu, Hika Ateneora (Ibeni Kaia, 1) joatera gonbidatu nahi zaitugu otsailaren 21ean, apirilaren 17an, maiatzaren 22an eta ekainaren 12an. Gainontzeko ostegunetan, ekainera arte, Jam Sessions delakoak Eskolan bertan egingo dira, interesatuta dagoen edozein pertsonak parte hartzeko moduan. Izena eman ezazu, ez zaizu damutuko eta.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Primerako gonbidatuak “Asteazkenetan, txistua benetan” zikloan
Aurrera doa, eta arrakasta handiz joan ere, “Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertu zikloaren laugarren denboraldia. Ekimen honi esker, Txistulari Bandaz gozatzeaz gain, Euskal Herriko beste txistulari talde batzuk eta musika klasikotik, jazzetik, abesbatzetatik, ernazimentuko musikatik edota folklore tradizionaletik datozen musikari bikainak entzuteko aukera izango dugu. Negu honetan, kategoria handiko gonbidatuak izango ditugu, hala nola, Iparraldeko Jean Michel Bedagaxar kantaria; Anjel Unzu musikagile, musikari eta musika-moldatzailea, eta azkenik - baina azkena izateak ez dio garrantzirik kentzen-, Bandak txistulari beteranoei eskainiko dien omenaldia, gure elkarrizketako protagonista den Bonifacio Fernandez “Boni” ezaguna ere tarteko dela.
Otsailaren 20an, Jean Michel Bedagaxar (Urdiñarbe, 1953) kantariaren ahotsa entzuteko aukera izango dugu. Zuberoko kulturaren eta bertako kantu-tradizio aberatsaren ordezkari ospetsu honek 1976an kantatu zuen estreineko aldiz jendaurrean, eta 1983an grabatu zuen lehen diskoa. Osasun arazoak tarteko, kantugintzatik aldendu zen zenbait urtez. Bedaxagarrek lan handia egin du Zuberoako pastoraletan. Ildo honetan, Agustin Xaho euskaltzalearen bizitzan oinarritutako pastoral bat idatzi zuen 1988an, eta oraintsuago, “Ama” izenburuko ikuskizuna taularatu du Etxahun Iruri -Bedaxagarren maisueta Gaiarreren oroimenez. Eszenatoki gainean Mikel Urbeltzen konpainian jardungo duen kantari honek bi disko plazaratuak ditu gaurdaino: “Xiberoa” (Elkar, 1983) eta “Otea lili denean” (Elkar, 1995).
Martxoa hasteko, hilaren 5erako ekitaldi hunkigarria antolatu da. Bertan, Txistulari Bandak omenaldia egingo die taldeko kide izan direnei: Hilario Andollo, Mikel Bilbao, Bonifacio Fernandez, Victoriano Goitia, Manuel Landaluce, Tomas Saracibar eta Jesus Villar “Txutxi” beteranoei. Musika jardunaldi honen bidez, eskerrona adierazi nahi die Udal Txistulari Akademiaren 50 urteurrenean erakunde hau sortu eta bultzatu zutenei. Bandako kideek honelako hitzak erabiltzen dituzte beren maisuei buruz mintzatzerakoan: “lanean xalotasunez eta apaltasunez jardun dute, eta lankidetasun sutsuaz ahalegindu dira kontzertuak eta emanaldiak antolatzen, ikasleekin batera eta haiengana hurreratu diren txistulari guztiekin batera ere, txistuzaletasunaren sustatzaile apartak izan direlarik.”
Neguko azken kontzertuak Anjel Unzu polifazetikoa izango du protagonista. Berarekin batera, Txistulari Banda eta gitarra, perkusioa, kontrabaxua eta tronpeta uztartzen dituen musika taldea taularatuko dira. Guztien artean, Unzuren lanak eta moldaketak biltzen dituen kontzertu aparta eskainiko digute. Kontzertuko protagonista musika-esparru guztietan ibilitakoa da: klasikoa, jazza, modernoa, orkestrala, bakarkako lanetik kontrabaxuaz lagundutako bikotera pasatuz, baita bibrafonoaz lagundutako hirukotera ere, hari-laukotearekin eta ganbera-orkestrarekin ere jo duelarik. Unzu Ganbara folk taldearen sortzailekidea da eta Iñaki Salvador, Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Oreka TX, Alaitz eta Maider eta Kepa Junkeraren kategoriako musikariekin eta Markeliñe, Tanttaka eta Golden Apple Quartet bezalako antzerki- taldeekin lan egin du. Musikari nafarrak eskusoinurako lanak ere idatzi ditu eta aldian-aldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera lan egiten du, Lalo Schifrin-ek zuzendutako zine-ikuskizunetan.
 

^ “Bihurrikeritan”, Garikoitz Mendizabalen lehen bakarkako diskoa
Txistulari Bandak diskogintzan egin dituen bi murgilketa arrakastatsuen ondoren, (“Harizko txistua” eta “Hala ere”), Garikoitz Mendizabal bakarkako lanean ahaleginduko da. “Bihurrikeritan” da Bandako zuzendariak bere lehen diskorako aukeratu duen izena. Aspaldi zebilen txistulari gipuzkoarra disko bat grabatzeko asmotan, batez ere bere grabaziorik berrienak eta azken urteotako errepertoriorik ohikoena biltzen lagunduko ziolakoan.
Disko hau egiteko asmoa 1994an mamitzen hasi zen, Garikoitz Mendizabalek bakarkako lehen txistulari saria irabazi zuenean. 14 urtez itxaron behar izan du, baina “Bihurrikeritan” errealitate bihurtu da dagoeneko txistulariaren lana zirkuko akrobata edo titiriteroen zereginarekin konparatzen duen musikari honentzat: “txistua hari baten gainean bakarka jotzea bezalakoa da”, aitortu du. Mendizabalek ez ditu ahantzi txistulari handiak, Primitivo Onraita, Martin Elola, Polentzi Gezala edo Boni Fernandez bezalakoak, izan ere, disko hau, hein handi batean, ikasle saiatuak bere maisuei egindako omenaldia baita.
“Bihurrikeritan” 15 doinuz osatuta dago, Santos Intxausti (“V. Kontrapasa” eta “IV Kontrapasa”), Eusebio Basurko (“Artzai kantak”) eta Isidro Ansorena (“Jo, mutilak gogoz”) bezalako musikagile klasikoek edota gaur egungoagoak diren Xabi Zabala eta Korto anaien moduko konpositoreek egindako lanak tarteko direla. Diskoa osatuz, herri kantak ere tartekatu dira, hala nola, “Arin, ariña”, “Tocata antigua” delako boleroa eta, berrikuntza bezala, Europa Ekialdeko ohiko dantza bat, “Czardak” (V. Monti), Aitor Furundarena soinujole gonbidatua duena.
 


»   05 MUSIKA BANDA

^ Neguko denboraldia amaitzear
Eguberrietako tartearen ondoren, Bilboko Udal Musika Bandak Arriaga Antzokiko ohiko kontzertu zikloa hasi du berriro ere. Aukera paregabea, musikarik onena maila handiko zuzendari eta bakarlari gonbidatuen eskutik entzun ahal izateko. Emanaldi hauek -bi euroko prezio sinbolikoan- Jorge J. Ripoll Corella Bandako fagot-jotzaile titularra, Bernardo Adam Ferrero musikagile valentziarra, Dario Sotelo zuzendari brasildarra eta, oraintsuago, Santiago Juan biolin-jotzailearen partaidetza izan dute gaurdaino. Ziur zuetako askok ez duzuela kontzertu hauetara joateko aukera galdu eta Bandak Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean lortu duen kalitatearen lekuko izan zaitezketela.
Martxorako (hilak 17), beste kontzertu gustagarri bat antolatuta daukagu, berriz ere Bandarekin eta Juan Jesus Silguero flauta-jotzailea bakarlari gonbidatua delarik. Silguero, Bilboko Udal Bandako flauta-jotzaile bakarlaria, Bilbon finkatutako irundarra da, flautaren zale amorratua, flauta jotzeko bi liburukiko metodo baten egilekidea eta zenbait urtez Euskal Herriko flauta- jotzaileen topaketaren antolatzaile eta zuzendaria. Matthew George orkestra-zuzendari estatubatuarra arduratuko da Arriagako kontzertuei amaiera emateaz, apirilaren 20an eskainiko duen emanaldi apartaz.
Eta udaberriaren etorreraz, eguraldi ona lagun, Banda Areatzako Kioskora aldatuko da. Eszenatoki honetan ez dira faltako, noski, itzal handiko musikari gonbidatuak eta udaberriko zikloa itxiko duen Europear Musikaren Eguneko kontzertua. Informazio gehiago, Eskolaren webgunean (www.bilbaomusika.net) eta hurrengo buletinetan. Zain gauzkazue!
 

^ Juan Jesus Silguero, Bilboko Udal Bandako flauta-jotzaile bakarlaria
Ale honetan sartu dugun atal berri honen bitartez, Bandako musikarien historia ezagutaraziko dizuegu. Aldizkariko sail berri hau estreinatzeko aukeratu dugun musikaria Juan Jesus Silguero da, Bilboko Udal Bandako flauta-jotzaile bakarlaria eta martxoaren 16an Arriaga antzokian eskainiko den kontzertuko protagonista. Musikagintzan sustrai sakonak dituen familia baten altzoan jaioa -“bost anaia-arreba gara eta musikatik bizi gara guztiok”-, Juanje Silguero (Irun, 1966) lau urte zituela hasi omen zen flauta jotzen, aitaren gomendioz: “flauta zer den galdetu nion, eta zeharka jotzen den instrumentu eder-ederra dela esan zidan. Nork pentsa zezakeen une horretan hartutako halamoduzko erabaki batek horren eragin zuzena izango zuen pertsona baten geroan”. 1984an, ohorezko matrikularekin graduatu zen Donostiako Musikaren Goi-Kontserbatorioan, eta geroztik, musikari irundarrak Euskaldin flauta zabaldu eta sustatzeko egin duen ahalegina zeregin profesionaletatik harantzagokoa izan da. Ildo honetan, Silguera instrumentu honen pedagogoari buruzko bi liburukiko metodo baten egilekidea da. “Hasieran, ikastetxeetan sarri erabiltzen zen baliabidea izan zen, baina gaur egun, musika-eskoletan erabiltzen diren liburu ugarietako bat besterik ez da”. Baina bere konpromisoa ez da horrexetara mugatu, urte askotan “Euskal Herriko flauta-jotzaileen topaketa”ren bultzatzaile nagusia izan baitzen. “Flauta-jotzailerik onenak pasatu dira hortik: Larrieu, Susan Milan, Jaime Martin, Vicens Prats, Antonio Arias, eta abar.” Topaketak dirulaguntzak amaitzean bukatu ziren, baina Juanjeren esanetan, “mahai gainean dirua jarriko balidate, Bilbon munduko flauta-ikastarorik onena eratzeko konpromisoa hartuko nuke nire gain, horrexetarako gara bilbotarrak, ezta…?”
Bach-en jarraitzaile sutsua izanik -“uretan dabilen arrainaren antzera sentitzen naiz musika barrokoa jotzen dudanean”-, irakale lana ere Juanjerren gustukoa izan da, nahiz eta seme-alabekin egon ahal izateko irakaskuntza utzi behar izan zuen. Hala ere, “asko ikasi dut nire ikasleengandik; guztiek irakatsi didate zerbait, salbuespenik gabe”, esan du musikari gipuzkoarrak. Silguero konbentzituta dago Euskadiko kontserbatorioetan profesional handiak daudela, eta beraz, etorkizun bikaina iragartzen die geroko flauta-jotzaileei. Nolanahi ere, “egungo gazteak hamaika zereginetan sartuta daude, eta instrumentua zeregin horietako bat besterik ez denez, ez diote eskaintzen behar lukeen denbora; horixe da arazorik handiena”.
Orain arte ez dugu esan, baina Juanje umore zorrotzeko pertsona da, “txikitan beti izan naiz etxeko barre eragilea”, aitortu du. Eta egiaztatu nahi duenak YOU TUBE atarian flautoby goitizenaz eseki dituen bideoak ikusta ditzake, “Pasodoble friki” edota “Loco flautista de Jamelin” tarteko direla. André Maurois aipatzen du umoreaz hitz egiteko (”atsekabea ezkutatzeko moduko maskara bat bezalakoa da”). Gogoan izan behat da, duela hiru urte, Juanjek bizitza aldarazteko moduko ezbehar tragikoa izan zuela hondartza batean. Pertsona bat hil zen eta emaztea koman geratu zitzaion, baina “zorionez, bere onera itzuli zen, eta horrek zer pentsatu handia eman zidan bizitzaz eta heriotzaz”, esan du. Juanjek bizirik egoteagatik munduarekin pozik bizi den umore zorrotzeko pertsonatzat jotzen du bere burua. “Beharbada bizimodu hobea aterako nukeen umorista gisa flauta-jotzaile bezala baino. Guztiok daukagu alderdi bihurri bat, baina batzuek erakutsi eta beste batzuek ezkutatu egiten dute”, gaineratu du.
Musika munduan egin duen 30 urtetik gorako karreran ez zaizkio falta pasadizo bitxiak. Haurtzaroari dagokin anekdota horietako batean, Juanjek gurasoei galdetu omen zien zergatik jardun behar zuen flauta jotzen bere lagunek futbolean jolasten zuten bitartean. “Aitak esan zidan nire onerako zela, eta handia nintzenean beharbada flauta jotzetik aterako nukeela bizimodua. Igandeetan ikasten ematen nuen ordu bakoitzaren truk 25 pezeta emango zizkidala esan zidan, eta nik dirua erraz irabazteko bidetzat jo nuen. Horixe izan zen, nik uste, flauta-jotzaile bezala irabazi nuen lehenengo soldara, 25 pezeta ordu bakoitzeko”. Beste batean, ehunzango bat sartu omen zioten orkestrako kide bati tronpeta barruan. “Ez genuen berriro ikusi, ehunzangoa esan nahi dut…”.
 


»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Otsailak 19 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan | 19.30etan Quixote laukotea.

Otsailak 21 | Eguena | Hika Ateneoan | 19.30etan Jam Session.

Otsailak 26 | Martitzena | El Carmen Elizan (Indautxu) Karmengo Ikastola e Iparragirre Eskolaurrearentzako musika tresna Sinfonikoen kontzertu didaktikoa.

Martxoak 3 | Astelehena | Bilborock | 19.00etan Musika Modernoaren Saileko ikaslegoaren audizioa.

Martxoak 4 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan Erromeria- Dantzaldia, musika eta Dantza tradizionalaren Saila.

Martxoak 3 eta 4 | Astelehena eta asteartea | Bilborock 10.30 etan Musika Modernoaren Saileko kontzertu didaktikoa.

Martxoak 4 | Martitzena | El Ntra. Sra. del Carmen Ikastetxean Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.

Martxoak 5 | Eguaztena | CEP Zorrotza-Fray Juan de Zorroza LHI Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.

Martxoak 10 | Astelehena | Bilborock | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.

Martxoak 11 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan | 19.30etan Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Genma Corrales (Txirula) etaStefano Spanopoulus (pianoa).

Martxoak 12 | Eguaztea | BilbaoMusikako auditorian | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.

Martxoak 12 | Eguaztea | Txurdinagako Polikiroldegian Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.

Martxoak 13 | Eguena | Félix Serrano Ikastetxean | 19.00etan Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.

Martxoak 13 | Eguena | Hika Ateneo | 19.30etan Jam Session.

Apirilak 8 | Martitzena | Jesusen Bihotza Ikastetxea ( Errekalde) Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.

Apirilak 15 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan | 19.30etan Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Artemis Trío (txirula, bibolina eta biolontxeloa).

Apirilak 22 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan | 19.30etan Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.

Apirilak 25 | Ostirala | Bidebarrietako Liburutegian (Ekitaldien Aretoan) | 19.30etan Irakasleen Ien Zikloa. Luis Fernando Barandiaran (pianoa) eta Sergio Alonso (klarinetea).

Apirilak 29 | Martitzena | CEP SAN INAZIO | 11.00etan Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.

Maiatzak 13 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan | 19.30etan Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Arpa errezitala. José Antonio

UDAL MUSIKA BANDA

Otsailak 17 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Bakarlari gonbidatua: Santiago Juan. Bibolina. Lehen Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert

Martxoak 16 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Bakarlari gonbidatua Juan Jesús Silguero (bilboko Udal bandako txirula bakarlaria); Lehen Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert

Apirilak 20 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan ZuzendarI gonbidatua: Matthew George (A.E.B)

UDAL TXISTULARI BANDA

Otsailak 20 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Jean Michel Bedaxagar eta Mikel Urbeltz.

Martxoak 5 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan Bilboko Udal Txistularien Banda. Hilario Andollo, Manolo Landaluce, Victoriano Goitia, Tomas Saracibar, Mikel Bilbao, Jesús Villar “Txutxi” eta Bonifacio Fernández “Boni” ri omenaldia.

Martxoak 19 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan Bilboko Udal Txistularien Banda eta Anjel Unzu.

www.bilbaomusika.net

Martxoak 12, 16:00etatik 21.00etara. BilbaoMusikan, Antonio Arias Orkestra Nazionaleko txirula bakarlariaren (1985-2005) maisutasunezko klasea eta Pearl txirulen erakusketa.