6. Zenbakia. Urriak 2007
»  00 AURKIBIDEA
 
01 AURKEZPENA

02 GAIA

03 ELKARRIZKETA

04 MUSIKA ESKOLA

05 TXISTUBANDA

06 MUSIKA BANDA

07 AGENDA

 

03 ELKARRIZKETA
IÑAKI SALVADOR
Txistulari Bandaren “hala ere” disko berrian parte hartu duen musikagile gonbidatua:
"Nortasuna galdu gabe, txistuak eta eskusoinuak elkarri protagonismoa ematea lortu nahi izan dut"
 

»   01 AURKEZPENA

^ “BilbaoMusika Berriak”en ale hau ikasturte berria hasteko garaian argitaratu dela aprobetxatuz, agur berezia igorri nahi nieke lerro hauen bitartez, Musika Eskolan aurten matrikulatu diren pertsonei, 1.500 inguru guztira, eta bereziki, lehendabiziko aldiz musika-tresna bat menperatzen ikasteko erronkari aurre egin diotenei. Gertutik ezagutzen ditut eginkizun horrek dakartzan zailtasunak eta ahaleginak, baita pozak eta atseginak ere, eta hauek guztiek ez dute inongo zerikusirik interpretazioaren profesional bihurtu edota eremu pribatuan musika egiteko helburuarekin. Orain abiatu den ikasturte berrian, badugu gainera beste atsegin bat, fagota gaineratu baitiogu Eskolaren orain arteko prestakuntza- eskaintzan zegoen instrumentu zerrenda luzeari.
Gure bi talde profesionalei dagokienez, Udal Musika Banda eta Txistulari Banda alegia, zorionak eman behar dizkiet orain arteko ibilbideagatik, eta azken urteotan, kalitatea eta berrikuntzaren haritik eta grabazioak zein zuzeneko emanaldiak eskainiz, musikazaleak erakartzeko izan duten ahalmenagatik, Arriaga Antzokian zein Euskalduna Jauregian.
Iñaki Salvador pianojole donostiar ezagunak, Asteazkenetan Txistua Benetan zikloaren denboraldi berrian parte hartuko duten musikari gonbidatu bikainen izenean, hausnarketa interesgarria eskaintzen digu orrialdeotan gure musika-tresna tradizionalenak “mestizajea” lantzeko eskaintzen dituen ahalbideen inguruan.
Txomin Mujika.
BilbaoMusikako Zuzendari Gerentea
 

»   02 GAIA

^ BERRIKUNTZA UGARI IKASTURTE HASIERAN

Hilabete inguru joan da ikasturtearen hasieratik, uda nahiko urruti geratu da dagoeneko, eta aisa asko esan dezakegu “eskolarako itzulera” ez dela uste bezain gogorra suertatu. Zergatia ulertzeak ez du lanik ematen: musika maite dugu eta ikasteko irrikitan gaude. Gainera, jardueraz betetako udazkena prestatu dizuegu, eta halaxe egiaztatu ahal izango duzue Urian musika hedatu eta sustatzea helburu duen BilbaoMusika berriak-en ale honetan bertan, eta gure webgunean ere bai.
Lehenik eta behin, Bilboko Txistulari Banda aipatu behar dugu derrigorrez, eta “Hala ere” izenburuko bere bigarren diskoa. Barruko orrialdeetan xehekiago azalduko dizkizuegu txistua eta eskusoinua uztartzen dituen proiektu berritzaile honen nondik norakoak, Kepa Junkera, Aitor Furundarena edota Joxean Goikoetxearen kategoriako musikari prestigiotsuak tarteko direla. Musikari hauetako bat da, hain zuzen ere, gure elkarrizketako protagonista: Iñaki Salvador pianojolea. Salvador gure arteko jazz musikaririk ezagunenetakoa da, eta antzerkia, zinema eta telebistarako musika egiteaz gain, Mikel Laboa, Oskorri, Luis Eduardo Aute eta Golden Apple Quartet bezalako artisten ondoan lan egin du. Ez galdu barruan eskaintzen dizkigun gogoeta ezinago interesgarriak. Gainera, informazio gehiago aurkituko duzue Txistulari Bandak Euskalduna Jauregian Cum Altam edo Donostiako Txistulari Banda - bezalako gonbidatu berezien konpainian eskainiko duen “Astezkenetan, txistua benetan” kontzertu-zikloaz eta Eguberriko kontzertu tradizionalari buruz. Leporaino beteko da; ez hutsik egin.
Eta jakina, ez zaigu ahaztu behar Bilboko Udal Musika Banda. Arriagako kontzertu denboraldia hasita dago jadanik, eta ziur zuetako asko horren lekuko izan zaretela. Barruko orrialdeetan kontsultatu data guztiak, eta bakarlari ospetsuen eta bisitan etorriko zaizkigun zuzendarien erlazioa. Informa zaitez, halaber, Musika Eskolak eskainiko dituen berrikuntza guztiez. Aurten, esate baterako, aurreko ikasturte batzuetan izandako bi ikasgai berri sartu ditugu, Panderoa eta Txalaparta, eta estreineko aldiz, gaur egungo edozein orkestratan ezinbesteko musika-tresna bihurtu den instrumentu bat, fagota. Horrexen berri ematen dizuegu, besteak beste, aldizkariaren seigarren ale honetan.
Besterik gabe, gida labur hau lagungarri suertatuko zaizuen esperoan, datorren urtera arte agurtu behar zaituztegu. Eskerrik asko BilbaoMusika errealitate bihurtzen laguntzen duzuen guzti-guztioi.
 

»   03 ELKARRIZKETA

^ IÑAKI SALVADOR
Txistulari Bandaren “hala ere” disko berrian parte hartu duen musikagile gonbidatua:
"Nortasuna galdu gabe, txistuak eta eskusoinuak elkarri protagonismoa ematea lortu nahi izan dut"

Pianojole, moldatzaile eta musikagilea izateaz gain, Iñaki Salvador Estatuko jazz munduko izenik garrantzitsuenetakoa da. Euskal musikariak antzerkia, zinema eta telebistarako musika idatzi du, eta horrekin batera, moldatzaile eta interprete bezala lan egin du Mikel Laboa, Oskorri, Imanol, Luis Eduardo Aute, Golden Apple Quartet eta beste zenbait artistaren 60 disko baino gehiagotan. Pianojole donostiarraren agenda proiektuz beteta dago datozen hilabeteotarako: birak Kolonbia eta Ekuadorren zehar; Serrat, Aute edo Fito Paezen kantuak Ainara Ortegaren ahotsean eta Salvadorrek moldatuta biltzen dituen CD berri bat (“Te doy una canción”) prestatzea; hirukote formatuko kontzertuak, edota, Edorta Lamo sukaldariarekin batera, gastronomia eta musika uztartuko dituen disko-liburua plazaratzeko proiektua. Salvadorrek, halaber, Bilboko Txistulari Bandaren “Hala ere” CD berrian izan duen partaidetzaren nondik norakoak laburbildu dizkigu.

“Hala ere”. Zerk animatu zintuen proiektuan parte hartzera?
Dudarik gabe, proposamenaren interes musikalak. Sorkuntzaren egungo egoeran ez da erraza musikagintza sustatu eta bultzatzen duten pertsona eta erakundeak aurkitzea. Niretzat, pribilegio eta ohore handia izan da Bandako arduradunek gogoan izan nintzaten proiektuan parte har nezan. Benetako oparia izan da niretzat.

Zu pianojole bezala ezagutzen zaitugu gehienbat, baina CDan txistua eta eskusoinua dira nagusi. Nolako harremana izan duzu euskal musika herrikoiarekin hain lotuta dauden instrumentu hauekin?
Con el txistu he tenido la relación que cualquier persona con cierta sensibilidad musical y nacida aquí puede establecer desde lo emocional: es un instrumento que nos referencia (no el único, pero de manera clara) con todo ese inconsciente colectivo cultural que damos en llamar “raíces”.
Txistuarekin, hemen jaio eta nolabaiteko sentiberatasun musikala duen persona orok emozioen aldetik manten dezakeen harreman bera izan dut: gure erreferentziazko instrumentua da (ez bakarra, baina bai begibistakoena), “sustraiak” deritzogun kultur inkontziente kolektibo hori bere baitan biltzen duena.
Eskusoinuari dagokionez, jotzen dakidan instrumentua da, oso era apalean orain, ez dudalako ikasteko edo lan egiteko erabiltzen. Atsegin handia hartzen dut instrumentu honen adierazgarritasun eta ahalmen lirikoaz, eta eskusoinuarekin konpromiso edo konplexutasun handiagoko errepertorioak jotzeko teknika galdu samarra daukadan arren, oraindik bere ezaugarriak garatzeko gauza sentitzen naiz. Eta oso pozgarria deritzot azken urteotan izan duen garapenari, prestakuntza eta sorkuntza handiko interprete ausart, geldiezin, jakinahi eta fusio-zaleei esker.

Nola deskribatuko zenuke diskorako konposatu duzun pieza?
Nire ustez, dibertimendu txiki bat da, testura “klasikoak” deritzenak, kontrapuntu kutsu batzuk kasu, jazz musika eta inprobisatutako musikaren erreferentzia dakarkiguten beste momentu batzuekin uztartzeko xedez osatutakoa. Txistuak eta eskusoinuak protagonismoa txandapasa atseginean partekatzea izan da nire helburua, elkarbizitza harmoniko batean, baina instrumentu baten edo bestearen izaera eta nortasuna ukatu gabe.

Garikoitz Mendizabalek, Txistulari Bandako zuzendariak, txistua bere jatorrizko esparruarekin zerikusirik ez duten bestelako instrumentu, estilo eta generoekin nahastekatu ditu azken lanetan, musika klasikotik jazzeraino. Zer iritzi duzu esperientzia honetaz?
Garikoitzek planteatzen duen esperientziaren aurrean, mirespena eta begirunea sentitzen dut. Nire ustez, esperientzia oso mesedegarria izango da txistuarentzat partikularzki, baina baita musikarentzat eta musikarientzar orohar. Honelako proiektuak ez dira sosetan ordaintzen, eta urte batzuk pasatu arte ez dago benetako eragina neurtzerik. Seguraski, gogoan hartzeko moduko arrisku bakarra, musikariok ezezagunaren beldurrez har dezakegun ezin ulertuzko eta mesfidantzazko jarrera da. Nire ustez, aurriritziak baztertuz eta esperientzia honen emaitzak ezagutzeko prest egonez gero, bihotza erabiliz buruaren gainetik, aintzat hartu ahal izango dugu hegan dakien hegaztiari zerumuga berriak eskaintzen dizkion ideia honen garrantzia.

Jazza hizpide dugu orain. Non eta noiz sortu zitzaizun musika honekiko zaletasuna?
Oso gazterik eta oso modu inkontzientean sortu zela esango nuke. Txikitatik, oso deigarriak egiten zitzaizkidan kantautoreen abestietako momentu batzuk, niretzat guztiz magikoak eta adieraztezinak zirenak: bat-batean, gitarra batek, saxo batek edo piano batek askatasunezko edo inprobisaziozko konpasak eskaintzen zituzten, arrazoibidearen aldetik ezin konprenituzkoak eta magikoak iruditzen zitzaikidanak. Apurka-apurka, denboraren poderioz, eta kontrolpeko eromen-une haietan gertatzen zenaren xehetasun teknikoak ikasi ahala, argi ikusiz joan nintzen jazzean bazegoela musikari bezala esploratu, ezagutu eta garatu nahi nuen zerbait. Jorratu nahian nenbilen bidea zela konturatu nintzen, eta seguraski gusturago sentituko nintzela bertan beste ibilbide musikal batzuetan baino.

Euskadik munta handiko hiru jazz jaialdi ditu: Getxokoa, Gasteizkoa eta Donostiakoa. Zein da zure gustukoena? Eta egia esan, mesedez.
Egia aitortzea nahi baduzu, kostaldekoak esango nuke, ezta? Bromak alde batera utzita, eta zuzentasun politikoan erori nahi gabe, bene-benetan esan behar dizut, urtero bat izaten dela besteak baino gehiago interesatzen zaidana. Gogoan hartu behar da, noski, zeintzuk diren batean ala bestean erakargarriak iruditzen zaizkidan kontzertuak. Gainera, hain liluragarria iruditzen zait zuzeneko musika, zuzeneko sentsazio hori, non sekulako atsegina hartzen baitut, bai askotan eta ia “sobera” etorri zaizkigun artistak biltzen dituzten eskaintzekin (horietako asko erreferentzia historikotzat jo eta jazz merkantilista eta merkantilizatuaren ohiko ordezkariak dira), bai eta lantzean behin, sorkuntza, musika eta planteamendu berriak ikusteko aukera ematen diguten bestelako proposamenekin ere. Egoki ikusten dut guztia, den-dena mesedegarria egiten zait, baina zenbaitetan, ezin ukatu, arrisku-ahalmen handiagoa aurkitu nahi nuke programazio batzuetan.

Musikenen irakasle zabiltzanez gero, zer iruditzen zaizu musika-prestakuntza Euskadin?
Ez nago kualifikatuta horren galdera generikoari zehaztasunez erantzuteko, eta ez daukat daturik iritzia nire pertzepzio pertsonaletik at eman ahal izateko. Nik ez dakit zehatz-mehatz zer egiten ari den euskal musika eskoletan. Zalantzarik gabe, gauza bat da legea, eta beste gauza bat, irakaskuntzako profesionalek egiten duguna errealitate bihurtzeko, eta elkarrekin ibil daitezke ala ez. Gauza bat argi esan dezaket, inguru hau nahiko ondo ezagutzen dudalako: Musikenen garrantzi handiko lana egiten ari dela. Abian jartzeko ahalegina apustu arriskutsu eta ausarta izan bazen ere, ziur nago inor ez dela hartaz damutuko.

IÑAKI SALVADOR (DONOSTIA, 1962)

Pianoa, eskuisoinua, Harmonia, Kontrapuntua eta Fugari dagozkien ikasketa klasikoak egin ditu Jesus Gonzalez Alonso, Francisco Escudero eta prestigio handiko beste maisu batzuekin.

Bere jazz taldeetako liderra izan da: Iñaki Salvador Trio, Naima Quartet, Andrej Olejniczak-Iñaki Salvador, Iñaki Salvador & Zilbor Hestea, guztiekin diskoak plazaratu dituelarik

Finalista izan zen 2001eko MAX sarietan, “Novecento, pianojolea Ozeanoan” muntaiarako idatzi zuen musikagatik, eta “Sí, quiero” (1999) eta “Kutsidazu bidea, Isabel” (2006) filmetako soinu-bandak konposatu ditu

Musikene Euskadiko Goi-Ikasketa Zentroan jazz sailaren bultzatzaile nagusia izan zen, baita lehenengo zuzendaria ere hasierako hiru urteetan; gaur egun, Zarauzko Nazioarteko Jazz Mintegiko zuzendari pedagogikoa da

 

»   04 MUSIKA ESKOLA

^ Ikasturte hasieran, ilusioari eutsiz
Hasia da ikasturte berria eta, lehendabiziko sentsazioen arabera, zuek, BilbaoMusikako ikasleok, guk darabilgun ilusio berberaz ekin diozue aro berri honi. Atzean geratu da beste urte bat, lan eta gogo onez betetakoa, datorkigun honetan ere errepikatzeko asmoa dugularik eta ziur gaude zuen laguntzaz lortu egingo dugula.
Hasi bezain laster konturatu gara BilbaoMusika “hazi” egin dela: dagoeneko 1.450 zarete Eskolako ikasleok, eta honek %11ko igoera suposatzen du aurreko ikasturteko matrikulazioen aldean. Zuetako gehienok “errepikatu” egin behar duzue Eskolan, eta seguraski “errudun” samarrak zarete lehen aipatu dugun hazkunde horri dagokionez. Ez da harritzekoa, bakarrik mugatu baitira ikaskide berriei gustuko instrumentuaren inguruko ikasketak hasteak dakarren “atsegina” kontatzera, presiorik gabeko atsegina alegia.
Eskaririk handiena duten instrumentuak bateria, kantua, dantza eta pianoa dira. Instrumentu hauetan oraindik lekurik dagoen ala ez jakiteko, Eskolaren webgunean (www.bilbaomusika.net) kontsulta dezakezue. Webgune honetan bertan, BilbaoMusikan eskaintzen ditugun jarduera guztien berri jaso dezakezue, hala nola, jam sessions delakoak, kontzertu didaktikoak, Udalekuak, tailerrak, etab.
Ikasturte honetarako berrikuntzak espezialitate berrietara mugatzen dira: fagota, txalaparta eta panderoa. Azken bi instrumentu hauek Eskolako udaberriko ikastaroetako tailer batzuetan landu izan dira aurretik, eta ondorioz, ikasle batzuentzat ez dira guztiz “berriak” izango. Ikastaro horiek lortutako arrakasta izan zen, hain zuzen ere, ikastegiko ikasketa-planetan “Txalaparta” eta “Panderoa” ikasgaiak sartzera bultzatu zuena. Fagota, aitzitik, estreineko aldiz eskainiko da.
 
^ Fagota, BilbaoMusikako berrikuntza
Fagota mihi bikoitza daukan haize-zurezko musikatresna da, oboearen familiakoa. Fagotaren hedadurarik handiena XVIII. mendeetan gertatu zen: Vivaldik fagoterako 37 kontzertu idatzi zituen, eta Bach, Telemann, Haendel eta beste musikagile ezagun batzuek lehentasunezko zeregina eman zioten beren konposizioetan. Gaur egungo orkestretan, bi eta lau fagot tartean erabiltzen dira, eta horietako batek bakarlariarena egiten du behar denean. Fagotaren tinbrea dela eta, instrumentu ezinago egokia da Prokofiev-en “Pedro eta otsoa”koa bezalako tonu liriko eta komikoetarako.

 

»   05 TXISTUBANDA

^ “Asteazkenetan, txistua benetan”, laugarren denboraldia
Bilboko Udal Txistulari Bandak errepertorio tradizionala beste musika estilo eta genero batzuekin uztartzearen alde abiatutako apustua atzo goizean hasi zela ematen du. Baina Euskalduna Jauregian antolatzen den kontzertu ziklo honek — “Asteazkenetan, txistua benetan”— laugarren denboraldia egingo du aurten, Uriko musika giroan erabat kontsolidatuta dagoelarik. Bandarekin gozatzeaz gain, kontzertu hauetara etortzen direnek Euskal Herriko beste txistulari talde batzuk eta musika klasikotik, jazzetik, abesbatzetatik, Ernazimenduko musikatik nahiz folklore tradizionaletik etorritako interpreteak ezagutzeko aukera izanen dute.
Garikoitz Mendizabal zestoarrak –txistuaren egungo panoraman dagoen erreferentzia nagusietakoana- zuzentzen duen taldearen 2007-2008 denboraldiko emanaldiak sorpresa erakargarriz beteta egongo dira. Bilboko Udal Bandak Donostiako eta Errenteriako banda gonbidatuen konpainian emango dituen ohiko kontzertuez gain, programak ganbera- musikari eskainitako bi kontzertu ere tartekatuko ditu, bata Ernazimentuko musikari eskainia eta bestea Barrokoari, bai eta Udal Bandaren aurreko talde batzuetan jardun zuten txistulari beteranoren omenezko ekitaldia ere, “Boni” Fernandez tarteko dela. Horrekin batera, omenaldia egingo zaie berrikitan zendutako bi euskal musikari bikaini, Joakin Iruretagoiena gipuzkoarrari eta Rodrigo de Santiago bizkaitarrari.
Bestalde, Eguberriko Kontzertuak lau opera-kantari txistuaren soinuaz entzuteko aukera paregabea eskiniko du. Iparraldetik, Mikel Urbeltzen partehartzearekin, Jean Michel Bedaxagarrek pastoralen eta Zuberoako ahozkotasunaren tradizio aberatsa hurbilduko du Euskalduna Jauregira, eta zikloa amaitzeko, Txistulari Bandak Anjel Unzu buru duen jazz taldearekin joko du.
 

^ Bandaren “Hala ere” CD berriaren aurkezpena
Bandak “Asteazkenetan, txistua benetan” programan eskainiko dituen ekitaldien artean badago bat, erabat nabarmentzeko modukoa dena. Azaroaren 19an, Txistulari Bandak bere bigarren diskoa aurkeztuko du, “Hala ere” izenburukoa, eskusoinua protagonista duena. CD honetarako, prestigio handiko hainbat euskal musikariren laguntza izan dute, Aitor Furundarena, Kepa Junkera, Iñaki Salvador —ale honetako elkarrizketako protagonista— edota Peio Ramirez —bi pieza konposatu ditu— tarteko direla. Euskal musikagile partaideen zerrenda Marijose Arregik, Xabier Zabalak eta Joxean Goikoetxeak osatzen dute. CDa Azpeitia, Zumaia, Azkoitia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zestoako udalen eta Lagun Aro Aseguro Etxearen babespean argitaratu da. “Hala ere” izenburuak Lourdes Iriondok idatzi eta Xabier Letek musikatu zuen poema bat gogoratzen du. Joxean Goikoetxea soinujoleak —diskoan parte hartu duten musikari gonbidatuetako bat— erreferentziatzat hartu du obraren musika konposatzerakoan.
Bandak txistua hari-instrumentuekin nahastekatuz argitaratu zuen “Harizko txistua” izenburuko bere lehen diskoa gustatu baldin baitzaizuen, ez galdu esperientzia berri eta berritzaile hau. Gogoan izan hilaren 19an estreinatuko dela, eta bertan izanez gero, lehenak izango zaretela eskusoinua gure musika-tresna bereizgarrienarekin uztartzeko ahalegin honetaz gozatzeko.
 

^ Beste kontzertu batzuk
Baina “Asteazkenetan, txistua benetan” eta Euskalduna Jauregitik kanpo ere, bizitzak aurrera jarraitzen du. Ildo honetan, Bandaren agenda kontzertuz beteta dago datozen asteotarako. Lehenengoa urriaren 26an emango du, Getxon, banda tradizionaleko formatuan; azaroaren 17an, Getariako elizan, “Hala ere” CDa aurkezteko; eta azaroaren 23an, banda tradizionaleko formatuan, kontzertua eskainiko du Bidebarrietako Liburutegian Udal Txistu Akademiaren 50. urteurrena ospatzeko. Honen aurretik, “Harizko txistua” ren kontzertu bana eskainiko du Arrigorriagan eta Araian, abenduaren 1ean eta bian, hurrenez hurren.
 

»   06 MUSIKA BANDA

^ Udazkena Arriagan

Udazkena iritsi zaigu, eta urtaro honekin batera, Bilboko Udal Musika Bandak Areatzatik aldameneko Arriaga Antzokira aldatu ditu domeka goizeko kontzertuak, erosotasun-baldintzarik egokienetan eskaintzeko asmoz, eguraldi kaskarretik salbu eta bi euroko prezio sinbolikoan. Noizean behin, Bandak kioskoko eszenatokian ere joko du, baina kontzertuen egoitza berriak publikoaren adostasuna lortu du, azken hiru denboralditan udal antzokia leporaino beteta egon baita.
Erosotasunarekin batera, udal kontzertuen arrakastaren oinarrian, Banda osatzen duten 51 maisuek Rafael Sanz-Espert zuzendari titularrarekin eta Iñaki Urkizu zuzendariordearekin batera frogatu duten kalitate maila aparta eta genero eta estilo desberdinak tartekatzen dituen kontzertu-programazio berritzailea nabarmendu behar dira. Aniztasun hori da, hain zuzen ere, Arriaga Antzokian urtea amaitu arte programatu diren sei emanaldien alderdirik erakargarriena. Txandaka, zuzendari gonbidatuak eta orkestrako bakarlariak azalduko dira, eta Eguberriko Kontzertuan Spanish Brass Luur Metals boskotearen partaidetza berezia izango da.
Laugarren kontzertu denboraldi hau urriaren 7an inauguratu zen ofizialki. Bandako kidea den Josep Vicente Ripoll saxo-jotzaileak bakarka jo zuen orduan, pianoa, bateria eta kontrabaxuaz osatutako jazz hirukote baten ondoan, taldearen soinu klasikoari ñabardura bereziak erantsiz. Jarraian, hilabete honetan bertan (urriaren 28an), beste gonbidatu berezi bat etorriko da: Fernando Bonete, Albaceteko Udal Bandako Zuzendari Titularra. Mantxako musikariak sari ugari jaso du: 1992an, Valentziako “Joaquin Rodrigo” Goi-mailako Musika Konterbatorioak antolatutako Koru Zuzendaritza lehiaketa irabazi zuen; 1995ean, Madrilgo Goi-mailako Musika Errege- Kontserbatorioak deitutako Orkestra Zuzendaritza lehiaketa; eta 1999an, “Valentziako Hiria” Nazioarteko Lehiaketako kategoria goreneko lehen saria eta ohorezko aipamena. Era berean, Bonetek hainbat grabazio egin ditu disketxe desberdinetarako (RTVE-Musica, Radio 9 eta RNE-Radio Clásica), eta aldian aldian, Estatuko orkestra eta banda sinfonikorik garrantzitsuenak zuzentzera gonbidatzen dute. Iñaki Urkizu, Bandako zuzendariordea, izango da azaroaren 11n musika talde beterano honen kontzertua zuzentzeaz arduratuko dena. Eta hilaren 25ean, Bandako beste bakarlari bat entzuteko aukera izango da: Rafa Climent Pineda. Valentzian jaiotako musikari hau 1988an bihurtu zen Bilboko Udal Bandako kide, lehenengo errekintoa jotzen eta gaur egun klarinetearekin. Handik hona, Bilboko, Euskadiko eta Espainiako orkestra sinfonikoekin batera jo izan du, besteak beste. Horrez gain, musika garaikideko Kuraia elkarteko kidea da, eta talde honekin, Euskal Herriko eta nazioarteko musikagileen hainbat kontzertu eta estreinalditan parte hartu du. Aaron Copland klarinete laukoteko kidea ere bada, eta han-hemenka eskaini dituen emanaldi nabarmenen artean, Bilboren 700. urteurrenekoa azpimarratu behar da, Kuraiarekin Parisen 2001eko apirilean eman zuena.
Abendua hasteko, hilaren 2an, Bandaren emanaldia BilbaoMusikako IV. Zuzendaritza Ikastarotik aukeratutako ikaskideen batutapean egingo da. Rafael Sanz-Espert, Bandako zuzendari titularra, arduratuko da ikastaroa emateaz eta zuzentzeaz. Udazkeneko denboraldia amaitzeko, luxuzko gonbidatua izango dugu Eguberriko Kontzertuan. Abenduaren 16an, Bandak Spanish Brass Luur Metals boskotearen lankidetza berezia izango du. Talde honek bi tronpeta, tronpa, tronboia eta tuba uztartzen ditu, eta 1989an sortu zenetik nazioarteko sari eta aipamen ugari lortu du. Mundu osoko jaialdietan parte hartzeaz gain, taldea Maurice Jarre musikagile ezagunaren — “Lawrence Arabiako” eta “Zhivago Doktorea” bezalako film mitikoen musikaren egilea— kolaboratzailea izan da, eta Asturiasko Printzea Sariak banatzeko ekitaldian ere parte hartu du.
Ikus dezakezuenez, argudio musikal sendoak ditugu udazkenean laugarren denboraldi honetaz goza zaitezten. Xehetasunak aldizkariko agendan kontsulta ditzakezue. Sarrerak eskuratu lehenbailehen, bestela agortu egingo dira eta!
Abendurarteko egitaraua aurreratu arren jakin badakizue denboraldia martxorartekoa dela. Hurrengo zenbakian jakinaraziko dizuegu guzti horretaz.
 


»   07 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Azaroak 21 | Eguaztena | La Galera Eraikina | 19.00etan Ikasleen kontzertua.

Azaroak 22 | Eguena ! Ayala Antzokia, 19.00etan Santa Zezili Irakasle Kontzertua.

Abenduak 4 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan Atal Modernoa.

Abenduak 12 | Eguaztena | La Galera Eraikina | 19.00etan Atal Sinfonikoa.

Abenduak 13 | Eguena | Felix Serrano ikastetxea | 19.00etan Atal Sinfonikoa.

Abenduak 17 | Astelehena | El Karmen Aretoa | 19.00etan Ekalrteen Atala.

Abenduak 19 | Eguaztena | La Galera eraikina | 19.00etan Akordeoilari Atala.

Abenduak 22 | Zapatua | Goizez Alde Zaharretik Kalejira.

Urtarrilak 29 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan Atal Tradizionala.

UDAL MUSIKA BANDA

Urriak 7 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Bakarlari gonbidatua: Josep V. Ripoll, Bilboko Udal Musika Bandako saxofoijolari bakarlaria. Lehen Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert.

Urriak 28 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Zuzendari gonbidatua: Fernando Bonete, Albaceteko Udal Bandako Zuzendaria Titularra.

Azaroak 11 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan. Zuzendaria: Iñaki Urkizu (Bilboko Musika Bandako Zuzendariordea).

Azaroak 25 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Bakarlari gonbidatua: Rafa Climent Pineda (Bilboko Udal Bandako klarinetea). Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.

Abenduak 2 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Zuzendari gonbidatuak: BilbaoMusikako IV. Zuzendaritza Ikastaroko kide hautatuak.

Abenduak 16 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan Eguberriko Kontzertua. Bakarlari gonbidatuak: Spanish Brass Luur Metalls. Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.

UDAL TXISTULARI BANDA

Urriak 26 | Barikua | Getxo Banda Tradizionaleko Formatua.

Urriak 31 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Ganberako Musika Kontzertua: txistua, pianoa eta biolontxelo.

Azaroak 12 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Cum Altam. Companya de Ministriles. "Danbolina Ernazimentuan eta Barrokoan".

Azaroak 17 | Zapatua | Getariako eliza. "Hala ere" CDaren aurkezpena.

Azaroak 19 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan "Hala ere" CD berriaren aurkezpena.

Azaroak 23 | Barikua | Bidebarrietako Liburutegia Udal Txistu Akademiaren 50. Urteurrena.

Abenduak 1 | Zapatua | Arrigorriaga | Lonbo Aretoa "Harizko txistua" CDaren aurkezpena.

Abenduak 2 | Domeka | Araia "Harizko txistua" CDaren aurkezpena.

Abenduak 12 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Bandak Joakin Iruretagoiena eta Rodrigo A. de Santiagoren omenezko kontzertua eskainiko du.

Abenduak 17 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Eguberriko Kontzertua Mari Fe Nogales, Angel Pazos, Olatz Saitua eta Fernando Latorre bakarlarien ahotsekin.

Urtarrilak 9 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Errenteriako Udal Txistulari Banda.

Urtarrilak 23 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Ganberako Musika Kontzertua txistua, pianoa, gitarra eta haize-instrumentu desberdinekin.

Otsailak 20 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan Jean Michel Bedaxagar eta Mikel Urbeltz.