5. Zenbakia. Maiatzak 2007
»  00 AURKIBIDEA
 
01 EDITORIALA

02 GAIA

03 ELKARRIZKETA

04 MUSIKA ESKOLA

05 TXISTUBANDA

06 MUSIKA BANDA

07 AGENDA

 

03 ELKARRIZKETA
IÑAKI URKIZU, BILBOKO UDAL BANDAKO ZUZENDARIORDEA:
"Oso gustura sentitzen naiz mexikoko kantu bat zein Shostakovitxen doinuak jotzen”
 

»   01 EDITORIALA

^ ESKERRIK ASKO ETA ADIORIK EZ!

Jon Sánchez Ibarluzea
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Saileko Zinegotzi Ordezkaria

Maiatzarekin batera kaleratu da BILBAOMUSIKA BERRIAK aldizkariaren bosgarren ale hau; oraingo Udalbatzaren amaiera eta hauteskundeetarako deialdiarekin batera, alegia. Jende guztiak daki dagoeneko, Kultura eta Euskara Sailaren buruzagitzan lau urte egin ondoren — honek BilbaoMusikako lehendakari izateko ardura ekarri dit, besteak beste—, nire hurrengo zeregina Bilboko Udaletik kanpo egongo dela. Ondorioz, egoki iruditu zait udal erakunde autonomo honek azken lau urteotan egin duen lanari buruzko balantze laburra egitea.
Gauza jakina da, BilbaoMusikaren ohiko jardueraren oinarrian, ondoko hiru erakunde bereizgarri hauek nabarmentzen direla: Udal Musika Banda, Txistulari Banda eta Udal Musika Eskola. Lehenengoaren kasuan, nik uste dut, Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean, Banda aurrerapauso handiak ematen ari dela formatua eta errepertorioa berritze aldera, baina mende luzeko tradizioari uko egin gabe. Gogoan izan behar dugu, ehun eta hamabi urteko historia tarteko, Banda dela Urian dagoen musika-erakunderik aspaldikoena. Arriaga antzokian eskaintzen dituen igandeko kontzertuak eta nazioarteko zuzendari eta bakarlari gonbidatuen parte-hartzea erabat arrakastatsuak izan dira. Abenduan, Oskorri taldearen hogeita hamabosgarren urteurrena ospatzeko antolatu ziren kontzertuak ere une gogoangarriak izan ziren, eta argi frogatu zuten Bandak publiko berriak erakartzeko duen ahalmena. Bakarrik falta zen Bandaren ibilbidea zehatz-mehatz islatuko zuen liburu bat plazaratzea, eta nik uste dut liburu hau egiteak aukera ederra izan digula Bilboko historiaren mende luze honetan musika oparitu diguten ehunka instrumentu- jotzaileei omenaldia egiteko. Horrez gain, aukera hau aprobetxatu nahi nuke Iñaki Urkizuri ongi etorririk beroena emateko, bera baita gure adiskide Jesus Mari Bilbao Jerry-ren lekukoa hartu duen zuzendariorde berria. Ziur nago bere jakinduria handia eta musika-bandekiko grina lagungarri suertatuko direla aro berri hau tinkatzeko.
Udal txistulariei dagokienez, ez da inondik ere txikiagoa izan ohiko jarduna berritu eta publikoaren arreta erakartzeko ahalmena. Txistubandak goitik behera gainditu du kalejiretan eta jai-giroko eta protokolozko ekitaldietan zeukan zeregina. Bandako lau kideak birtuosismo handiko musikari gazteak dira, prestakuntza handikoak, eta Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, jendearen arreta erakarri dute askok erabilgarritasun eskasekotzat jotzen zuten musika-tresna tradizional honen inguruan. Euskalduna Jauregian eskaintzen dituen asteazkenetako kontzertuek berealdiko arrakasta lortu dute publikoaren aldetik, betiko doinuak eta dantzari eta bertsolarien jardunak musika garaikidearekin, hari-laukoteekin, pianoarekin edota folk musikarekin uztartuz, esperimentazio eta fusiozko emanaldiak osatu nahian. Txistulari Bandak estilo desberdinetako diskoak argitaratu ditu, eta Biboren enbaxadore izan da nazioarteko hainbat hiritan, Hegoamerika aldean ere jo duelarik. Nik uste dut, benebenetan, gure txistubandarengandik gauza handiak espero daitezkeela, eta hau aparteko albistea iruditzen zait berez, gure musika-tresnarik bereizgarriena erreibindikatzeko izango duen balioagatik.
Azkenik, Udal Musika Eskolari dagokionez —bere zuzendaritza berriari ere ongi etorria eman nahi diot gaur eta hemen—, nik uste dut oso-osorik betetzean ari dela bere lana, arautu gabeko musika-irakaskuntzaren inguruan dagoen eskariari aurre eginez. Eskari honek gora egin du etengabe eta ikasle kopurua ere etengabe haziz joan da. Eskolak badu, gainera, programa osagarri bat, eskoletako kontzertu didaktikoak, musika tailerrak, udalekuak eta bestelako jarduerak biltzen dituena.
Laburbilduz, nik esango nuke oinarri finkoak ezarri direla lanak jarraipenik izan dezan, bai orain, bai Kultura Saileko eta BilbaoMusika erakunde autonomoko arduradun berriak beren karguez jabetzen direnean ere. Haiei, datozen lau urteotan ardura horiek beren gain hartuko dituzten guztiei, nornahi direla ere, zorterik onena opa diet. Zalantza izpirik gabe esan dezaket, gure Uriko musika- kulturari dagokion lekua emateko ahaleginean, irakasle, musikari, funtzionari eta laguntzaileez osaturiko talde ezin hobea izango dutela aldean, une oro laguntzeko prest. Hauexei hitz egin nahi diet orain, bihotz-bihotzez, eta eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urteotan haiekin batera lan egiteko eskaini didaten aukeragatik. Sekulako pribilegioa izan da niretzat. Agur esateko une honetan, hauxe da zuei esateko dudana: Eskerrik asko, eta adiorik ez!
 

»   02 GAIA

^ IKASTURTEA AMAITUTA ERE, MUSIKAK AURRERA JARRAITZEN DU


Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, hurbilduz doaz apurka-apuska luzaz itxarondako oporrak. Lan handiko eta gogo biziko urtea izan da, eta zuek, BilbaoMusikako ikasleok, guk bezain ondo pasatu duzuela espero dugu. Gogoratu behar dizuegu BilbaoMusikak ez duela etenik egingo uztailean eta abuztuan. Gure helburu nagusia, musikari buruz sentitzen dugun maitasuna zuenganatzea da, eta sentimenduari ezin zaio “oporrik” eman, noski. Uztaila hasi bezain laster, Musika Bai! lemapeko musika-udalekuak abiatuko dira hiru eta 12 urteko haur eta gaztetxoentzat. Iaz bezalaxe, bina asteko bi txanda antolatu ditugu. Horrela, jolasa, margoketa, mimoa, dantza eta bestelako jarduera jostagarrien bitartez, musika sentitzen ikasteko aukera hau segurtatu nahi dizuegu guzti-guztioi. Lehenengo txanda beteta dago jadanik, baina badago lekurik oraindik bigarrenerako. Izena eman ez baldin baduzu, oraintxe duzu aukera. Aurten, gainera, bi hamabostaldietan errepikatzeko aukera emango dizugu. Tradizioari jarraituz, bestalde, uztaileko udalekuak hasi aurretik, Musikaren Europar Eguna ospatuko dugu ekainaren 21ean. Gure ikasleek musika kalera atera eta zer gozatu ederra eskainiko dizuete Eskola ondoan kokatuko den eszenatokira hurreratzen zaretenoi.
Abuztuko sasoi jaizaleagoari begira ere, sorpresa batzuk prestatu dizkizuegu. Aste Nagusian harat-honat ibiltzeko asmorik baldin baduzu, jakin ezazu, Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko duela egun-egunero, eguerdiko 12etan, Areatzako kioskoan. Eta hau guztiau gutxi balitz, beste sorpresa bat prestatu dizuegu jai-giroko aste honetarako: Banda Oskorri talde mitikoarekin elkartuko da berriro ere, eguberrietan Arriaga antzokian eskaini zuten kontzertu hirukoitzaren arrakasta errepikatzeko asmoz. Oskorri ezinbesteko erreferentzia bilakatu da azken hiru hamarkadetako euskal musika herrikoia ulertzeko, eta benetako “delitua” izango litzateke aukera hau galtzen uztea. Hitzordua, abuztuaren 21ean, Uribitarten, 23:30etan. Baina ez, ez pentsa Udal Txistulari Bandaz ahaztu garenik. Garikoitz Mendizabalek zuzendutako talde honek ere zer eskainia izango du Bilboko Aste Nagusian. Jaietako azken egunerako, aparteko Txistulari Agerraldia antolatu da Plaza Barrian, eta bertan, gure Banda maitearekin batera, euskal musika eta dantzaren onena ikusteko aukera izango dugu. Gonbidatutako artista eta taldeen artean, Euskadi Brass Metal Bostkotea, Beti Jai Alai Dantza Taldea, San Anton Abesbatza, Maiteder Olano txistularia, Pirritx eta Porrotx eta Xabier Paia bertsolariaren presentzia nabarmendu behar da. Ikusle “mordoa” ziurtatuta dago, baina zeu ere nahi zaitugu bertan.
Horretaz eta beste gauza batzuei buruz informatzeko, BilbaoMusika berriak aldizkariaren bosgarren ale hau argitaratu dugu, gure Uriko musika eta kultura hedatu eta sustatzeko biderik egokiena, alegia. Oraingoan, gainera, Iñaki Urkizu, Bilboko Udal Bandako zuzendariorde berria, aurkeztu nahi dizuegu. Ez galdu barruko orrialdeetan duzuen elkarrizketa interesgarria. Ale honetan, halaber, Udal Musika Bandak maiatzeko eta ekaineko ostiraletan eskaini behar duen kontzertuzikloari buruzko informazioa aurki dezakezue, bai eta Txistulari Bandaren “Hala ere” izenburuko lan diskografiko berriaz jakin beharreko guztia ere. Bai, ados, gauza asko dira, baina zalantzarik sortzen baldin bazaizu, nahikoa duzu agenda-orrialdeetara jotzea. Kontzertu guztien informazio zehatza aurkituko duzu bertan.
Besterik gabe, iraila arte agurtu behar zaituztegu. Indarberrituta itzuliko gara orduan eta ilusioz gainezka ikasturte berriari aurre egiteko. Jakina, bitarte honetan beren horrexetan jarraituko dute BilbaoMusikak zuretzat antolatzen dituen jarduera guzti-guztiek. Baina ez dugu ezer aurreratu behar. Lasaitzea eta uda ondo pasatzea da oraingo gure zeregina; geroxeago etorriko dira eskolarako itzuleraz pentsatzeko garaiak. Zain izango gaituzue.
Azkenik, aukera hau aprobetxatu nahi dugu BilbaoMusika errealitate bihurtzen laguntzen duzuen guztioi eskerrak emateko. Ondo pasa!
 

»   03 ELKARRIZKETA

^ IÑAKI URKIZU BILBOKO UDAL BANDAKO ZUZENDARIORDEA:
"Oso gustura sentitzen naiz mexikoko kantu bat zein Shostakovitxen doinuak jotzen"


Iñaki Urkizu Kerejeta (Beasain, 1961) Udal Musika Bandako zuzendariorde berria da. Musikari gipuzkoarrari inondik ere erraza ez den lana egotzi diote: “botxo”ko musika-munduan itzal handiko eragilea izan den Jesus Maria Bilbao “Jerry”ri lekukoa hartzea. Ziur bere musika kurrikulu luzea lagungarri suertatuko zaiola. Urkizuk Euskal Herriko musika-talde desberdinetan parte hartu izan du, hala nola, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoan, Donostiako Talde Barrokoan, Lattor metalboskotean, Araba Brass Taldean eta Gasteiz Big-Bandean, azken honetako zuzendaria ere izan delarik. Horrez gain, ezaguna egin da musika moldatzen eta transkribatzen egin duen lanari esker, eta bere obrak hainbat musikabandaren ohiko programetan tartekatu ohi dituzte.

Oso goiz hasi zinen musika munduan.
Aita musikazale amorratua dugu, baina ikasteko aukerarik izan ez zuenez, ez da inoiz musikari handia izan. Zegamako Udal Bandan sartu zen. Saxofoi tenore zahar bat eman zioten, eta bere kasa hasi behar izan zuen. Autodidakta izan zen, noski, ez zuen beste erremediorik izan. Bera izan zen gero niri eta nire anaia-arrebei musikarekiko zaletasuna txertatu ziguna. Ni neu, zortzi urte nituela hasi nintzen tronpeta jotzen. Garai hartan, musikariak behar zituzten Beasaingo Bandan. Gazte bat solfeoa ikasten hasi bezain laster “errekrutatu” egiten zuten. Kantu bat jotzen irakasten zizuten —nire kasuan, Jorge Negrete-ren kantu bat— eta kalera, jotzera! Ia-ia igandero ateratzen ginen herriko plazara dantzagarriak jotzera.

Bandako zuzendariorde izendatu berri zaituzte. Zer ekarpen egin nahi zenioke taldeari?
Nolabait esanda, lurreratu berria naiz, eta ez da komeni iritsi orduko bat-bateko aldaketarik egitea. Besterik ezean, neure estiloa itsatsi nahi nioke, batez ere errepertorioari dagokionez. Orain bandetarako egiten den musika moderno gehiago sartu nahi nuke. Kioskoetan jotzen duten musika banden ohiko errepertorioa zartzueletara eta obertura, opera ospetsu eta abarren transkribapenetara mugatu da orain arte. Une honetan, bandarako oso lan onak sortzen ari diren musikagileak daude, musika estilo guztiak tartekatzen dituztenak: musika arinagoa, pop, jazz, zinemarako musika...

Udal Bandak Areatzako Kioskoan eta Arriagan eskaintzen ditu bere kontzertuak. Zein da, zure ustez, taldearen benetako betekizuna?
Kalean jotzea izan da beti musika banden benetako betekizuna. Banden jatorria militarra da, hau da, kalean desfilatu ahala musika jotzea. Orkestra batek ezin du kalean jo, baina banda batek bai. Garai hartan ez zegoen ia orkestrarik eta oso jende gutxik zeukan disko-jogailua; bandek, hortaz, hutsune hori betetzen zuten. Gaur egun, banda antzokietara eta auditorioetara ere sartu da. Zein den bere naturazko lekua? Auditorioa. Kaleak bere lekua izaten jarraitzen al du? Jakina. Berrikitan, Aste Santuko prozesioak egin dira, eta bertan izan da Udal Musika Banda, baita Areatzako kioskoan eta auzoetan ere. Eta Arriagan ere bai, baina errepertorio serioago batez. Gogoan izan behar da eszenatoki bakoitzak publiko mota bat daukala.

Orkestra sinfoniko batean jo duzu, baita talde barroko batean eta bi jazz taldetan ere. Zein musika mota duzu gustukoen?
Musika jotzea dut gustukoen. Ezkontzetan, txarangetan eta fanfarreetan jo dut, eta gaztetan rap, saltsa eta jazz talde batzuetan, dantzarako orkestretan eta hari-laukote batean ere bai. Denetarik egin dut, eta ez dut ezein musika adierazpiderik baztertu inoiz. Musika da guztia, denetik ikas daiteke zeozer eta den-dena gustatzen zait. Oso gustura sentitzen naiz Mexikoko kantu bat zein Shostakovitxen doinuak jotzen, Banda zuzentzen edota talde batean baxuari eragiten. Nire aisialdi apurrean — hiru seme-alaba dauzkat eta— banden musika entzun edo gaur egun konposatzen ari denari buruz ikertzen dut. Horixe da nire lanaren benetako izaera.

Esaidazu gutxienez zer disko eramango zenukeen irla desertu batera.
Mahlerren bigarren sinfonia, desberdina iruditu zaidalako beti besteen aldean. Izugarri gustatzen zait. Obra askok hunkitzen naute, baina honek beste guztiak gainditzen ditu. Eta besteren bat aukeratu ahal banu, Mozarten musika- popurri bat eta bandarako musika ere eramango nituzte.

Irakasle ere ibili zara. Nola ikusten duzu musika-prestakuntza Euskadin?
Nire ustez, jende asko dago musika ikasten, baina oso aukera gutxi dago horretan jarduteko. Gure garaian, lauzpabost ginen solfeoa ikasten hasi eta gero kontserbatoriora joaten ginenak. Gaur egun, ordea, herri guztiek daukate musika eskola edo akademia bat, eta ondorioz, jende asko dabil musika ikasten, baina aukera gutxi dago horretan modu profesional batean aritzeko. Duela urte batzuk udal bandak zeuden ia-ia herri guztietan, eta horiek aterabide profesionaltzat jo zitezkeen, baina gaur ez dago ia bandarik. Musikari asko ezagutzen ditut, jotzeko lekurik ezean irakaskuntzan derrigorrez jardun behar dutenak.

INAKI URKIZU KEREJETA (BEASAIN, 1961)

Tronpeta ikasi zuen Donostiako Goi- Kontserbatorioan eta irakasle ibili da Beasain eta Tolosako musika eskoletan eta Arrasate Musical delakoan.

Euskal musikaren 80ko hamarkadaz geroko doinuak batzen dituen bilduma baten egilea da, eta lehenengo hiru aleak plazaratuta daude dagoeneko: Jaialdia, Dantzaldia y Betioskorri.

Azken 9 urte honetan, Ertzaintzaren Musika Bandako zuzendaria izan da, bertan lan pedagogiko handia egin duelarik.

Ia 750 kontzertu zuzendu eta José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren obrak biltzen dituzten zenbait CD grabatu ditu Bergarako Orfeoiarekin.

 

»   04 MUSIKA ESKOLA

^ Uztailean, musika-udalekuak gaztetxoentzat
Ikasturtea amaitzeko zorian delarik, BilbaoMusikak uda era berezi-berezi batez hasteko aukera eskaini nahi dizu, “Musika bai!” Musika-Udalekuen bitartez. Gazteenek musikaren mundu zirraragarria ezagutuz hasi ahal izango dituzte luzaz irrikatutako oporrak, musikarekin jolastuz, musika joz eta musika biziz. Bi astetan, 3 eta 12 urte tarteko neska-mutilek musika sentitzen ikasiko dute metodo jostagarri eta parte-hartzaile baten bidez, txikienen gustukoak diren jarduerak barne hartuta, hala nola, jolasa, pintura, mimoa eta dantzak.
Musika bai! uztailean egingo da Bilboko Udal Musika Eskolako instalazioetan, eta iaz bezalaxe, aurrikusita dagoen eskari handiari aurre egin ahal izateko, bi txanda antolatuko dira (uztailak 2-12 eta uztailak 16-27). Iaz udaleku hauek ikasle gaztetxoen artean lortu zuten arrakastaren haritik, orduan parte hartutako askok esperientzia errepikatuko dute aurtengo edizioan. Ondorioz, lehen txanda beteta dago eta bigarrenak bide berari jarraituko diola ematen du. Musika-udaleku hauetan, musikari profesionalak, gorputz- hezkuntzako lizentziatuak eta BilbaoMusikako kolaboratzaileak ibiliko dira irakasle, eta errepertorioan, era guztietako doinuak eta musika-estiloak tartekatuko dira, Barrokoaren garaitik gaurdainokoak. Udaleku bakoitzaren amaieran (uztailaren 13an eta 27an), familia osoarentzako kontzertua egingo da Bilborock aretoan (“Musika familian”), eta bertan diplomak banatuko dira parte-hartutakoen artean.
Antzerkia ere bai
Eskolak goizeko ordutegian emango dira (9:30-13:30) astelehenetik ostiralera bitartean, salbu eta “Sormena, antzerkia eta eboluzioa” aukerako ikasgaia hautatu dutenen kasuan. Ikasgai hau goizeko 8:30etan hasiko da egunero, eta ordubetez, ikasleek arte eszenikoetako abileziak ikasi eta garatzeko aukera izango dute. Honako hauek dira programatu diren gainerako ikasgaiak: “Musika, kontzertu didaktikoa”, “Adierazpidea, jolasak eta gorputz-hezkuntza”, eta atsedena eta hamaiketakoaren ondoren, “Dantza eta koreografiak” eta “Kantua, koru entsegua”. Plaza kopurua mugatua denez, interesatuek ekainaren 15era arte dute zabalik izena emateko epea. Plazen banaketa inskribapenen hurrenkeraren arabera egingo da. Izen-ematea BilbaoMusikako bulegoetan egin daiteke, 115 euroren truk, edo 135 euroko kostuaz antzerkiaren atala aukeratzekotan. Izena eman bizkor, plaza gutxi dago-eta!

 
^ Zuzendaritza talde berria
BilbaoMusikan egindako hauteskundeen ondorioz, zuzendaritza talde berri batek gobernatuko du Eskola datozen hiru urteotan. Zuzendaritza talde berria Luis Fernando Barandiaranek (Zuzendaria), Juncal Lozanok (Ikasketa-Burua) eta Sergio Alonsok (Idazkaria) osatzen dute. Orrialde hauetatik eskerrak eman nahi dituzte haiengan ezarritako konfiantzagatik, eta ondorioz, zuen esanetara dauzkazue guztion arteko lankidetzaz Eskolak bere osotasunean aurrera egiten jarrai dezan. Luis Fernando Barandiaran (Zaratamo) zuzendari berriak Bilboko Musika Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren, Bartzelonako Goi Musika-Kontserbatoriora joan eta piano ikasketak amaitu zituen bertan, kalifikaziorik onenaz amaitu ere. Barandiaranek hainbat sari jaso ditu nazioarteko lehiaketetan eta emanaldiak eskaini ditu Italian, Frantzian, Alemanian eta beste herrialde batzuetan. Juncal Lozano eta Sergio Alonso, bestalde, Eskolako Musika-Lengoaia eta Klarinete arloetako irakasleak dira, hurrenez hurren.

Aita Donostiari omenaldia
Hurrengo ostegunean, maiatzak 31, hitzordua duzu Bidebarrietako Liburutegian iluntzeko 8etatik aurrera. Luis Fernando Barandiaran Eskolako zuzendari berriak Aita Donostiaren omenezko kontzertua eskainiko du Patxi Garciaren lankidetzaz, azken honek errezitatzaile lanetan jardungo duelarik. Ekitaldia Aita Donostiaren (1886-1956) heriotzaren 50. urteurreneko ospakizunekin bat eginez antolatu da, errepertorio ezin erakargarriago baten bidez. Euskal musikagile ezagunaren 13 preludioak pianoan jotzeaz gain, Barandiaranek Guridi (“Amorosa”), Usandizaga (“Rapsodia Vascongada”) eta Ravel-en (“Jeux d’eau”) piezak erabiliko ditu kontzertua hasi eta amaitzeko. Ez huts egin, zerrenda irakurriko dugu eta!

 
^ Lehen Saria txistulari taldearentzat
“Izenbaiku”, Musika Eskolako txistularien taldeak lehen saria lortu zuen, taldeen mailan, Hernaniko III Txistularien Jaialdian, aurreko maiatzaren 5ean ospatu zena. Txistulariek ere beste bi kategoriatan hartu zuten parte (bakarkakoa 12 urtera arte eta 13 eta 16 urte bitartekoa). Jasone Akizu txistulariak, taldearen arduraduna, oso harro sentitu zen emaitzaz izan ere lehiaketan parte hartu duen Bizkaiko Musika Eskola bakarra izan baita.

 

»   05 TXISTUBANDA

^ Txistulari agerraldia Pirritx eta Porrotxen laguntzaz
Zuek ere bertan egotea nahi dugunez gero, jakinarazi behar dizuegu, abuztuaren 26an, Bilboko Aste Nagusiko giro paregabearen barruan, BilbaoMusikak antolatutako Txistulari Agerraldia egingo dela Plaza Barrian. Urruti samar geratzen zaigu, egia da, baina parte hartuko duten taldeen kalitatea gogoan hartuta, jakinaren gainean jarri nahi zaituztegu. Urtero bezala, Aste Nagusiko azken egunean, igandea, abuztuak 26, agerraldia ikustera inguratzen zaretenok euskal musika eta dantzarik onenaren “aukeraketa” bat ikusi ahal izango duzue 13:00etatik aurrera eta, nola ez! Pirritx eta Porrotx pailazoen umoreaz gozatzeko aukera.
Bilboko Udal Txistulari Bandak zuzenduta, eta taldeko zuzendari Garikoitz Mendizabalen batutapean, jai ekitaldi honetan itzal handiko artistek eta taldeek parte hartuko dute, hala nola, Euskadi Brass Metal Bostkoteak, Beti Jai Alai Dantza Taldeak, San Anton Abesbatzak, Maiteder Olano txistulariak, Xabier Paia bertsolariak eta Pirritx eta Porrotx pailazoak. Leire Zorrozua kazetariak aurkeztuta, agerraldiak “Bizkaia maite”, “Ixil ixilik”, “Ikusi mendizaleak” edo “Maritxu” bezalako doinu herrikoiak bilduko ditu, betiko kantuak oinarritzat hartuta.
Ikuskizunak 90 minutu inguruko iraupena izango du, eta “Eibar” doinu tradizionalaz hasiko da, Jose Inazio Ansorena txistulari ezagunak egindako moldaketa medio. Ospakizun honetan entzungo diren beste doinu batzuk ere arras ezagunak eta herrikoiak dira, hala nola, Ansorenak moldatutako “Ixil ixilik”, “Maritxu” eta “Bedaiokoak”, Benito Lertxundi konpositore gipuzkoarraren “Bizkaia maite” edota Oskorri taldearen “Tiriki trauki” eta “Gora ta gora”. Agerraldia amaitzeko, Sabin Gereñuren “Ikusi mendizaleak” eskainiko da.
Ikus dezakezuenez, euskal musika eta dantzaren “dream team” oso bat bildu da agerraldi honetarako, 2007ko Aste Nagusiari luxuzko amaiera emateko asmoz. Egia esanda, guztiok triste samar egongo gara jaiak amaitzerakoan, baina ezin dugu bazterrean utzi gure kulturaren onenaz gozatzeko aukera hau. Publikoaren arrakasta bermatuta dago, noski, bai ZEU ere gurekin egotea nahi dugu. Ez hutsik egin!
 

^ “Hala ere”, eskusoinua protagonista duen CD berria
Bilboko Udal Txistulari Bandak eutsi egiten dio euskal musika-tresnarik bereizgarrienaren interpretazioaukerak bultzatzeko apustuari. Alos Quartet hari-laukotearekin batera grabatutako “Harizko txistua” izenburuko CDaren esperientzia gogoangarriaren ondoren, Bandak aurre egiten dio orain eskusoinua protagonista duen “Hala ere” bere hurrengo lan diskografiko berriari. CD honetan, prestigio handiko euskal musikariek parte hartu dute, Aitor Furundarena, Kepa Junkera, Iñaki Salvador edota Frantzian jaio baina Euskal Herrian bizi den Pascal Gaigne musikagilea tarteko direla. Azken honek “Silencio roto” (Montxo Armendarizena), Goya saria irabazi duen “Azuloscurocasinegro” eta beste hainbat filmetarako musika konposatu du. “Hala ere” izenburuak Lourdes Iriondoren poema bat gogorarazten du. Xabier Letek jarri zion musika duela urte batzuk eta Joxean Goikoetxea soinujoleak —diskoa grabatzeko gonbidatu dituzten musikari eta musikagileetako bat— oinarritzat hartu du musika konposatzerakoan.
Lan diskografiko berrien argitalpenari dagokionez, Garikoitz Mendizabal, Bilboko Txistulari Bandako zuzendaria, lehen bakarkako lana prestatzen hasia da. Txistu eta danbolinerako CDa izango da, eta Udal Txistulari Bandako zuzendari izan zen Boni Fernandezen behialako grabazioetan bezalaxe, bakarlarientzako ohiko errepertorioaz baliatuko da.
Bestalde, aurrera jarraitzen du “Harizko txistua” kontzertu- zikloak. Maiatzaren 12an Santa Krutzeko Ermitan (Azkoitia) eskaini zuen azken kontzertuaren ondoren, azaroaren 25ean Araian (Araba) taularatuko da berriro ere Bilboko Txistulari Banda, euskal xirulen eta hari-instrumentu klasikoen arteko fusio berezi hau aurkezteko. Hala ere, ez da beharrezkoa izango azarora arte itxarotea edo Bilbotik kanpora joatea “Harizko txistua” entzuteko, disko-denda guztietan baitago salgai dagoeneko. Euskalduna Jauregian egin zen aurkezpen ekitaldira eta geroko kontzertuetara joaterik izan ez baldin baduzu, oraintxe duzu aukera musika-saio berritzaile honetaz gozatzeko. Entzun ezazu, ez zaizu damutuko.
 

^ Kalejira Zazpi Kaleetan zehar
“Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertu zikloa amaitutakoan, Udal Txistulari Banda Euskalduna Jauregitik Zazpi Kaleetako ohiko kalejiretara itzuliko da. Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, Bandak kalejirak egingo ditu larunbatero, goizeko 11etan, auzoan zehar. Zazpi Kaleetan pintxotan edo erosketan ibiltzea gustuko baldin baduzu, beste arrazoi bat duzu orain Bilboko auzo jator honetara etortzeko.
 

»   06 MUSIKA BANDA

^ Ostiralean, hitzordua duzu Areatzako Kioskoan
Arriaga Antzokian, prestigio handiko bakarlari eta zuzendari gonbidatuen laguntzaz igande-igandero eskaini duen udazken-neguko kontzertu-denboraldi arrakastatsuaren ondoren, Udal Musika Banda Areatzako kioskora itzuli da. Udaberria eta eguraldi goxoaren etorrerarekin batera, Udal Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu eszenatoki horretan maiatzean eta ekainean. Aurtengo berrikuntza nagusia kontzertuak egiteko eguna izango da: ostirala —ekaineko azken kontzertua izan ezik, ostegunean egingo baita, hilak 21, Musikarekin Europar Egunean—, iluntzeko zortzietatik aurrera, eta taldeko zuzendari titular Rafael Saenz-Espert, Iñaki Urkizu zuzendariordea eta zuzendari gonbidatuen batutapean.
52 musikari biltzen dituen 110 urteko musika-talde honek joan den ostiralean, maiatzak 11, hasi zuen kontzertu sorta hau. Astebete geroago (hilak 18), Bandak lehen musikari gonbidatua ekarriko du, Francisco Signes, Castellóko Udal Musika Bandako Zuzendari Titularra. Signes Real de Gandía herrian (Valentzia) jaio zen, eta urtetan, Villareal-eko “La lira” bandako zuzendaria izan da (1975-1988), 1981etik 1983ra bitartean Viver-eko (Castelló) bandako kargu berberaz arduratu zelarik. Musikari valentziarra Madrilgo Udal Banda Sinfonikoarekin, Bartzelonako Udal Bandarekin eta Estatuko beste hainbat bandekin batera lan egin du gonbidatu gisa. Nabarmentzeko modukoa da, halaber, musikagile bezala egin duen lana. “Diptic per a Orquesta” izenburuko bere lanaren estreinaldirako, Valentziako Goi-Kontserbatorioko Orkestra zuzendu zuen, eta 2006an, VIII. “Albeterako Uria” Pasodoble- Konposaketarako Lehiaketa irabazi zuen. Maiatzeko egitaraua amaitzeko, Rafael Sanz-Espertek zuzenduko du hilaren 25eko kontzertua.
Ekainari hasiera emanez, hilaren 1eko kontzertua Iñaki Urkizu zuzendariorde berriaren batutapean egingo da. Astebete geroago, bigarren gonbidatuaren txanda izango da, Valentziako Udal Bandako zuzendariorde Francisco Fort Fenollosa-ren (1938, Moncada-Valentzia) txanda, alegia. Fort Alcocer-eko Santa Zezilia Musika- Elkarteko Banda zuzentzeaz arduratu zen 1972an, eta talde honekin batera hainbat sari eskuratu zituen, Kerkrade-ko (Holanda) nazioarteko lehiaketan banden alorrean lortu zuen lehen saria eta “cum laude” domina barne. 1980az geroztik, hainbat banda zuzendu ditu, hala nola, Cullera-ko “Musika Ateneoa”, Llombaiko Musika-Batasuna edota Madrilgo Udal Banda Sinfonikoa, besteak beste. Ekainaren 15ean, Iñaki Urkizu arduratuko da berriro Banda zuzentzeaz, eta kioskoko zikloa amaitzeko, ostegunean, hilak 21, Bandak Musikaren Europar Eguna inauguratzeko kontzertua eskainiko du.
 

^ Aste Nagusiko protagonistak
Bilboko Udal Musika Bandak uriko gertaerarik aipagarrienetan parte hartu ohi du, eta Aste Nagusia ez da salbuespena. Abuztuko jai-egitarauaren barruan, kontzertu bana eskainiko du egunero (igandetik, abuztuak 19, hilaren 26ra bitartean) Areatzako Kioskoan, eguerdiko 12etatik aurrera, zuen guztion musikarik gustukoenaz. Ohiturari jarraituz, bestalde, Bandak Bilboko Aste Nagusiarekin batera antolatzen diren zezenketa guztiak alaitzen jardungo du Rafael Sanz-Esperten zuzendaritzapean.
Nolanahi ere, aurtengo jaietako plater nagusia iazko eguberrietan Oskorrirekin batera grabatutako kontzertuaren berrargitalpena izango da, zalantzarik gabe. Bilboko antzokian egoteko aukerarik gabe geratu zineten guztiok —egon zirenek ere errepikatu egingo dute, ziur— beste aukera bat izango duzue Uribitarten, asteartean, abuztuak 21, 23:30etatik aurrera. Kontzertu berezi hau, azken hiru hamarkadetako euskal musika herrikoia ulertzeko ezinbesteko erreferentzia bihurtu den Oskorri taldearen 35 urteko errepertorio historikoaren errepasoa izango da. Euskal musika talde ospetsuaren soinu berezia jagon eta Bandaren nortasunari eutsi nahirik, jatorrizko moldaketa berriak idatzi dira Hilario Extremiana musikagile ezagunaren eskutik. Fusio honen emaitza, iazko abenduan egiaztatu ahal izan zenez, zeharo harritzeko modukoa da, eta ondorioz, publikoak aparteko kontzertu paregabeaz gozatzeko aukera izango du.
 

^ Musikaren Europar Eguna
Aste Nagusia iritsi baino askoz ere lehenago, ezinbesteko hitzordua dugu ekainaren 21ean Musikaren Europar Eguna ospatzeko. Duela zazpi urtez geroztik, Bilbok bat egiten du Europako hainbat hiriburutan ospatzen den egun berezi horri begira antolatzen diren ekitaldiekin, hiriaren erdigunean nahiz auzoetan hainbat eszenatoki kokatzen direlarik. Bilboko Udal Musika Bandak bat egin du ekimen honekin, ezin bestela izan noski, eta Musikaren Europar Egunari hasiera emateko ohorea izango du, Areatzako Kioskoan eskainiko duen kontzertuaz.
 

»   07 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Maiatzak 26 | Larunbata | MUSIKALDI | Euskal Herriko Musika-Eskoletako Festa | Erandio
Emanaldiak gune desberdinetan egun osoan zehar. Eskolako ikasle eta irakasleak

Maiatzak 30 | Asteazkena | BilbaoMusikako Auditorioan | 20.00etan | Doako sarrera
Gregorio Benítez (pianoa), “Juventudes Musicales”en kontzertua.

Maiatzak 31 | Osteguna | Hika Ateneoa | 20.00etan
Jam Session

Maiatzak 31 | Osteguna | Bidebarrietako liburutegia 20.00 etan | Doako sarrera
Aita Donostiari kontzertu omenaldia, Luis Fernando Barandiaranen (piano), Udal Eskolako zuzendaria, eta Patxi García errezitatzailearen eskutik.

Ekainak 5 | Asteartea | BilbaoMusikako Auditorioan 20.00 etan | Doako sarrera
Pedro Mateo, Gitarra Lehiaketako irabazlea, “Juventudes Musicales”en kontzertua.

Ekainak 17 | Osteguna | Funikularren Plaza | 12.30etan
Musika Eskolako Bandaren kontzertua.

Ekainak 21 | Osteguna | BilbaoMusika ondoan jarritako antzeztoki librea | MUSIKAREN EUROPAR EGUNA
Musika Eskolako ikasleen eta irakasleen emanaldi ezberdinak.

Uztailak 13 | Uztailak 27 | Ostirala | Bilborock
Familiarteko Kontzertua, udaleku bakoitza (Musika Bai! Musika udalekuak) bukatzearekin batera. Kontzertuetan asistentziazko diplomak banatuko dira.

UDAL TXISTULARI BANDA

Larubata | Zazpikaleak Bilbo | 11.00etan
Kalejirak

Abuztuak 26 | Igandea | Plaza Barria | 13.00etan
Txistulari Alardea, Udal Txistulari Bandarekin. Euskadi Brass Metal Bostkotea, Beti Jai Alai Dantza Taldea, San Antón Abesbatza, Pirritx eta Porrotx, Maiteder Olano txistulari eta Xabier Paia bertsolariak hartuko dute parte.

UDAL MUSIKA BANDA

Maiatzak 18 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Francisco Signes, Castellóko Udal Musika Bandako zuzendari titularra.

Maiatzak 19 | Larunbata | Buia Auzoa | 12.00etan
Kontzertua Buiabarri plazan.

Maiatzak 25 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari titularra. Rafael Sanz-Espert.

Maiatzak 26 | Larunbata | Altamira Auzoa | 12.30etan
Kontzertua Altamira Auzoko frontoian.

Ekainak 1 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu, zuzendariorde titularrak zuzentzen du Udal Banda.

Ekainak 8 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Francisco Fort Fenollosa, Valentziako Udal Bandako zuzendariordea.

Ekainak 15 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Zuzendaria: Iñaki Urkizu, Udal Bandako zuzendariordea

Ekainak 21 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Musikaren Europar Egunaren hasiera kontzertua. Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert.

Aste Nagusia | Abuztuaren 19tik 26ra
Kontzertuak Areatzako kioskoan (12.00etan) eta Zezen-plazan (18.00etan).

Abuztuak 21 | Asteartea | Uribitarte | 23.30etan
Udal Bandaren kontzertua Oskorriren laguntzaz, euskal talde ezagunaren 35. urteurrenaren omenaldia.