4. Zenbakia. Otsailak 2007
»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 

02 ELKARRIZKETA
JESÚS MARÍA BILBAO, JERRY:

"EUSKAL MUSIKAZ MAITEMINDUTA NAGO"
 

»   01 GAIA

^ JESÚS MARÍA BILBAO, JERRY,
ITZAL HANDIKO GIZONA BILBOKO MUSIKA BIZITZAN


Jon Sánchez Ibarluzea
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Saileko Zinegotzi Ordezkaria

Gure Udal Musika Bandarekin ia lau hamarkadako lotura estua duelarik, Jesus Mari Bilbao “Jerry” ez da soilik taldeak orain arte izan duen azken aurreko zuzendaria, baizik eta Urbano Ruiz Laorden musikagile karismatikoak agur esan zigunetik bandari eutsi dion gotorlekua. Urbanoren lekukoa hartu zuen beronen heriotzean, Banda unerik onenean ez zegoen garaian alegia, aurrera jarraituko zuen ere zalantzan baitzegoen orduan.
Alabaina, zuzendari gisa egin duen lan eskerga eta eskergaitzarekin batera, eskola zaharreko musikaria dela esan genezake, baita musika tresna askoren jolea eta estilo desberdinak menperatzen dituen interpretea ere. “Jerry” gurea oso ezaguna da Areatzako eguerdiko hitzorduetara huts egiten ez dutenentzat, baita jazzero gautxorientzat ere; kantautore eta abangoardiako taldeen laguntzailea izan da, txisturako doinuak osatu ditu eta Orkestra Sinfonikoarekin batera jo du, eta hala ere ez die behin ere uko egin musika herrikoiari eta dantzatzeko musikari. Bera izan da, hortaz, Bilbon azken hamarkada hauetan egosi diren musika saltsa guztietako perrexila.
Ondorioz, ziur nago “Jerry”k era batera ala bestera hiriko musika-bizitzarekin lotuta jarraituko duela. Beraz, ez da agur esateko garaia, beti arte baizik. Eta noski, mila esker guztiagatik.

Rafael Sanz-Espert
Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari Titularra

Lagunekin musikaz hizketan ari ginela, Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea Jesús Mª Bilbao Maisua zela esan nuen eta Pascual Balaguerrek, Valentziako Orkestrako perkusionistak, galdetu zidan ea zuzen nenbilen berak Bilboko Bandako zuzendariordearen izena Jerry zela baitzekien, bere garaiko pop musika giroan izen tipi horrekin ezagutu zuena.
Jerry, guztiok ezagutzen dugun bezala, buru eta bihotz bere lanbideari ekin dion artista eta Bandako irakasleen artean oso lankide mirestua eta maitatua. Niretzat aita musikal bat bezala izan da Bilbora heldu nintzenetik, izan ere bere aholku eta gomendioak nire karguan aritzeko balio handikoak izan dira une orotan.
Eskerrik asko, maisu, zure Banda maitatzeagatik. Eskerrik asko, lankide, zure lanbidea maitatzeagatik. Eta eskerrik asko, lagun, zure lankideen adiskidea izateagatik.
 

»   02 ELKARRIZKETA

^ JESÚS MARÍA BILBAO, JERRY:

"EUSKAL MUSIKAZ MAITEMINDUTA NAGO"


Jesus Maria Bilbao Estefania, musika giroetan “Jerry” izengoitiaz ezagunagoa dena, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariorde kargutik jubilatu berri da, erakunde honetan 37 urte egin eta gero. Jerry “ia ondorengorik utzi ez duen musikari mota baten ordezkaria” da, Bandaren historia biltzen duen liburu argitaratu berriak dioenez. Askotariko instrumentujole honek klarinetea, saxofoia eta fagota erabili ditu bere bizitza profesionaleko une desberdinetan, Bilboko musika-bizitzako giro guztietan parte hartu duelarik. Urbano Ruiz Laordenen konfiantzazko gizona izan zen, eta Urbanoren heriotzean –1995an- Udal Musika Bandako batuta hartu zuen ordezko zuzendari bezala. Kargu horrexetan egon zen, harik eta 2002an Rafael Sanz-Espert heldu zen arte. Jerry-k Banda utzi du, baina ez musika, hemendik aurrera musikari profesionalak eta zaletuak elkartzen dituen Areatzako (Arratia) orkestrako zuzendaria izango da-eta.

Nolakoak izan ziren zure hasierako urteak musika munduan?
Soldadutzara joan aurretik, 19 urte nituela, jazz laukote bat sortu nuen lagun batzuekin batera. Nik saxofoi baritonoa jotzen nuen bertan. Gero, 1963an, soldaduskara bidali ninduten, nora eta Afrikara, Sidi-Ifnira alegia. Han ez zegoen musika bandarik, baina bai ofizial eta azpiofizialen ospakizunak alaitzen zituen talde bat, tronpeta, bateria, gitarra eta perkusioa biltzen zituena. Instrumentu bat jotzeak goardia batzuk egitetik libratu gintuen, behinik behin. Bilbora itzuli nintzenean, “Los dinámicos” izeneko orkestran jotzen hasi nintzen, batez ere ezteguetan eta erromerietan. Handik Bilboko “6 estrellas” lokaleko —orain “Rock Star” izenaz ezagutzen den horretako— orkestrara joan nintzen. Hantxe egon nintzen, harik eta diskoteken hazkundeak dena aldatu zuen arte. Udaleko oposaketa batzuetara aurkeztu eta atezain plaza atera nuen. Goizez, atezain ibiltzen nintzen eta arratsaldez, kontzerturen bat zegoenean, frak beltza eta tximeleta zuria jarri... eta musika egitera!

Bandarekin batera, dantzatzeko musika, klasikoa, jazza, euskal folklorea eta abangoardiako esperimentuak jo dituzu, besteak beste... baina zeintzuk dira zure benetako gustuak?
Ni euskal musikaz maiteminduta nago. Izugarri gustatzen zaizkit Guridi eta Usandizaga bezalako musikagileak, baita Franco Ribate ere, gure artean egin zuen denbora laburrean Rimsky-Korsakov, Tchaikowsky eta beste batzuen transkribapenak ez ezik lan handiak ere idatzi baitzituen. Musika klasikoa ere atxiki dut, opera, zarzuela, obertura bat, sinfonia bat, denetarik alegia. Deutsche Grammophonen bilduma bat daukat, 101 diskoz osaturikoa, eta orain jubilatuta nagoenez gero, behar dudan denbora guztia izango dut entzuteko.

Musikagilea ere izan zara.
Zenbait doinu konposatu ditut, era askotakoak, eta batez ere txistuan jotzeko modukoak. 1967 urtean, “Canción del Duero” izeneko kantu lehiaketa batera aurkeztu nintzen Oporto hirian eta akzesit bat irabazi nuen. Harez geroztik, ez diot behin ere utzi musika egiteari, eta dagoeneko 60 kantu dauzkat SGAEn erregistraturik, euskaraz nahiz erdaraz. Nik musika idatzi eta Andoni Artuñedok kantatu egiten zuen. Batzuetan, hitzak ere zentsuratu zizkiguten, gerra zibilaz hitz egiten zutelako; garai hartan ez zen horrelakorik onartzen.

Oso gutxi behar izan zenuen ospetsu bihurtzeko…
Francisco Gordillo, Raphael-en managerra, nire kantu batzuei buruz interesatu zen. Ziur nago Raphaelek ere entzun zituela, baina zoritxarrez ez genuen berriro elkarren berririk izan.

Urbanoren heriotzean, Banda zuzentzeko ardura hartu behar izan zenuen zure gain.
Bai, ezustean harrapatu gintuen guztiok. Ni neu zuzendariordea nintzen orduan, eta 1995etik 2002ra bitartean bandaren bridei eutsi behar izan nien. Halaxe egokitu zitzaidan, eta onartu beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Ez nuen guztiz txarto egin, nire ustez.

Udal Bandak Arriaga antzokira eraman ditu domeka goizeko kontzertuak. Horrela ez da apur bat galdu emanaldi hauen izaera herrikoia?
Ezta hurrik ere. Zenbaitek dio maltzurkeriaz kalitatearen ordez kantitatea hautatu dela, baina ez da horrela gertatu. Nik kalitatea handia somatzen diot Bandari, eta kide asko profesional “peto-petoak” dira. Espainiako bandarik onenetakoa da, zalantzarik gabe. Gure garaian, oso noizean behin jotzen genuen Arriaga bezalako antzokietan, eta orain, aldiz –turismoaren “boom” horrek zerikusi handia du horrekin, nik uste- bandaren kontzertuetara joaten den publiko zabala dago, non jotzen duen erreparatu gabe. Baina publikoa ez da ezberdina: Arriagara joaten diren horiek Areatzako kioskoan ikus ditzakezu udaberrian. Eta gainera, egunetik egunera gero eta gazte gehiago hurbiltzen ari dira.

Irakasle lanetan ere jardun duzu. Nola ikusten duzu musika prestakuntza Bizkaian? Nik uste dut irakasleak oso onak direla. Gertatzen dena zera da, haurrak horrenbeste gauzatarako apuntatuta daude, horrenbeste zeregin daukate... Egun askoz ere erraztasun handiagoa dago musika-irakaskuntzara heltzeko, baina umeek ingelesa edo musika ikastera edota kirola egitera joan behar izaten dute eskolako ordutegia amaitu ondoren, eta hori gehiegizkoa da eurentzat.

JESÚS MARÍA BILBAO, “JERRY” (GETXO, 1941)

Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan ikasi zuen, 1970an Bandan sartu zen klarinetejole gisa, eta 1983an fagot plaza lortu zuen; geroztik, instrumentu horren inguruko irakaskuntzan jardun du Bilboko Orkestra Sinfonikoaren baitan

Autoreen Elkarte Nagusiko (SGAE) kidea da eta “Txistulari” aldizkariko kolaboratzailea

Flauta eta albokan ikasteko zenbait metodo egin ditu eta 60 pieza baino gehiago ditu erregistraturik

Txistua, fagota eta pianoa batzen dituen Axlor hirukotearen sortzailekidea

 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^

Prestakuntza tailerrak: Aretoko dantzak, txalaparta eta bilbainadak ere
BilbaoMusikaren prestakuntza tailerrak martxan daude. Aurten, bilbainada zaleek zorioneko daude izan ere, lehenengo aldiz Bilbaomusikan, Bilboko herri kantuaren tailerra eskainiko da. Eta irakasle bezala, nor Koldo Villar baino hobeto, “Los Chimberos” taldeko kidea eta kantu irakaslea. “Bilbainada” klasikotik hasi eta habanera edo zortzikoraino, euskaraz nahiz erdaraz, kantatu al izango dituzue. Aukera paregabea gure uria hobekien identifikatzen dituzten abestiak sortzeko, eta modu berean –zergatik ez- bilbainaden lehiaketan parte hartzeko Aste Nagusian urtero ospatzen dena.

Beste berrikuntza bat big-band-erako moldaketak sortzeko tailerra da, irakasle paregabea izango duena: Miguel Blanco moldatzaile eta baxujolea. Bartzelonan jaioa, Lucrecia, Paquito d’Rivera eta Miguel Ríos-ekin batera lan egin du, eta horrez gain, Madrilgo Musikarien Tailerreko Big Band-eko eta “La calle caliente” latin-jazz zazpikoteko liderra da, bi cd kaleratu ditu azken talde honekin. Tailerra big-band-erako idazketa-tekniketan trebatu nahi duten musika-irakasle eta musikari ororentzat zuzendurik dago.

Ikastaroak aretoko eta Karibeko dantzen tailerrekin osatzen dira, ohiko dantza estandarrak (tangoa, quickstepa, show-foxa, Vienako balsa eta bals ingelesa) eta dantza latinoak (cha-cha-cha, boleroa, jivea, pasodoblea eta samba) abiapuntutzat hartuta, aretoko dantzen hastapenak eskainiko dira. . Tailer honen irakaslea Ines Uriarte, Ines eta Iñigo Dantza Eskolako arduraduna izango da. Bestetik, Perkusio Afrolatinoaren Gaizka Salazarrek (Tailerra GATIBU taldeko bateriajole) emango du, gorputzaren erritmika eta perkusiozko musikatresnen eta instrumentu hauek erabiltzen dituzten taldeen musika-estilo bereizgarrien oinarrizko ezagutza lantzeko asmoz, besteak beste: Samba Batukada, Saltsa, Afroa, Flamenkoa eta Nahasketa modernoak. Gure txalaparta zaharra berebiziko garapena lortzen ari da azken urteotan tinbrea eta erritmoaren arloan dituen ahalbideei dagokienez. Txalaparta Tailerreko irakaslea Asier Gonzalez aditua izango da, BilbaoMusikako irakaslea. Gonzálezek pandero eta atabal tailerra ere emango du, perkusio tradizionaletik abiatuta, musika eta dantzara hurbiltzeko helburuarekin. Azkenik, Grabazio eta soinuztapen tekniken hastapen tailerra ezinbesteko baliabide bihurtuko da musikan erabiltzen diren teknologia, aparatu eta ekipo desberdinen oinarrizko ezagutza lortzeko. Mr. Jam Musika Ikastegi Modernoko irakasle profesionalek emango dute ikastaroa.

 
^ Kontzertu didaktikoak: ikasi eta jostatu Beethoven eta Beatlesekin
Aurten ere, BiIbaoMusika Eskolak aurrera jarraitu behar du, Bilboko BO1 eta BO2 Berritzeguneen lankidetza eskergaitzaren bitartez, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan kontzertu didaktikoak antolatzeko ekimenarekin, musika gazteei hurbiltzeko asmoz. Eskolako musika-sail ezberdinek musika sinfonikoa, rocka eta dantza tradizionala tartekatuko dituzte programan barna, otsailean, martxoan eta maiatzean antolatuko diren 13 kontzerturen bidez. Beethoven eta Johann Strauss bezalako klasiko hilezkorrekin batera, Henry Mancini, Beatles, Chuck Berry edo Nirvanaren kategoriako klasiko modernoagoak aurki daitezke musika-esparru berean bilduta.

Instrumentu Sinfonikoen Saila arduratu da kontzertu hauek hasteaz (urtarrilaren 30ean), “Instrumentu sinfonikoak” delako programaren bidez. Lehen Hezkuntzako ikasleei eskainitako ekimen honetan, “Ederra eta Piztia” eta “Sonrisas y lágrimas” bezalako doinuetatik Beatlesen kantuetaraino eta Beethoven (9. sinfonia) eta Strauss-en (Radetzky Martxa) gisako musikagile klasikoen piezak ere biltzen dituen errepertorio zabala aurki daiteke. Bestalde, Musika Modernoaren Sailak “Rockaren historia” eskainiko du Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, Eric Clapton, Nirvana, Fito & Fitipaldis eta The Police taldearen doinu ezagunak tarteko. Azkenik, Musika eta Dantza Tradizionalaren Sailak gure herriko musika-tresnak — txistua, trikitixa, alboka edota gaita— erabiltzeko lehen irakaspenak emango dizkie Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei.

 
^ Asmatzeko ahalmena frogatu jam sessions delakoetan
Inprobisatzea gustatzen zaizu baina oraindik ez zara ausartu jam sessions-ekin? Ez kezkatu, saio bitxi hauetan edozein musika-tresnarentzako lekua baitago; beraz, hauxe izan daiteke zure aukera. Gustuko duzun instrumentua bakarka erabiltzeko aukera izango duzu, asmatzeko duzun ahalmena frogatuz. Gainera, ikasitako guztia praktikara eramateko zu bezain gugotsu dabiltzan gainerako ikaskideekin biltzeko parada ere izango duzu.

Saioak HIKA ATENEOan (Ibeni Kaia, 1) egingo dira, eguenez, otsailaren 22an, martxoaren 8 eta 22an, apirilaren 19an eta maiatzaren 3 eta 17an, 19:30etatik aurrera. Eskolako edozein ikasle inskriba daiteke, inongo kosturik gabe. Ekimen hau joan den ikasturtean hasi zen, eta hasiera zalantzatsua izan zuen arren, ikasleek gero eta interes handiagoa erakutsi dute inprobisazio saio hauetan parte hartzeko. Beraz, ez ibili duda-mudatan: orain zure txanda da.

 

»   04 TXISTUBANDA

^

Asteazkenetan Euskaldunan: txistua... eta askoz ere gehiago!
Udal Txistulari Bandak hirugarren urtez ekingo dio “Asteazkenetan, txistua benetan” izeneko ekimenari. Programa handinahi honek emanaldiak, kontzertu didaktikoak eta musika-estilo berrietara irekitzeko aukera biltzen ditu. Otsaila Izeia seikoteak euskal musika-tresna tradizionalak, teklatuak, biolina, perkusioa eta bi dantzarien jarduna tartekatuz eratu duen ikuskizunaz hasi da. Lan bitxi honek euskal musika folklorikoaren estiloak eta instrumentazioa berritzea du helburu. Txistulari Banda arduratuko da programatuta dauden gainerako emanaldi guztiez. Lehen hitzordua, otsailaren 22an, Ihauterietako Kontzertu Berezia izango da. Eta zikloa amaitzeko, martxoan, beste bi emanaldi antolatuko dira: hilaren 7an, bandaren alderdirik ezkutuena ezagutuko dugu jendaurrean eskainiko duten ganbera kontzertuaz, eta hilaren 21ean, txistuaren erakustaldi tradizionala egingo da, txistulariekin eta enparauko laguntzaileekin batera.

Luxuzko gonbidatuak

“Asteazkenetan, txistua benetan” ekimena sendotuz doa urterik urte, eta arrakasta honen oinarrian gonbidaturiko musikarien kalitatea eta aniztasuna nabarmendu behar dira, zalantzarik gabe. Hirugarren denboraldi honetan, Bandak kategoria handiko gonbidatuen laguntza izan du, hala nola, Jose Inazio Ansorena, Donostiako Goi- Kontserbatorioko katedraduna eta Donostiako Udal Txistulari Bandako zuzendaria, Joserra Senperena piano-jolearekin batera kontzertu gogoangarria eskaini zuena, Andoni Egaña bertsolaria eta Ion Maia dantzaria. Ez ziren atzean gelditu, halaber, Juan Vegak zuzentzen duen Yoku txistulari banda, “Maisuak” lana aurkeztu zuen Aiko taldea, Santurtziko Udal Txistulari Banda eta Eguberritako Kontzertuan ahaleginak eta bi egin zituzten Udal Musika Eskolako txistu ikasleak. Eta amaitzeko, Alos Quartet hari-laukotea ere nabarmendu behar da, Bilboko Txistulari Bandarekin “Harizko txistua” izeneko CDa grabatu eta Euskalduna Jauregian egindako aurkezpen eguneko arrakasta apartean partehartze zuzena izan zuena.
 

^ “Txistuaren hauspoa”: txistu eta eskusoinurako CD berria
Bilboko Udal Txistulari Bandak eutsi egin dio euskal musika-tresnarik bereizgarrienaren interpretazio-ahalbideak bultzatzeko apustuari. Alos Quartet hari-laukotearekin elkarlanean grabatu duen “Harizko txistua” izenburuko CDaren esperientzia pozgarriaren ondoren, Bandak aurrea hartu dio orain eskusoinuari. Proiektu diskografiko berri honi “Txistuaren hauspoa” izenburua jarriko diote eta eskusoinu eta txisturako pieza berriak bilduko ditu, musikari ezagunen eskutik sortutakoak. Aurrekoan bezala, obra finantzatzeko sistema berritzaile bat hautatu da, enpresei (Oñaderra Egurtegia) eta erakundeei (Azpeitia, Getaria edota Zestoako udalak) konposizio horietako bakoitza babesteko aukera eskainiz. Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak eta BilbaoMusikak sinatua duten hitzarmenak ere erraztu egin du grabazio hau. Konposizioak amaitu ondoren, diskoa udazken aldera grabatuko da, eta urte amaieran zuzeneko aurkezpena egingo da Euskalduna Jauregian.

Aukeratutakoak talentua aski frogatua eta prestigioa ederki irabazia duten zortzi musikari izan dira. Aitor Furundarena soinujolea, lan berrien grabazioa eta konposizioa irrati eta telebistarako lanekin uztartzen dituena; aurkezpen beharrik ez duen Kepa Junkera, 2007 urtea hasteko “Hiri” izeneko bere diskoarekin munduko musikei buruzko europar zerrendan lehen postua lortu duena; Iñaki Salvador pianojole, soinujole, konpositore eta moldatzaile donostiarra, Oskorri, Mikel Laboa edo Luis Eduardo Auteren kategoriako musikariekin lan egin eta jazz musikari bezala “Kursaal” eta “Naima Quartet” taldeen sortzailekidea izan dena; Pello Ramirez (Ordizia, 1966), soinujole eta biolotxelo-jotzailea, guren herrian dagoen estudioko nahiz zuzeneko musikaririk estimagarrien eta baloratuenetakoa (Benito Lertxundi, Dulce Pontes, Mikel Urdangarin, Xabier Lete, etab.) eta doinu dotore, iradokitzaile eta neurrizkoen egile adierazkor eta intuizioz betea. Pascal Gaigne Euskadin bizi den musikagile frantsesa, bere aldetik, askoz ere ezagunagoa da zineman egindako lanagatik: “El Sol del membrillo” (Victor Erice), “Silencio roto” (Montxo Armendariz) edota opera prima onenarentzako Goya saria jaso berri duen “Azuloscurocasinegro” (Daniel Sánchez Arévalo) filmetako doinuak konposatu ditu, besteak beste. CD berri honetarako musikarien zerrenda osatuz, Joxean Goikoetxea soinujolea, musika alorrean pedagogia lan handia egin duen Xabi Zabala eta Marijose Arregi Azkoitiko Bizkargi Musika Eskolakoa ere aipatu behar dira.

“Harizko Txistua”ren arrakasta

“Txistuaren hauspoa”, Bilboko Txistulari Bandak estreineko aldiz hari-laukote batekin batera grabatu duen “Harizko txistua” diskoaren arrakastari esker sortu da. Instrumentu klasikoekiko nahasketa bitxi honek erabateko arrakasta lortu du, Euskalduna Jauregian eskaini zuten aurkezpen kontzertuari egindako harrera ezin hobeak eta zaletuek musika-dendetan eros dezaketen CDaren salmentek egiaztatu dutenez. Bandak eta Alos Quartet laukoteak lana zuzen-zuzenean aurkezteko asmoa dute datozen hilabeteotan Euskadiko beste herri batzuetan.
 

»   05 MUSIKA BANDA

^

Hiru kontzertu Arriagan
Eguberrietako geldialdiaren ondoren, betiko musika ona Arriagara itzuli da domeketan, Udal Musika Bandaren eskutik. Bilboko antzokian eskaini behar duen hirugarren kontzertu denboraldiaren barruan, ohi denez, Bandak prestigio handiko zuzendari eta bakarlarien laguntza izan du. Ekimena oso emaitza onak lortzen ari da publikoaren aldetik, eta gonbidatutako musikarien kalitatea gogoan hartuta, arrakasta errepikatu egingo da, zalantzarik gabe, denboraldia amaitu arte antolatuko diren hiru kontzertuetan.

Otsaila indarrez hasi da, Bandak hilaren 4an eskainitako kontzertu batez, bakarlari gonbidatua Juanjo Munera Bilboko Udal Bandako bonbardino-jolea zelarik. Musikari gazte honen kurrikulu izugarriak Madrilgo Udal Banda Sinfonikoarekin izandako bost urteko kolaborazioa, Europako Banda Gaztean (E.U.Y.W.O.) egindako lana eta Munduko Banda Gaztean (Winds of World) Christian Lindberg-en batutapean gauzaturiko parte-hartzea biltzen ditu. Otsailean aurrera eginez, hilaren 18an kontzertu berezi-berezia egingo da, Iñaki Urkizu Kerejeta Bandako zuzendari berria aurkeztu eta Jesus Maria Bilbao Jerry-ri agur esateko aukera eskainiko duena.

Martxoaren 18an, Bandak luxuzko gonbidatu bat izango du: Pablo Dell´Oca, Santa Rosako (La Pampa, Argentina) Bandako zuzendaria. Uruguain jaio zen arren, Argentinan bizi da 1971z geroztik. Dell´Oca klarinetea jotzen hasi zen Montevideoko Udal Musika Eskolan eta 12 urte zituela musikari profesional bihurtu zen. Uruguaiko musikaria instrumentu taldeen orkestratzaile gisa nabarmendu da, baina gogoan hartzeko modukoa da, halaber, musikagile bezala egin duen lana: banda sinfonikorako eta haize-taldeetarako konposatu dituen lanen katalogoa 300 lanez osatuta dago, moldaketak, transkribapenak, orkestrazioak eta jatorrizko lanak barne hartuta, eta Latinoamerikan, Estatu Batuetan eta Europako herrialde ezberdinetan interpretatu dituzte. Dell´Oca La Pampa Probintziako Banda Sinfonikoko zuzendaria da 1993az geroztik. Arriagako hirugarren kontzertu denboraldia amaitzeko, martxoaren 25ean, domekaz, bandak Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean jardungo du, eta Xavier Guillot, Valentziako Orkestrako perkusio bakarlaria izango da bakarlari gonbidatua.
 

^ Iñaki Urkizu, Bandako zuzendariorde berria
Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Jesus María Bilbao “Jerry”, Bilboko musika bizitzan itzal handiko gizona, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariorde legez erretiroa hartu du 37 urtez geroztik lotuta egon ondoren. Iñaki Urkizu Kerejetak hartzen du bere kargua, BilbaoMusikako Kontseiluak aho batez bere izendapena onartu ostean. Urkizuk 8 urte zituela hasi zen tronpeta jotzen bere jaioterrian, Beasainen, familiako tradizioari jarraituz, eta musika-tresna honen bitartez zenbait bandatan lan egin zuen Donostiako goikontserbatorioan ikasketak osatzen zituen bitartean. Ondoren, musika-eskola desberdinetako irakaslea eta zenbait taldetako kolaboratzailea izan da, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gipuzkoako hiriburuko Talde Barrokoa, Araba Brass Taldea edota Gasteiz Big Band delakoa tarteko direla. Horrekin batera, ospe ona lortu du euskal musika bildu, transkribatu eta egokitzeko egin dituen lanen haritik. 1998tik hona Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria da, talde horretako tronpetajole bakarlaria ere izan delarik. 700 kontzertu baino gehiago zuzendu eta hainbat diskoren grabazioetan parte hartu du.
 

»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Martxoak 5 | Apririlak 23 | Astelehena | Bilborock 19.00etan | Doako sarrera
Musika Tradizionala eta Modernoa Saileko ikasleen kontzertuak.

Otsailak 22 | Martxoak 8 | Martxoak 22| Apririlak 19 Maiatzak 3 | Osteguna | Hika Ateneo | 19:30etan | Doako sarrera
Eskolako Jam-Sessions.

Martxoak 15 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan | 20.00etan | Doako sarrera
Cristina Granero (flauta) eta Yuki Matsuhima (pianoa), "Juventudes Musicales"en kontzertua.

Apririlak 19 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan | 20.00etan | Doako sarrera
Arantza Aguirre (akordeoia), "Juventudes Musicales"en kontzertua.

UDAL MUSIKA BANDA

Otsailak 18 | Igandea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Udal Bandako zuzendariorde berriaren aurkezpena, Iñaki Urkizu, eta Jesús María Bilbao, "Jerry"ri agur-omenaldia.

Martxoak 18 | Igandea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Pablo Dell'Oca Sala, Santa Rosako Udal Bandako zuzendari titularra, La Pampa-Argentina.

Martxoak 25 | Iagndea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Artista gonbidatua: Javier Eguillor, nazioarteko perkusio bakarlaria eta Valentziako Orkestrako irakaslea
Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert

UDAL TXISTULARI BANDA

Otsailak 21 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A-3 Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru mugatua
Inauterien Kontzertu Berezia Bilboko Udal Txistularien Bandaren eta Beti Jai Alai dantza taldearen eskutik.

Martxoak 7 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A- 3 Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru mugatua
Ganbara-kontzertua. Bilboko Udal Banda.

Martxoak 21 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A- 3 Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru mugatua
Txistuaren Alarde Tradizionala txsitulari eta inguruko laguntzaileekin.

Martxoak 22 | Osteguna | Dendaraba (Vitoria) | 20.00etan
"Harizko Txistua" cd-aren aurkezpena, Bilboko Udal Txistularien Bandaren eta Alos Quartet harizko laukotearen eskutik.