Número 3. Urriak 2006
»  00 AURKIBIDEA
 
01 AURKEZPENA

02 GAIA

03 ELKARRIZKETA

04 MUSIKA ESKOLA

05 TXISTUBANDA

06 MUSIKA BANDA

07 AGENDA

 
03 ELKARRIZKETA
NATXO DE FELIPE, OSKORRRI TALDEAREN SORTZAILEA:

"DUELA 30 URTE EZ BEZALA, GAUR EGUN ESTILO GUZTIETAKO MUSIKA SORTU ETA ENTZUTEN DA EUSKAL HERRIAN"
 

»   01 AURKEZPENA

^ Kaixo guztioi. Txomin Mujika dut izena, eta duela bost hilabetez geroztik, BilbaoMusikako zuzendari gerentea nauzue. Dakizuenez, udal erakunde honek Udal Banda, Musika Eskola, Txistulari Banda eta Ikasfolk kudeatzen ditu. Beraz, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak musikaren alorrean sustatutako jarduera gehienak kudeatzen dituen erakundearen arduraduna naizen aldetik, derrigorrezkoa iruditu zait neure burua zuen aurrean aurkeztea, eta honetarako, gure aldizkariaren ale berri hau aukera ezin hobea dela uste dut.

Nire helburu nagusia orain arte egindako lan eraginkorrarekin aurrera jarraitzea da. Eta hemen sartuko nuke, nola ez, gure filosofia berezia, haurrei eta gurasoei, bai eta -zergatik ez- aitaita eta amamei ere, musikaren bidea bilatzeko aukera ematen diena. Iragarki bat jarri nahi bagenu, hauxe izango litzateke testua: "aisialdia musikaz bete nahi duten 8 eta 100 urte tarteko zaleak bilatzen ditugu". Zer esanik ez, BilbaoMusikan badugu zuentzako guztiontzako lekurik, ez dugulako ezartzen inongo adin mugarik.

Ez ditut ahaztu nahi Udal Musika Banda eta Txistulari Banda, ez eta ikasturte honetan eskainiko dizkizueten kontzertuen garrantzi artistikoa ere. Behar den neurrian baloratuko dituzuela espero dut.

Besterik ez nire aldetik. BilbaoMusikak eskaintzen dizkizuen jarduera guztiez goza zaitezen opa dizuet. Zuzendari gerente berria naizenez, argi azaldu nahi diet "Botxoan" musika-kultura sustatzen diharduten guztiei beren esanetara naukatela, laguntasuna eskaintzeko prest. Horrekin batera, nire gain jarri duten konfiantzari ordain egokia eman nahi nioke, ardura honi merezi duen ekinaz eta ahaleginaz heltzeko konpromezua hartu baitut.

Txomin Mujika
BilbaoMusikako Zuzendari Gerentea


 

»   02 GAIA

^

IKASTURTE BERRI BATEN HASIERA
Udazkenean ondo sartuta gaudela eta oporren osteko sindromea gainditu ondoren, BilbaoMusikan gogotik ekin nahi diogu ikasturte berriari. Esku artean duzu dagoeneko BilbaoMusika Berriak aldizkariaren ale berri bat. Bertan, informazio zehatza emango dizugu Musika Eskolan antolatuko diren jarduera guztiei buruz, baita Musika Bandak eta Txistulari Bandak eskainiko dituzten kontzertuei buruz ere.

Musika Eskolari dagokionez, aurten ez dugu izango nabarmentzeko moduko berrikuntza handirik, baina nabarmentzeko modukoa deritzogu ikasturtea hasi duten ikasleen kopuruari, iazkoa baino handixeagoa delako. Eskaria handituz doa urterik urte, eta 2001ean izan genituen 900 ikasleen aldean, aurten 1.400 dira guztira matrikulatutakoak, gauzak ondo egiten ari diren seinale.

Bilboko Udal Txistulari Bandak aurrera jarraituko du aurten Euskalduna Jauregian eskaini ohi dituen doako kontzertuekin, eta aurreko edizioan lortu zuen arrakasta handia gogoan harturik, aurten jende gehiago biltzeko moduko leku batera aldatu behar izan dugu. "Azteazkenetan, txistua benetan" izenburuko programan, Txistulari Bandak genero eta estilo berriekin uztartuko du euskal musika tradizionala, eta horretarako, luxuzko gonbidatuak izango ditu, hala nola, YOKU taldea, J.I. Ansorena eta Joserra Semperena, Santurtziko Txistulari Banda edota AIKO taldea. Horrekin batera, ezinbesteko hitzordu bihurtuko dira Bandak eta "Alos Quartet" hari-laukoteak osatutako CDaren aurkezpena (azaroaren 29an) eta, nola ez, Eskolako ikasleekin batera eskainiko duen ohiko Eguberritako kontzertua.

Bilboko Udal Musika Bandaren agenda, bestalde, bete-beterik egongo da urtea amaitu arte. Denboraldiaren hasieran, kontzertu bana eskainiko du Thomas Rotondi (United States Army Band-eko zuzendaria) eta Garikoitz Mendizabal (Udal Txistulari Banda) kategoria handiko musikariekin batera, eta azaroan eta abenduan, bakarlari ospetsuak izango ditu gonbidatu gisa, hala nola, José Antonio Sainz Alfaro, Donostiako Orfeoiko zuzendaria, aurten 100 urte bete dituen Sestaoko Orfeoia, eta Oskorri talde mitikoa, 35 urte beteko dituena.

Denboraldiaren aurrerapen labur honetan ikus dezakezuenez, aurten soberako aniztasuna eta kalitatea dauzkagu zuei guztioi eskaintzeko prest. Ez ezazue hutsik egin, zerrenda pasatuko dugu-eta!
 

»   03 ELKARRIZKETA

^

NATXO DE FELIPE OSKORRRI TALDEAREN SORTZAILEA
"DUELA 30 URTE EZ BEZALA, GAUR EGUN ESTILO GUZTIETAKO MUSIKA SORTU ETA ENTZUTEN DA EUSKAL HERRIAN"
Natxo de Feliperen izena, euskarazko folk musikan ezinbesteko erreferentzia bihurtu den Oskorri taldearekin lotuta dago. Natxo da, nolabait esanda, taldeko liderra, taldearen ageriko aurpegia, alegia. Aurten ospakizunetan sartuta daude, taldeak 35 urte beteko baititu. Eta ospatzeko ez dute era hoberik aurkitu agenda ekitaldiz beteta edukitzea baino: berrikitan "Doktor, Do, Re, Mi"ren DVDa argitaratu dute, eta urtero bezala, San Tomas egunean, "The Pub Ibiltaria" izenburuko kontzertua grabatuko dute Areatzan. Ospakizunen amaiera gisa, abenduan hiru kontzertu eskainiko dituzte Arriaga Antzokian Bilboko Udal Musika Bandarekin batera, BilbaoMusika erakundeak antolatuta. "Oso lanpetuta ibiltzen gara azken aldi honetan", aitortu du taldeko alma materrak.

Nola hasi zinen musika munduan? Araututako irakaskuntza hartu zenuen ala autodidakta bezala trebatu zinen?
Nire lehenengo lana Donejakue Katedraleko tiplea izatea izan zen. Bost urte nituen, eta egun-egunero, meza nagusia kantatzen nuen bertako kalonjeekin, On Jose de Olaizolaren zuzendaritzapean. Zoritxarrez, han ez zidaten gauza handirik irakatsi, ezta solfeoa ere. Medikuntza ikasketak alde batera utzi eta Oskorrin profesionalki lan egiten hasi nintzenean, harmonia, biolina eta abar ikasteari ekin behar izan nion. Ordurako, nahiko ohituta nengoen jendaurrean kantatzera. Zenbait pop-rock taldetan ibilia nintzen, eta gaztetan, meza bat ere konposatu nuen, baina Gurpide apezpikuak debekatu egin zuen. Bai, neurri handi batean, musikari autodidakta naizela esan liteke.

Oskorri talde enblematikoa da euskal musikaren historian. Zer aldatu da 1976tik, zuen lehen diskoa atera zenutenetik hona?
Dena aldatu da, nire ustez. Euskal kantagintza modernoa Michel Labeguerierekin sortu zen Iparraldean, Brassens, Brel, Ferré eta abarren Chanson française delakoaren eraginez. Gero, "Ez dok amairu"ko kantautoreen belaunaldia etorri zen (Laboa, Lete, Lertxundi...), Kataluniako Nova Cançó-rekin lotuagoa, eta Oskorri, osagai musikala eta osagai poetikoa edo mezua orekatuagoak dituen hirugarren belaunaldiko kidea da. Geu izan ginen folk instrumentuak (alboka, xirula, gaita, txalaparta...) eta instrumentu estandarrak (gitarra eta baxu elektrikoak, saxoa, bateria...) uztartu genituen lehenengoak. Geroztik, abanikoa zabalduz joan da eta musika eskaintza askoz ere anitzagoa da. Gaur egun, zorionez, denetarik sortzen da eta denetarik entzun daiteke herri honetan.

Oskorrik euskara erabili du beti bere kantuetan. Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun?
Ni baikor izaten saiatu naiz beti, baina azken urteotan eszeptikoago bihurtu naiz. Pazientziaz jokatu behar da, noski, baina euskararen erabilerari buruz kontsentsu handi bat lortzeko unea iritsi da, bestela galdu egingo baita. Euskaldunontzat euskarak ez du afizioa edo debozioa izan behar, eguneroko obligazioa baino, Katalunian katalanarekin gertatzen den bezalaxe.

Uko egin diozue sarri kanpoan kantatzeari. Zer ikuspegi dute atzerrian Oskorrik egiten duen musikari buruz?
Bilboko senaz baliatua esan genezake, Europan eta Amerikan ezagutu ditugun publiko guztiei zer dantzatua eta zer gozatua eman diegula urte hauetan guztiotan, baina oraindik hiru kontinente falta zaizkigu. Mundu osoan bada publikoaren sektore bat, murritza baina leiala, guk egiten dugun musika motaren inguruan berebiziko sentiberatasuna erakutsi ohi duena; eta guretzat atsegin handia izan da beti haientzat kantatzea.

Oskorrik plazaratutako disko batzuetan, "Katuen testamentua" edo "Doktor Do re mi eta benedizebra" izenekoetan kasu, haurren kantu tradizionalak berreskuratu dituzue. Olgeta hutsa al da, ala xede didaktiko batez egindako lana?
Haurrak txikiak dira baina oso azkarrak, eta zenbaitek kontrakoa uste duten arren, ezin zaie hutsa urrearen prezioan eman. Gure exigentzia maila bera da haurrentzat lan eginez nahiz helduentzat lan eginez, hau da, exigentzia mailarik gorena. Beraz, gure haur kantuak sorkuntza-lanak dira ikuspuntu musikaletik eta ikuspuntu artistikotik. Heldu espabilatuen gustukoak ere izan daitezke, noski, eta edozein lan kreatiboren moduan, portzentaia batean espirituaren elikagaia dira, beste portzentaia batean idorreriaren emaitza, eta beste batean, osagai didaktikoa, bereziki gauza berriak etengabe irensten eta ikasten ari diren haurrentzat.

Udal Bandak hiru kontzertu eskainiko ditu abenduan Oskorrirekin batera zuen 35. urteurrena ospatzeko. Nolakoa izango da kontzertua?
Esperientzia aparta izango da, ezin errepikatuzkoa. Entsegu batzuk egin ditugu eta oso itxura ederra hartzen ari da. Hilario Extremianak egin dituen moldaketekin, Rafa Sanz-Esperten zuzendaritzarekin eta Bandako musikariek azaldu duten jarrera amoltsuarekin, kontzertu gogoangarria izango da. Seguru aski, Arriagako grabazioei esker, berealdiko disko potoloa plazaratuko dugu. Errepertorioan, aspalditik kantatu ez ditugun kantu historikoak daude, hala nola, "Emazurtz", Gabriel Arestirekin konposatu genuen kanturik hunkigarrienetakoa, eta Eibarko forjarien omenezko "Forjarien kanta"; baina horiekin batera, badira azken aldi honetako doinuak ere, "Desertore" eta "Gerradantza bakerako" bezalakoak, eta gure emanaldietako ezinbesteko kantuak ere bai, "Furra furra" kasu. Dagoeneko somatzen hasiak gara publikoaren giroa!

NATXO DE FELIPE (BILBO, 1949)

Natxo de Felipe Bilbon jaio zen 1949an. Egun, Bizkaiko hiriburuko Zazpi Kaleetan bizi da

Bakarlari gisa hasi zuen bere karrera 1971n eta geroxeago Oskorri sortu zuen

Oskorrirekin batera 31 disko argitaratu ditu, horien artean "The Pub Ibiltaria" izenburuko sailaren 10 emanaldi, haurrentzako hiru disko eta Iparragirreren omenezko bat

Abenduan, Oskorrik hiru kontzertu eskainiko ditu Bilboko Udal Bandarekin batera bere 35. urteurrena ospatzeko. "Ezin errepikatuzko esperientzia", De Feliperen hitzetan
 

»   04 MUSIKA ESKOLA

^

Dagoeneko 1.400 gara: eskaria haziz doa etengabe
Dagoeneko ia 1.400 dira 2006-2007 ikasturtean Bilboko Udal Musika Eskolan matrikulatu diren ikasleak. Kopuru hau Eskolak iazko ikasturtean izan zuen eskaintza baino zertxobait handiagoa da, orduan 1.227 ikasle matrikulatu baitziren guztira. Horrek esan nahi du udal Eskolarako eskaria handituz doala urterik urte. Ondorioz, irailean hasi genuen ikasturte berrian %9 ikasle gehiago izango ditugu iaz baino.

Matrikulei dagokienez, nabarmendu beharra dago, plazak egokitzeko lehen txandetan ikasle batzuk itxaron-zerrendetan geratzen diren arren, ordutegiei azken ukituak eman ondoren, eskatzailerik gehienek plaza bana lortu ohi dutela. Hilabete honetan bertan ere, Eskolan matrikulatzeko eskaera aurkez daiteke; beraz, interesatuta baldin bazaude, kontsultatu zeintzuk diren oraindik lekurik izan ditzaketen espezialitateak, eta matrikula zaitez.

Gogoan izan gure Eskolako irakaskuntza-eskaintzan zortzi urte direla gutxieneko adina, eta bertan, era askotako ikasketa motak aurkituko dituzula, hala nola, kantua, musika instrumental sinfonikoa, musika instrumentala eta erro tradizionaleko dantza, instrumentu polifonikoak eta denetariko joerak: jazz, rock, pop, musika elektronikoa eta burura datorkizun edozein musika mota. 25 bat instrumentu-espezialitatez gain, Eskolak Musika-informatika, Instrumentu multzoa, Harmonia eta inprobisazioa eta Musikaren Historia bezalako ikasgaiak eskaintzen dizkizu, besteak beste.

Ikasgaiei dagokienez, ikasturte honetan ez dugu azpimarratzeko moduko berrikuntzarik izango, aurreko ikasturteetan ezarritako irizpideei jarraituko baitiegu normaltasun osoz. Ohi bezala, teklatuak (pianoa) eta gitarra -klasikoa nahiz elektrikoa- izan dira Eskolan eskaririk handiena izan duten instrumentuak.

 
^ Santa Zeziliako kontzertua: hitzordua duzu Aiala Antzokian
Gero eta hurbilago dago San Zeziliaren eguna, eta jaiegun horri begira, Eskolako arduradunek kontzertu berezia prestatu dute Aiala Antzokian. Iaz bezalaxe, irakasleak izango dira protagonista nagusiak, haiexek eskainiko baitute kontzertua, oso-osorik. Talde desberdinetan banaturik, irakasleek pianorako bakarkako lanak eta bikote eta hirukoterako obrak joko dituzte. Behingoan, eta aurrekaritzat hartu gabe, Eskolako ikasleek irakasleen epaile zorrotz izateko aukera izango dute. Azaroaren 21a da aukeratutako eguna, musikaren zaindariaren jaieguna, alegia; eta errepertorioak musika klasikoa, modernoa eta tradizionaleko era askotako piezak barne hartuko ditu.

Ondo gogoan izan, beraz: martitzenean, azaroak 21, hitzordua duzu Bilboko Aiala Antzokian arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Beste gauza bat: kontzertura joateko derrigorrezkoa da gonbidapena eskatzea... non eta Eskolan bertan. Erne ibili, kopurua mugatua da eta!

 
^ Inprobisatzea gogoko baduzu, jam session-etarako izena eman
Musika jotzean inprobisatzea gustatzen zaizu baina ez zara inoiz ausartu? Zure gustu berberak dituzten lagunekin batera jardun nahi al duzu? Ez bilatu gehiago. Oraindik pausua eman ez baduzu, hurbil zaitez Eskolan antolatzen ditugun jam session-etara. Ekitaldi hauetan, edozein instrumentu erabil daiteke; beraz, musika jotzean inprobisatzea gustatzen bazaizu, hauxe da zure aukera.

Ikasturte honetarako berrikuntza bezala, jam session-etan parte hartu nahi duten ikasleek instrumentuari buruzko jarraibide berezi batzuk ikasiko dituzte instrumentu-eskoletan. Horrekin batera, doinuak irakatsi eta inprobisazioan eta era honetako saioetan jarduteko behar diren erremintak ere emango zaizkie. Era honetan, jam session-ek zuzenean praktikatzeko aukera eskainiko dute, azalpen teorikoetan sobera murgildu gabe.

Saioak ostegunero egingo dira, 19:30etatik aurrera, eta Eskolako edozein ikaslek izena eman dezake, aparteko kosturik gabe. Ekimen berri hau aurreko ikasturtean abiatu zen, eta hasieran trikili-trakala ibili bazen ere, matrikulatutako ikasle kopurua handituz joan zen ikasturtean aurrera egin ahala. Bertan parte hartu duten guztiek errepikatzeko gogoa dute. Eta zu, zeren zain zaude?

 

»   05 TXISTUBANDA

^

Asteazkenetan, txistua benetan: Denboraldia hastera doa
Udal Txistulari Bandak aurrera jarraitzen du "Asteazkenetan, Txistua benetan" izeneko ekimenarekin. Asmo handiko programa honek ekitaldiak, birak, kontzertu didaktikoak eta musika-estilo berrietarako hastapenak biltzen ditu. TxistuBandak aurreko denboraldian lortutako arrakasta errepikatzea espero du, eta horretarako, luxu handiko gonbidatuen laguntasuna izango du: YOKU taldea, Jose Inazio Ansorena eta Joserra Senperena, "Alos Quartet" hari-laukotea, AIKO, Santurtziko Txistulari Banda eta musika eta dantza ikuskizun distiratsua taularatuko duen IZEIA taldea. Martxora arte luzatuko den kontzertu-ziklo hau -12 emanaldi, guztira- Euskalduna Jauregian antolatuko da (A-3 Aretoan), 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.

Kontzertu hauek bataiatzeko erabili zen "Asteazkenetan, txistua benetan" izenak emanaldiak asteazkenetan egingo direla iradokitzen duen arren, denboraldi berri honetan asteko egun horren lehentasuna mantenduko da, baina ekitaldiak beste astegun batzuetara ere hedatuko dira. Gainera, musikariak ez ezik, aurten berrikuntza gisa, bertsolariak eta dantzariak ere aurkituko ditugu artista gonbidatuen artean.

Urriaren 4eko lehen kontzertuaren ondoren, denboraldiak astelehenean, hilak 16, jarraituko du YOKU taldearen kontzertuarekin. Juan Vegaren zuzendaritzapean, Luis Urteaga eta Hilario Olazaran musikagile ezagunek txisturako idatzi zuten gerra aurreko doinuak eskainiko ditu ("Txistua gerraren aurretik: Luis Urtega eta Hilario Olazaran"). Hurrengo hilabetean, Jose Inazio Ansorena txistularia, Donostiako Goi-Kontserbatorioko txistu katedradun eta Donostiako Udal Txistulari Bandako zuzendariaren txanda izango da, Joserra Semperena piano-joleak lagunduta. Bi musikari hauek bata eta bestearen estiloak uztartu dituzte Resurreccion Maria de Azkue eta Joxemiel Barandiaranek bildutako kantu tradizionalak disko berri batean grabatzeko asmoz. "Chillida Lekutik" da lankidetza bitxi honen emaitza, eta Bilbon aurkeztuko dute azaroaren 6an.

Bestalde, AIKO taldeak ere Euskalduna Jauregia bisitatuko du "Maisuak" izenburuko bere azken lana aurkezteko. Eta hilabetearen amaieran, urregorrizko bitxi bat: azaroaren 29an, jendaurrean aurkeztuko da Txistulari Bandak eta "Alos Quartet" hari-laukoteak elkarrekin grabatu duten CDa. "Harizko txistua" da diskoaren izenburua.

Urtea amaitzeko, ohiko Eguberritako Kontzertua egingo da (abenduaren 19an, martitzena), Udal Musika Eskolako Koruaren eta txistu-ikasleen partaidetzaz. 2007aren hasieran, urtarrilaren 10ean, asteazkena, Santurtziko Txistulariak kontzertuan ikusteko aukera izango da. Bi aste geroago (urtarrilak 24), Bilboko Txistulari Bandak doinu tradizionalak nagusi dituen errepertorio zabala eskainiko dute.

Eta programazioaren aurrerapen hau osatzeko, ezinbestekoa da IZEIA taldeak emango duen kontzertua aipatzea, "Asteazkenetan, txistua benetan" zikloaren espirituarekin bat egiten baitu. Seikote honek euskal musika-tresna tradizionalak, teklatuak, biolina, perkusioa eta bi dantzari bildu ditu ikuskizun honetarako. IZEIAren helburua euskal musika folklorikoaren estiloak eta instrumentalizazioa eraberritzea da. Hitzordua, otsailaren 7an, asteazkena.

Publikoak Bilboko Txistulari Bandaren doako kontzertu berritzaile hauei eskaini dien harrera ezin hobea ikusita, eserleku-kopurua handitu behar izan da, aurreko denboraldiko 150 aulkietatik oraingo 270 aulkietara pasatuz. Gainera, Gabonetako Kontzertuaren eta "Harizko txistua" diskoaren aurkezpenaren kasuan, bi emanaldiak Euskalduna Jauregiko Antzoki Aretora aldatzea erabaki da, 600 pertsona baino gehiagorentzako lekua baitu.

 

»   06 MUSIKA BANDA

^

Hirugarren kontzertu denboraldia Arriagan
Musika ona gogoko dutenek ezinbesteko hitzordua dute igandero Arriaga Antzokian. Udal Musika Bandak iganderoko kontzertuen hirugarren denboraldia hasi du hilabete honetan, eta ekimen honen bitartez, Banda prestigio handiko zuzendari eta bakarlariekin batera ikusteko aukera egongo da. Ekimenak oso erantzun ona lortu du bi urte hauetan publikoaren aldetik, eta aurtengo gonbidatuen kalitatea gogoan hartuta, arrakasta honek jarraipena izango du, zalantzarik gabe, denboraldi berri honetan ere.

Hiruhilekoa indarrez hasi dute Udal Bandako musikariek. Urriaren 1ean, United States Army Band Estatu Batuetako armadako musika-talde nagusiaren arduradun Thomas Rotondi koronelaren batutapean jardun zuten. 83 urteko historia luzean, banda ospetsu honek hainbat gertakari historikotan parte hartu du, II. Mundu Gerrako guda-lekuetatik hasi eta John Fitzgerald Kennedy presidentearen hiletaraino, Los Angeleseko Olinpiadako ekitaldiak barne. Hasiera bikain honek ondo merezitako arrakasta lortu zuen Arriaga Antzokia leporaino bete zuten ikusleen aldetik. Gonbidaturiko musikarien zerrendan, badira aipatzeko moduko beste izen batzuk ere, hala nola, Jose Antonio Sainz Alfaro, Donostiako Orfeoiko zuzendaria, eta Oskorri taldea, 35. urteurrena ospatzeko hiru kontzertu eskainiko dituena.

Azaroa hasteko, hilaren 5eko kontzertuak oso gonbidatu berezia egongo du: Jose Antonio Sainz Alfaro, Donostiako Orfeoiko Zuzendaria eta Radio Nacional de España irratiak ematen duen Ojo Crítico musika sariaren 1992 urteko edizioko irabazlea. Sainz Alfaro Donostian jaio zen duela 50 urte, eta Orfeoiarekiko lehen hartu-emanak 1974an izan zituen, baritono bezala sartu baitzen taldean. 1988an abesbatza ospetsu honen zuzendari izendatu zuten. Orfeoia zuzentzen eman dituen urte hauek guztiak dira, hain zuzen, taldearen ospea zabaltzen gehien lagundu dutenak, Euskal Herritik kanpo ere bai. Azken aldi honetan, Sainz Alfarok lan itxaropentsua hasi du orkestra batzuren zuzendaritzan: Letoniako Orkestra Filarmoniko Nazionala, Irrati-Telebista Espainiarreko Orkestra Sinfonikoa, Errusiako Orkestra Nazionala eta Istanbuleko Orkestra Sinfonikoa, besteak beste. Hauekin eta Orfeoiarekin batera, errepaso sakona eman dio errepertorio sinfoniko-koral korapilatsuenari.

Denboraldiak azaroaren 12an jarrituko du Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren gidaritzapean, bi zatitan banatutako kontzertu batez: lehen zatian, Juan Jesus Silguero xirula-jolea -Bandako bakarlaria eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Ordestra Sinfonikoa eta Espainiako Orkestra Nazionaleko ohiko kolaboratzailea- eta Iñaki Gurrutxaga harpa-jolea izango dira artista gonbidatuak; eta bigarren zatian, aurten ehun urte beteko dituen Sestaoko Orfeoiaren txanda izango da. Sestaoko talde beteranoa jo eta ke ibili da lanean azken urteotan. Amaitzeko, abenduaren 3an, Udal Banda zuzentzeko ardura BilbaoMusikak antolatutako III. Orkestra-Zuzendaritza Ikastaroko ikasleek hartuko dute beren gain.
 

^ Hiru kontzertu "paregabe" Oskorriren 35. Urteurrenean
Denboraldiko gertakaririk garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe, Oskorrirekin batera (abenduaren 15, 16 eta 17an) eskainiko diren hiru emanaldiak izango dira, taldearen 35. urteurrena ospatzeko. Musika Bandak euskal musika talderik ezagun eta beteranoenarekin batera jardungo du, Oskorrik tradizioan errotuta eta egungo soinuen freskotasunaz apaindu ohi duen etiketarik gabeko musika taularatuz. Aurrikusita dagoen jende-etorrera handiari aurre eginez, hiru emanaldi programatu dira (bariku eta zapatuan iluntzeko 8etan, eta domekan eguerdiko 12etan). Kontzertuak Rafael Sanz-Espertek zuzenduko ditu, eta errepertorioak "Emazurtz" eta "Forjarien kanta" (Eibarko forjarien doinua) bezalako kantu historikoak bilduko ditu, bai eta "Desertore" eta "Gerradantza bakerako" gisako kantu berriagoak eta -nola ez- "Furra, furra" ezaguna ere. Emaitza gogoangarria izango da, zalantzarik gabe, eta litekeena da, oroimenean luzaro iraungo duten ekitaldi horietatik disko bat plazaratzea. Badaezpaba, bizkor ibili sarrera bila!
 

»   07 AGENDA

^ UDAL MUSIKA-ESKOLA

Azaroak 21 Martitzena. Aiala Antzokia 19:30etan. Santa Zeziliako Kontzertua, Eskolako irakasleen eskutik. Gonbidapena behar da (BilbaoMusika).

UDAL MUSIKA-BANDA

Azaroak 5. Domeka. Arriaga Antzokia. 12.00etan. 2 € Kontzertua. Zuzendari Gonbidatua: Jose Antonio Sainz Alfaro, Donostiako Orfeoiko zuzendati titularra.

Azaroak 12. Domeka. Arriaga Antzokia. 12.00etan. 2 €
Kontzertua.
Bakarlari Gonbidatuak (1. zatia): Juan Jesus Silguero (Bilboko Udal Bandako xirula-jole bakarlaria); Iñaki Gurruchaga, Donostiako "Francisco Escudero" Kontserbatorioko Harpa Irakaslea.
Bilboko Udal Banda & Sestaoko Orfeoia (2. zatia): Sestaoko Orfeoiaren mendeurreneko ospakizuna.Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.

Abenduak 15, 16 eta 17, Barikua, Zapatua (20.00etan) eta Domeka (12.00etan). Arriaga Antzokia. 6 € eta 10 €
Talde Gonbidatua: Oskorri
Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert
Hiru kontzertu Oskorriren 35. urteurrena ospatze.

UDAL TXISTULARI BANDA

Azaroaren 6an, astelehena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. J.I. Ansorena eta Joserra Semperenar-en kontzertua "Chillida Lekutik".

Azaroaren 22an, asteazkena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. AIKO Taldea "Maisuak" lanarekin.

Azaroaren 29an, asteazkena, Euskalduna Jauregia A-1 Aretoan. 20.00 Entrada libre Obra berrien estrenaldi mundiala eta CD-aren aurkezpena. Bilbaoko Udal Txistulari Banda eta "Alos Quartet" Hari Laukotea.

Abenduaren 19an, asteartea Euskalduna Jauregia A-1 Aretoan. 20.00 Entrada libre Gabonetako Kontzertua. Udal Musika Eskolako Txistu ikasleek parte hartuko dute.

Urtarrilaren 10ean, asteazkena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. Santurtziko Txistulariaren kontzertua.

Urtarrilaren 24an, asteazkena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. Bilbaoko Udal Txistulari Banda. Banda Tradizionala.

Otsailaren 7an, asteazkena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. IZEIA (Ismael Yagüe-ren kontzertua).

Otsailaren 19an, astelehena. Euskalduna Jauregia. A-3 aretoa. 20.00 Entrada libre, con aforo limitado. Bilbaoko Udal Txistulari Bandaren kontzertua Ihauteriei eskeinita.