2. Zanbakia. Maiatzak 2006
»  00 AURKIBIDEA
 
01 GAIA

02 ELKARRIZKETA

03 MUSIKA ESKOLA

04 TXISTUBANDA

05 MUSIKA BANDA

06 AGENDA

 
02 ELKARRIZKETA

JOHN TILBURY MUSIKARIA (LONDRES, 1936):

"IRAKASLEEK IKASLEEI MUSIKAZ GOZATZEN IRAKASTEA GUSTATZEN ZAIT"
 

»   01 GAIA

^ DANTZA ATSEGIN DUGU
Oso argi daukagu: dantza guztiok atsegin dugu. Badira oraindik egia hau onartzera ausartzen ez direnak, eta musika jotzen hasten denean ohiko aitzakiak erabiltzen dituztenak -"ez dakit dantzan egiten" edo "lotsa ematen dit", ohikoenen artean-. Zorionez, egoera hauek gero eta bakanagoak dira, belunaldi berriek txiki-txikitatik ikasi baitute partehartzaileagoak eta desinhibituagoak izaten. Baina orain ez da aski dantzalekuan nola edo hala "moldatzea"; zerbait gehiago nahi dugu. Eta hortxe hasten da dantza-eskola eta akademien lana, azken urteotan matrikulazio-kopuruetan lortu duten igoera nabarmena tarteko dela. Bilakaera honen lekukoa izan da Patxi Laborda, BilbaoMusikako dantza tradizionalen irakaslea, jardun honetan eman duen lehen urtean 130 ikasle biltzea lortu baitu; gogoan hartzeko kopurua, zalantza izpirik gabe.

Metologia berritzaile bati esker, "Dantza guztiontzat" programak benetako arrakasta lortu du partaidetzari dagokionez, aurrikusitako ikasle-kopurua gainditu duelarik. Euskaraz eta erdaraz antolatutako programa honek ordu eta erdiko iraupena du astean, eta jende guztiak parte hartzeko moduko dantza tradizionalen eskaintza zabal-zabala eskaintzen du (jota, arin-arina, mutil-dantzak, pasodoblea, txotisa, baltsea, etab.), inongo adin-mugarik gabe.

Zeintzuk dira, baina, metodologia berritzaile honen nondik norakoak? Honelaxe laburbildu du Patxi Labordak berak: "Guk ez dugu dantza-eskolarik ematen; dantzan egiten irakasten dugu". Helburua, dantzaren alderdirik jostagarrienak sustatzea da, geroko dantzariek ikasteari lasaiago ekin diezaioten. Labordaren esanetan, "ibiltzen dakigun heinean, dantzan egiten ere jakin dezakegu, nahiz eta nork bere mugapen eta ahalmenen jakitun izan behar duen. Guk, bakoitzak eman dezakeena besterik ez dugu eskatzen, eta horrela ez dugu frustraziorik sortzen jendearengan." Ikasteko prozesu hau hiru zatitan banatuta dago: ulertzea, ikastea eta automatizatzea. Lehenengo biak dira gogorrenak, baina pausoa eta dantza ikasitakoan, askoz ere errazagoa suertatzen da automatizatzea; eta horixe da, hain zuzen ere, dantzaz gozatzen hasteko aukera ematen duena. Horrela, lehendabiziko urtean, dantzari hasi berri hauek oinarrizko ezaguerak lortzen dituzte, eta edozein erromeriatan dantzan egiteko prest daude.

Bada, noski, alderdi teoriko bat. Honetan, irakasleak "ipuin-kontalariarena" egin behar izaten du, kontua ez baita soilik dantzan ikastea, gure folklorea identifikatzen jakitea baizik. Ildo honetan, harrigarria gerta daiteke euskal folklorea beste leku eta herrialde batzuetako folkloreekin lotuta dagoela jakitea, eta sorpresaren bat edo beste ere hartuko dugu: Bazeneki txotis-a Madrilen dantzatuz gain, Euskal Herrian eta Europa osoan dantzatzen dela? Era honetako bitxikeriek argi frogatzen dute dantzan hasi ez ezik, ikasteaz ere atsegin har dezakegula.

"Dantza guztiontzat" programaren lehen urte honetan, ikasle-kopurua bere horretan mantendu da ikasturte osoan, eta oso-oso gutxi izan dira ikasteari utzi diotenak. Gainera, gehienak itzuli egingo dira hurrengo ikasturtean. Eta zuk, dantzan bai?

 

»   02 ELKARRIZKETA

^ JOHN TILBURY MUSIKARIA (LONDRES, 1936):
"IRAKASLEEK IKASLEEI MUSIKAZ GOZATZEN IRAKASTEA GUSTATZEN ZAIT"


"Azteazkenetan, Txistua benetan" ekimenak arrakasta handia lortu du publikoaren aldetik, aurrikuspen guztiak hobetuz. Euskalduna Jauregian prestatuta zeuden gelen ordez, tamaina handiagoko beste batzuk erabili behar izan zituzten kontzertuetara etorritako jendetza sartu ahal izateko

Udal Txistulari Bandaz gain, doako 11 kontzertuz osatutako programa handinahi honek garrantzi handiko gonbidatuak taularatu ditu, hala nola, Aitor Furundarena, Gaiteros de Elciego & Friends edota John Tilbury, abangoardiako musikaririk garrantzitsuenetakoa. Pianojole britainiarrak eta Sabin Bikandi txistulariak musika esperimentaleko kontzertu gogoangarria eskaini zuten, eta auditorioa betetzen zuen jendeak biba eta txaloka erantzun zuen. Bilbaomusika berriak pianojole britainiarrarekin mintzatu zen kontzertuaren ostean.

Gustura zaude entzuleek kontzertuan eman zuten erantzunarekin?
Beraiei galdetu beharko zenieke. Nik asko gozatu nuen eta, gainera, Sabinen ondoan jotzeak, horren talentu handiko eta hainbeste errespetatzen dudanaren ondoan, asko erraztu zuen dena.

10 urte igaro dira Bilbora azken aldiz etorri zinenetik. Oso aldatuta ikusi duzu?
Bai, aldaketa handiak igarri ditut. Bilbo hiri moderno bilakatu da, Bartzelona bezala. Merezi du etortzea Guggenheimegatik bakarrik bada ere, munduko eraikinik ederrenetakoa baita, barruan dagoena gustatu nahiz ez gustatu.

Esanda daukazu Londresen Sabin Bikandirekin lehenengoz elkartu zinenean, txistuak harritu egin zintuela.
Esperientzia handia dut folk musikan musika tradizio horretan hezi naute eta. Sabin ezagutu nuenean, musika tresna bitxiz inguratuta ikusi nuen eta soinu apartak ateratzen ziren haietatik. Txistuarekin beste edozein musika tresnarekin bezalaxe gertatu zen: nork jotzen duen da kontua. Nik atsegin handia sentitu nuen tresna bitxi hori jotzen entzun nuenean. Baina ziur nago beste edozeinek jo izan balu, askoz gutxiago hunkituko ninduela.

Hainbat herrialdetan ibili zara. Desberdintasun asko aurkitu al dituzu musika hezkuntzan?
Bai, asko. Adibidez, nik bi urtez ikasi nuen Polonian 60ko hamarkadan eta harritu egin nintzen bai herrialde horretako eta bai antzinako SESBko musika eskoletan umeak 5 eta 6 urterekin praktikatzen hasten zirela jakitean; hortaz, kontserbatoriora iristean, oso maila aurreratua zuten. Ingalaterran, ostera, ez zegoen halako eskolarik. Musika ikasi nahi bazenuen, eskola pribatuak ordaindu behar zenituen.

MUSIKA ikasgaiak nahitaezkoa izan behar al luke eskoletan?
Garrantzitsuena ikasgai hori nola irakatsi jakitea da, bizitza osoan gorrotoa ez izateko moduan. Ez zait gustatzen inor ezertara behartzea baina Ingalaterran, esaterako, Matematika, Hizkuntza eta Historia bera ere nahitaezkoak dira. Ez dut musika gustatzen ez zaion inor ezagutzen. Irakasleek ikasleei musikari profesional izaten baino, musikaz gozatzen irakastea gustatzen zait. Ezin dut onartu norbaitek bizi osoa pasatzea inoiz ere Bach entzun gabe.

Zuk musika esperimentala interpretatzen duzu. Ez zaizu zaila egiten une oro inprobisatzea?
Lehenik eta behin, aldez aurretik jarrera ona izan behar da. Nik neuk libre sentitu behar dut nahi ditudan soinuak erabiltzeko. Zailena estilo berri bat aurkitzea da, musika mota berri bat eta guztia aldi berean elkartzea. Musika berria sortzeko orduan, uste dut ezinezkoa dela bizi garen komunitatearen eraginik ez izatea. Adibidez, ni hiri kultur anitz batean bizi naiz, Londresen, eta horren emaitza da musika aberastasun handia: musika afrikarra, indiarra, ekialdekoa, etab.


John Tilbury piano-jole britaniarra, Sabin Bikandirekin batera, Bilboko kontzertaren unean.

John Tilbury, musikaria (Londres 1936)

AMMko kidea 1980tik, nazioarteko abangoardiako musika talde garrantzitsu batekoa

Hainbat konpositoreren lanak grabatu ditu pianoan, besteak beste, John Cage, Howard Skempton, Christian Wolf eta Morton Feldman-enak.

Antzezle izan da Samuel Beckett eta Harold Pinter-en obren antzezlan txalotuetan

Orain Cornelius Cardew-ren biografia amaitu berri du, eta laster argitaratuko da.
 

»   03 MUSIKA ESKOLA

^ Ikasturte Amaierako Kontzertua Euskaldunan: Erromeria eta Beatles. Ezin duzu galdu!
Euskalduna Jauregia adin guztietako 100 ikasle baino gehiagorentzat antolatutako kontzertu baten eszenatoki bihurtuko da ekainaren 2an, Eskolan eskaintzen diren musika-espezialitate guztiak tarteko direla. Bi emanaldi egingo dira (18:00etan eta 20:00etan), eta bien artean, musika eta dantza tradizionaleko ikasleek kaleko erromeria laburra eskainiko dute Jauregiaren atarian.

Kontzertuak bi atal izango ditu: lehenengoan, musika klasikoa, tradizionala eta modernoari dagozkion hainbat obra interpretatuko dira ikastetxeko talde instrumental eta bokal desberdinen eskutik; eta bigarren zatian, omenaldia egingo zaio Beatles-i, espezialitate desberdinetako ikasleek taldearen kanturik ezagunei egin dizkieten bertsioen bitartez.

Talde "modernoek" "Obladi", "Hey jude" edo "Yellow submarine" bezalako pop-klasikoak interpretatuko dituzte, koru, haize-talde, soka-talde eta bakarkako kantariekin batera. Sarrerak gonbidapenen bidez banatuko dira, eta pertsona bakoitzak bi jaso ahal izango ditu Eskolan, maiatzaren 15etik aurrera.

Bestalde, Eskolak aurrera jarraituko du ikastetxeetan kontzertu didaktikoak eskaintzeko ekimenarekin. Horrela, Musika Modernoa Sailak "Disney Kontzertua" emango du ekainaren 7, 8 eta 9an, etxeko txikienak liluratuta utziko dituzten "Peter Pan", "Toy Story" eta beste zenbait filmetako doinurik ezagunenak bilduz eta euskarazko kontaketa batekin tartekatuz. Era berean, Musika Sinfonikoa Sailak biolina, oboea, tuba eta perkusio-instrumentuak emango ditu ezagutzera gazteenen artean (maiatzaren 16, 23 eta 30ean), Beethoven eta Straussen pieza ezagunak, "Sonrisas y lágrimas" filmeko "Do, re, mi" ospetsua edota Athleticen himnoa tarteko direla.

Azkenik, Musika Modernoa Saileko ikasle gazteek musikarako dituzten dohaiak erakusteko aukera izango dute, Bilborock Aretoan eskainiko duten kontzertuan. Hitzordua ekainaren 6an izango da, 19:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

 
^ Arriaga, Musikaren Europar Eguneko protagonista
Musikaren Europar Eguna ekainaren 21ean ospatzen da Europa osoko hiri desberdinetan, eta Bilbo ez da inondik ere salbuespena izango. Bizkaiko hiriburuak oso partehartze zuzena izango du ospakizun honetan, hirian zehar instalatuko diren eszenatoki ugariren bitartez. Gainera, Bilbok oroitzapen berezia eskainiko dio Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarrari, beronen jaiotzaren 200. urteurrenean.

BilbaoMusikak zeregin garrantzitsua izango du, noski, musika arloko hitzordu garrantzitsu honetan. Ikasle eta irakasleek osatzen dituzten Eskolako sail desberdinetako musika-taldeek (modernoek, tradizionalek, sinfonikoek eta polifonikoek) kontzertua eskainiko dute arratsaldez Galerako eraikinaren ondoan. Emanaldiaren buruan, jam session bat egingo dute. Guztiak daude gonbidatuta -musikariak nahiz ikasleak- ekintza honetan parte hartzera. Apuntatu al zara?

 
^ Udan murgildu udaleku musikalekin
Iazko udan Musika Bai! ekimenak lortu zuen arrakastari jarraituz, BilbaoMusikako arduradunek ez dute dudarik egin esperientzia errepikatzeko. Musikaren inguruko udaleku hauek oporrak musikan barna hasteko aukera eskaintzen die umeei, mundu hori ezagutu, interpretatu eta bizitzea errazten duten jolasez betetako bi asteren bitartez.

Ekimen bitxi hau 2005ean jarri zen abian lehendabiziko aldiz, gazteenen artean sentiberatasun artistikoa landu eta musikaren inguruko jakinahia jolasa, marrazkia, mimoa eta dantzaren bidez garatzeko asmoz. Errepertorioak era guztietako obrak eta musika-estiloak biltzen ditu, barrokotik hasi eta gaur egungo doinuetaraino, jazz, pop-rock, folklorea eta soinu-bandetako klasikoak ere barne hartzen dituelarik.

Aurten, bi berrikuntza erantsi dira 2005eko edizioaren aldean. Alde batetik, bina asteko bi txanda ezarri dira: uztailaren 3tik 14ra bitartekoa lehengoa, eta hilaren 17tik 28ra bitartekoa hurrengoa. Eta beste aldetik, bi talde ere ezarriko dira, haur tailerra, 4 eta 6 urte tarteko haurrentzat, eta 6 eta 11 urte tartekoei eskainitako beste talde bat. Eskolak goizeko ordutegian emango dira (9:30-13:30), Udalaren Musika Eskolako musikari, gorputz heziketako irakasle eta laguntzaileen ardurapean. Hauek dira programazioa osatuko duten atalak: "Kontzertu didaktikoa", "Adierazpidea, jolasak eta gorputz heziketa", eta atsedena eta otorduaren ondoren, "Dantza eta koreografiak" eta "Kantua, koru-entsegua".

Teoria udaleku hauetatik kanpo utzi dute, helburua umeek musika sentitu eta ezagutu eta musikarekin elkarbizitzen ikastea baita. Honen eredutzat jo dezakegu Kontzertu Didaktikoa, haurrei jostagarrien suertatzen zaien eskola-orduetako bat. Ariketa honetan, bi ume-taldek -nagusiak eta txikiak- jolas desberdinak egiten dituzte pianoaren soinuaz, eta ordubetez irudimenari hegan egiten uzten diote musikan kontzentratuta olgetan dauden bitartean. Baina ez da irudimena ariketa honen bitartez lantzen duten gauza bakarra, baita arreta, kontzentrazioa eta talde-lana ere. Umeek gauza bakarra erabili ohi dute gogoan, aukera bat eman diezaietela jolasa arrakastaz osatu ahal izateko. Ez diote behin ere begiratzen erlojuari, eta sinesgaitza bada ere, jolas-ordua da aspertzen diren une bakarra.

Azken batean, Musika Bai! ekimenak oinarriak finkatzen ditu, gazteek musika aisialdirako aukeratzat hauta dezaten. Ikasbide partehartzaile eta jostagarri honek oso emaitza onak eman ditu, eta txikiei musikaren alderdirik erakargarriena ezagutzeko aukera eskaintzen die, Beethoven nahiz La Oreja de Van Gogh identifikatzen ikasten dutelarik.

Plaza-kopurua mugatua denez, interesatuek ekainaren 17ra arte dute zabalik izena emateko epea. Esleipena izena-ematearen ordenaren araberakoa izango da eta txartela BilbaoMusikara eraman edo postaz bidali beharko da, argazkiarekin eta bankuko abonu-agiriarekin batera (105 euro). Bizkor ibili, plaza gutxi dago-eta!

 
^ Euskal Herriko Musika-Eskolen Elkarteak antolatutako II Nazioarteko Biltzarra
Bilboko Euskalduna Jauregia Euskal Herriko Musika-Eskolen Elkarteak antolatzen duen Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioaren eszenatoki bihurtu zen apirilean, eszenatoki ezin egokiagoa, alegia. Hilaren 6tik 8ra bitartean, eta Musika-Eskolak: Gorantz doan inbertsioa lelopean, biltzarrak musika-eskolen zeregin soziala, pedagogia eta kudeaketa bezalako esparruak jorratu zituen nagusiki, bai eta osasunarekin duen harremana ere. Vitoria-Gasteizen antolatu zen lehen Biltzarretik sei urte joan direlarik, bigarren edizio hau proiektu handinahiagoa balitz bezala antolatu da, Euskal Herrian, Estatuan eta nazioartean kalitate handikotzat jotzen diren hizlarien partaidetza medio. Aurtengo programak sei hitzaldi, hamar tailer, hainbat agerraldi eta kontzertu eta bi mahainguru bildu ditu, eta horietan guztietan partehartze eraginkorra izan du BilbaoMusikak.

Hiru jardunaldietako lehenak Musika-Eskolen zeregin soziala aztertu zuen, Doug Goodkin-ek inaugurazio ekitaldian eskaini zuen izenburu bereko hitzalditik abiatuta. Musika eta dantza tradizionala ere mintzagai izan ziren Sabin Bikandik zuzendutako mahainguruan, Martin Ariztimuño, gure Eskolako dultzaina-irakaslea tarteko zela. Baina ez zen horretara mugatu BilbaoMusikako kideen presentzia Biltzar honetan. Hurrengo egunean (apirilak 7), eskari berriak, musika modernoa edota teknologia berriak bezalako gaiak aztertu ziren mahainguruan, eta bertan, Alvaro Garcia, Musika-Eskolako zuzendaria, eta Iñigo Eskubi, Musika Modernoa Saileko irakaslea, izan ziren solaskide. Egun horretako jardunek Musika-Eskolen pedagogia eta kudeaketa izan zuten ardatz, eta Maria Eugenia Luc-ek gaur egungo musikaren inguruan eskaini zuen hitzaldiaz hasi ziren. Biltzarra larunbatean, apirilak 8, amaitu zen, Medikuntza eta Osasuna-ri buruzko jardun interesgarri batez. Bertan izan ziren Joachinm Lahme eta Silvia Schwarsnbach, "Gihar eta hezur patologiak musika instrumentalean" gaiari helduta.

Euskal Herriko Musika-Eskolen Elkarteak 53 ikastegi biltzen ditu gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenen %90 baino gehiago, alegia. Erakundeek bultzatzen duten arautu gabeko musika-heziketa animatu eta dinamizatzea da elkartearen helburua, pedagogiaren ikuspegitik eraginkorrak eta udalerrien ekonomiatik ikusita bideragarriak izan daitezkeen musika-proiektu erakargarrien bitartez. Musika-eskolen arteko topaketa honen arrakastak eta emaitza baikorrek lagundu egingo dute, zalantzarik gabe, hurrengo biltzarrerako itxaronaldia laburragoa izan dadin.

 

»   04 TXISTUBANDA

^ Izen handiko konpositoreek Txisturako errepertorioa berritu dute enpresek babestutako obrez baliatuz
Bilboko Txistularien Udal Bandak, udal musikari gisa dituzten ohiko zereginei erantzuteaz gain, kontzertu talde moduan ere etengabe dihardu lanean. Programazio handia egin du orain arte landu gabeko musika generoen kontzertuak ematean, hala nola , ganbera musikarenak, eta horrek errepertorio berriak sortzea eskatzen du. Testuinguru horretan obra berriak konposatu beharra agertu zen txisturako eta era askotako instrumentu talderentzako (harizkoen laukotea, haizezko metalezkoa eta/edo egurrezkoa, eskusoinua, eta abar.). Lan hori frogatutako esperientzia zuten konpositoreei eman behar zitzaien, eta, gainera, gure musika tresnen eta musikaren bereizgarriak ezagutzen zituztenei.

Ekimen horrek hainbat enpresa, erakunde eta kultur organismoren interesa piztu du eta haiek arduratuko dira obra berriak babesteaz. Obrak oraingo honetan Txistulari Bandarentzat eta Harizkoen laukotearentzat konposatu dira eta enpresa hauen laguntzari esker: Valeriano Urrutikoetxea SA eraikuntza enpresa, Umpro 2000 SM sustatzailea, Argintza SM (marmolak eta granitoak), Lanik I SA (egituren muntaia, fabrikazioa eta diseinua) eta Batz, (automobilgintza sektorerako trokelen fabrikazioa). Halaber, San Balentin Berriotxoako Kofradiak, Tolosa 750. urteurrena Fundazioak eta Elorrioko Udalak ere hartu dute parte.

Hautatutakoak talentu eta ospe handiko zortzi euskal musikari dira. Xabier Zeberiok, Oskorriko kideak, artista ezagunekin egin du lan, esaterako, Dulce Pontes eta Kepa Junkera; Ruper Lekue Igorreko "Luis Iruarrizaga" eta Galdakaoko "Coro de Cámara" abesbatzen sortzailea eta zuzendaria da; Juan Carlos Pérez Itoiz talde mitikoaren buru izategatik da ezaguna; Hilario Extremiana konposatzaile arabarrak hainbat sari jaso ditu, nazionalak zein nazioartekoak, bere konposizioengatik; Álvaro García, Bilboko Udal Musika Eskola - BilbaoMusikako zuzendaria eta irakaslea; eta Aitor Furundarenak obra berriak irakatsi, interpretatu, grabatu eta konposatzeaz gain, irratian eta telebistan egiten du lan. Euskal autoreen zerrenda osatzeko Javier Ituarte eta Xabi Zabala ditugu, azken hori musik alorrean egindako lan pedagogikoagatik ezaguna.

Amaitutakoan, obrak Txistulari aldizkarian argitaratuko dira eta ondoren, grabatu eta CD monografikoa editatuko da. Konposizio berriak kontzertu berezi batean aurkeztuko dira azaroaren 29an Euskalduna Jauregian, hedapen handiena lortzeko eta kultur programatzaileen interesa pizteko.

 
^ Bira Uruguai eta Argentinan zehar
Iaz Katalunia aldean egin zuten bira arrakastatsuaren ostean, Txistulari Bandak harantzago jo du, Ameriketara eraman duen osteratxoa eginez. Bilboko laukoteak Uruguai eta Argentinako zenbait euskal etxe bisitatuko zituen maiatzeko lehen astean, eta horrez gain, nazioarteko oihartzuna izan duen topaketa batean parte hartu zuen, Montevideon ospatutako Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko III. Biltzarra izenburukoan, alegia.

Bira hau -Eusko Jaurlaritzari Ester burutua (Lehendakaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Saila)- arras berria izan da Bandak egindako gainerako ostera guztien aldean. Normalean, musika-tresna ezagutaraztea izaten da haien lehendabiziko zeregina. Txistua gure kultura musikaleko osagai bereizgarria da, zalantzarik gabe, baina erabat ezezaguna beste lurralde batzuetan. Oraingo honetan, ordea, milaka kilometroko distantzia gaindituta, txistulariak "etxe-txokoan" bezala sentitu dira, Hego Amerikako bi herrialde horietan dagoen euskaldun kopuru handia ikusita.

Montevideon hasi zen ostera, maiatzaren 3an. Txistulari Bandak bertako "Euskal Erria" anaitasun-elkarteak antolatutako Euskal Herriari buruzko argazki erakusketaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen. Hurrengo egunean, Uruguaitik mugitu gabe, laukoteak kontzertua eskaini zuen Salto herriko Euskal Etxean, eta maiatzaren 5ean, euskal-uruguaiar folklore topaketa batean parte hartu zuen Montevideon. Aparteko aipamena merezi du Montevideoko Euskalerria Euskal Etxean maiatzaren 4tik 6ra bitartean ospatu zen Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko III. Biltzarra. "Euskaldunen presentzia munduan eta komunikabideak" izan zen nazioarteko oihartzuna izan duen topaketa honen izenburua, eta Txistulari Bandak biltzarraren amaierako ekitaldian parte hartu zuen.

Bandak Hego Amerikara egin duen lehen bisitaldi hau Argentinan amaitu zen igandean, maiatzak 7, La Plata herriko Euzko Etxeko ekitaldi aretoan eskaini zuen kontzertu batez. Bira honen emaitza ezin arrakastatsuagoan, zerikusi handia izan dute bi herrialde horietako Euskal Etxeek eta bertako anfitrioien adeitasun eta harrera onak, txistulari laukoteari etxe ondoan bezala zeudela sentitzeko aukera eskaini baitiote une oro.

 

»   05 MUSIKA BANDA

^
Musikaren Europar Egunaren inaugurazioan
Musika Bandaren neguko denboraldia amaierara iritsi da, Arriaga Antzokian eskainitako zenbait kontzertu gogoangarriren ondoren. Emanaldi hauetan, hainbat gonbidatu ezagun izan dituzte partaide, hala nola, Enrique Garcia Asensio, Madrilgo Udal Banda Sinfonikoko Zuzendari Titularra (apirilaren 2an), eta berrikitan Fernando Bonete, Albaceteko Udal Bandako Zuzendaria (maiatzaren 14an). Gogoan izateko modukoa da, halaber, Ayala Antzokian 1.700 ikasle baino gehiagorentzat eskaini zuen kontzertu jendetsua, Oskorri taldeko Natxo de Felipe abeslariaren partaidetzaz.

Gertatuak gertatu, datozen hilabeteotan ere Bandaren agenda bete-beteta egongo da. Bilboko Udalak Bandak, ezin bestela izan, partehartze zuzena izango du Musikaren Europar Egunean (Bilbon, ekainaren 21ean). Bandari egokitu zaio hitzordu garrantzitsu hau inauguratzeko pribilegioa eguerdiko 12etan, Areatzako Kioskoan. Gainerako partaideen antzera, Rafael Sanz-Epertek zuzentzen duen musika-taldeak omenaldia egingo dio Juan Crisostomo Arriagari, honen jaiotzaren bigarren mendeurrenean. Baina hitzordu garrantzitsu honen aurretik, Bandak kontzertu bana eskainiko du igandero, maiatzaren 28tik ekainaren 11ra arte (Arenaleko Kioskoan, 12etan). Eta ekainaren 18an, Bandako musikariek Diego López de Haro jaunari zuzenduriko Lora Eskaintzaren ekitaldietan parte hartuko dute.

Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandak aurrera jarraituko du Uriko auzoetan emanaldiak egiteko ohiturarekin. Deustu, San Joseren jaieguna dela eta, Buia auzoa, Altamira eta Zurbaranbarri dira, besteak beste, Bandak tokian tokiko zaindarien omenez eta jai giroko ospakizunetan urtez urte eskaintzen dituen emanaldiez gozatzeko aukera dutenak. Eta udako hutsartearen ostean, Banda lehengo jarduerara itzuliko da Bilboko Aste Nagusian. Igandean, abuztuak 20, hasi eta Aste Nagusiaren azken egunera, hilaren 27ra bitartean, Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu bana eskainiko du egun-egunero, eguerdiko 12etan, Areatzako Kioskoan. Jaietan duen presentzia osatuz, musika-taldea zezenketetan ere izango da.
 


»   06 AGENDA

^ UDAL MUSIKA-ESKOLA

Maiatzak 16. Asteartea. CEP Birjinetxe LHI. Instrumentu Sinfonikoen Saileko kontzertu didaktikoa.

Maiatzak 23. Asteartea. CEP Vda. De Epalza LHI Instrumentu Sinfonikoen Saileko kontzertu didaktikoa.

Maiatzak 30. Asteartea. CEP Cervantes LHI Instrumentu Sinfonikoen Saileko kontzertu didaktikoa.

Ekainak 2. Ostirala. Euskalduna Jauregia. 18.00etan eta 20.00etan. Sarrera gonbidapen bidez. Ikasturte amaierako kontzertua

Ekainak 6. Asteartea. Bilborock Aretoa. 19.00etan. Doako sarrera Musika Modernoa Saileko ikasleen kontzertua

Ekainak 7, 8 eta 9. Asteazkena, Ostegua eta Ostirala. Gabriel Aresti LH. Haur-Hezkuntza Musika Modernoa I Sailaren kontzertu didaktikoak.

Ekainak 21. Asteazkena. Galera eraikinaren ondoko parkean Ikasle eta irakasleen kontzertua, Musikaren Europar Eguna ospatzeko.

UDAL MUSIKA-BANDA

Maiatzak 18 . Igandea. Areatzako Kioskoa. 12.00etan Kontzertua. Zuzendaria: Jesus Maria Bilbao

Ekainak 4. Igandea. Areatzako Kioskoa. 12.00etan Kontzertua. Zuzendaria: Felipe Neri Gil Marrero (Tenerifeko Udal Bandaren Zuzendaria)

Ekainak 11. Igandea. Areatzako Kioskoa. 12.00etan Kontzertua. Zuzendaria: Jesus Maria Bilbao

Ekainak 18. Igandea. Don Diego Lopez Harokoaren omenezko Lore-Eskaintzan parte hartzea. Arratsaldez, zezenketan parte hartzea.

Ekainak 21. Asteazkena. Areatzako Kioskoa. 12.00etan Musikaren Europar Eguneko Inaugurazio Kontzertua.

Auzoetako Kontzertuak

Maiatzak 13. Larunbata. Buia auzoa. Jai patronalak

Maiatzak 27. Larunbata. Altamira auzoa.

Ekainak 17. Larunbata. Irala auzoa.

Aste Nagusia

Abuztuaren 20tik 27ra. Eguneroko kontzertua. Areatzako Kioskoa. 12etan

UDAL TXISTULARI BANDA

Ekainak 10. Larunbata. Bakio. 20.00etan Kontzertua Elizan.

Uztailak 4. Asteartea. Elorrio. San Balendin Berriotxoaren omenezko Kontzertua.

Udaberri eta udako larunbatak. Kale animazioa Zazpi Kaleetan zehar.