1.go zenbakia. Abenduak 2005
»  00 AURKIBIDEA
 
01 AURKEZPENA

02 GAIA

03 ELKARRIZKETA

04 MUSIKA ESKOLA

05 TXISTUBANDA

06 MUSIKA BANDA

07 IKASFOLK

08 AGENDA

03 ELKARRIZKETA

JUAN CARLOS PÉREZ, MUSIKARIA:

"MUSIKA ESPERIENTZIA ABERASGARRIA DA"
 
»   01 AURKEZPENA

^ BilbaoMusika Berriak aldizkaria duzu eskuartean. Gure hirian Musika eta Kultura sustatzeko euskarri berria da. Murgil zaitez bertan eta ezagutu bere atal guztiak. Zeure neurrira egin dugu, jakin badakigulako musika gogoko duzula, eta BilbaoMusikak antolatzen dituen jarduerekin gozatu egiten duzula. Antolatzen diren ekitaldi guztien berri eman nahi dizugu, haietako bat ere gal ez dezazun. Kontsultatu Musika Bandaren emanaldien egutegia, animatu dantza eskoletan parte hartzera edo hurbildu Txistugunera, musika tresna berezi horren zaleentzako topalekura.

Iritzia, elkarrizketak, albisteak, agenda... atal ugari aurkituko dituzu aldizkari honetan. Haien bitartez komunikazio giroa sortu nahi dugu BilbaoMusika osatzen dugunon artean, baita, oro har, musikazale guztien artean ere.

Gozatu BilbaoMusika Berriak aldizkariaren lehenengo zenbakiarekin, eta gogoratu urtean hirutan argitaratuko dugula zuretzat. Bertan topatzen duzun informazio guztia BilbaoMusikaren web orrian ere aurkitu ahal izango duzu. Gainera, webgunean newsletter berria estreinatu dugu. Nahi izanez gero, harpidetu zaitezke, eta zuzenean bidaliko dizugu zure posta elektronikoko gutunontzira.

Bihotzez espero dut zuen gustukoa izatea, eta bide batez, zorionak eman nahi dizkizuet BilbaoMusika errealitatea izateko laguntzen duzuen guztioi.

Jon Sánchez Ibarluzea Bilboko Udalaren Kultura eta Euskara Saileko Zinegotzi ordezkaria
 

»   02 GAIA

^ Eskola eta Kontserbatorioaren arteko aldeak Kontserbatorioa ala Musika Eskola? Batzuek ez dakite oraindik BilbaoMusika bi horietako zer den, edo ez dakite Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioa bereizten.

BilbaoMusika musika eskola da, eta beraz, Kontserbatorioek ez bezala, arautu gabeko musika prestakuntza eskaintzen du, hasiera batean praktika profesionalera bideratuta ez dagoena. Zentro honetan adin guztietako musikazaleak biltzen dira, hainbat estilotako musika eta dantza ikasi nahi dutenak.

Ez dago azterketarik, eta, beraz, presiorik ere ez, musika era ludikoagoan irakasteko aukera emanez.

Musika eskola honek era guztietako tresna klasiko zein modernotarako prestakuntza ematen du, eta musika estilo guztiak irakasten ditu: klasikoa, gaur egungoa, herri musika, rocka, jazza... Denbora gutxiago eskatzen du Kontserbatorioak baino, ordutegia malguagoa da, eta ez dago adin mugarik. Musika irakaskuntza batez ere zaletuei zuzenduta badago ere, talentu berriak ere aurki daitezke. Horiek "jauzi egin" eta musikari profesional bihur daitezke.

Horrela, BilbaoMusikak gizartearen eskari handi bati erantzuten dio: gainditzeko obsesiorik gabe musikara hurbildu nahi duenari, haien helburu nagusia gozatzea eta gogobetetzea baita.
 

»   03 ELKARRIZKETA

^ JUAN CARLOS PÉREZ, MUSIKARIA
"MUSIKA ESPERIENTZIA ABERASGARRIA DA"


Juan Carlos Pérez (Mutriku, 1958) 1975ean Itoiz musika talde mitikoa osatu zuen. Taldeak zazpi disko grabatu zituen, azkena 1988an. Beste talde batzuentzako produkzio artistikoa ere egin zuen: Tahúres Zurdos, Jotakie, Piztiak... eta telebistarako soinu bandak ere egin zituen: La Aventura Humana, Los Tres Anillos, eta abar. 90eko hamarkadan: bakarkako lanak: "Atlantic River", "Ikaro"... Orain musika hizkuntza ikasten eta aztertzen dabil.

Batez ere, Itoiz musika talde mitikoaren buru izateagatik da ezaguna Juan Carlos Pérez. Artista polifazetikoa da, eta azken urteak musika hizkuntzaren bide berriak ikertzen eman ditu Azkoitian duen etxean. Une honetan, Gipuzkoako musikaria buru-belarri ari da Bilboko Txistu Bandarako musika pieza bat konposatzen.

Askok jakin nahiko dute zertan ibili ote den Juan Carlos Pérez Itoiz desegin ostean. Zer egin duzu urte hauetan guztietan?
Gauza asko, 15 urtetan gauza asko egin daitezke. Konposatzen ibili naizela esan daiteke, eszenatokiei guztiz utzi gabe. Zinerako eta antzerkirako ere konposatu dut, baina nahiago dut denbora gehiena musika hizkuntza ikertzen ematea. Orain orkestrarako pieza bat amaitu berri dut. Ikus-entzunezko baterako musikaren eta kontzertu baten arteko hibridoa da. Eta hemendik urte amaierara pieza bi estreinatuko dira, bat txistu eta metaletarako, eta bestea flauta, biola eta kontrabaxu hirukoterako, SustraiArt taldearentzat egindakoa.

Une honetan pieza bat konposatzen ari zara Bilboko Txistulari Bandarentzat. Azaldu ahal diguzu kolaborazio hori zertan den?
Garikoitz Mendizabalek eskatu zidan zerbait idazteko Bilboko Txistulari Bandarentzat, eta ideia izugarri gustatu zitzaidan. Txisturako idaztea erronka da, oso ohiko eta hurbileko tresna izan arren, orain arte mugitu ez naizen esparru estetiko batean dagoelako. Taldea txistulari banda klasikoak osatuko du, marinba batekin eta hari laukote batekin batera.

Txistulari Banda proiektu handi batean sartu da, besteak beste, ganbera kontzertuak, garaiko musika eta bere ohiko esparrutik kanpoko beste musika estilo batzuk ere jorratzen dituena. Zer deritzozu?
Oso interesgarria iruditzen zait, eta txistu musikarako zein txisturako onuragarria. Presentzia handiagoa lortuko du orain arte ezezaguna izan den beste esparru batzuetan. Gainera, idiosinkrasia handiko tresna denez, sonoritate berria ekarriko dio soinu paleta tradizionalari.

Musikaren irakaskuntzan zabiltzan aldetik, zein da zure ustez Musika Eskolen egitekoa?
Uste dut berebiziko garrantzia dutela musikaren irakaskuntza "berrian", musika interesgune guztietara gehiago hurbilduz, musika irakaskuntzaren helburu eta ikuspuntu ezberdinei helduz, eta profesionalen eta zaletuen irizpideak konpartituz.

Zure ustez, badago musika ikasteko zentro nahikorik Euskadin?
Bai. Badirudi musika, zorionez, gurasoen interesekoa dela, lehenengo urteetan behintzat. Hala ere, uste dut musika gehiago sustatu behar dela gazteen artean, norberaren bagajea aberasten duen esperientzia baita. Ikuspegi artistikoaz gain, tresna bat jotzea ariketa osasungarria da, musika berriak ezagutzen dira...
 

»   04 MUSIKA ESKOLA

^ Guztientzako dantza
Euskal datza tradizionalak ikasi nahi dituzu? Pasodoblea, polka, baltsea, akaso? Nahi duzun dantza ikasteko aukera ematen dizugu "Dantza guztiontzat" programaren bitartez. Dantza tradizionaleko eskolak dira, gure zentroan aurten hasi direnak, Patxi Laborda gure adituaren eskutik. Programa berri honekin erantzun nahi diogu azken urteotan ikusi dugun eskari handi bati, izaera praktikoko musika irakaskuntza eskainiz, eta musika eta dantza taldean praktikatzeko helburu nagusiaz, perspektiba profesionalik gabe.

Ikastaroek dantza tradizionalaren errepertorio zabala dute, adin guztientzat: jota, arin-arina, mazurka, txotisa, mutil-dantzak, kontradantzak, polka, pasodoblea, balsa, eta abar. Astean ordu eta erdiko iraupena dute, eta eskaintza zabala, hala ordutegiari nola errepertorioari dagokionez. Eskolak euskaraz eta gazteleraz ematen dira. Eskaintza zabal honek helduentzako ikastaro espezifikoak ditu barne, gazteenentzako irakaskuntza berezia (7 urtetik aurrera), eta ikastaro monografikoak, esperientzia handiko irakasleek ematen dituztenak.

BilbaoMusikaren ekimenak harrera ezin hobea izan du Bilboko biztanleen artean: "Dantza guztiontzat" programak 100 lagun inguru bildu ditu lehenengo edizioan. Eta honek hasi besterik ez du egin.

 
^ Jam Sessions, eman izena eta... inprobisatu!
Gitarra, konboa, bateria, saxofoia... dena harmonian, inprobisaziotik. Horrelakoxeak dira antolatzen ditugun jam session saioak. Ikasketa planetan baztertuta daudenez, saioon helburua gabezia konpontzea da. Saio berezi hauetan, edozein tresnak du bere lekua. Inprobisatuz jotzeko gogoa baduzu, baina orain arte ausartu ez bazara, hauxe duzu zure aukera. Ikasitako guztia praktikara eramateko zu bezain gogotsu dabiltzan ikaskideekin elkartuko zara.

Hainbat maila antolatu ditugu, horrela, kontzertu inprobisatuetan hasi berri diren ikasleak eta musika esperientzia handiagoa dutenak txandakatzen dira. Mailarik txikiena duten ikasleek euren maila parte hartzeko nahikoa denean eman ahal izango dute izena, horretarako aldez aurretik irakaslearekin hitz egin behar dutela. Guztiei norbere tresnarekin solo bat interpretatzeko aukera ematen diegu, asmatzeko ahalmena frogatu ahal izateko.

Saioak asteartero egiten dira, 18:00etatik 20:00etara, eta Eskolako edozein ikaslek eman dezake izena, inolako kosturik gabe. Badirudi ekimenak pixkanaka-pixkanaka zuen arreta erakarri duela, eta orain arte 15 lagunek eman dute izena. Zenbaki hori ikasturtean zehar handituko da, zalantzarik gabe. Zeren zain zaude izena emateko?

 
^ Santa Zezilia eguneko kontzertua: irakasleen txanda.
Gero eta hurbilago dago Santa Zezilia eguna, eta aurten ere kontzertu erakargarriaz gozatu ahal izango dugu Euskalduna Jauregian. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten irakasleak izango dira protagonista lehenengo aldiz, eta ez ikasleak. Azaroaren 22an, musikaren patroiaren eguna ospatzeko, irakasleek soilik interpretatuko duten kontzertua entzun ahal izango dugu. Kontzertuan pianorako soloak, duoak eta trioak egongo dira.

Musika errepertorio zabalak musika klasikoko, tradizionaleko zein jazzeko lanak ditu. Musika klasikoaren zaleek Genzmerren "Sonata" edota Saint-Säensen "Tarantela op.6" bezalako piezekin gozatuko dute. Tradizionalenek Chueca eta Valverderen "Tango de la Menegilda" izango dute gustuko; eta jazza nahiago dutenek Duke Ellington bezalako klasikoen edo Chick Corea eta Dave Brubecken konposizioak entzun ahal izango dituzte.

Ez ahaztu: azaroaren 22an (osteguna) hitzordua duzu 19:30ean Euskalduna Jauregiko A4 aretoan. Kontzertura joateko ezinbestekoa da gonbidapena, eta eskolan banatzen da. Arin etorri, agortu baino lehen!

 

»   05 TXISTUBANDA

^ Txistugune: txistuzaleentzako topalekua
Txistua eta danbolina baduzu, txistua sustatzeko gogotsu bazabiltza, lehen jotzen bazenuen eta orain jotzeko astirik eta lagunik topatzen ez baduzu, zaletasunez jotzen baduzu, edo debozioz, edo mirespenez... Hitz gutxitan izanda, txistularia bazara eta txistulariek txistularientzat prestatutako ekimen batean parte hartu nahi baduzu, gozatzeko eta konpartitzeko... TXISTUGUNEA da zure aukera. Tresna berezi horren zale guztientzako gunea. Bertan biltzen dira txistu ikasleak, dantza taldeetako txistulariak edo, besterik gabe, errepertorioa handitu eta beste txistulari batzuekin bildu nahi duten txistulariak. Helburua, azken finean, elkarrekin joaz gozatzea da, eta tarteka kalejiran irtetea (Santa Zezilia, Gabonak, eta abar...).

Maiatzaren amaierara arte, asteartero 20:30etik 21:30era, hogei lagun biltzen ziren esperientzia honen lehenengo urtean. "Txistugune"ren bitartez, Bizkaiko hiriburuan hainbat urtez egon den hutsunea bete egin da; orain, txistuzale guztiek "gotorleku" bat dute euren zaletasuna garatu ahal izateko.

 
^ Kataluniako bira, erabateko arrakasta
Txistulari Bandak arrakasta handiz egin zuen Katalunia alderako lehenengo bisita. Bilboko laukotea Villafranca del Penedesera (Bartzelona), Riudaurara, Argelaguerrera eta Besalura (Girona) joan zen abuztuaren 29an, eta irailaren 1, 2 eta 3an. Gure kultura musikalaren ezaugarri nagusietakoa ezagutarazteko asmoa zuen ekimenak harrera bikaina izan zuen Kataluniako publikoaren aldetik. Euskaditik kanpora oso gutxik ezagutzen badute ere, txistuak ikusmin handia eragiten dio lehenengo aldiz entzuten duen jendeari. Gure txistularien arabera, Kataluniako ikusleak harrituta geratu ziren "hiru zulorekin soilik" horrenbeste musika egin ahal dela ikustean. Laburbilduz, bisita hori bultzada handia izan da etorkizunean Euskaditik kanporako irteera gehiago egiteko.

 
^ Azteazkenetan, txistua benetan
Bilboko Txistularien Udal Banda berrituak aldi berriari ekin zion lehengo denboraldian. Izan ere, ohiko saioez gain, emanaldi programa zabalagoa egin zuten: birak, kontzertu didaktikoak eta beste musika-estilo batzuk. Haien artean, aipatzeko modukoa da "Asteazkenetan, txistua benetan" ekimena, Euskalduna Jauregian egiten den doako kontzertu programa. Lehenengo edizioan Bilboko ikusleen harrera ezin hobea izan zuen, eta hori dela eta, ekimenarekin aurrera egitea erabaki da.

Denboraldi honetarako 11 kontzertu programatu dira, 2006ko martxora bitartean. Haietan, gure musika tresnarik esanguratsuenak estilo eta genero berriak interpretatuko ditu, hala nola gaur egungo musika, folk zelta edo ganbera musika. Horrenbestez, Bandak pianoa eta hari laukotea ere izango ditu ganbera musika interpretatzeko azaroaren 16an; urtarrilaren 11n, John Tilbury pianista britainiarrak gaur egungo musikako kontzertua; eta martxoaren 8an, danbolin joleek eskusoinua, baxu elektrikoa eta teklatua izango dituzte lagun errepertorioa egiteko, musika zelta tradizionala eta eguneratutako euskal herri kantutegiko piezak hartzen dituena.

Gainera, abenduaren 19rako Gabonetako kontzertua antolatu dute Eskolako irakasle eta ikasleen laguntzaz. Gainerako kontzertu zikloa Bandaren beraren emanaldiek edo Euskadiko beste herrietako taldeenek osatuko dute: Burlatako Ataitz taldea, Tolosako eta Donostiako udal bandak, eta Elciego & Friends gaita jotzaileak. Zikloa martxoaren 22an bukatuko da kontzertu berezi batekin, beste kulturetako danbor jotzaileei irekia.

"Asteazkenetan Txistua benetan" programa honetako emanaldi guztiak EUskalduna Jauregiko A1 aretoan egingo dira, 20:00etatik aurrera, eta sarrera doan izango da, abenduaren 19an (astelehena) egingo den Gabonetako kontzertua salbu. Kontzertuotara datozenek berriro gozatuko dute Garikoitz Mendizabal zestoarrak gidatzen duen laukote gaztearen dohainaz. Laukotea bere generoko talde profesional urrietakoa da.

 

»   06 MUSIKA BANDA

^ Udazkeneko denboraldia: iganderoko hitzordua Arriagan
Musikazaleak zorioneko daude Bilboko Udal Bandaren udazkeneko denboraldiaren hasiera dela eta. Arriaga Antzokia luxuzko eszenatokian, eta prezio ezin merkeagoan (2€) gozatzeko aukera daukazu igandero, eguerdiko 12etan.

Azaroaren 13an Bilboko musika taldeak Juan Manuel Gómez González eta Juan Manuel Gómez de Edeta aita-seme tronpa jotzaileen laguntza izango du; handik bi astera, 27an, Hadrian Avila Azurzaren txanda izango da, Córdobako (Argentina) Banda SInfonikoaren Zuzendari Artistikoarena, alegia. Izen handiko zuzendari horrek oso gazte ekin zion prestatzeari, eta horrela lortu zuen 20 urte baino ez zituela San Petersburgeko Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea. Eginkizun horretan jarraitu zuen hurrengo sei urteetan. Oso gaztea den arren, ibilbide luzea egin du Ávilak, eta munduko orkestra zuzendaririk onenetako batzuekin lan egin du, besteak beste Claudio Abbado, Georg Solti eta Seiji Ozawa.

Abenduan, beste bi kontzertu izango dira. Hilaren 4an Darío Sotelo izango dugu zuzendari gonbidatu. Izatez, Brasilgo Tatuí Haize Orkestrako zuzendaria da Sotelo. "Brasil Metal" taldearen zuzendaria ere bada, eta 2002. urtean Hego Ameriketako I. Konpositore Topaketaren koordinazio nagusiaz arduratu zen. Horretarako, Brasilgo hainbat musikari ezagunen laguntza izan zuen, besteak beste, Sergio Vasconcellos eta Antonio Carlos Nevesena. Udazkeneko denboraldia ixteko, Rafael Sanz-Espertek zuzenduko du Banda hilaren 18an, "Persecución Ensemble" taldearen laguntzaz. Taldeak Musikeneko irakaslea den Manel Ramada du buru.
 

»   07 IKASFOLK

^ Musika eta dantza tradizionalak, eszenara
Euskal folklorea interesatzen zaizu? Euskal Herriko musika eta dantzak hobeto ezagutu nahi dituzu? BilbaoMusikan Ikasfolk sortu dugu, esparru berri bat, gure herriko musika eta dantza tradizionala hobeto ezagutzen lagunduko dizuna, era bizi eta dinamikoan, gure musika eta dantzaren transmisio sistemak eguneratu nahi ditugulako. Horrela, gure iragan musikalarekiko interesa pizteko abiapuntua izan nahi du Ikasfolkek.

Hori lortzeko, ikastaro, hitzaldi, mintegi eta tailer programa oparoa antolatu dugu. Programa ekainera arte luzatuko da, eta bertara gonbidatuko ditugu bertako eta kanpoko musika eta dantza irakasleak. Era horretan, gure esperientzia konpartituko dugu euskal folkloreari buruz gehiago ikasteko gogoa duten guztiekin. Espero dugu jarduera horiek guztiek balio izatea, gure musikarekiko interesa pizteko ez ezik, gure hiria folkaren erreferentzia puntu bihurtzeko ere.

Gure programak ondoko hiru atal nagusi hauek ditu: Dantza, Txistua eta Musika, oro har. Ikasfolken ikasiko duzu, esate baterako, bateria jotzen zortzikoaren erritmoaz, eta gaita danborraz praktikatzeko aukera izango duzu; Kontu Dantzak dantzatuko dituzu eta, "Umeak Dantzan" ekimenean, umeek herri dantzak eta musikak ezagutuko dituzte. Datorren urtarriletik aurrera emango ditugun dantza ikastaroen artean kontradantzak, bizkaiko dantzak deiturikoez gozatuko dugu; edo musika-tresnekin Alboka topaketan eta Alboka Egunean, besteak beste. Argibide gehiago nahi izanez gero, www.ikasfolk.net web orrian sar zaitezke. Ikasfolk BBKren laguntzaz burutu den programa da. Urtarrilean hasiko gara. Anima zaitez!
 

»   08 AGENDA

^ UDAL MUSIKA ESKOLA

Azaroak 22, asteartea, 19:30, Euskalduna Jauregia, A-4 Aretoa Santa Zezilia kontzertua Eskolako irakasleen eskutik. Sarrera gonbidapenarekin.

Abenduak 22, osteguna, 19:00, Pio Baroja Plaza (BBK karpa) Gabonetako kontzertua. Sarrera doan.

UDAL MUSIKA BANDA

Azaroak 27, igandea, 12:00, Arriaga Antzokia Zuzendari gonbidatua: Hadrian Ávila Arzuza (Argentinako Córdoba probintziako Banda sinfonikoko Zuzendari Artistikoa). Sarrera: 2 €

Abenduak 4, igandea, 12:00, Arriaga Antzokia Zuzendari gonbidatua: Darío Sotelo, Haize Orkestra Brasildarreko Zuzendaria, Tatuí (Brasil). Sarrera: 2 €

Abenduak 17 eta 18, larunbata eta igandea, 12:00, Arriaga Antzokia Gabonetako kontzertua. Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert Solista Gonbidatua: Per-se-cusión Ensemble taldea (Zuzendaritza: Manel Ramada Balaguer)

TXISTU BANDA

Azaroaren 30ean, asteazkena. 20.00 Euskalduna Jauregia. A-4 Aretoa Bilbaoko Udal Txistulari Banda. Banda Tradizionala. Sarrera doan.

Abenduaren 19an, astelehena. 20.00 Euskalduna Jauregia. A-3 Aretoa Gabonetako Kontzertua. Musika Eskolako irakasle eta ikasleen laguntzarekin. Sarrera doan.

Urtarrilaren 11n, asteazkena. 20.00 Euskalduna Jauregia. A-4 Aretoa John Tilbury (pianoa) eta Sabin Bikandi (txistu eta danbolina). Musika garaikideari kontzertua. Sarrera doan.

Otsailaren 8an, asteazkena. 20.00 Euskalduna Jauregia. A-4 Aretoa Donostiako Udal Txistulari Banda. Zuzendaria: J. Inazio Ansorena. Sarrera doan.

Otsailaren 22an, asteazkena. 20.00 Euskalduna Jauregia. A-4 Aretoa. Gaiteros de Elciego & Friends eta Bilbaoko Udal Txistulari Banda. Sarrera doan.