Diskografia

"HALA ERE". Txistu eta Esku Soinu

Bilbaomusika Bilbaoko Udal Txistulari Banda tamaina txikiko musika laborategi bihurtu da azken urteotan. Tradiziozko erritmo eta doinuak alde batera utzi gabe, beste musika esparruekin elkarlan edota bat egite aukeretan barneratzea erabaki dute bertako partaideek, klasikotik modernora bere alderdi anitzetan. Horretaz gainera, Banda errepertorioaren berriztatzea sustatzen ari da, autore garaikideak gure instrumentuarentzat obrak idaztera bultzatuz.
Beren aurreko grabazioan, "Harizko Txistua", bandak konposizio berriak eskaini zituen Alos Quartet hari laukotearekin batera. Oraingo honetan, musika-lotura "hurbilagoa" da, gonbidatutako instrumentua akordeoia baita, txistuarekin batera euskal herri-tradizioan protagonista nabaria. "Hala ere" da disko berriaren izenburua, eta zortzi piezak gure musika ingurunean izen handiko musikariek idatziak izan dira, beren artean Euskal Herriko akordeoi jolerik nabarmenenak.
BilbaoMusikatik, Txistulari Banda bere barnean hartzen duen udal erakundetik, ekimen berri honengatik geure burua zoriondu baino ez dugu, aurreko diskoan bezala honetan ere enpresa eta instituzioen babes eskuzabala jaso baitugu. Gure esker ona "Hala ere" posible egin duten guztiei, hauen artean hainbat zaleturi, arrazoi osoz, antonomasiaz euskal musikaren instrumentua dela esan izan denaren aukera berrien erakustaldi honetaz gozatu ahalko baitute.
Txomin Mujika
BilbaoMusikako Kudeaketa Zuzendaria (2006-2015)

Temak

  1. Itsasora mezu bat - Pello Ramirez
    Babeslea: ZUMAIAKO UDALA
  2. Hala ere - Lourdes Iriondo / Xabier Lete / Mold: Joxan Goikoetxea
    Babeslea: GETARIAKO UDALA
  3. Arrikutz - Aitor Furundarena
    Babeslea: AZPEITIKO UDALA
  4. Oskiarako bidea - Xabi Zabala
    Babeslea: ZARAUZKO UDALA
  5. Kimua - Marijose Arregi
    Babeslea: AZKOITIAKO UDALA
  6. Kaieratu zinenekoa - Pello Ramirez
    Babeslea: ORIOKO UDALA
  7. Abril - Iñaki Salvador
    Babeslea: ZESTOAKO UDALA
  8. Txistulari - Kepa Junkera / Mold: Kepa Junkera, Xabi Zabala
    Babeslea: LAGUN ARO ASEGUROAK

Grabaketa estudioa: Grabazioak Elkar diskaetxean 2007ko urrian egin dira, Cesar Ibarretxe soinu teknikariarekin eta Josebe Ormazuri koordinazio lanetan.


1. Itsasora mezu bat

      Babeslea: ZUMAIAKO UDALA
Bilbaomusika Pello Ramirez
Akordeoia: Pello Ramirez
"Itsasora mezu bat", Satprem idazle bretoiaren testuetan inspiraturiko konposaketa bat da. Introduzioa, urrunetik datorren mugimendu edo haize bat ebokatu nahi du, akordeoia eta bi silboteen arteko alternantzia batean. Sarrera honek bide emango dio lehen txistuak,tonalitate maiorrean,ereserki izaera duen doinu bati.
Jarraian, akordeoiak, amaierarte etengabeko jario mugikor bati ekingo dio, honen gainetik erritmoak, melodiak eta kontrakantuak uztartuko direlarik, itsasoko mugimendu etengabe eta iraunkor batean bezala.

2. Hala ere

      Babeslea: GETARIAKO UDALA
Bilbaomusika Joxan Goikoetxea
www.joxan.com
Akordeoia: Joxan Goikoetxea
Ahotsa: Joxe Angel Irigarai
Lourdes iriondoren kantu enblematikoenetako bat dugu hau.
Xabier Leteren hitzak eta Lourdesen musika duen kanta hau 1974. urtean Artezi disketxeak argitaratu zuen LPan agertu zen. Diska berdinean "Errota zaharra" bezelako doinuak ere agertzen ziren.
Xabier Leteren beste hainbat testuekin gertatzen den moduan hitzak gaurkotasunez beterik datozkigu:
Bertsio instrumental honetan txistu banda eta akordeoirako egindako moldaketa honek kantuaren hitz garratz eta sakonaren espiritualitatean sartu nahi izan du. Forma eta armonia aldetik kantua beraren sobrietatean inspiratu da txistuaren errekurtso espresibo eta lirikoak bilatuaz.

"Nabil, eta nabilelako nago hain neke
ikusirikan denok hain urrun
gauzak hain ilun
begiak hain lauso
eskuak hain hutsik...
Nabil, eta nabilelako nago hain zikin.
Hala ere gelditu egingo naiz,
Hala ere hau nere lurra da,
Hemen dago nere etxe bakarra,
Nere etxe bakarra, nere etxe bakarra.
hala ere ez dut besterik,
Hala ere ez dut hobeagorik.
Hala ere nora joan gindezke,
Nora joan gindezke, nora joan gindezke?
Zer hotza egiten duen
Ilargiaren azpian,
Zer hotza egiten duen
Anaiaren ondoan.

Hala ere..."

3. Arrikutz

      Babeslea: AZPEITIKO UDALA
Bilbaomusika Aitor Furundarena
Akordeoia: Aitor Furundarena
Azken urteotan nire bizitzan garrantzia izan duten bi leku ditu pieza honek inspirazio iturri, alde batetik: Hendaia (Lapurdi) eta Arama (Gipuzkoa).
Bestalde, aspalditik dut harremana euskal dantza tradizionalaren munduarekin, besteak beste 10 urte nituenetik dantza taldeetan ibili bainaiz. Bi gauza hauek uztartuaz, Lapurdiko dantza batzuk eta Gipuzkoako beste batzuen eraginpean, Aramako mendiaren izena duen pieza hau sortu dut...edo "bildu dut" esan beharko nuke, agian, izan ere gu "izan direlako" garenez, gure aurretik sortutako fruituek ematen diote jaten nire sormenari, neurri handi batean, eta batek ez daki norberaren lana zenbat den sormena eta zenbat den bilketa...
Plazer bat izan da niretzat, berriro ere akordeoia eta txistu banda elkarrekin ipintzea, azken urteotan hain une gozoak eman dizkidan instrumentu elkarketa izanik (neurri handi batean Garikoitz Mendizabali esker, horregatik eskaini diot pieza hau).

4. Oskiarako bidea

      Babeslea: ZARAUZKO UDALA
Bilbaomusika Xabi Zabala
www.xabierzabala.com
Akordeoia: Aitor Furundarena
OSKIARAKO BIDEA perkusioko hiru musika tresna horien sonoritatea eta erritmo aukeran pentsatuta sortua da. Tarteko iraupeneko obra honetan hiru ibilbide desberdinek, baina primeran moldaturik hiruren artean, osatzen duten bidaia isladatzen zaigu. Bibrafonoak, txalapartak eta marinbak laguntzen diete txistuen bandari eta akordeoiari bidai honetan. Gai lasaia eta espresibo batekin hasi, 6/8ko indartsu batekin jarraitu eta erritmo azkar eta neurrigabe batean bukatzen du, aldez aurretik prtotagonista lehendabizi txistua eta gero akordeoia diren gai lasai batean atseden hartuz.
Lan honek denok iñoiz haurtzarora egiten dugun bidaia egiten lagundu dit.
"Amari eskeintzen diot"

5. Kimua

      Babeslea: AZKOITIAKO UDALA
Bilbaomusika Marijose Arregi
Akordeoia: Aitor Furundarena
"Obstinato" itxurako bi konpaseko egitura erritmiko batetik euskal melodia baten doinua agertzen da: "Aldapeko sagarraren", musika obra honen gai nagusia. Izaera erritmiko nabaria duen obra honek formaren egitura librea du, bereziki hiru zatitan banatzen da, dantza mugimenduak gogorarazten dizkiguten ezaugarri erritmikoez bereiziak, obraren hasiera oroitarazten digun Koda batekin amaitzen da. Armoniaren oinarria tradizionala da, eta akordeen erabilera nagusiki laukoetakoa, izaera modaleko "Aldapeko" doinua laguntzen du.
Instrumentazioa hiru soinu planotan egituratua du:
· Akordeoia: oinarri honen gainean eraikitzen da obraren egitura melodiko-armonikoa. Funtzio armoniko-erritmikoa betetzen du obra guztian zehar.
· Perkusioa: "clave latina" (3-2) itxurako zortzi konpaseko sarrerarekin hasten da eta aldaera desberdinak hartzen dituen ideia erritmikoan bihurtzen bere garapenean. Beraien artean konbinaturiko "Ezpata dantza" eta "biribilketa" tradizionalaren erritmoek osatzen dute obraren erdiko zatia. Vibrafonoak, kolore berezi bat erantsi, eta diskurtso musikal guztiko armonia eta melodiako puntu garrantzitsuenak nabarmentzen ditu.
· Txistua eta silbotea: "Aldepeko" doinu nagusia aurkezten dute, akordeoiak eta perkusioak eginiko sarreraren ondoren. Obran zehar gai nagusia nahasi egiten da, eta gai nagusia irudikatzen duten beste diseinu melodikoei leku egiten die.

6. Kaieratu zinenekoa

      Babeslea: ORIOKO UDALA
Bilbaomusika Pello Ramirez
Akordeoia: Pello Ramirez
Akordeoiaren La mayor akorde agudo baten gainean, silboteak, neurriz librea den inprobisazio batek emango dio hasiera; sarrera hau, akordeoiak, La dominante akordea nabariz, amaituko da.
Ondoren, bajuak tenpo obstinado batekin, bigarrengo txistuak mugimendu bati ekingo dio, silbotearen melodiari ateak irekiz.
Aurrera, lehenengo txistuak dantza melodía bat agertuko du;behin amaituta, akordeoiak, urmael malenkoniatsu batera eramango duelarik.
Azkenean, noraezean dabilen akordeoiak, pixkanaka amaierako akordeak aurkituko ditu, arestian gertatu den guztia bilduz.

7. Abril

      Babeslea: ZESTOAKO UDALA
Bilbaomusika Iñaki Salvador
www.vaivenproducciones.com
Akordeoia: Aitor Furundarena
"ABRIL"ekin, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eskariz idatzitako obra honekin, esperimentazio- eta ikaskuntza-ariketa bat planteatu dut. Txistuetarako eta akordeoirako idazten dudan lehen obra da, eta berauengandik sortze-lan hau garatzeko jaso dudan gonbita aukera ederra izan da nire jakin min, kezka eta musika grinak instrumentu hauen soinu pertsonal eta karismatikora hurbiltzeko. Horregatik, idatzi dudan musikan zati eta txoko klasikoak aurkitzea erraza da, Jazzaren orbitako soinuen ondoan, baita musika garaikidea deiturikoaren zenbait korronte ere, egitura harmonikoari dagokionez.
Obra hiru zati edo mugimendutan eratu dut, hala ere, titulutik hala izendatzea ekidin dut. Egitura osotasun batean eratzea erabaki dut, hori bai, hiru zatiko banaketa nabarmena da, denbora eta konpas aldaketa eta gaiaren garapenak hala erakusten dute.
Lehenengo zatian hirugarrengoan berriro nabarmen agertuko den material melodiko bat aurkeztuko dut. Bigarren edo erdiko zatia sonata formaren bigarren mugimendu gisa agertzen da, eta honek aurkezten digu silbote eta akordeoiaren "ostinato" erritmiko-melodikoa (batzuetan harmonikoa ere bai) eta txistuaren jario librea (batez ere, lehenengo txistuarena) konbinatzen dituen gaiaren garapena. Hain justu "ostinatoaren" erabilera aurrez aukeratua dago obraren hiru zatietan tentsioa sortzeko baliabide gisa, ondorio eta atseden moduan balio digun berritasun harmoniko edo melodikora garamatza.

8. Txistulari

      Babeslea: LAGUN ARO ASEGUROAK
Bilbaomusika Kepa Junkera (Elkarlanean-en kortesiaz)
www.kepajunkera.com
Trikitixa: Kepa Junkera
Trikitixaren idiosinkrasia ez galtzean pentsatu nuen gai hau idazten hasi nintzenean. Fandango erritmoa aukeratu nuen, diatonikoaren munduan klasiko bat. Zati desberdinak etortzen joan zitzaizkidan gaiaren ideia orokorrean pentsatzen ari nintzen neurrian. Betidanik gustatu izan zait "La Musgaña" taldeko Kike Almendros-en gaita charra edo rociera delakoaren ( Salamancako txistu moduko batek hartzen duen izena...) soinu hautsia.
Gai honetara ideia hori ekartzen saiatu nahiz, uste dut Garikoitzek eta bere taldekideek (Idoia eta Gorka) batera jotako bi txistuekin lortu dela, gainera Poxpolin deiturikoak dira gaztetxoenen irakaskuntzen erabili ohi direnak.
Perkusioaren erabilera ere nabarmendu nahi dut, kolpe errepikakorrekin, danbolin edo panderoarekin erabiliko liratekeen fandango klasikoaren erritmoa apurtu nahi izan dut. Egiturari dagokionez trikitixako fandango batena mantendu dut, honela txistu eta infernuko hauspoaren bategitea transmititu ahal izateko.
Instrumentu hauen izate herrikoia mantendu nahi izan dut eta melodia eta erritmoaren sentipenetatik sortu.
Gai hau Kike Almendros" eta La Musgaña taldeko lagunei eskaini nahi diet.
Garikoitz eta Xabi Zabalari eskerrak eman nahi dizkiet beren arduragatik, oso atsegina izan bait da beraiekin lan egitea.