Iñaki Urkizu Kerejeta

    Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea
Bilbaomusika Beasain - Gipuzkoa, 1961
Beasango Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, "Arrasate Musical" Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.

Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, "Oskorrí" folk-talde ezagunaren omenez egina.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 740 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José M ª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda berarekin zenbait CD grabatu ditu. Ertzaintzako Musika Bandaren jarduera didaktikoa oso handia denez gero, Euskal Herri guztiko hogei mila eskola-ume baino gehiago joan dira eskainitako kontzertuetara. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.