Zuzendariak eta Bakarlariak


Juanjo Ocón


Bilbaomusika (Euskadiko Gazte Orkestra) EGOren Zuzendari Artistiko Titularra
Donostia
Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen Konposizio eta Orkestra Zuzendaritzako ikasketak, nota gorenak atereaz eta Tomas Aragues maisuaren katedrapean. 1993an Karrera Amaierako Lehen Saria eskuratu zuen.
Urte horretan eta hurrengoan Orkestra Zuzendarien Nazioarteko Lehiaketan parte hartu zuen Txekiar Errepublikan, eta bi aldietan Zuzendari onenaren Saria eta Moraviako Orkestrako maisuek aho batez emandako Ohorezko Domina jaso zituen.
Orkestra Zuzendaritzako ikasketak zabaldu egin zituen Kalmar, Yuasa, Svaaronwsky, Vronsky, Thrlink, eta beste maisu ospetsu batzuekin. Musika koralarekiko duen zaletasuna medio, Eric Ericson eta Pierre Cao-rekin ikasi ondoren, hainbat abesbatza zuzendu ditu. Ildo horretan, operan, zarzuelan eta polifonian emanaldi arrakastatsuak eskaini izan ditu.
Zuzendari gonbidatua ere izan da honako orkestra hauetan: Gran Canariako Filarmonikoan, Moraviako Filarmonikoan, Letoniako Nazionalean, Euskadiko Sinfonikoan, Las Palmaseko Sinfonikoan, Bilboko Sinfonikoan, Galiziako Sinfonikoan, Bratislavako Filarmonikoan, Bratislavako Irratikoan, Espainako Irrati-Telebistako Sinfonikoan, Valentziako Orkestran (Les Arts), etab.
Zuzendari-lanetan aritu izan da Donostiako Musika Hamabostaldiko hainbat ekitalditan. Donostiako Orfeoiarekin ere kontzertu ugari eskaini ditu, hala nola Artzain Onaren Katedralaren Mendeurrenekoa, Donostian 1997. urtean. Pablo Sorozabalen "Gernika" kantataren fanfarreentzako bertsioa estreinatu zuen urte berean. 1998an Miguel de Oñateren "Itziar" eta Eduardo Mocoroaren "Leidor" operak estreinatu zituen. 1999. urtean Madrilgo Teatro Real antzokian aritu zen estreinakoz, Orff-en "Carmina Burana" lanaren piano eta perkusiorako bertsioa zuzentzen. Orduan, espezializatutako kritikarien oniritzia jaso zuen.
2000. urteko irailean EGOren Zuzendari Artistiko Titular izendatu zuten. Gaur egun ardura horri eusten dio eta irakasle da Donostiako Musika Eskolan.
Zuzendari gisa hainbat disko grabatu ditu eta baita film, film labur eta dokumentalen soinu-banda ugari ere.