Zuzendariak eta Bakarlariak


Javier Eguillor - Perkusioa


Bilbaomusika Valentziako Orkestrako Tinbal-jole Bakarlaria
Xixona, 1975
2002ko martxotik Valentziako orkestrako tinbal-jole bakarlaria. Xixonan jaio zen, 1975ean. Xixonako musika-eskolan hasi zen musika ikasten Juan García Iborra perkusioko irakaslearekin. Alacanteko Óscar Esplá goi-maiako kontserbatorioan jarraitu zuen musika-ikasketak egiten berarekin eta han aparteko sari bi lortu zituen eta ohorezko matrikularekin amaitu zuen karrera. Hiru urte eman zituen Berlinen ikasten, Rainer Seegers Berlingo Orkestra Filarmonikoko tinbal-jole bakarlariarekin, eta urtebete Monakon, Julià Burgoise Montecarloko Orkestrako tinbal-jolearekin.
1990ean Espainiako Orkestra Gazte Nazionalak (J.O.N.D.E.) gonbidaturik, jiran abiatu zen Espainian zehar eta New Yorken ere emanaldi bat izan zen Carnegie Hallen ehungarren urteurrena zela-eta. Hurrengo urtean, oposizio bidez, Espainiako Orkestra Gazte Nazionaleko kide bihurtu zen eta horretan egon da 1991tik 1995era arte. Urte horietan Espainiako hainbat auditoriotan kontzertuak eman ditu, Ros Marbá, Salvador Más, Cristóbal Halfter, Víctor Pablo Pérez eta Edmon Colomerren batutapean. Era berean, zenbait grabazio ere egin ditu, hala nola, Manuel de Fallaren "La Atlántida", Robert Gerarden "Epitalamión" eta Ravelen "La Alborada del Gracioso". 1994an eta 1995ean Madrileko Eskola Sortzailean ikasi zuen Carlos Carli bateria-jolearekin. Horren ondoren, bateria-jole aritu zen Fernando Colomo zuzendariaren "Allegro ma non troppo" filmean.
1995eko abenduan Munduko Orkestran sartu zen, Yehudi Menuhin zuzendari zela, eta kontzertuak emateko jira bat egin zuten Alemanian eta Danimarkan zehar. Jira horretan, Berlingo Orkestraren auditorioan "The Young Person's Guide to the Orchestra" (B. Britten) eta "The Firebird Symphonic Suite" (I. Stravinsky) lanak grabatu zituzten. 1996ko otsailean Europako Erkidegoko Orkestra Gazterako (E.U.Y.O.) kide aukeratu zuten eta zenbait jira egin zituen Europan. Horrela bada, izen oneko areto askotan jo zuen; hala nola, Errusiako Tschaikowsky aretoan, Amsterdameko Concertgebouw aretoan, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren auditorioan, Londreseko Albert Hallen (PROMS) eta Vienako Musikverein aretoan, Sir Colin Davis, Bernard Heitink, Gennadi Rozhdestvenshy, Carlo Maria Giullini eta Vladimir Ashkenazy zuzendarien batutapean. Radu Lupu, Emanuel Ax, Maria Joao Pires eta Sara Chang bakarlariekin jo zuen, besteak beste. Etapa horretan Sir Colin Davis maisuarekin "The Enigma Variations" (E. Elgar) lana grabatu zuen.
1998an kontzertu bitan jardun zen Israelgo Orkestra Filarmonikoarekin, Zubin Mehtaren zuzendaritzapean, Santanderreko eta Donostiako musikaldietan. Alacanteko Ensemble Contemporáneoko kidea izana da eta Alacanteko eta Granadako musikaldietan parte hartu zuen Ballet Nazionalarekin. Zenbait kontzertu eskaini ditu Amsterdameko Perkusio Taldearekin (N.S.A.) eta Santanderreko musikaldian aritu da. Besteak beste, orkestra hauekin lankidetzan jardun da: Malaga Hiriko Orkestrarekin, Mallorcako, Sevillako eta Bartzelonakoarekin, Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Liceuren Orkestrarekin, Euskadiko Orkestrarekin eta Cadaquéseko Orkestrarekin. Gaur egun JMWOrekin (Jeunesse Musicals World Orchestra), Valentziako Gazte Orkestrarekin (JOGV) eta Espainiako Orkestra Gazte Nazionalarekin (J.O.N.D.E.) lan egiten du.