Zuzendariak eta Bakarlariak


José Antonio Sáinz Alfaro


Bilbaomusika Donostiako Orfeoiaren Zuzendaria
Donostia, 1956
Nafarroako Unibertsitatean Zientzia Fisikoetan lizentziatu zen. Txiki-txikitatik zuen musikarako zaletasuna eta joera, eta San Ignacio Abesbatzaren sortzaile Aita Garayoak zuzendu zuen bide horretatik, urteak geroago haren lekua hartuz. Baina ordezkatzera heldu aurretik, musika-ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan, besteak beste, Francisco Escudero eta Tomas Aragues maisuekin.
Musika-ikasketen ostean, koru-zuzendaritzako zenbait ikastaro egin zituen atzerrian. Aita Garayoaren Abesbatza 1980tik 1988ra zuzendu zuen, oso arrakasta handiarekin bai Euskal Herrian bai kanpoan. Errepertorioa nabarmen handitu zuen, eta politika diskografiakoa arautu, batik bat polifonia erlijiosoaren alorrean. Santanderreko Jaialdira eraman zuen, baita Cuencako Musika Hamabostaldira eta atzerrira ere, esaterako Sienako "Academia Chigiana"ra. Bere agintaldian, San Ignacio abesbatza honek hainbat alditan lortu zuen lehen saria Tolosako Abesbatzen Lehiaketan. Aldi berean, Sainz Alfarok lan pedagogiko garrantzitsua egin zuen Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan; oraindik orain ikastaroak ematen ditu espezialitate honetako musikari-promozio berrientzat.
1974an izan zuen lehen kontaktua Donostiako orfeoiarekin, baritono gisa sartu zenean. Laurogeiko hamarkadan zehar, lankidetza estuan jardun zuen taldearen titular zen Antxon Ayestaranekin, eta laster horren laguntzaile izan zen. Zuzendariorde izendatu zutenean, lan berri ugari prestatu eta muntatu zituen, baita hedapen-politika, oraindik xumea, sustatzen lagundu ere
Ayestaran bat-batean hil zenean, Orfeoiaren titular izendatu zuten, 1988an. Azken urteotan talde donostiar honen errepertorioan hainbat partitura sartu dira, besteak beste: Bruckner-en Meza "fa"n, Enesxo-ren Oedipe, Menotti-ren Brindisiko Apezpikuaren heriotza, Stravinsky-ren Oedipus Rex, Gounod-en Mors et Vita, Rachmaninov-en Bezperak, Franck-en Redemption, Mendelssohn-en 2. sinfonia eta Elgar-en Geroncio-ren ametsa.
Jarduera oparo honek indarra erakusten du, eta gure herritik kanpo gero eta ezagunagoa den talde honen egungo irudiaren funtsa da. Halaber, egungo zuzendariaren jarrera erakutsi eta haren ikuspuntua argitzen du. Esan dezagun horrek etorkizun handiko lana egiten diharduela hainbat orkestraren buruan -Letoniako Filarmonika Nazionala, Radiotelevision Españolaren Sinfonikoa, Euskadiko Sinfonikoa, Errusiako Orkestra Nazionala, Istanbuleko Sinfonikoa, Philharmonia Pomorska eta Sofiako Operaren Orkestra Nazionala-, eta horiekin eta gidatzen duen Orfeoiarekin, errepertorio sinfoniko-koralik konprometituenetako asko aztertu ditu.
Radio Nacional de España-k Musikako "Ojo Critico" saria eman zion Sainz Alfarori 1992an.