Zuzendariak eta Bakarlariak


Francisco Signes


Bilbaomusika Castellóko Udalaren Musika Bandako Zuzendari Titularra
Real de Gandía (Valencia)
Real de Gandian hasi zen musika ikasten zortzi urte zituela.
Piano, Kontrapuntu eta Fuga, Konposizio eta Instrumentazio eta Orkestra eta Koruen Zuzendaritza arloko Goi-mailako ikasketak egin zituen Valentziako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan.
18 urterekin bonbardino bakarlari moduan sartu zen Castellóko Udalaren Bandan eta, handik bost urtera, Tuba-jole plaza bete zuen plantilako premiak zirela eta.
Bonbardino-Tuba, Tronboi, Konposizio eta Instrumentazio eta Orkestra eta Koruen zuzendari tituluak ditu.
Villarealgo "La Lira" Bandako zuzendaria izan da 1975etik 1998ra bitartean; aldi berean, Hezigaien Eskolako zuzendaria eta "Maestro Goterris" Kontserbatorioko irakaslea, Kontserbatorioa zabaldu zutenetik hasita.
1980an zabaldu zuten Castellóko Kontserbatorio Profesionala, eta irakasle aritu zen han 86/87 ikasturtera arte Harmonia, Kontrapuntua eta Fuga, Konposizioa, Tronboia, Bonbardinoa eta Tuba arloak irakasten.
Viverko (Castelló) Bandako zuzendari izan zen 1981etik 1983ra bitartean. Urte hartako irailean, Juan Garces jaunak kargua utzi ondoren, Castellóko Udalaren Bandaren ardura hartu zuen, jarduneko zuzendari moduan hasieran, harik eta 1991n Castellóko Udalak zuzendari plaza betetzeko lehiaketa-oposiziorako deialdia egin zuen arte; berak irabazi baitzuen plaza hori. 1991ko azaroaren 5ean izendatu zuten zuzendari titular.
"Diptic per a Orquesta" izeneko bere obra dodekafonikoa estreinatu zuenean Valentziako Goi-mailako Kontserbatorioko Orkestra zuzendu zuen.
Espainiako hainbat bandatan aritu izan da zuzendari gonbidatu moduan: Madrilgo Udalaren Banda Sinfonikoan, Bartzelonako Udalaren Bandan, Albaceteko Udalaren Bandan, Alicanteko Udalaren Banda Sinfonikoan, besteak beste, eta, kasu berezi moduan, Sevillako Erakusketa Unibertsalean kontzertu bat emateko 1992an sortu zen Valentziako Erkidegoko Gazteen Banda Nagusian (300 musikari).
1992ko ekainean, Castelló hiria sortu zeneko 750. urteurrena zela-eta probintzia osoko 750 musikarik beren-beregi osatutako musika-banda zuzendu zuen kontzertu berezi batean.
Galiziako gaiekin egindako Pasodobleen I. Lehiaketan hartu zuen parte Coruñan 1993ko maiatzean. 3. saria eta Publikoaren Sari Berezia eskuratu zituen.
"Villa Albatera" Pasodobleen Konposizioko VIII. Lehiaketa Nazionalean hartu zuen parte 2006ko urrian, lehenengo saria lortuz.
Epaimahaikide ere izan da nazioarte eta nazio mailako zenbait lehiaketatan, hala nola, Valentzia Hiria Banden Nazioarteko Lehiaketan eta Alicanten, Culleran, Elxen eta Chesten egindako beste lehiaketa batzuetan. Aipatu beharrekoa da kolaboratzaile jardun zuela Benicassimen urtero egin ohi den "Francisco Tarrega" Nazioarteko XL. Gitarra Lehiaketako epaimahaiarekin.
Castellóko Udalaren Musika Bandako zuzendaria da gaur egun, baita Espainiako Autoreen Elkarteko eta COSICOVA (Compositores Sinfónicos Valencianos) Elkarteko kide numerarioa ere.