Zuzendariak eta Bakarlariak


Evgeny Dzhalalov


Bilbaomusika Piano-jole eta Zuzendaria
Bakú, Armenia. 1956
Txikitatik erakutsi zituen aparteko dohainak musikarako. Hiru urterekin hasi zen pianoa jotzen ikasten bere amarekin, Irradia Dzhalalov irakasle eta piano-jolearekin, hain zuzen. Zazpi urte zituela Bakuko Musika Eskolan sartu eta hamar urterekin piano-jole izateko ibilbide bikainari ekin zion. 1975ean erdi-mailako musika-ikasketak amaitu zituen Ohorezko Matrikula lortuz espezialitate denetan. Geroago, Bakuko Goi-mailako Kontserbatorioan hasi eta 1977an Erevango Goi-mailako Kontserbatoriora aldatu zen. Urte horretan Kaukasoz bestaldeko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen piano-jole moduan. 1980an pianoko ikasketak amaitu zituen Ohorezko Matrikularekin.
Bandako zuzendari 1980an izan zen lehenengoz, soldaduskan zegoela. 1982an eta 1987an piano-jole jarduteaz gain, Orkestra Zuzendaritzako Goi-mailako ikasketak amaitu zituen Erevango Kontserbatorioan. 1987az geroztik, etengabe ari da zuzendari eta bakarlari lanetan, batera eginez Erevango Irrati eta Telebistaren Orkestra Sinfonikoaren zuzendari lana eta Erevango Estatuko Opera eta Balet Antzokiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari eta antzoki bereko piano-jole laguntzaile lana.
1995-96an, Erevango Goi-mailako Kontserbatorioan, zuzendaritzako irakaslea izan zen. 1996tik hona Moskuko Estatuko Kultura Institutuan egiten du lan eta Moskun bertan bizi da. Irkutsk-eko Opera eta Balet Antzokiko zuzendari titularra ere bada.
Lehengo Sobiet Batasun osoan zehar ibili zen piano-jole bakarlari moduan errezitaldiak, kontzertuak orkestra garrantzitsuenekin eta eskola magistralak ematen. Zuzendari gonbidatu aritu da Errusiako hiririk nagusienetan, honako obra hauen interpretazio bikainak eginda: Txaikovskiren Intxaur kraskailua, Iolanta, Beltxargen aintzira edo Pikovaya Dama; Dargomischkiren operak; Verdiren Othelo, Aida, Traviata eta Requiem; Minottiren Telefonoa; Adam-en Giselle; Offenbach, Donizetti, Mozart, Haydn, Schostakovich, Khachaturyan eta beste musikagile batzuen obrak, klasikoak zein garaikideak