Zuzendariak eta Bakarlariak


Conrado Moya - Perkusioa


Bilbaomusika Conrado Moya bakarlaria perkusioaren eta bereziki marinbaren arloko figura garrantzitsuenetako bat da mundu osoan. Bere gaitasun tekniko eta adierazle bikainengatik txalotzen dute, bai eta oholtzan gorputz eta arima aritzeagatik ere. Conrado Moya bakarlari modura aritzen da Europa, Asia eta Amerikako kontzertu-areto handienetan, errezitaldietan, nazioarteko jaialdietan eta orkestra, koru eta talde sinfoniko nagusiekin. Alacant jaioterriko kontserbatorioan ikasi zuen eta Berlingo Hochschule für Musik “Hanns Eisler” zentroan bukatu zituen ikasketak. Ordurako irabaziak zituen Marinbako “ConUCOpercusión” Nazioarteko Lehiaketako lehen saria edo Alacanteko Kontzertuen Elkarteko Interpretazio Lehiaketako ohorezko saria. Sarritan egiten ditu kolaborazioak hainbat diziplinetako konpositore eta artistekin eta hortik sortu zen “Silentium”, marinba bakarlariaren bere lehen albuma. Era berean, Conrado Moyak lan pedagogiko handia egin ohi du eta akademietara, hitzaldietara eta nazioarteko lehiaketetara gonbidatzen dute. Gaur egun marinba irakaslea da Madrileko Progreso Musikal Goi-mailako Zentroan, Madrid Okho zentroan eta Valentziako Percusons zentroan.
Orain dela gutxiko konpromisoen eta datozen konpromisoen artean daude Joaquín Rodrigoren ‘Kontzertua piano eta orkestrarako’ lanaren estreinaldi mundiala, Conrado Moyak berak marinbarako transkribatutako eta artistari beren beregi baimendutako bertsioan, Gran Canariako Orkestra Filarmonikoarekin; Christos Hatzis-en ‘Everlasting Light’ requiemaren Europako estreinaldia Bilboko Koral Elkartearekin, kontzertuak Bilboko Udal Bandarekin, birak Alemanian eta Espainian marinbako bikotekidearekin batera, Katarzyna Mycka, J.S. Bach-en Goldberg Bariazioak jotzeko; horrez gainera, hainbat errezitaldi eta ikasgai magistralak Alemanian, Suitzan, Kolonbian, Kanadan eta Estatu Batuetan.
Conrado Moya AEBko marimba one enpresaren ordezkaria da.