Zuzendariak eta Bakarlariak


Bernardo Adam Ferrero


Bilbaomusika Musikagilea eta orkestra-zuzendaria
Algemesí (Valentzia)
Piano, Konposizio eta Orkestra-zuzendaritzako ikasketak Valentziako, Madrileko, Parisko eta Erromako Kontserbatorioetan eta Sienako (Italia) Chigiana Akademian egin zituen, José María Cervera, Daniel de Nueda, Ernesto Francés, Amando Blanquer, Franco Ferrara, Nino Antonellini, Godfredo Petrassi, Luigi Dallapíccola, Olivier Messiaen eta Betsy Jolas maisuekin.
"Joaquín Rodrigo", "Manuel Palau" eta "Instituto de Estudios Alicantinos" erakundearen sari nazionalak eta Madrileko "Maestro Villa" nazioarteko saria eskuratu ditu; Bartzelonan, berriz, Konposizio eta Orkestra Zuzendaritzako Bokazioaren Espainiako Fundazioaren saria, "Ausias March" (Valentzia) saria, "Amic d´Or", saria, ikasketa-espedienterik onenari eman ohi zaion "Mercedes Massí" saria. Goi-mailako Zuzendaritzako Forumaren (Madril) Masterra du, bere ibilbide profesionalagatik.
New Yorken "Order of Merit" saria eman zioten, musikari egindako ekarpenagatik. Kubako Nazioarteko Musika jaialdian Habanako Antzoki Handiko Urrezko Batuta eman zioten. Txikagoko (EEBB) "Mid West" Nazioarteko Jaialdian, berriz, Ohorezko Domina, "Mare Nostrum" izeneko bakarlarien taldea zuzenduta. Ameriketako "Egrem" saria, "Homenaje a Joaquín Sorolla" obraren lan diskografikoagatik. Valentziako "Grupo de Estudios de Actualidad" taldearen "Sapienta" saria.
Zuzendari gonbidatu bezala, orkestra, koru eta banda nazionalak zein atzerrikoak zuzendu ditu. Hitzaldiak ere ematen ditu, baita artikuluak idatzi ere Europako eta Ameriketako zenbait aldizkaritan. Zinemarako musika ere egiten du; ikerlanak ere bai, zenbait grabazio eginda. Argitaratutako obra musikalak Madrileko Liburutegi Nazionalean daude gordeta. 103 himno biltzen dituen "National Anthems of the World" lanaren grabazioa zuzendu du oraintsu. Algemesiko Udalak, bere jaioterrikoak alegia, "Galardón 2002" izeneko saria eman zion eta Musika Elkarteen Federazioak musika-konposizioari emandako 2003ko Euterpe saria. Valentziako "Llama Rotaria 2006" saria lortu du oraindik orain.
Zenbait liburu ere idatzi ditu: "Las Bandas de Música en el Mundo", "1.000 músicos valencianos" eta "La educación por la música". Madrileko San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako kidea da, Valentziako Musika Akademiako Errektorea eta Carlos III Fundazioko Merezimenduzko kidea. Honoris Causa Doktorea da Australiako Commonwealtheko Michael Jeffery Gobernadore Nagusiren Errege Patronatuaren babespeko Sydneyko Unibertsitatean eta Historia eta Estetikako irakaslea Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.
Zuzendari titular eta gonbidatu moduan aritu izan da Valentziako Orkestran, Kordobakoan, Madrileko Sinfonikoan, RTVEn, Murtziako Sinfonikoan, Espainiako Orkestra Lirikoan, Union Musical de Llirian (zuzendari sortzailea), Collegium Instrumentalean, Cascais Oeiras-en (Portugal), Sofiako Sinfonikoan (Bulgaria), Mar del Plata, Colon Antzokian (Argentina), Kubako Nazionalean, Eslovakiako Sinfonikoan, Virginiako Sinfonikoan eta Koruan (EEBB) eta Espainiako, Europako eta Ameriketako hainbat bandatan. Gaur egun, Espainiako Errege Kamerata zuzentzen du Madrilen, baita Valentziako Genbera Orkestra eta "Mare Nostrum" bakarlarien taldea ere.
Bere produkzio musikala Espainian, EEBBn, Frantzian, Alemanian, Holandan, Belgikan, Portugalen, Kanadan, Britainia Handian, Italian, Bolivian, Danimarkan, Suedian, Japonian, Argentinan, Kuban, Mexikon, Brasilen, Venezuelan eta Australian estreinatu izan da.